Udal eta foru hauteskundeak Gipuzkoan. Denis Itxaso. PSE-EEren Gipuzkoako ahaldungai nagusia

«EAJk dio beste gobernu bat nahi duela; ez naiz fio Egibarrez, ordea»

Lehen aldiz da Denis Itxaso PSE-EEren Gipuzkoako ahaldungai nagusi. Bere alderdiaren politikak garatzeko gertuago ikusten du EAJ aliatu gisa, EH Bildu baino.
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Enekoitz Esnaola -

2015eko maiatzak 13

Kanpaina hasi baino bi egun lehenago hartu zuen Denis Itxasok (Donostia, 1975) BERRIA, Donostian, Botanika kafetegian. Hantxe goian du Gipuzkoako PSE-EEk egoitza; atzera eta aurrera zebiltzan hauteskunde kartelekin.

Zer aurreikuspen dituzue foru hauteskundeetarako?

Nik mugarik ez dut jarri. Badakit egoera zein den, baina iruditzen zait tekla egokiak ukituta neurri batean ustekabeak egongo direla. Eztabaidetan-eta eroso nabil, gustura. Oso duin ari da PSE.

Zein dira tekla horiek?

Bi aipatuko nituzke. Batetik, baskismo bateratzaile bat izatea. Eta, bestetik, ezkerraren barruan jarrera propio eta berritzaile bat izatea; EH Bildu ere ezkerrekoa da, baina muturreko jarrera bat dauka, eta guk moderatuagoa dugu, posibilistagoa.

EH Bildu aipatu duzula, nola ikusten duzu?

Higatze batekin; agian, handiagoa du Donostian, beste herrietan baino. Gainera, Ahal Dugu-rekin lehia batean da, espazio ideologiko bertsukoak baitira.

Eta nola ikusten duzu EAJ?

Berriz ere hauteskundeak galtzen. Markel Olanok ez du sekula irabazi. 2007an Gipuzkoan gu geratu ginen aurrenak, Miguel Buenekin. 2011n, Bildu. Bietan Markel Olano, bigarren. Hirugarren aldia du ahaldungai nagusi, eta oraingoan ere ez du irabaziko.

Zuen «posibilismoan», norekin egingo duzue ituna?

Alderdi guztiok dugu bizikidetza eraikitzeko ardura. Beste kontu bat da instituzioetako kudeaketa; hor geure burua ez dugu EH Bildurekin ikusten. Parlamentarioa da gure sistema, eta gehiengoen araberako gobernuak osa daitezke, zilegitasun demokratiko osoarekin. Hori ez da inoren kontrako apartheid politiko bat egitea.

Beraz?

Legealdi honetan esandakoarekin koherente izango gara: Bilduren gobernua aldatu egin behar da, eta PSE horretarako berme bat izango da.

EH Bilduk jasotzen badu boto gehien, orduan ere aldaketa?

Zergatik ez? Baina ikusi beharko da zein den Joseba Egibarren erabakia.

Zergatik diozu hori?

2011n eta ondoren PSE prest zegoen beste gobernu bat eratzeko, ez bakarrik Gipuzkoako Aldundian. EAJk ez du nahi izan. Orain ari da esaten prest dagoela bestelako gobernu bat eratzeko, baita hauteskundeak irabazten ez baditu ere. Ni ez naiz fio, ezagutzen baitugu Egibarren pentsamoldea.

Zehaztuko bazenu...

Hark, nolabait, mespretxatu egiten du lurraldeko aniztasuna. Duela hilabete batzuk zioen Gipuzkoan bi ereduren talka bat egongo dela: ezker abertzalearen eta EAJren ereduen artekoa. Gipuzkoan beste esparru batzuk ere badira, baina Egibarrek gutaz ez du ezer jakin nahi izan azken urteetan. Hori bai, Lasarte-Orian PSEri alkatetza hartzea eragozteko EAJk Bilduko hautagaiaren alde bozkatu zuen.

Zuk uste gaur egun EBB jarrera horretan dagoela?

Orain lau urte Gipuzkoako kontuak Egibarrek erabaki zituen. EBBk eutsi egin dio, Bilduren kudeaketan gauza larriak gertatu diren arren: hondakinetan dirutza bat xahutu da, errepideetan ez da ezer aurreratu, krisiari aurre egiteko ez da neurri berezirik hartu edo garatu...

EAJk eta PSE-EEk 2013tik sinatua duzue «erakundeen egonkortasunerako» itun bat. Isla izango al du boz hauen ostean?

Itun hura Eusko Legebiltzarrera mugatuago dago. Gainera, EAJk lurralde historikoen legeaz ez du ezer egin, eta guk hartu dugu ekimena.

EH Bildurekin ez baduzue akordiorik egin nahi, aukera bakarra duzue, ematen duenez: EAJ. Ezer lotuta ba al daukazue?

Ez.

Eskuineko alderditzat al duzu EAJ?

Neurri handi batean, bai.

Zein dira EH Bildurekin dituzuen desberdintasun nagusiak?

Legealdi honetan Gipuzkoan fiskalitatean eta politika sozialean akordio zehatz batzuk egin ditugu harekin, egia da. Ezkerreko indarra da EH Bildu, baina maiz ez du aintzat hartzen aniztasun politikoa, eta hori ez dugu gustuko; eragozpen garrantzitsu bat da.

Teklak aipatu dituzu lehen. Programa aldetik zein dira PSE-EEren ardatz nagusiak?

Hor ere bi aipatuko ditut. Batetik, krisiari aurre egitea eta enplegua sortzea. Adibidez, zerbitzu sozialak indartu egin behar dira. Izan ere, gero eta zaharragoa da Gipuzkoa ere, eta neurriak hartu behar dira. Bestetik, mugikortasuna eta garraio publikoa indartzea. Zazpiehun mila biztanle dauzka Gipuzkoak, eta metropoli bat bezala antola daiteke garraio publiko aldetik. Gure proposamena tren soziala da.

Hondakinak ez dituzu aipatu.

Atez atekoaren aurka gaude. Udalerri txikietan sistema eraginkorra izan daiteke, baina besteetan ez, eta Gipuzkoako herri asko dentsitate demografiko handikoak dira. Gainera, atez atekoa ez da sistema garbia, ez da erosoa eta garestia da. Hori gutxi balitz, Gipuzkoan 70.000 sinadura bildu dira sistema horren aurka, eta Bilduren udalek apenas antolatu duten galdeketarik. Hurrengo urteetan %60 birziklatzera iristeko neurriak hartu behar dira, baina malgu jokatuz eta herritarrekin batera hartuz neurriak, inposatu gabe. Derrigortasuna, betiere, bidearen bukaeran hel daiteke.

Podemos Ahal Dugu lehen aldiz lehiatuko da foru bozetan. PSE-EEk ba al du horren kezkarik?

Pablo Iglesias eta haren taldea da Podemos. Gipuzkoan ez du egiturarik, eta ez dakigu zer programa daukan. Aurreratu du inbestiduran bere burua bozkatuko duela. Horrelako jarrerarekin esaten ari dena da ez dela indar erabilgarria izango eta hari bozkatzeak ez duela ezertarako balioko.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

 ©PEDRO PUENTE HOYOS / EFE

«'Pandemiaren urteak', esan nuen. Urteak izango direlakoan: urteak»

Arantxa Iraola

Aurrera urratsa egin, eta hedabideetan naro-naro dabilen zientzialarietako bat da Del Val; txertoa lortzeko prozesuak oso azkar doazela onartu du, baina uste du une aski zailak eragin ditzakeela oraino ere izurriak.

 ©Juan Carlos Ruiz / Foku

COVID-19ak hiru hildako utzi ditu Nafarroan

Berria

13.012 PCR egin dituzte Hego Euskal Herrian, eta horietatik 842k positibo eman dute. 

Protesta bat Gasteizen. ©E.PORTILLO/ FOKU

Arabako zahar etxeak ere, grebara

Erredakzioa

Hiru lanuzte egingo ditute, ELAk, LABek, UGTk eta CCOOk deituta, «prekarizazioa» salatzeko

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Enekoitz Esnaola

Informazio osagarria