Albistea entzun

UDAKO SERIEA. Politikari ohiak (V) Iñaki Esnaola, HBko kide izana

«Aljerren ostean, negoziazio edukiak murriztu egin ziren»

1991tik aurreneko lerroko politika utzita dago Iñaki Esnaola HBko Mahai Nazionaleko kide izana. Kanpotik begiratzen dio, eta ez dago oso baikor burujabetzaren eta gatazkaren ondorioen inguruan. Abokatuak uste du aukerak galdu izan direla.
ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Enekoitz Esnaola -

2014ko abuztuak 9

Uztailean 66 urte egin zituen Iñaki Esnaolak (Deba, Gipuzkoa), eta, oraindik ere abokatu lanetan diharduen arren, arratsaldez jai hartzen du normalki. Kontatzeko ganorazko ezer ez duela uste du, baina BERRIA hartu du, Donostiako bere bulegoan. Zutik erantzun ditu ia galdera guztiak, alde batera eta bestera mugituz, etengabe keinuak eginez. Bizi du politika.

Hogei urte pasatu dira politika mundua utzi zenuela. Kasu egiten al diozu?

Kanpotik, eta gutxi: egunkariak irakurtzen ditut, irratiak entzun... Baina hedabideak ez dira baleko tresnak politikan zer pasatzen ari den jakiteko. Politikan egon behar duzu horretarako: datuak izan behar dituzu, eta orduan daukazu aukera hau esateko edo bestea ez esateko. Politika nola doan jakiteko eta azterketa zehatz bat egiteko, ez du balio hedabideetatik soilik kasu egiteak. Baina neu ere joan izan naiz politika baztertuz; utzi egin nion politikariekin harremana izateari.

Informazio ona izaten al zenuen Mahai Nazionalean zinela?

KASekoek zuten informaziorik onena, eta haien ideiak ateratzen ziren aurrera HBn. Baina orduan boterea neukan, eta nire informazio mota bat ere primerakoa zen. Talka sortzen zuen horrek. KASekoekin ez nituen harreman onak.

«Primerako» informazioa zenuela diozunean, zertaz ari zara?

Garai hartan garrantzitsua zen bestaldeko informazioa izatea, ETArena. Hor ez nenbilen gaizki. Bestaldeko politika aldatu zenenean izan nituen nik arazoak.

Txomin Iturberekin al zenuen zuk harremana?

Bai. Hura hil zenean —1987an— hasi zen ETAn dena aldatzen, zuzendaritza berriarekin. Txominekin, nire ideiak islatuta ikusten nituen ETAren praktika politikoan.

Zer zen, zure ustez, ETAn zegoen desberdintasuna?

Txomin hil arte, ETAk ETA militar gisa funtzionatu zuen, eta, 1987tik aurrera, ETA politiko-militar gisa. Hor zegoen eztabaida. ETA asko aldatu zen, batik bat 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoen ondoren.

HBn zertan eragin zuen horrek?

Ildo jakin bat ezarri zen: praktika gogortzea. HBk orduan galdu egin zuen indarra eta eragina. Oso zuzendua zegoen. Baina erakunde armatua bera ere politikoki deskapitalizatzen hasi zen; indar soziala jaisten hasi zitzaion.

Espainiako Estatuarekin haustearen alde al zeunden zu?

Bai, garbi. Lehen momentutik, hauteskundeetara ez zela joan behar, amnistia osoa behar zela eta abar ikusten nuen, dudarik gabe. Horri heldu zion ezker abertzaleak, harik eta negoziazioaren inguruan ikusmolde desberdinak izaten hasi ginen arte.

Zer zen diferentzia hor?

Estatuarekin esertzen bazara, heldu beharrekoari heldu egin behar diozu, guztia lortu arte zain egon gabe, guztia ez delako lortzen. Gainera, ez dakizu hurrengo batean nola egongo zaren.

Orduan zer lor zitekeen?

Politikoki zerbait ateratzerik bazen Aljerren ETA-Espainiako Estatua elkarrizketak izan zirenean. Baina kontua da helburu erreal bat izan gabe eseri zela han erakundea. Ezin dut nik esan justu zer lor zitekeen, baina ikusita nola zegoen orduan Espainiako Gobernua eta Txomin hil baino lehenago nola zegoen ETA, politikoki posible zen zerbait ateratzea. Eta presoen kontua beste modu batera eraman zitekeen, ez orain bezala. Orduan hasi ginen ezker abertzalea eta biok elkarrekin konfiantza galtzen.

Zergatik ez zuen ETAk «helburu erreal bat»?

Negoziazioan KAS Alternatiba jartzen zuen mahai gainean, osorik. Ezker abertzalean bi ildo zeuden: batzuek pentsatzen zuten posible zela KAS Alternatiba osorik aurrera ateratzea, eta beste batzuok pentsatzen genuen ezinezkoa zela osorik ateratzea.

Ezker abertzaleak hausturaren alde egin ondoren, noiz hasi zineten Espainiako Estatuarekin negoziazio posible baterako baldintzak ereiten?

Aljerreko elkarrizketak 1987an hasi ziren, baina HB 1984 alderako hasi zen Santi Brouardekin-eta bidea egiten, Frantziako enbaxadorearekin-eta egonda. Txomin 1987ko otsailean hil zen, baina Aljerrekoa hilabete askotako kontua izan zen, ia bi urtekoa; ofizialki maiz egon ziren estatu ordezkariekin, baina... Gure artean batzuek esan zuten indartsu zegoela ezker abertzalea eta borrokak jarraitu egingo zuela. Beste batzuok esan genuen kontuz ibili beharra zegoela. Gero ikusi zen Aljeria bere herrialdetik etakideak bidaltzen hasi zela, Frantziak jarrera aldatu zuela...

Handik hamar urtera izan zen beste prozesu bat: Lizarra-Garazikoa. Kasurako, 1999an Espainia eta ETA bildu ziren, Suitzan.

Baina ordurako egoera oso desberdina zen. Aljerren ostean, negoziazio edukien eremua murriztu egin zen. 1999koa ez zen negoziazio politikoa; Aljerrekoa, bai.

Zer iruditu zitzaizun Lizarra- Garaziko akordioa?

Ez dakit ba, EAJ tartean egonda... 1977an ere bildu ginen EAJrekin, Xibertan, estatuarekin mozteko eskatzeko. Baina EAJrentzat lehen, Lizarran eta orain, aurreneko gauza da alderdiari ondo eustea, eta bigarren mailan jartzen ditu bere helburu politikoak. Baina hori alderdi guztiekin pasatzen da.

Zure garaiko HBn ere bai?

Bai. Alderdi bakoitzak bere esparrua defenditzen du, bestearekin akordio posibleak lantzeke. 1986ko bilera bat datorkit burura: Bergarako soziedade batean EAJrekin bildu ginen, Arzalluzekin eta, baina alderdi bakoitzak berea baino ez zuen defenditu; han ez zen aurrerabiderik. Orain ere gauza bera gertatzen da.

Ezkor al zaude?

Urte batzuk baditut. Gauza asko ikusitakoa naiz, eta erabakiak berberak izaten dira beti. Joan den ekainaren 8ko giza katean ordu erdi batez eguzkipean eskutik helduta egoteko eragozpenik ez zegoen, baina gero, zer? Tresna politikoak sortu eta horiek aurrera eramateko prestasuna ikusten al dugu? Ez. Eta Lizarra-Garazi garaian, elkarrekin zeozer egin zutenean, EAJ kezkatu egin zen.

Zergatik?

Bototan ezker abertzalea inguratu egin zitzaiolako. Han bukatu zen harremana. EAJ ez da berriro tranpa horretan eroriko, eta alderdiko jokoa egiten segituko du.

Hurrengo urtean abertzaleek Nafarroan lortuko al dute gobernurako akordioa, zenbakiek aukera ematen badute?

EAJk zerbait egingo du gurekin, ezker abertzalearekin, ez egiteko akordiorik. Seguru! Beraz, ez dut ikusten aukerarik Nafarroako egoera aldatzeko; batetik, esan dudanagatik; eta, bestetik, estatuak ez duelako batere aldatuko Nafarroako Foru Hobekuntza. Ez dut konfiantza handirik politikariengan. Jende berria behar da, gazteak.

Belaunaldia aldatzeko beharra ikusten al duzu, hortaz?

Bai. 40 urteko jendeak iraganaren gaineko ikuspegi garbiagoa du. Politika ez da bakarrik ideien mundua; pertsonak ere badira politika. Batzuek hogei urtetik gora daramatzate politikaren puntan, eta hori ez da ona, euren eta alderdiaren interesak esparru horretan nola defenditu pentsatzen ari direlako.

«Gurekin, ezker abertzalearekin» esan duzu lehen.

Ezker abertzalekoa naiz ni, beti bezala. Bilduri ematen diot botoa. Gipuzkoako Aldundian dago Bildu, Donostiako alkatetzan ere bai, eta ondo ari da lanean lehen legealdia izateko. Hurrena berriro irabaziko dute, nahiz eta batzuk haren kontra dinbi-danba dabiltzan. Ezker abertzalearentzat politikoki EH Bildurena da bidea, politika hori egitea. Eta lehen esandakoa: garrantzitsua litzateke, oro har, alderdiek pertsonak aldatzea. Beti betikoak badaude, ez da ezer aldatuko, salbuespenen bat baden arren.

Zein?

Arnaldo Otegi.

Zergatik daukate Otegi preso?

Kapital handiko politikaria delako. Freskoa da. Uste dut hura kalean balego ezker abertzalearen mugimendua handiagoa litzatekeela, haren gaitasunagatik. Espainiako Estatuak ederki daki hori, eta preso dauka.

ETAk jarduera armatua utzi zuela jakinarazi zuen 2011ko urrian. Zer diozu erabakiaz?

Armak uzteari ondo deritzot, nola ez. ETAren indarkeria guretzat, ezker abertzalearentzat, eragozpen bat zen. Bukatu da ETA, politikoki ezer lortu gabe. Autokritika asko egin beharra dago.

Zer autokritika? Nork?

ETAk egunen batean egin beharko du autokritika politikoa. Bere buruari galdetu behar dio nola iritsi den iritsi den egoerara eta beregatik ezker abertzalea nola joan den. ETA itota zebilen, eta borroka armatua utzi zuen. Alderdi eta politikari denek egin behar dute autokritika, baina ETAk, igual, handiagoa edo sakonena.

2009an ekin zion ezker abertzaleak apustu estrategiko berriari, bide politiko eta demokratikoen alde. Nola hartu zenuen?

1980ko hamarkadan abokatu gisa defenditu nuen Otegi. Gero bakoitza bere bidetik joan zen, eta Otegi eta Rafa Diez-eta ez dira izan, hain zuzen, nire kuadrillakoak; alderantziz. Baina lan egin dute bestaldekoek buka dezaten. Bide politikoa markatu zuten, ordurako beste biderik ezin zelako jorratu. Ados nago hartutako bidearekin.

Politikariekin ez bazara fio, nondik egin behar da indarra?

Mugimendu sozialak gustatzen zaizkit. Gure Esku Dago, Joseba Azkarragaren-eta Sare... Baina mundu honetatik ezer ikusi gabe joango naiz, eta ez dut pentsatzen bihar joaterik.

Eusko Legebiltzarrean autogobernu lantaldea eratua dute. Aurrerabiderik bai hortik?

Ezta pentsatu ere! Sistemak beti ditu aukerak egokitzapenak egiteko, denok bere barruan izateko, azken batean. Sistemak orain aztertuko du autogobernu lantalde hori, eta egingo ditu mugimendu batzuk, apurra eskainiz, guztia gaur bezala gera dadin. Betikoa da, hemen ez baita egiten gauza garrantzitsurik.

Ez al da inoiz egin?

Ibarretxeren planean bazegoen aukera zerbait egiteko. Estatuak bidea moztu zion. Baina, batik bat, EAJk moztu zion bidea hari.

Zein da lehentasuna egun?

Boto aldetik ez dut aurreikusten aldaketa handirik, EAEn batez ere. Nire garaian HBk lortzen zuen boto kopurua eta orain Bilduk duena antzekoak dira; orain pixka bat gehiago dauzka, ETArik gabeko egoera batean. Orain zergatik ez dauzka Bilduk 500.000 boto? Kontua da EAE soziologikoki nahiko definituta dagoela eta zaila dela hauteskundeetan alde galantak egotea. Horregatik, ezinbestekoa da akordio politiko bat lortzea. Baina EAJrekin akordioa lortzea ezinezkoa da.

Nola konpondu presoen arloa?

Zaharrak atera dira, Europak Parot doktrina bertan behera utzita. Baina duela urte gutxi atxilotu zuten bat noiz aterako da? Amnistia da irteera. Baina nola lortzen duzu hori? Bestela, zer formula juridiko bilatzen duzu?

ETA desagertzea baldintzatzat jartzen dute espetxe onurak izateko...

Nik ez dut ikusten formula hori. Guztiok dakigu zer gertatu zen Aieteko Konferentziaren ostean: ETAri buruzkoa berehala bete bai, baina gero beste puntu denak ezerezean geratu dira.

Aurten 25 urte beteko dira Alcalako atentatua izan zenutela.

Bai, baina saiatzen naiz ahazten. 1980ko hamarkadan, abokatu lanetan astean, bizpahiru aldiz joaten nintzen Madrilera, eta banekien egunen batean horrelako zerbait izango genuela. Badakigu orduan Espainiako eskuin muturra nola zegoen. Ynestrillas aitaren hilketako epaiketaren ondoren txiripaz atera ginen handik. Beste behin, Sevillara Europako hauteskundeetako kanpainako ekitaldi batera joan ginenean, Poliziaren furgonetan sartuta ihes egin behar izan genuen. Espero ez nuena zen HBko kide gisa izatea atentatua. Zorte ona eduki nuen. Hala ere, atentatuagatik ez nuen atzera egin, eta hurrengo urtean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako zerrendetan nintzen, HBtik. Baina segituan bidali ninduten HBtik. Handiak bota zizkidaten batzuek: txibatoa nintzela, etsaiak dirua ematen zidala... Nik badakit ez zirela egiak, eta haiek ere bai.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Euskal presoen eskubideen alde joan den urtarrilean Donostian egindako protesta. ©JON URBE / FOKU

Hiru preso hurbilduko dituzte, eta bat Euskal Herriratu

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Ainhoa Barbarin Iurrebaso da Euskal Herrira ekarriko dutena: Zaballara ekarriko dute, Valentziatik. Xabier Makazaga Azurmendi eta Eneko Goieaskoetxea Arronategi A Lamatik El Duesora mugituko dituzte, eta Ana Belen Egues Gurrutxaga, Kordobatik Asturiasera.

Fernando Grande-Marlaska eta Josu Erkoreka, gaur, Gasteizen. ©EUSKO JAURLARITZA

Espetxe eskumenaren transferentziaz aritu dira Grande-Marlaska eta Erkoreka

Maddi Ane Txoperena Iribarren - Jon O. Urain

Espainiako Barne ministroa Gasteizen izan da gaur, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburuarekin bilduta. Aitor Estebanek esan du espetxe eskumena «Aste Santua baino lehen» eskualdatu beharko luketela.

Ezkerretik, Xabier Madariaga, Roberto Moreno eta Pilar Kaltzada, atzo, Bilbon. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Haur motxiladunen arazoari heltzeko ikuspuntua aldatzea beharrezkoa dela diote adituek

Gotzon Hermosilla

Adituek uste dute gurasoren bat edo biak espetxean dituzten umeen arazoari heltzeko beharrezkoa dela ikuspuntua aldatzea, umeen beharrak beste edozein irizpideren gainetik jarriz.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Gasteizen izanen da martxoaren 4ko ekitaldian. ©Emilio Naranjo / EFE

ETAren armak suntsitzeko ekitaldi sinboliko bat eginen du Espainiako Gobernuak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Gasteizko Zentroak antolatu du ekitaldia, martxoaren 4rako. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea han izanen da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna