«Kontua ekitea da»

Urepelen «inoizko hasierarik indartsuena» izan eta 2.500 kilometro egin ondoren, Bilboko plazak beteta amaitu da 19. Korrika. Lorea Agirre kazetariak irakurri du lekukoan eskuz esku ibilitako mezua: «Nor gara? Bagara nor. Ez gara menpeko perpausa. Menpeko izateari utzi, eta ahalduntzea da kontua».
Jendez gainezka zegoen Areatza igandean, 19. Korrikako azken kilometroan.
Jendez gainezka zegoen Areatza igandean, 19. Korrikako azken kilometroan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Hodei Iruretagoiena -

2015eko martxoak 31
Plaza betean helmugaratu da 19. Korrika. Bilbo bete euskaldun eta euskaltzaleren artean. Milaka lagunen babesean egin ditu lekukoak azken kilometroak. AEK-ko kideen eskutik iritsi da Areatzara, malko, oihu eta txalo artean. Eta Lorea Agirre kazetari eta Jakin-eko zuzendariaren ahotik zabaldu da Euskal Herriko plazara Urepeletik (Nafarroa Beherea) Bilbora eskuz esku pasatutako mezua: «Auzia ez da izan ala ez izan. Nolako edo halako izan. Kontua ekitea da. Egitea. Egiten duguna gara. Izatea egitea da».

Ahalduntzearen ideia nabarmendu dute aurten antolatzaileek, eta bide beretik jo zuen Agirrek igandeko ekitaldian. Oholtza gainean ziren AEK-ko kideak; tartean, Asier Amondo Korrikako arduraduna eta Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusia. Hasi orduko, Zuriñe Iarritu aurkezleak Agirreri eman zion hitza: «Nor gara? Bagara nor. Ez gara menpeko perpausa. Menpeko izateari utzi, eta ahalduntzea da kontua. Euskaldun gisa ahalduntzea, herritar gisa ahalduntzeko. Jabetzea. Boteretzea. Autodeterminatzea».

«Izan ere, euskararena auzi politikoa da. Euskal hiztunona auzi politikoa da», jarraitu zuen Agirrek. «Euskara plaza publikoan jokatzen da, eta plazaren izaera publikoa euskaran. Plazan eta euskaraz harilkatzen da elkarbizitza, bizikidetza. Plazan eta euskaraz borrokatzen dira injustizia sozialak. Plazan eta euskaraz jartzen da frogan demokrazia. Demokrazia demokratizatzeko balio behar du euskarak».

AEKgatik da Korrika

«AEK ezin da ulertu Korrika gabe, ezta Korrika AEK gabe ere», Iarrituren hitzetan. Fredi Paiaren eta Irati Erkiziaren bertsoen ondoren, Iñaki Urkijo Bizkaiko artezkaritzako ordezkariak azken bi urteetan zendutako AEK-ko kideei eskaini zizkien lehen hitzak: «Gurekin sentitzen zaituztegu». 19. Korrika posible egin dutenak eskertu zituen segidan: AEK-ko kideak, ikasleak, Korrika batzordeetan ibilitakoak, Korrika Kulturalean aritu direnak, Korrika txikiak, furgonetetako gidariak, nazioarteko ekitaldien antolatzaileak... «11 egunez, ahalmen pertsonal eta kolektiboa uztartu ditugu. Herri gogo erakustaldi aparta eskaini diogu mundu zabalari. Mila kolore, mila pentsaera, baina asmo bakarrak elkartu gaitu: euskaraz biziko den herria egiteak. Euskal Herria euskahaldunduko dugu».

2.500 kilometro egin ditu aurten Korrikak, Urepeletik Bilbora. Azkenengoetan, besteak beste, Bilboko alkate Ibon Aresok hartu zuen lekukoa, udaletxe aurrean. Haren atzetik, Gure Esku Dago mugimenduak, Udalbiltzak, sindikatuek, Etxerat elkarteak, BERRIAk, alderdi politikoek, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak, Euskaltzaindiak, Ikastolen Elkarteak eta Kontseiluak egin zituzten hondarreko hamar kilometroak.

Eta azkena, 2501.a, AEK-k. Jendetzaren artetik, oinez egin zituen Korrikak azken pausoak. Besarkada batean bildu ziren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao eta Korrikako arduradun Asier Amondo, azken lekuko aldaketan, Areatzako zubian. AEKren koloretako banderak eta milaka herritar atzetik, malko eta irribarre artean eraman zuten lekukoa oholtzara.

«Inoizko handiena»

Igandeko festaren ondoren, Bilboko Kalderapeko tabernan elkartu ziren atzo AEK-koak, 19. Korrikaren balorazioa egiteko. Areatzan, aurreko eguneko jaigunea txukuntzen ari ziren oraindik. Aurtengoa «inoizko Korrikarik handiena» izan dela nabarmendu zuen Amondok: «Inoizko hasierarik indartsuena izan duelako, ziur aski. Inoiz baino argiago antzeman daiteke Korrika herri oso batena dela».

AEK-ko kideak izan zituen gogoan Mertxe Mugikak, eta eskerrak eman zizkien egindako lan guztiagatik. «Gure gaitasunaz jabetu, eta ahalduntzen jarraitu behar dugu», esan zuen. Horretarako, euskaltegien lana estrategikoa dela azaldu zuen, eta bide orri bat behar dela helduen euskalduntze eta alfabetatze sektorea normalizatzeko. Instituzioen ardura nabarmendu du, eta elkarlanerako eskaintza egin die euskararen eremuko administrazio guztiei. «Auzi publikoa eta politikoa da euskararena; erronka kolektiboa da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna