Albistea entzun

UDAKO SERIEA. Naziogintza eta estatugintza (I) Lurraldetasuna

Hiru, bost, zazpi?

Naziogintza eta estatugintzari buruzko artikulu sorta bat kaleratuko du BERRIAk gaurtik igandera bitartean. Erreportaje bana egingo du lurraldetasunaz, diskurtsoaz, nazio sentimenduez, sozioekonomiaz eta kulturgintzaz.

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2014ko abuztuak 13

Independentziaren laugarren olatua omen da gaur egungoa. Urtea bukatu baino lehen, beren etorkizunaren inguruan erabakitzeko garaia dute bi herrik. Eskoziak irailaren 18an galdetuko die herritarrei Erresuma Batuan jarraitu edo estatu propioa osatu nahi duten. Eta Kataluniak azaroaren 9rako antolatu du independentziari buruzko galdeketa. Euskal Herria olatu horretan bere burua kokatu nahian ari da. Horren seinale da Gure Esku Dago plataformak erabakitzeko eskubidearen alde abiatutako egitasmoaren arrakasta. Baina, azken hilabeteetan, hainbat eztabaida eragin ditu «gu» horren definizioak; alegia, mahai gainean da nork hartuko duen erabakia. Orain arte Euskal Herrian burujabetzaz egin diren aldarrikapenek zazpi herrialdeko nazio lurraldea izan dute oinarrian. Gaur egungo egoerak, alabaina, lurraldearen gaineko erabakiak argitzera behartzen du euskal nazionalismoa: nazio lurraldearen batasunaren hautua egin ala independentzia olatu honetan lurralde batzuk atzean utziko dituen prozesu subiranistan murgildu. Hiru herrialdeak, laurak ala zazpiak? Horra gaur dauden eztabaidetako bat. Lurraldetasunaren korapiloa landuko duen ale hau BERRIA egunkariak naziogintza eta estatugintzari eskainiko dion bost artikuluko sortako lehena da.

Orain arte egin diren independentzia edo subiranotasun eskarietan, zazpi herrialdeko eremua izan du oinarrian euskal nazionalismoak, Julen Zabalo EHUko irakaslearen arabera: «Independentzia lortzeko aukerarik egon ez den bitartean, maila aldarrikatzaile eta sinbolikoan egin da eskari hori; nazioaren lurraldea hartu da subiranotasuna lortzeko eremutzat». Adierazi du horrek era batean edo bestean balio izan duela euskal herritarren arteko kohesioa lortzeko: «Maule edo Karrantzako jendea nazio beraren aldeko aldarrikapenean biltzea ekarri izan du». Testuinguru politikoa aldatu egin da, ordea. Eta, burujabetza aldarrikatzetik, gertuko aukerak ikusten ari da Euskal Herria.

Baina zer gertatzen da prozesu subiranista aurrera eramateko aukera hori lurraldetasunarekin bat ez baldin badator? Hau da, prozesu subiranista zazpi herrialdeko nazio osoan garatu ezin bada, zer galtzeko eta zer irabazteko prest dago euskal nazionalismoa?

ERABAKIAK LURRALDEAZ

Adituen arabera, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko, lurraldea politikoki egituratuta egotea da oinarrizko baldintzetako bat. Euskal Herriak naziotzat duen lurraldeak, ordea, konplexutasun ugari ditu arlo horretan: Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Komunitateak, biek egitura administratibo berezitua dute. Ipar Euskal Herriak, ordea, gaur-gaurkoz, egituratu gabeko lurraldeak ditu. Eta euskal nazio lurraldea menpean duten estatu biek, gainera, ondo gordea dute beren batasuna; «banaezina» izatea dute beren nazio eta estatuaren definizioaren oinarri. Nazio lurraldearen eremuan dauden desoreka horiek guztiek zaildu egiten dute prozesua.

Lurraldetasuna sezesio prozesu ia guztietan gertatzen den gatazka dela aitortu du Iñigo Urrutia EHUko irakasle eta Zuzenbidean doktoreak: «Gehienetan, sezesioaren bila ari den herriaren lurralde osoa ez da izaten estatu berriaren parte». Irakasle biek azpimarratu dutenez, independentziaren laugarren olatuaren hautua eginez gero, gaur-gaurkoz, lurraldetasunaren eta estatus aldaketaren artean erabaki behar da. Zabalo: «Independentzia olatu honi baietz edo ezetz esaten diogun erabaki behar da». Horra Euskal Herriko prozesu subiranistaren jomugan dagoena: «Testuinguru politikoak ematen duen aukera aprobetxatu eta nazioa zatituz lurralde batzuen estatu egitura bultzatu, edo zazpi herrialdeko nazioa sendotu».

Zabaloren arabera, argiago dago Ipar Euskal Herriko lurraldeak prozesutik kanpo uztea, baina Hego Euskal Herriko lurraldeekin zalantza dago oraindik: «EAErentzako independentzia bultzatu ala EAE eta Nafarroa bilduta egotea, hor dago zalantza». Urrutiak adierazi du praktikotasunaren alde egin behar dela: «Lurraldetasunaren afera desakralizatu egin behar da. Estatu egitura lortzeko aukeraren eta lurraldetasunaren artean bikoizketa gertatzen bada, lehenaren alde egingo nuke nik». Zazpi herrialdeko mapa utzi eta Hego Euskal Herriaren independentzia prozesua abiatzearen alde agertu da.

NAZIOAREN LURRA

«Nazioaren lurraldea definitu egiten da. Mugak ez dira naturalak, eta mundu guztiak ez ditu ulertzen era berean. Euskal nazionalismoak, tradizio historikoari jarraituta, zazpi herrialdeko lurralde nazioa hautatu du», adierazi du Zabalok. Nazioari mugak ezarri eta lurraldea finkatzea berebizikoa da nazionalismoarentzat, nazioaren eragin eremua zein den zehazten baita horrela: «Nazionalismoak nazioa osatzen du, eta forma fisikoa ematen dio. Mugak ezarri eta muga horien barruko lurraldea kontrolatzeko eskubidea aldarrikatzen du».

Nazioko kideen artean kohesioa bilduko du nazionalismoak lurraldearekin: «Nazionalismoak lurraldeari ematen dion funtzio garrantzitsuena hori da: nazioaren mugak zehaztea eta muga horien barruan bizi direnei berdintasun mezua helaraztea. Eremu jakin batean bizi baldin bazara, nazio bateko kidea zarela dakizu, eta ez duzu ariketa teoriko gehiagorik egin behar». Euskal nazionalismoaren kasuan, lurraldearen muga barruan bizi direnei euskal herritartasuna ematen die euskal nazionalismoak.

«Nazioaz hitz egitean, jende multzoaz ari gara, kidetasun edo identitatea partekatzen duenaz. Baina nazioak ez du zertan eduki egitura politiko jakin bat». Nazio eta estatuaren arteko bereizketa egin du Zabalok: «Estatua egitura administratiboa da, funtzionala izan behar duena eta, betebehar eta eskubide batzuk izateaz gain, bertan bizi direnen arazoak konpontzera jo behar duena». Kontzeptu biak maila berean jartzeko ohitura dago, gaur egungo estatu moderno gehienek nazio bakarra osatzea baitute helburu.

«Gerta liteke euskal nazioan sinetsi ez arren estatu egitura horretan sinestea», edo estatusaren inguruan erabakitzeko eskubidea dagoela pentsatzea: «Egitura administratiboaren edo estatuaren onuretan zentratzen zara gehiago, eta ez nazioa garatzeko aukeretan».

MUGA JURIDIKOAK

«Lau probintzietako sezesio bat egiten bada, muga juridikoak sortuko ditu», adierazi du Urrutiak. Gerora Ipar Euskal Herriko lurraldeak balizko euskal estatuaren parte izateko aukerari zailtasunak ezartzen zaizkio: «Estatua eratzean, beste estatu bateko lurraldea erakarri nahi baduzu, esku sartze gisa hartzen da». Irredentismoaz ari da Urrutia: estatu bateko lurralde bat beste batean integratzeko prozesuaz, hain zuzen. Nabarmendu du azken urteetan ez dela izan horrelako kasurik. Tartean, Ipar Irlandako kasua ekarri du gogora.

Euskal Herrian estatu egitura partziala lortuz gero, zaila litzateke gerora Ipar Euskal Herriko lurraldeak integratzea, EHUko irakaslearen hitzetan. Hortaz, maila juridikoan hor egongo litzateke korapiloetako bat, Urrutiaren arabera: «Ondo pentsatu beharko litzateke. Baina horrek ez du esan nahi herrialdeen artean konbergentziarik egongo ez denik». Ipar Euskal Herrian Batera plataforma lurralde elkargoaren alde egiten ari den lana aipatu du irakasleak: «Iparraldea bere erritmora doa, baina ez dago geldi. Kontua da nola josi Hegoaldeko prozesua Iparraldearekin». Lurraldeen arteko saretzeak berebiziko garrantzia du, Urrutiaren ustetan.

LUR MARKATUA HELBURU

Ipar Euskal Herriak egituratu gabe dituen hiru herrialdeen ezagupen instituzionala lortzeko, horretarako ari dira lanean Batera plataformakoak. Haien hitzetan: «Ezagupen instituzional bidez gure lurraldetasuna markatzea eta antolaketa bat ukaitea Iparraldean egituratzeko». Hala azaldu du Nikolas Blain plataformako kideak. Prozesu propioa garatzen ari dira horretarako, eta babes zabalak lortu dituzte Lurralde Kolektibitatearen alde. Iparraldean erabaki nahi dute hangoa nola kudeatu. Blainek azaldu du nonbait lotura egin daitekeen arren Batera-k ez duela zuzenean bat egiten Hegoaldean erabakitzeko eskubidearen aldeko egitasmoarekin: «Iparraldean zentratzen gara gu. Batera bezala, ez dugu ikusten zazpiak bat bezalako eremurik». Azpimarratu du mugaz gaindiko harremanak landu dituztela plataforman: «Bada horrelako naturaltasun bat Hegoaldearekin harremanetan jartzeko».

LURRA LURREN GAINETIK

Lurralde zatiketen gainetik, herrialdeen arteko harremanak garatzeari garrantzi berezia eman dio Urrutiak: «Euskal Herriko lurralde osoaren gainean eraginak sortzeko tresnak garatu behar dira, gizartea trinkotzeko eta herrialdeen artean sareak sortzeko». Adierazi du eskumen gutxi izan arren lurraldeari forma juridikoa emango litzaiokeela eta horrek bestelako errealitate bat islatuko lukeela nazioartean.

«Prozesu eraikitzaile batean kokatu behar dugu, eta, independentzia aldarrikatu beharrean, independenteak bagina bezala jokatu, geure baliabideen kudeaketa propioa garatzeko neurriak hartuz eta nazioarteko harremanak ildo berean kokatuz». Azpimarratu du garrantzitsua dela Hego Euskal Herriko erkidegoak Europako Batasunera elkartuta joatea, bakoitza bere kabuz joan beharrean: «Era koherentean egin behar dira gauzak». Adierazi du etorkizunera begira lurraldeen artean egin beharreko artikulazio hori izango dela gakoetako bat: «Lurralde zatiketa gainditu, eta jar gaitezen lanean. Pentsa dezagun gure baliabideak nola kudea ditzakegun etorkizun hurbilean independentzia prozesu bati ekiteko».

HERRIAK ALA ERKIDEGOA

Herrialde Katalanek ere Espainia eta Frantziaren menpeko lurraldeak biltzen dituzte nazio lurraldetzat. Eta, egituratutako Kataluniako erkidegoaz gain, Espainiako beste probintzia batzuetako lurraldeak ere badituzte naziotzat. Baina azaroaren 9an independentziaz galdetzeko egin asmo duten erreferenduma erkidegoan egiteko hautua egin dute. «Instituzioek Herrialde Katalanak ukatzen dituzte», adierazi du Carles Riera Ciemen-eko lehendakariak.

Rierak arduraz begiratzen dio nazio eraikuntza bigarren mailan geratzeko arriskuari. Eta azpimarratu du mugimendu subiranista bigarren mailan uzten ari dela lurraldetasunaren afera. Beharrezkoa ikusten du gaiaren inguruan eztabaida irekiak egitea eta agenda politikoaren erdigunean kokatzea: «Ezin dugu utzi nazio lurraldearen eremu handiena prozesu subiranistatik kanpo. Beharrezkoa da urratsak egitea, artikulazioa eta kohesioa lantzeko». Rierak uste du proposamenak egitean berrikuntza demokratikoa behar dela, eta azpimarratu du Kataluniako prozesu independentistak barneratzailea izan behar duela: «Errenditzea izango litzateke bestela. Gainontzeko lurralde nazioak espainolismo krudelenaren esku utziko genituzke».

Euskal Herrian, lotsati oraindik, baina mahai gainean dago eztabaida. Ez da erraza urte luzeko tradiziotik datorren nazio lurraldearen ikuskera aldatzeaz hitz egitea. Era batean edo bestean, betidanik ikusi eta ikasitako mapa zalantzan jartzea da. Baina galderak hor daude oraindik. Plazarik plaza aritu da Benito Lertxundiren kanta, sortu zenetik; eta pisu berezia hartu du orain. Ibarretxe lehendakariak kantuka jarri zituen entzuleak, Gure Esku Dago plataformak apirilean Bilbon antolatutako hitzaldi batean. Kantutik eztabaida dator orain: «Zenbat gara? Lau? Bat? Hiru? Bost? Zazpi?».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gure Eskuren agerraldia urtarrilaren 29an, uztailaren 2ko egitasmoa aurkezteko. ©Marisol Ramirez / Foku

Aragoiko presidenteak dio uztailaren 2an ez duela onartuko «zaborrik» Pirinioetan

Jon O. Urain

Gure Esku-k eta Kataluniako eragile batzuek mobilizazioa dute uztailaren 2an; asmoa da Pirinioetako 300 bat tontor argiztatzea.

Josu Urrutikoetxea, 2020an, Parisen, BERRIArentzat ateratako argazki batean. ©Eñaut Castagnet

Espainiako Auzitegi Nazionalak epaiketarako data jarri dio Josu Urrutikoetxeari: 2024ko urtarrila

Maddi Ane Txoperena Iribarren

1987an Zaragozako Guardia Zibilaren kuartelaren aurka egindako atentatua leporatuta epaituko dute, urtarrilaren 9, 10 eta 11n. 2.354 urteko kartzela zigorra eskatuko diote.

Pedro Sanchez, gaur goizeko saioan, Espainiako Kongresuan. ©JUAN CARLOS HIDALGO / EFE

Sanchezek ukatu egin du Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak Pegasus softwarea dutela

Iosu Alberdi

Kataluniako Gobernuarekin eta ERCrekin hitz egiteko prest agertu da.

Marian Moreno Martuteneko kartzelako zuzendaria, iazko urrian, Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumena eskuratu berritan. ©JON URBE / FOKU

Eusko Jaurlaritzaren arabera, espetxeetan ez da dimisiorik izan

Maddi Ane Txoperena Iribarren

'El Mundo'-k zabaldu du Marian Moreno Martuteneko zuzendariak eta espetxeetako bertze lau arduradunek dimisioa aurkeztu dutela, baina Jaurlaritzak gezurtatu egin du. Zaballako kartzelan ordezkaritza duten ELA, CCOO, APFP eta TAMPM sindikatuek protestara deitua dute biharko, lan baldintzak salatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...