AHTa Europako Batzordearen aurrean salatu du Sustrai elkarteak

Fundazioak nabarmendu du Nafarroako proiektuak Europako hainbat zuzentarau urratu dituela.

Protesta eginen dute gaur Iruñean
AHTaren lanak 2011n hasi zituzten, Nafarroan. Irudian, Cadreitan abiatutakoak.
AHTaren lanak 2011n hasi zituzten, Nafarroan. Irudian, Cadreitan abiatutakoak. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS

Edurne Elizondo -

2015eko ekainak 20
Nafarroako AHTaren proiektuaren aurka bertze urrats bat egin du Sustrai Erakuntza fundazioak. Europara jo du, oraingoan, eta Europako Batzordearen aurrean Espainiako eta Nafarroako gobernuen aurkako salaketa aurkeztu du. AHTak Nafarroan Europako hainbat zuzentarau urratzen dituela nabarmendu du fundazio ak; 160 orriko txostena osatu du hori agerian uzteko.

Europako Parlamentuko Compromis taldeko kide Jordi Sebastianen bidez egin du salaketa Sustrai Erakuntzak. Europako Batzordeko Ingurumen Zuzendaritzako bulegoan aurkeztu zuen Sebastianek fundazioko kideen txostena, Bruselan, herenegun. «Salaketa sendoa da; Espainiako eta Nafarroako gobernuek behin eta berriz urratu dituzte, nahita, Europako hainbat zuzentarau», erran dute Sustrai Erakuntzako kideek.

Lege urratzeak hiru esparrutan gertatu dira, fundazioak egindako txostenaren arabera. Batetik, salatu du herritarren parte hartzea oztopatu egin duela administrazioak. «Nafarroako Gobernuak AHTaren proiektuari buruzko ingurumen informazioa jasotzeko aukera ukatu egin die herritarrei, 2008tik 2014a bitarte. Eskubide hori onartzen du Aarhuseko Hitzarmenak, bai eta Europako 2003ko ingurumen informazioari buruzko zuzentarauak ere».

Egoera hori aurretik ere salatu izan du Sustrai Erakuntza fundazioak, eta haren alde egin dute Nafarroako Arartekoak, bai eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ere. Epaileek 2013ko abenduan eman zuten haien sententziaren berri, helegitea aurkeztu eta handik 43 hilabetera.

Bigarrenik, Nafarroako AHTaren proiektuari buruzko ingurumen eraginaren adierazpenen auzia jarri du Sustrai Erakuntzak mahai gainean. Adierazpenak 2004. urtean onartu zituzten, baina lanak ez ziren 2011ra arte hasi. «Ordurako, jada, zaharkituak zeuden, ez zuten balio», nabarmendu dute fundazioko kideek. Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak ere hori bera erran zuen, 2013ko sententzia baten bidez.

Hirugarrenik, babestutako espeziei eta naturguneei eragindako kaltea salatu du Sustrai Erakuntzak, bere txostenaren bidez. Fundazioak agerian utzi du AHTaren bideak «zuzenean» eragiten diela hainbat eremu babesturi, tartean Europarako interesa duten hainbat tokiri ere. «Ebro ibaia eta Juncal aintzira ukitzen ditu proiektuak, adibidez. Bi espazio horietan indarrean da 1992ko habitaten zuzentaraua. Hegaztientzako toki garrantzitsuak dira, eta 2009ko hegaztien zuzentarauak ere babesten ditu».

Proiektuak ez diola babes horri jaramonik egiten salatu du Sustrai Erakuntzak. Bisoi europarraren habitatari ere eragiten diola erantsi du. Espezie hori galtzeko zorian da, eta babestutako espezie bat da Europan.

Agintariekin kontsultak

Europako Batzordeak jaso du Sustrai Erakuntza fundazioak aurkeztutako salaketa. Hurrengo urratsa izanen da erakunde horrek salaketa aztertzea, eta salatutako erakundeetako agintariekin kontsultak egitea auziari buruz. Kontsulta horien emaitzen arabera, Europako Batzordeak erabaki dezake arau-hauste prozedura zabaltzea. Luxenburgoko Auzitegira hel daiteke gaia.

Bitartean, karrikan jarraitzen dute AHTaren aurka. Gaur elkarretaratzea eginen dute, Nafarroako Gobernuaren aurrean, 12:00etan. Sustrai Erakuntza fundazioak parte hartuko du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna