Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Amorruz erantzun diote indarkeria matxistari

Publizitatea

Gizartea

Amorruz erantzun diote indarkeria matxistari

Ustez Bilboko gizon batek Ekuadorren hildako andrea gogoratu dute. Donostian, Sortutik egotzitako gizonaren erasoak gaitzetsi dituzte
Gorputzean idatzi zuten euren aldarrikapena emakumeek, atzo, Donostian eginiko protestan.
Argazkia: ANDONI MIKELARENA

2017-08-12 / Irati Saizar Artola

Ozen oihukatu zuten atzo: «Erasorik ez erantzunik gabe!». Elkarretaratzeak egin zituzten arratsaldean Donostian eta Bilbon, gai berak batuta: indarkeria matxistak. Donostian, Sortutik eta Piratetatik kanporatutako gizonaren erasoak salatu zituzten; Bilbon, berriz, hango gizon batek Ekuadorren bikotekide ohia hil izana gaitzetsi zuten.

Amorruz erantzun zieten azken asteotan bortxa matxistarekin lotuta zabaldu diren albisteei. Aste honetan bertan, bizilagun ohi baten hilketaren berri izan dute Bilboko San Inazio auzoan: Paola Moromenacho Ekuador jaioterrian hil du ustez haren bikotekideak, Bilboko gizon batek. Ostiralean desagertu zen emakumea, eta igandean aurkitu zuten haren hilotza, Cayambe herriko mendi batean, auto baten barruan; labankadaz hil zuen. 43 urte zituen, eta 7 urteko alaba bat utzi du. Haren hilketa gaitzesteko, elkartzera deitu zuen atzo Pare talde feministak, Nazkatuta gaude lelopean.

Donostian, berriz, gizarte eragileetako emakumeek eta feministek antolatu zuten protesta, uztailean Sortutik eta Piratetatik egotzitako militantearen erasoei erantzun kolektibo bat emateko. Performance baten bidez aldarrikatu zuten emakumeek euren gorputzaren gainean duten ahalmena. «Subjektu aktibo gara. Guk geuk erabakitzen dugu. Badakigu norekin, noiz eta zertarako erabiltzen dugun gorputza; ez gara tuntunak. Argi gera dadila. Ez dugu gure gorputza estali eta zigortuko erasoak jasan izanagatik», adierazi zuten, txalaparta doinu eta garrasi artean.

Erasotzaileak boterea eta engainua erabili zituela ere gogoratu zuten, eta gogoeta eskatu: «Normalizatutako egoeren ondorioek garamatzate isilik egon eta bakarrik sentitzera. Herri mugimenduetatik eraiki nahi ditugun espazioek egoera horiek onartuko dituzte?».

Gizon bat atxilo

19 urteko gizon bat atxilotu dute Donostian, sakelako telefonoaren bidez adingabe bati jazartzea egotzita. Duela hilabete inguru hasi zen erasotzailea biktimari mezuak bidaltzen, tartean konnotazio sexualak zituztenak ere. Azkenaldian, emakumea zegoen lekuetara agertzen hasi zen. Ostegunean atxilotu zuten: biktima zegoen lekura hurbiltzean, emakumeak Ertzaintzara jo zuen.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak