UDAKO SERIEA. Politikari ohiak (II) Jakes Abeberri (Enbata)

«Bera dira egungo abertzaleen estrategia eta 63ko Enbatarena»

Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen hazia erein eta loratzen ikusi du Abeberrik. Alderdiari baino gehiago mugimenduari ematen dio garrantzia. Pozez egiten dio so EH Bairen garapenari Miarritzeko axuant ohiak. 'Enbata' aldizkarian idazten ditu bere gogoetak.
ISABELLE MIQUELESTORENA

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2015eko abuztuak 12
Ezin erran politika erabat utzi duenik. Hautetsi kargurik jada ez izan arren, Jakes Abeberri (1930, Miarritze, Lapurdi) politikari izango baita azken hatsa ematen duen arte: mugimenduetan parte hartuz, buruari eraginez eta, bereziki, hain kuttun duen Enbata aldizkarian hilabeteroko editoriala idazten. Kazetaren beraren egoitzan hartu du BERRIA, lasaitasunez haren bizitzaren gainbegiratuari ekiteko. Ez haatik umorerik gabe: «Ene bizitza kontatzeko eskatzen badidazu... seinale ez zaidala anitz gelditzen!».

Nola hurbildu zinen abertzaletasunera? Ezen zure ingurunea ez baitzen batere abertzalea, ez?

Ez zegoen abertzalerik ene denboran! Kar-kar... Miarritzen sortu nintzen, ama eta aita guziz euskaldunak ziren, baina frantses hutsean hezi gintuzten bortz anaiok. Aita eskuin frantsesekoa zen: 14-18ko Gerla Handia egin zuen, eta gudari ohien mugimenduan zebilen. Eta amak Espainiako gerla zibil garaian otoitz bat egiten zigun gauero, Francoren Espainia katolikoaren garaipenaren alde. Ez ziren frankistak, baina zen kristauak gorrien aurka. Oso sinplea zen.

Eta orduan?

Nerabezaroan Oldarra folklore taldean sartu nintzen. Sortzailea Segundo Olaeta zen, Miarritzera etorritako Gernikako errefuxiatu bat, eta euskal dantzak irakasten zituen. Taldearen bidez, Hegoaldeko iheslari gehiago topatu nituen. Ene gurasoen pentsamenduaren arabera, gorriak ziren. Alta, nor aurkitu nuen? Euskaldunak, gehienak EAJkoak, katolikoak... Nahasten hasia nintzen. Orduan, interes handiagoa ezarri nuen, eta hasi nintzen entzuten, irakurtzen... Eta ene buruari erran nion: «Ni euskalduna naiz!». Hasi nintzen gurasoak galdekatzen eta leporatu nien euskaraz mintzatu ez izana.

Garai hartan ez zen mugimendu antolaturik, ordea. Nondik hasi?

Ximun Haranekin jarri nintzen harremanetan. Orduan esku-huskako pilotari onena zen, baionesa. Haren gurasoek Hotel des Basques ostatuan Eusko Jaurlaritzako ordezkaria aterpetzen zuten. Anitz mintzatzen zen harekin, eta irakasten zizkion EAJko errefuxiatuen kontuak. EAJk errefuxiatuei emandako kontsigna hau zen: «Ez dezagun politikarik egin hemen». Haranek hori guzia ikasi zuen, nik pixka bat ezagutzen nuen, eta, harekin batera, zazpi kideko talde bat osatu genuen. [Piarres] Larzabal apez eta antzerki idazlea, Mixel Labeguerie, Mixel Burukoa eta Jean-Louis Davant Aljeriako gerlatik etorri berria. Taldetxo bat osatu eta gu izan ginen Enbata deitu genuen kazeta ttipiaren sortzaileak. Gaur egun Davant eta biok bakarrik gelditzen gara bizirik: bertze guziak desagertu dira.

Aldizkaritik mugimendura egin zenuten jauzi.

Urte baten buruan Aberri Egun bat antolatu genuen gure artean. Hemen egin den lehen Aberri Eguna! 1962a zen. Eta hor, erabaki genuen urtebetera bertze Aberri Egun bat egitea. Hala, 1963ko apirilaren 15ean Iparraldeko lehen mugimendu abertzalea sortu genuen, Itsasun. Eta herri horren historian geldituko den dokumentua idatzi genuen: Itsasuko Agiria. Hor baieztatzen dugu Euskal Herria nazio bat dela, batasunerako eskubidea duela...

Zein izan ziren zuen eraginak?

Hiru eragin handi izan nituen nik. Bat: Frantziak Aljeriako gerla galtzea; hots, bere inperio koloniala. Euskal gazte anitz deituak izan ziren gerlara, eta denak sentitzen ziren frantses hemen. Alta, Aljerian ohartu ziren bazela independentzia nahi zuen herri bat. Europaren hasiera ere izan zen. Euskaldun gisa aukera ikusten genuen euskal estatu bat Europan sortzeko. Hirugarren eragin funtsezkoa ETAren sorrera izan zen. Hona ihesean etorritako lehen etakideak ezagutu genituen. Ez ziren jada lehengo EAJkoak bezalakoak: ETAkoak ziren, gure belaunaldi berekoak. Eta erraten zuten independentzia elkarrekin egin behar genuela.

Itsasun ere izan ziren etakideak.

Agiria aldarrikatzeaz gain, Gernikako arbolaren kimu bat landatu genuen, haritz bat. Ximun Haran Enbatako liderrak eta Julen Madariaga ETAren sortzaileetako batek landatu zuten. Baziren ETAren bospasei sortzaile gurekin. Lehenago existitzen ez zen abertzaletasun bat ezarri genuen abian: abertzaletasun antolatua, joko politikoan sartuko zena.

Itsasukoaren ondotik, alderdi politiko bilakatu zenuten?

Ez, ez zen alderdi politikoa: mugimendua zen. Ezberdintasun ttipi bat bada, alderdi politikoak baduelako gizarte arloko ideologia bat: eskuin, ezker... Gure lehen urratsa zen baskismoa garatzea. Abiatze indartsua izan zuen, bereziki gazteengan. Itzul izeneko mugimendua sortu genuen, hemengo euskaldunak kanpora joaten baitziren lan eske. Guk erraten genuen Euskal Herriak bere seme-alabak atxiki behar zituela, eta behar zela garatu.

Hauteskundeetara aurkeztu zineten, halere.

Demokratak ginen, ETA ez bezala. Bozetara aurkeztu, eta xumeki hasi arren, 1967ko legebiltzarreko hauteskundeetan %5 lortu genuen! Hasiera baterako ohiz kanpokoa zen. Ximun Haran eta Kristiane Etxaluz aurkeztu ziren, azken hori Iruñean hamalau hilabetez kartzelan egon berria ETAko propaganda eramateagatik, 22 urte bertzerik ez zuela. Usaiaz kanpoko kolore politiko bat genuen: estralurtarrak ginen! Baina gaur egun arrunt bilakatu gara.

Zu ez zinen aurkeztu?

Bai, eskualdeetakoetan-eta. Boz anitz saiatu genituen, batzuek arrakastarekin, bertzeak ez hainbertze... Baina mugimendu abertzaleak segitzen du bide horretan, eta gaur egun abertzaleen zinezko inplikazio bat ikusten hasi gara mundu elektoralean. Baina 40 urteko borroka bat izan da, e!

Gaizki ikusiak zineten?

Ufa, bai! Deitzen gintuzten «espainolak!», afixak kolatzera joaten ginenean. Zoragarria zen [ironiaz]: Hegoaldeko jendea espainola zen, eta gu haien aginduetara ginen, ordaintzen gintuzten... Herrietan gatazkak ere gertatu ziren: ez zen erraza izan.

Eta nola egin duzue aitzina?

Ez ginen politika soilera mugatu: saiatu gara gizartea aldatzen. Uste dut Enbataren ikasgai handiena hori dela: ez genuen nahi boterea hartu bozen bidez. Oraindik ere sortzen segitzen duten mugimendu anitzen abiapuntua ezarri genuen. Adibidez, ikastolak. Ofizialki Seaskak ez du hori erraten, baina lehen ikastola lehenik Claire Noblia Enbatako zuzendaritzakidearen sukaldean, eta gero Enbataren egoitzan egin zen, hemen, Cordeliers karrikako 14.ean! Gero joan ziren Arrangoitzera. Enpresa mundua garatzeko Herrikoa sozietatea sortu genuen, laborariek ELB sindikatua, euskoa orain... Azken hori orain dela bi urtekoa da, baina abertzalea. Pentsaera bera da: «Gizarte ofiziala frantsesa da; beraz, sor dezagun euskal gizarte bat, paraleloa». Aldarrikapen instituzionala ere, euskal departamenduarena, bide beretik sortu zen. Laburtuz, Enbataren 63ko estrategia gaur egungo abertzaleen estrategia bera da.

1974an debekatu egin zuten.

Frantziako botereak gaizki ikusten gintuen, baina guk egiten genuena legezkoa zen: ez genuen borroka armaturik erabiltzen. Are, erranen nuke Iparretarrak (IK) sortu zela Enbatan bere burua atzematen ez zuen gazteria batetik. Ikuspegi ezberdina genuen. Gure ustez, Frantziak ez zuen bortizkeria baizik xerkatzen.

Ez zineten borroka armatuaren alde, beraz?

Ez. Eta ez zen bakarrik ez ginela alde: funtsezko desadostasun bat genuen IKrekin. ETAkoekin harreman pertsonalak genituen, eta hona zetozen lehen errefuxiatuak. Hangoa diktadura zen, eta ulertzen genuen borroka armatura pasatzea. Iruditzen zitzaigun mugimendu horrek behar zuela espazio aske bat hemen, etor zitezen berrantolatzera, arnasa hartzera... Santutegia zen, pixka bat.

