Irene Rigau. Junts Pel Siko diputatua

«Espainia inoiz baino kontu handiagoz jokatzen ari da orain»

Azaroaren 9ko galdeketagatik epaitua izan berritan, egin beharrekoak egin dituenaren lasaitasuna du Rigauk; inhabilitatuta ere, gogoz eta prest dago Kataluniako erronkei aurre egiteko.
(C)DANI CODINA / EZEZAGUNA

Saioa Baleztena -

2017ko otsailak 25
Duela bi aste, Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidente ohiarekin eta Joana Ortega presidenteordearekin batera epaitu zuten Irene Rigau (Banyoles, Herrialde Katalanak, 1951), 2014ko azaroaren 9ko herri galdeketagatik. Rigau Hezkuntza kontseilaria zen garai hartan, eta zehatz-mehatz galdekatu zuen fiskalak bozketa eguneko ikastetxeen erabileraren inguruan. Besteak beste, deklaratu behar izan zuen inork ez zuela zuzendari bakar bat ere behartu bere eskola zabaltzera.

Psikologiako lizentziaduna eta Oinarrizko Heziketako diplomaduna da, baina ibilbide luzea du politikan, Jordi Pujolen azken legealdian (1999-2003) Kataluniako Ongizate eta Familia kontseilari izendatu zutenetik. 2010eko abenduan, Artur Mas presidente ohiaren gobernuan sartu zen Hezkuntza kontseilari gisa, eta, 2015ean Junts Pel Siren zerrendetan aurkeztu ondoren, gaur egun, koalizioaren diputatua da. Kataluniako Parlamentuaren osoko bilkuraren ondotik egin du elkarrizketa BERRIArekin.

A-9aren epaiketa pasatu berri da. Zer moduz zaude? Nola bizi dituzu egun hauek?

Egia esan, bare. Hala izateko prestatu genuen defentsa. Alde horretatik, hiru izateak gure alde jokatu du: defentsa oso ongi koordinatu dugu. Gainera, jendearen babesa ikaragarria izaten ari da, ez bakarrik epaiketak iraun bitartean; egunak pasatu dira, eta kalean, autobusean, erosketak egiten ditudanean, etengabe jasotzen ditut babes mezuak. Tira, epaiketa zuzenean eman zuten, eta horrek ere eragin du jendea gugandik gertuago sentiarazteko.

Damu zara ezertaz? Epaiketaren ondotik, gauzak beste modu batera egingo zenituzke?

Inola ere ez. Niri presidenteak behin galdetu zidan ea gogoz nengoen A-9ak behar zuen kudeaketa errazteko. Eta, noski, baietz esan nion: erronka bat zen. Oso harro nago lanean aritu ziren boluntarioen jarreraz. Beraz, gaur A-9a antolatu beharko bagenu, berdin jokatuko nuke.

Hala ere, Artur Mas eta Joana Ortega ez bezala, zu egun diputatua zara. Nola sentitzen zara inhabilitazio arriskuan egonik?

Inhabilitazio arriskuak ez nau beldurtzen. Gainera, libre gelditzea espero dut. Defentsa egiterakoan argi geratu zen akusazioa ez datorrela bat guk egin genuenarekin: guk ez genuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren agindua desobeditu. Edozein modutan, inhabilitazioaren presioa ez dut nik, alderdiak baizik. Ni inhabilitatzen banaute, talde parlamentarioak erabaki beharko du ordezko bat jartzen duen edo inhabilitazioaren kontra zerbait egingo duen. Hori gertatzen bada, zalantzarik gabe parlamentuko dinamika markatuko du.

Noraino irits daiteke Espainiako Estatua?

Gai ikusten ditut Kataluniako politikariak inhabilitatzen hasteko. Esate baterako, administratiboki inoiz baino kontu handiagoz jokatzen ari dira orain, jakinarazpen ofizialak bidaltzen dizkigutenean. Eta gogoratu nahi dut fiskaltzak sei urteko kartzela zigorra ere eskatzen zuela hasieran; epaileak baztertu zuen aukera hoti. Zalantzarik gabe, Espainiako Gobernuak gure inhabilitazioa nahi du, eta egin egingo du.

Defentsaren argudiobidea ezberdina izan zen: Masek ikuspegi politikoagoa erabili zuen, eta Ortegak eta zuk, aldiz, teknikoagoa. Zergatik?

Gauzak ez errepikatzeagatik egin genuen horrela. Aldarrikapen politikoak tartea izan zuen Masen bitartez. Defentsa prestatu genuenean, abokatuak niri galdetu zidan epaiketan azalduko ziren argudio politikoak onartzen nituen edo ez, eta, noski, baietz esan nuen. Nik interpretazio pertsonalagoa egin nuen hiruron artean edukiak banatzeko, besterik gabe.

Epaiketan estu hartu zintuzten ikastetxeetako funtzionamenduarekin. Delitu bat epaitzeko hain ñabardura xeheetara jo behar izatea penagarria da, baina azken unean horiek izango dira, seguruenik, sententzia erabakiko dutenak. Zer diozu zuk horren inguruan?

Noski, delituaren mamia baita eskolak nork eta nola ireki zituen jakitea. Administrazioak bere gain hartu zuen eskolak irekitzearen ardura, zuzendariak hala egin ez zuen kasuetan. Hura eragiketa berezia izan zen, ez dago zalantzarik. Horregatik, sententzia halako xehetasunek baldintzatuko dute, bai. Baina antolakuntza gardena izan zen, eta emaitzak, bikainak; beraz, dena dago mahai gainean.

Irailean egingo duzue erreferenduma. Epaiketak eragina izango du datozen hilabeteetako antolaketan?

Epaiketak katalanen konpromisoa sendotu du: aste barruan izan zen, eta udaltzainek esan zuten 40.000 lagun bildu zirela —beti esaten dute gutxiago—. Jende asko atera zen kalera. Beste behin, indartuta atera da prozesua, eta gobernuak orain arrazoi gehiago ditu herriak eskatu digun erronka betetzeko.

Duela gutxi, Arnaldo Otegik elkarrizketa batean erran zuen prozesuari lagundu egin diola burgesia katalanaren partaidetzak, zuen bitartez enpresari anitzek babestu dutelako independentismoa. Ados al zaude?

Noski, herrialde baten independentzia lortzeko ezinbestekoa da gizartearen babes ahalik eta handiena izatea, eta ez bakarrik muturreko taldeena. Zalantzarik gabe, Artur Mas presidentearen ekarpenik aberatsena hori izan da, helburu berbera izatea belaunaldi, klase eta Kataluniako eremu guztietan. Noski, Espainiaren jarrerak ere gure alde jokatu du.

Duela hainbat hamarkada, bazirudien Euskal Herria gertuago zegoela independentziatik Katalunia baino. Nola eragingo dio prozesuak Euskal Herriari?

Frankismoan ikasi genuen garrantzitsua dela kontuz ibiltzea Euskal Herriaren inguruko hausnarketak egiteko orduan; errealitate bakoitzak bere azalpena du, eta ezin dira hala moduzko konparaketak egin. Egia da: Kataluniak kontzertu ekonomikoa izan balu, seguruenik ez zen iritsiko iritsi den tokira. Hori katalanok badakigu, eta ez dugu ezkutatzen. Seguruenik, Euskal Herriak, eskubide forala dela eta kontzertu ekonomikoa dela, agian ez du Kataluniak bezainbesteko beharrik independizatzeko. Beste gauza bat da herriaren irrika. Noski: Katalunia independizatzen bada, seguruenik izango du eraginik zuenean.

Hitz egin dezagun orain hizkuntzaz. Kataluniako eskola publikoetan arrakasta handia izan du zure alderdiak bultzatutako murgiltze linguistikoak. Azken urteetan, antza, arriskuan egon da.

Estrategia politikoa izan da. Arriskuan jarri nahi izan dute, eleaniztasuna eta eskola katalana kontrajarri nahi izan dituztelako. PPren erasoaldi bat izan da; Valentzian eta Balearretan eskaintza hirueleduna egitea onartu zuten katalana ahultzeko. Baina, zorionez, Balearretan dagoeneko erori da haien proposamena, eta eskola katalanaren eredu eleaniztuna indartuta atera da. Beste behin egiaztatu da gure ereduaren indarra eta balioa. Beraz, hizkuntzaren murgiltzea arriskuan jartzen saiatu diren arren, osasuntsu jarraitzen du.

Murgiltze linguistikoaren aldeko agerraldiak batera joan dira, azken urteotan, eskola publikoak jasan dituen murrizketen kontrako aldarrikapenekin. Masen legealdia bereziki gogorra izan da alde horretatik.

Argi dago murrizketak egitera behartuta egon garela. Hori bai, zirkunstantzialak izango zirela bagenekien. Diru sarrera publikoek behera egin zuten, eta hasieratik ikusi zen murrizketek itzulgarriak izan behar zutela. Are gehiago, murrizketetako askori buelta eman diegu, eta helburua da BPG barne produktu gordinaren %6 erabiltzea hezkuntzarako aurrerantzean. Zorionez, herriak heldutasuna erakutsi du gauza bat bestearekin ez nahasteko. Alegia, irakasleek ordu gehiago lan egin eta gutxiago kobratu izana ez da joan Kataluniako eskola sistemaren kontra. Normalizazio linguistikoa gure apustu handienetako bat izan da, zalantzarik gabe, Kataluniaren hezkuntza sistemaren historian urrezko letrekin idatziko dena.

Zure esparruan, zein aldaketatarako espazioa zabalduko luke estatu berri bat sortzeak?

Hezkuntzaren nahitaezko apustuaren doakotasuna bermatuko nuke, irakaskuntza ikasketetara sartzeko baldintzak zorroztuko nituzke, eta unibertsitateak askoz ere profesionalagoak bihurtu, adibidez.

Eta zer ez zenuke aldatuko?

Hizkuntza eredua eta 0-3 urteko haurren arreta ereduaren hedapena, emaitza onenak dituzten herrialdeen artean baikaude. Eta ez nuke aldatuko etorkinen eskola integrazioaren eredu eta ahalmen urritasuna dutenen gizarteratzearena ere. Noski, mantenduko nituzke gaur egun hezkuntza sisteman lanean ari diren irakasleetako asko, eta ez nuke tituludun publikoaren eta gizarte ekimenaren eredu mistoa aldatuko, uste baitut hezkuntza askatasuna bermatzen duela.

Ezin amaitu ustelkeriaz solastatu gabe. Zu gobernuan izan zinen Jordi Pujolen legealdian. Harritu zaitu, aitortu duen bezala, ustelkerian murgilduta zegoela jakiteak?

Haren adierazpenek, harritzeaz gain, oso triste utzi ninduten. Eta berak badaki. Ausartzen naiz esatera politikan daramatzadan urte hauetako guztietako bizipen gogorrenetako bat izan dela Pujolen auzia. Izan ere, asko gara proiektu politiko honetan aspaldi murgildu ginenak, gure esku zegoen guztia proiektu politikoari emanez. Beraz, sekulako kolpea izan da. Gerora, noski, aurrera egin dugu, eta konturatu gara erantzukizun kolektiboa handia dela oraindik ere, eta norbera dela norberaren ekintzen arduradun. Arazoa zera izan da: bera, erreferente politikoa izateaz harago, erreferente etikoa ere bazela. Ez diot agurtzeari utziko, baina, zalantzarik gabe, ez dut berdin ikusten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna