«Helburu sozialak musika gainditu du»

Marie Hirigoienek ekialdeko euskal kantaera transmititzeko erronkak azaldu ditu EHUko Udako Ikastaroetan egindako hitzaldian
Marie Hirigoien, EHUko ikastaroetan euskal kantagintzaren inguruan egindako hitzaldian.
Marie Hirigoien, EHUko ikastaroetan euskal kantagintzaren inguruan egindako hitzaldian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Ihintza Elustondo -

2015eko uztailak 8
«Zer da euskal kantua?» galdera eginez hasi zuen hitzaldia, atzo, Marie Hirigoien (Baiona) musika adituak. EHUko ikastaroetan parte hartu zuen, Miramar jauregian. Musikologiako doktorea eta Hazparneko Soinubila Musika Eskolako koordinatzailea da. Kantaria izateaz gain, irakaslea ere bada. Musikarekiko duen pasioak euskal abestiak errotik aztertzera eraman du. «Izena duenak izana ere badu», esanez argudiatu zuen euskal kantagintzak bizirik dirauela.

Halere, euskal kantua existitzen den arren, azaldu zuen ez dela samurra zer den definitzea. «Euskalduna euskaraz mintzatzen dena bada, euskal kantua euskaraz kantatzen dena izaten ahal da». Alabaina, musikari anitz elkarrizketatu zituen haien iritzia jakiteko. Euskal kantuaren mugak non ziren saiatzen ziren azaltzen, baina ez zetozen bat horiek definitzerakoan.

Hori horrela, Hirigoien euskal kantuaren ezaugarriak deskribatzen saiatu da. Horretarako, 1900. urtetik hasi eta gaur arteko abestiak entzun ditu. Euskal Kanten Artxibategia aztertu ostean, bi kantu mota daudela ondorioztatu du.

Noten arteko espazioaren arabera, «notarte berdineko eta ezberdineko tenperamentua» bereizten ditu musika adituak. Lehenengoa XVIII. mendeaz geroztik arau bilakatu dela azaldu zuen. Mugarik gabeko noten artean, aukeraketa bat egiten da, eskalak sortuz. Hori horrela, «musika baino gehiago dirudi matematika», gaineratu zuen. Hortik kanpoko abestiak «makurrak» iruditzen zaizkio jendeari. Notarte berdineko tenperamentua egun lege bilakatu denez, ezaugarri horietara egokitzen ez diren doinuak desatseginak zaizkio giza belarriari.

Notarte ezberdineko tenperamentuaren kasuan, noten arteko espazioak ez du zertan berdina izan. Ekialdeko kantagintzaren ezaugarria izan da hori aspaldidanik, baina, egun, galtzen ari da, mendebaldeko arauari jarraitu diotelako euskal musikariek.

«Jende askok uste du Euskal Herriko kantariek makur kantatzen dutela eta ez dakitela erritmorik jarraitzen». Aurreiritzi hutsak direla uste du Hirigoienek. Izan ere, egungo musikariek erritmo erregularrari jarraitzen diote, baina ez du zertan hala izan. Gainera, silaba bakoitzeko nota bakarra aukeratzen dute, gehienetan. Haren aburuz, gero eta aniztasun gutxiago dago. «Helburu sozialak musika gainditu du», azaldu zuen.

«Zer transmititu behar ote da?», galdetu zuen behin eta berriro. Haren iritziz, gizarteak transmisioa egin nahi badu, ekialdeko kantagintzaren grabaketak entzun behar ditu. Bere aldarrikapena aintzat hartuz, adibide ugari jarri zituen entzungai ikastaroan: hala nola 1900eko Prima Eijerra edota 1947ko Goizean goizik. Garrantzitsuena «ohartzea, kontuan hartzea eta transmititzea » dela uste baitu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna