Nafarroan agertu da zika birusaren lehenengo kasua, kanpoan kutsatua

Espainiako Osasun Ministerioak jakinarazi du kasuaren berri.

Ez da emakume haurdun bat; zika birusak umekien garunean dauka eragina
<em>Aedes aegypti</em> eltxoak kutsatzen du zika birusa.
Aedes aegypti eltxoak kutsatzen du zika birusa. ESTEBAN BIBA / EFE

Garikoitz Goikoetxea - Jone Amonarriz -

2016ko otsailak 16
Zika birusaren lehen kasua atzeman dute Euskal Herrian, Nafarroan. Espainiako Osasun Ministerioak eman du kutsatzearen berri. Aurreko asteetan, birusaren inguruko zurrunbiloaren erdian, osasun agintariek ez zuten baztertu Euskal Herrian kasuren bat agertzea, baina nabarmendu zuten izatekotan ere birusa kanpoan harrapatutako gaixoren batena izango zela, ez Euskal Herrian kutsatua. Hala izan da. Birusak jotako pertsona ez dagoela haurdun, informazio horixe bakarrik zabaldu du Osasun Ministerioak.

Espainiako Gobernuak eta erkidegoek protokolo bat egin dute zika birusari buruz. Besteak beste, erabaki dute ospitaleetan atzemandako kasuak Espainiako Gobernuari jakinaraztea, hark zenbaketa egiteko. Nafarroako kasuaren berri horrela eman du ministerioak. Gomendioak ere egin dituzte: haurdunei eskatu diete ez joateko birusa zabaldua dagoen herrialdeetara, eta odol emaileei eskatu diete odola ematera ez joateko 28 egunez, baldin eta zika hedatua dagoen herrialderen batean egon badira. Bestetik, atzo bertan, Espainiako Osasun Ministerioak beste jarraibide batzuk zehaztu zituen: haurdun daudela zikaz kutsatutako andreei ekografia egingo diete bi astean behin.

ZER DA ZIKA?

Infekzio bat da; oro har, arina. 1947an Ugandan (Afrika) aurkitu zuten. Ordutik, Asian, Ozeano Pazifikoko irletan eta Amerikan agertu da. Hego Amerikan eta Erdialdeko Amerika astintzen ari da orain. Aedes aegypti eltxoak dira eragile; denge eta chikungunya gaitzak ere haiek barreiatzen dituzte. Ziztatuz gero, ganglio linfatikoetara eta odolera pasatzen da infekzioa. Baina infektatzen diren gehienek ez dute sintomarik izaten. 1950eko hamarkadan atzeman zuten arren, oso ikerketa gutxi egin dituzte zikaren inguruan.

LARRIA DA?

Ez du inor hil. Gripearekin parekatu izan dute adituek. Hala ere, OME Osasunaren Mundu Erakundea «oso kezkatuta» dago birusa Amerikan hedatzen ari delako eta mikrozefalia kasuak nabarmen igo direlako. Bien arteko lotura erabat argitzeko dago, baina ziurtzat jotzen dute birusaren eta haurren mikrozefalia kasuen artean lotura dagoela ?umeak ohikoa baino burezur txikiagoarekin jaiotzen dira, eta arazo neurologikoak edukitzen dituzte?. Horregatik ari dira haurdun dauden emakumeei egiten jarraipen berezia. Brasilen, adibidez, 4.000 mikrozefalia kasu inguru azaldu dira. Nafarroako kasua ez dagokio andre hardun bati, hala ere.

ZEIN DIRA SINTOMAK?

Birusa harrapatu eta hamabi egun igaro aurretik agertzen dira lehen sintomak. Lau-zazpi egun irauten dute. Hala ere, gehienek ez dute zikaren sintomarik nabaritzen: bostetik lauk ez dute sumatzen. Sintomen artean ohikoenak: sukarra, ahultasuna, muskuluetako mina, esku eta hankak handitzea...

BADU TRATAMENDURIK?

Ez dago txertorik eta zikaren aurkako tratamendu berezirik. Ikerketa «itxaropentsuak» egiten ari dira birusari aurre egiteko, baina bi urtean behintzat ez dute espero txertoa lortzea. Atsedena eta likidoak hartzea gomendatzen dute.

NON ARI DA HEDATZEN?

Amerikan hedatu da, batez ere Brasilen eta Kolonbian. Afrikan ere bada, hein txikiagoan. Europan ere agertzen ari dira kasuak pixkanaka, gehienak Ameriketan izandako herritarrenak. Euskal Herrira ere kanpotik iritsi da zika.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna