UDAKO SERIEA. Gazteei begira (II) Heziketa eta lan merkatua
Merkatuan harrapatuta

Mezu hau urte luzeetan iritsi zaie gazteei: «Egin ikasketak, eta izango duzue lan on bat». Ez. Ia automatikotzat jotzen zen eredu hori ez da ari betetzen. Desoreka handia dago lan merkatuaren eta heziketaren artean. Alor guztietan egoera ez da bera, baina aldea bistakoa da zenbakietan. Heziketari erreparatzen bazaio, Europan puntan ageri da Euskal Herria: goi mailako ikasketak dituzte %44k. Europako portzentajea baino hamasei puntu gehiago. Gazteen enplegua aztertuta, askoz datu txarragoa da Euskal Herrikoa: Europako ehunekoa baino %64 handiagoa da langabezia 25-34 urte artekoetan.
Ateak irekitzen ditu ikasketak edukitzeak, dudarik ez da. Kualifikazio apala dutenetan handiagoa da langabezia. Baina titulua edukitzeak ez du lana ziurtatzen. «Arazo izugarriak izaten ari dira gazteak. Enplegua aurkitzea oso zail zaie, eta, oro har, baldintza eskasak eskaintzen dizkiete». Sara de la Rica EHUko katedradunak egin du analisia. Lan merkatua du ikergai. Gazteen egoeraz kezkatuta mintzo da: «Lan merkatuan ez dute aurkitzen bila ari direna».
Krisiak zuzeneko lotura dauka. «Kontratazioetan gainbehera dakar atzeraldi ekonomikoak, eta, gainera, mantentzen diren kontratuak errentagarrienak dira: esperientzia handieneko langileenak, ordezkatu ezin direnak», azaldu du Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak. Bi aldeetatik dute galtzekoa gazteek: lanpostu berri gutxiago sortzen direlako eta enpresek esperientzia duten langileei eusten dietelako. Beste faktore bat erantsi du De la Ricak: kontratu motak. «Behin-behineko kontratu gehienak gazteek dauzkate, eta kaleratzeek haiei eragin diete bereziki. Eta, behin kaleratuta, beste lan bat topatzeko zailtasunak oso handiak dira». Lanean ari den biztanleria «zahartzea» dakar joera horrek.
Gaindegiako ordezkariak beste arrazoi bat ere aipatu du: Espainiako lan erreforma. «Gazteak lan merkatura oso baldintza eskasetan sartzea eragin du». Besteak beste, enpresek aukera dute langileek 30 urte bete arte praktika kontratuarekin izateko halako kontratuak bat bestearen atzetik sina daitezke enpresa berean.
Hutsuneen puzzlea osatzeko, heziketari begiratu dio Esnaolak. Alde handiak sumatzen ditu sektore batetik bestera. Hiru alderdi. Batetik, lan merkatuarekin estu lotuak: ingeniaritza, lanbide heziketako alor batzuk... «Badituzte prekaritate ezaugarri batzuk, baina badute lekua merkatuan». Bestetik, sektore publikoarekin lotuak: osasuna, irakaskuntza... «Kontratazio publikoa etenda egon denez, aukerarik gabe geratu dira beren ibilbidea egiteko». Eta hirugarrenik, goi mailako prestakuntza izan arren oraingo egoeran lan irteera txikiagoa dutenak: psikologia, artea... «Ikasten segitzea erabaki dute». Hiru joerak «aldi berean gurutzatzen» ari direla azaldu du. «Handia da segurtasunik eza, bai garai honi dagokionez, bai etorkizunari dagokionez. Horrela ezin dira sortu gure ekonomiak behar dituen mailako profesionalak; ibilbide luzeko profesionalak behar ditu».
Prekaritatea da lan merkatuaren eta gazteen arteko loturaren beste hari muturra: ordukako kontratuak, soldata murritzak, behin-behinekotasun erabatekoa... «Lanpostu berrien baldintzak askoz txarragoak dira, bai soldata aldetik, bai kalitate aldetik. Eta oso gazte gutxik eutsi diote lehengo postuari». Langile pobre kontzeptua hartu du ahotan De la Ricak: enplegua eduki arren oinarrizko gastuei aurre egin ezin dieten beharginak dira. Esnaolak erantsi du batez ere emakumeak direla langile pobreak, zerbitzu arloan aritzen direnak, ordukako kontratuekin etxeko langileak, adibidez. Haien ondoan, gazteak ari dira eredu horretara biltzen.
Lan merkatuaren ikuspegia
Krisi garai betean, kontratazioek eragina jasatea «ohikoa» dela dio De la Ricak. Baina oharra egin du: ekonomia goraldian hastean, aldatu egin behar da hori, egonkortasuna indartu, langileen lan ibilbidea sendotzeko. «Baina, egiaz, ez gara hori ikusten ari». Arrisku bat ikusi du: enpresak «ohitzea» prekaritatean jokatzera. «Gazte onenek alde egitea lortuko dugu, baldintza txarrekin nazkaturik».
Enpresen ardurari erreparatu dio Gaindegiko ordezkariak ere. «Konpromisoa» eskatu du. Aberastasuna sortzeko xedea ez ezik, «ikuspegi herrikoia» ere izan behar du lan merkatuak, haren ustez. «Herri bat ikusten badugu pabiloi baten modura, dena bada errentagarritasuna, ugazaba-langile harremana, horrek esan nahi du produktiboak ez direnen arazoak sobera daudela; gazteen laneratze arazoak, esate baterako».
Heziketaren eta lan merkatuaren arteko aldea da beste gakoa. Unibertsitateko ikasketetan puntan dago Euskal Herria, baina ez horrenbeste lanbide heziketan. Eta heziketa hori ari da lekua egiten lan merkatuan. Gainkualifikazioaz hitz egitea ez da egokia, Esnaolaren arabera «heziketa inoiz ez da gehiegizkoa», baina aitortu du «dibergentzia» dagoela heziketaren eta lan merkatuko eskariaren artean. «Ezagutzaren ekonomiara bideraturiko heziketa daukagu, baina, gaur-gaurkoz, enplegua sortzen ari diren sektoreak produktiboak dira. Titulatu unibertsitarioak beharrezkoak dira goi mailako zerbitzuak eskaintzeko; bide horretan jarri behar ditugu, eta ez ostalaritzara edo merkataritzara bideratu». De la Ricak, bide beretik, lanbide heziketa indartu beharra aipatu du: «Bide modura ikusi behar da lanbide heziketa, ez estigma gisara. Goi mailako lanbide heziketa sustatu behar da, industria sektorearekin lotura izugarria baitauka».
Estrategiak pentsatzeko garaia dela nabarmendu du Esnaolak. Epe ertainera, uste du «enplegua sortzen duten alorretara» bideratu behar dela ikasitakoa. «Baita gazteek ere». Prekaritatea ezabatzea da beste lehentasuna, haren ustez. «Ezagutzaren gizarterako oinarri txarrena da: eguneroko baliabideak eskuratzeak eramaten badizkigu energia guztiak, ez dugu ezagutzaren gizartea eraikiko. Ataka horretan gaude. Euskal Herriak egoki bideratu behar ditu urratsak, eta gazteak bide horretan jarri». Zail zaie. De la Rica: «Gazteek ez daukate itxaropenik, eta ulertzekoa da». Egoera ikusita, kanpora alde egitea normaltzat jo du. Etorkizuna baitute jokoan, azken batean: «Lan bizitzako lehen urteek asko markatzen dute ibilbide profesionala. Horregatik da oinarrizkoa lehen urte horiek emankorrak izatea».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.