Pentsatzen genuen IK-k ETAren lana zailduko zuela. Zeren ETAk ez baitzuen atentaturik egiten hemen. Ez ginen IK-ren sortzearen alde, eta, erradikalizatu zenean, kazeta gisa mehatxatu ere egin gintuzten! Idazten genuelako gure estrategia ez zela hori.

Hor hasi zen ezker abertzalearen zatiketa?

Abertzaletasuna handitzen hasi zen, eta, era berean, zatitzen. [Raymond] Marcellin lehen ministroak Enbata debekatu zuen. Aldizkaria urte batez ez genuen argitaratu, baina berriro abiatu genuen... gaur arte.

Zuk segitzen duzu hilero editoriala idazten.

Borrero baten gisa, oraindik hemen naiz, bai! kar-kar... Orain mugimendu abertzaleak norabide anitz hartu ditu, baina luzaz Enbata izan da abertzaletasuna pentsatzeko leku bat. Hor zeuden erreferentziak, kontraerranak, aurkako iritzi zutabeak... Ideien eztabaidarako lekua izan da.

Zer egin zuen mugimenduak debekatu ondoren?

Mugimendu asko izan dira EH Bai-n elkartu garen arte. EB Euskal Batasuna, EMA [Ezkerreko Mugimendu Abertzalea]...

Historia errepikatzen da? Zatiketak, berriro elkartzeak...?

Ez zen izan zatiketarik, baziren joera ezberdinak.

Abertzaleen Batasunean (AB) elkartu zineten gero.

15 urte berantago! Ni bitartean aldizkarian gelditu nintzen. Mugimendu anitz zegoen, eta Enbata nahi zuenaren mintzalekua zen.

Baina gero berriro zatitu zen AB.

Hegoaldeko jendearen presiopean, Batasuna sortu baitzuten. Zatiketa larria izan zen! Baina guti joan ziren, halere... AB izan da beti erreferentzia, Enbataren lerroan, pixka bat. Beti borroka armatuarekiko kritiko, ikusten genuelako bide itsu bat zela. Borroka armatua negoziaziorik gabe bukatu da, eta orain presoekin zer? Presoen zoria drama bat da! Nor dago orain haien alde negoziatzeko? Ekarrarazten ditugu mundu osoko adituak, bagoaz Asanblea Nazionalera... Baina ETA ez da desegin, eta segitzen dute kideak atxilotzen, haiek aterpetzen dituztenak ere atxilotzen, Miarritzen edo Ortzaizen. Egoera jasanezina da.

Miarritzen ere hautetsi izan zara.

Arlo elektoralean aitzindarietako bat izan nintzen, nolabait. Didier Borotraren zerrendarekin aliatu ginen, eta elkarrekin lortu genuen gehiengoa, negoziatutako programa batean. Hogei urtez egon gara elkarrekin, erranak betez: ikastola eraiki, gaztetxea, haurtzaindegia, seinale elebidunak, gau eskolaren egoitza...

Zaila izanen zen... Borotra ez da batere abertzalea.

Batere! Baina elkarri leial izan gatzaizkio: erabakitzen genuen oro negoziatzen genuen, lan zehatzetan. Aski eredugarria izan da.

EH Bai bide hori segitzen ari da?

Auzapezak, EH Bai... bai. Iragarle gisa hasi ginen 70eko hamarkada bukaeran...

Nola ikusten duzu orain EH Bai?

Norabidea ongi hartua du. Antolaketan aski malgua da: ez sobera bertikala, tokiko taldeei boterea emanez. Enbataren filosofia du: federalista. Ez jakobinoa, ez zentralista. Eta abantzu boz guzietan presente dira. Ni kide naiz, baina ardurarik gabe: elkartasunez.

Euskaraz ez duzu sekula ikasi.

Anitz ulertzen dut, baina ez naiz gai bi esaldi elkarri josteko. Ene muga da: ene porrot pertsonal bakarra, kar-kar... Kontraerran sakona da, onartzen dut.

Hirialde elkargoaz azken hitza?

Lortu genuen ia hautetsi guziek instituzio baten alde bozkatzea, baina ez genuen lortu. Eta orain gibelera egin dugu hirialde elkargoarekin. Oso eszeptikoa naiz: ez da sufragio unibertsalik, 158 herri ordezkatzea zaila izanen da, eta bulego batean erabakiko da azkenean. Jakobinismoa, baina Baionatik. Eta Zuberoa? Eta Baxenabarre? Eta, gainera, prefetak proposatua! Abertzale zurruna behar da zernahi onartzeko! Erabakia hartua dute, eta ez dut suhartasuna nik itzaliko, halere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna