Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Elkartasun olatua Iruñean

Publizitatea

Politika

'Altsasuko auzia'. Elkarretaratzea Iruñean

Elkartasun olatua Iruñean

Milaka herritar elkartu dira Gazteluko plazan Altsasuko zortzi gazte auziperatuei elkartasuna adierazi eta auziaren bidegabekeria salatu asmoz. Su hori pizturik mantentzeko deia egin dute senideek
Altsasuko auzia salatu eta auzipetutako gazteei eta haien senideei babesa emateko, milaka lagun batu ziren atzo arratsaldean Iruñeko Gazteluko plazan.
Argazkia: IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

2017-07-15 / Joxerra Senar

Kolpea jaso, altxatu eta erantzun. Altsasuko auziaren hasieratik dinamika hori nagusitu da. Iazko urrian herriko taberna batean izandako liskarraren ostean lehen kolpea etorri zen, eta ekaitz mediatikoaren begian jarri zuen herria. Haren ondotik, atxiloketek eragin zuten bigarren kolpe handia. Espainiako Auzitegi Nazionalak gertaerak terrorismotzat jotzeak elkartasun oldea piztu zuen bai Altsasun bai Euskal Herri osoan. Oraingoz azken kolpea iragan uztailaren 4an eman zuen fiskalak auziperatutako zortzi gazteentzat 375 urteko espetxe zigorrak eskatuta. Atzo, sanferminen azken egunean, Iruñeko Gazteluko plazan milaka lagunek babesa adierazi zieten gazteei, eta elkartasun hori «Auzitegi Nazionalera iritsiko den tsunami» bihurtzeko deia egin zuen Gotzon Urrizolak, gurasoen izenean.

Ez gurasoek, ez Altsasuko herriak ez du geldirik geratu nahi. Zortzi gazteen aurkako epaiketa «irail edo urrian» izan daitekeela susmatzen dute, eta horren aurrean, hurrengo asteetan harremanetan jarriko dira erakunde desberdinekin. «Landu behar dugu ekitaldi nazionala, edo bestela ere badaude modu desberdinak gizarteari injustizia izugarria dela esan eta bizirik mantentzeko», aipatu zuen Bel Pozueta, Adur Ramirez de Alda gaztearen amak. Udazkenera begira, su horri eutsi nahirik, ekitaldi desberdinak antolatuko dituzte.

Elkartasunaren sua oso bizirik dago. Hala baieztatu zen atzo Gazteluko plazan. Lehen lerroan gurasoak jarri ziren, Sanferminetan ere Altsasukoak aske aldarrikatuz. Zortzi gazteen irudiak zituzten pankartek. Gogoan hartu behar da azaroaren 14tik espetxean jarraitzen dutela Oihar Arnanzek, Jokin Unamunok eta Adur Ramirez de Aldak. Dena den, guztien aurka espetxe zigor eskaera handiak egin ditu fiskalak eta etorkizuna jokoan dute denek.

«Ez gara geldituko auziperatuak guztiz aske egon arte». Altsasuko herri batzarraren izenean hitz egin zuen Aritz Leozek. Orain arteko bidea luzea izan dela azaldu zuen. «Bederatzi hilabete daramatzagu gure barruak borboka». Abenduan espetxeratutako lau gazte aske geratzeak edo Nafarroako lurralde auzitegiaren esku hartzeak itxaropena piztu zien. Dena den, ekainean Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalaren eskuetan uzteak edo fiskalaren zigor eskaerek ezintasuna eta beldurra eragin dute: «Ondo entzun dezatela, jotzen diguten kolpe bakoitzak indartsuago egiten gaitu. Mehatxu bakoitzak indartsuago egiten gaitu».

Leozek aurreratu zuen epaiketara begira gazteak ez direla bakarrik egongo. «Herri oso bat erasotu dute, eta herri oso bat izango da gazteekin. Madrilera jaitsiko da haiekin batera borrokatuz».

Senideek eskerrak eman zizkieten bertaratutako guztiei: egunero indarra ematen dieten herritar anonimoei, egunotan elkartasuna adierazi dieten 78ko Sanferminak Gogoan herri plataformari, pankartetan euren egoera salatu duten peñei edo Altsasuko gazteen aldeko kamisetekin entzierroa korritu dutenei. Kontuan hartu behar da jaietan Espainiako Poliziak kamiseta hori eramateagatik Altsasuko gazte batzuk miatu zituela eta 600 euroko isunak jartzearekin mehatxatu zituela. Beste hainbat gazte ere identifikatu dituzte elkartasuna adierazten duen kamiseta soil hori eramateagatik. Hala ere, esker berezia adierazi zioten Altsasuko herriari: «Oso harro gaude gure herriarekin, nekaezinak direlako».

«Denon alde»

Bel Pozuetak gogora ekarri zuen duela hamabi hilabete Gazteluko plaza hori bera bete zela emakumeen aurkako indarkeria salatzera: «Orain ere bete da plaza bizitzen ari garen guztia zein bidegabea den salatzera. Harro gaude gizartea ez dagoelako lo, baina aurrera jarraitu behar da eta erne izan». Zentzu horretan, datozen asteetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu zuten, eta oporraldian kasua lau haizetara zabaltzea: «Auzia ezagutzen ez duen jendea dago. Bidegabekeria da hau guztia eta eurengana ere iritsi daiteke. Ez dugu soilik gure alde borrokatzen, denon alde baizik», azpimarratu zuen Pozuetak.

Elkarretaratzean parte hartu zuen Joseba Asiron Iruñeko alkateak. Bere esanetan, «basakeria» bat da tabernako liskarra terrorismoarekin lotu nahi izatea. «Edozein kasutan horrelako zigor eskaera egiten duen instituzio batek bere burua ezeztatzen du».

Geroa Baiko Unai Hualderen hitzetan, «izugarrizko zentzugabekeria da» gertatzen ari dena. «Izugarrizko neurrigabekeria da eta justizia zein neurriz tratatzea eskatzen dugu. Fiskaltzaren eskaeren aurren elkartasuna adierazi eta batu behar gara justizia eskatzeko». Ildo beretik, EH Bilduko Maddalen Iriarteren ustez, auziak erakusten du, besteak beste, «zenbat min egin dien Nafarroako aldaketak. Nafarroa estatu arrazoi da eta edozer gauza da baliagarri neurriz kanpo ateratzeko».

Elkarretaratzera bildutakoen artean ere antzeko hitzak entzuten ziren. Feli Canterok gazteak ditu etxean eta Altsasun lan egin izan du: «Hau edonori gerta dakioke. Orain dela 50 urte baino okerrago gaude». Miren Juanenaren irudiko, «ez dago eskubiderik» eta «nahi dutena egiten dute beti, lehen eta orain». Karmele Aierberen arabera, estatuak «mendeku gisa» hartu du Altsasuko herria eta ezinbestekoa da gazteei zein senideei elkartasuna adieraztea. Preso eta iheslarien etxeratzea ere aldarrikatu du.

Katrin Azkargorta olatzagutiarraren arabera, «bidegabekeria hutsa da gazteei neurrigabeko zigorra» ezarri nahi izatea. Mari Jose Azkargorta altsasuarraren ustez, gizarteak babes handia eman die gazteei eta «erakunde batzuek ere bai». Denen batasuna eskatu du.

Publizitatea

Sortu kontua
Joxerra Senar Joxerra Senar

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak