Albistea entzun

UDAKO SERIEA. Gurasotasuna eta zaintza (V) Marijo Lopez eta Igor Ahedo

Guraso sinkronizatuak

Lan eremuari eta garapen pertsonalari uko egin ez dioten arren, hiru seme-alaben hazkuntzan parte hartze aktibo eta arduratsua dute. Berdintasuna praktikan jartzean eta oso ondo antolatzean dago giltzarria.
Igor Ahedo eta Marijo Lopez Bilboko bikotea, opor garaian, Katalin, Jokin eta Unax seme-alabekin.
Igor Ahedo eta Marijo Lopez Bilboko bikotea, opor garaian, Katalin, Jokin eta Unax seme-alabekin. BERRIA

Maite Asensio Lozano -

2014ko abuztuak 30

Jokin semeak hiruzpalau hilabete zitueneko une bat iltzatuta geratu zaio memorian Igor Ahedori (Bilbo, 1973). «Etxera gindoazela, besoetan neraman, eta amarengana joateko keinua egin zuen. Zintzoki, nire burmuinak pentsatu zuen: 'Ederto, eraman dezala berak aldapan gora'. Hau da, nire burmuinak adierazi zidan nik ez nuela egoera hura kontrolatzen, eta, gainera, alfer hutsa nintzela. Bada, Jokin nirekin geratu zen. Eta erabaki hark bizitza aldatu zidan. Bestela, ez niokeen sekula aurre egingo umearen negarrari, edo harekin bakarrik geratzeko beldurrari». Egun, bera arduratzen da hiru seme-alabak eskolara eramateaz eta handik jasotzeaz, eurekin jolasteaz eta etxerako lanak egiten laguntzeaz. Aita arduratsua dela aitortu du Marijo Lopez bikotekideak (Bilbo, 1973): «Sekulako esfortzua egiten du».

9 urte ditu Jokinek, 6 Katalinek, eta 3 Unaxek. Deabrutxoak dira hirurak, gurasoen arabera, eta bihurrikerietarako aprobetxatu dituzte Medina de Pomar herrian (Burgos, Espainia) igarotako oporrak. Ibai ertzean harri bila jolasten diren horietakoak dira. «Edozein gauzarekin gozatzeko gaitasuna dute, baina hori ere landu behar da: bideo jokoak sarri erabiliz gero, segituan galtzen dute sormena umeek», azaldu du Ahedok.

Kopuru «perfektua» da hiru. Eta ez da kasualitatea. Ume asko nahi zituen Lopezek, ume askoko etxe batean hazi zelako: «Laugarren senidea naiz ni. Gurasoak herri txiki batetik heldu ziren Bilbora; beraz, gure etxea oso soziala izan zen: lehengusuz, auzotarrez, lagunez... beteta zegoen beti». Unax ekartzea «erabaki onena» izan zela berretsi du: «Hirukia dira. Elkarrekin pila bat jolasten dira. Eta Unaxek are gehiago elkartu ditu Jokin eta Katalin». Haurren arteko aliantzak aipatu ditu Ahedok: «Gatazkek ez dute asko irauten: bi haserretzen badira, hirugarrena batarekin edo bestearekin erlazionatzen hasten da, eta konpontzen dira».

Lasaiago ari dira Unax hezten, Jokinek eta Katalinek emandako eskarmentutik. «Barre asko egiten ari gara». Baina lana eta nekea dakartza hiru haur hazteak. Ahedok azaldu du aita-amak gelditu ezinik ibiltzen direla goizean goiz esnatzen direnetik 22:00 arte: «Oso antolakuntza ona eta sinkronizazio perfektua eduki behar dugu: etxera heltzen garenean, elkarri ezer esan gabe ere badakigu bakoitzak zer egin behar duen. Goizetan, gai gara ordu erdian umeak jaikitzeko, gosaltzen emateko eta alde egiteko, etxea bikain utzita».

Berdintasunez banatu dituzte egitekoak: ia denetarik egiten dute biek. Lopez: «Umeekin egoteaz gain, janaria prestatzen du Igorrek, erosketak egiten ditu, etxean zer falta den kontrolatzen du...». Ahedo: «Gizartea gero eta aseago sentitzen da gauzak erostea onesten duen ereduan: badirudi haurrei makinatxoak eta jolasak emanda nahikoa dela, baina euren garapen emozionala eta afektiboa oso garrantzitsua da. Lan ikusezin hori Marijok egiten du batez ere». Diotenez, gehiegi arrazoitu gabe sortu dituzte ohitura eta sistema horiek. «Gure ideiekin koherente izaten saiatu gara. Eta zaintza lanetan, hor egoteko garaia dugu gizonok».

Eta haurrengan eragina du etxean ikusten duten horrek. Ahedo: «Ez dute genero rol definiturik. Jokin oso sentibera da, ez du futbola gustuko, eta Katalin maskulinoagoa da, ez da printzesa bat». Lopez: «Katalini batzuetan galdetzen diot: 'Zu zer zara, neska ala mutila?'; eta berak erantzuten dit: 'Ni, Katalin'».

Lanarekin uztartuta

Lan eremutik aldendu gabe antolatu dute seme-alaben zaintza: lanaldi osoan dihardute biek, eta baimen laburrak baino ez dituzte hartu, eskolako egokitze faseetarako. Ordutegiak dituzte lagungarri. Bilboko haur eskola bateko hezitzailea da Lopez, eta EHUko Politika Zientzietako irakaslea Ahedo. Goizez egiten dute lan biek, beraz, umeekin igarotzen dituzte arratsaldeak.

Zailagoa da opor garaietan antolatzea. «Uztailean biok egin behar izan dugu lan, eta ez genituen etxean aspertzen utzi nahi. Dirutza utzi dugu udalekuetan». Izan ere, zaintza hori aitona-amonen gain uzteari uko egin diote. Haur eskolan egoera gogorrak ikusi dituela dio Lopezek: «Gurasoen gurasoak gero eta zaharragoak dira: batzuek haurrei berokia jartzeko ere laguntza behar dute. Erretiroaz gozatzeko garaia dute».

Halere, badute lagun multzo bat, bikotean planen bat antolatuz gero, haurrak utzi ahal izateko; Ahedok eta Lopezek ere zaintzen dituzte besteen seme-alabak. Lauzpabost bikotek osatzen dute adiskide sare hori: ikastolako gurasoak, auzokoak, lankideak... Ahedok azaldu du errotazio sistema bitxi bat sortu dutela: «Ume txikiak batzuen etxean geratzen dira, eta handiagoak beste batzuenean; hala, lau bikoteetatik bi haur gabe geratzen dira, gu izan ezik, hirugarrena oraindik txikiegia delako. Familia kudeaketarako alternatiba adiskideengan aurkitu izana oso konponbide egokia izan da. Umeak oso gustura egoten dira, eta gu ere bai, sekulako giroa egoten delako etxean, hainbeste haurrekin».

Seme-alabak zaintzearen aldeko diskurtso militantea dute, baina gurasotasunaz kanpoko espazioak ere aldarrikatzen dituzte. Haurrak hazteko, enpleguak uzteko beharrik ez dute izan, ezta nahirik ere. «Amatasuna gurtzeko joera zabaltzen ari da azken urteetan, baina niri arriskutsua iruditzen zait. Guk denbora pila bat pasatzen dugu haurrekin, jolasten, haien ongizatea bilatzen, baina bizitza osoa zaintzari ematea ez da osasungarria», nabarmendu du Lopezek.

Beraz, beste esparruak garatu ahal izateko, hainbat erabaki hartu dituzte: «Ez ditugu haurrak une oro gainean nahi izan: urte erdiz baino ez nien titia eman, ez dute inoiz gure ohean lo egin, eta haur eskolara joan dira hirurak. Ondorioz, autonomia handia dute». Izan ere, argi azaldu du bere nortasuna ez dela ama izatea bakarrik: «Lagunekin ateratzea gustuko dut, kontzertuetara joatea... Horrek ez du esan nahi nire eginbeharrak alboratzen ditudanik: biharamunean lehena naiz altxatzen eta martxan jartzen».

Rolak haustean, zigorra

Baina ohitura horiek zigor soziala ekarri diote Lopezi. «Iruzkinak entzun behar izaten ditut: umeak non dauzkadan galdetzen didate, edo aurpegiratzen didate atera naitekeela etxean Igor dudalako. Alderantziz izango balitz, berdina esango liokete berari?». Gizonengan zein emakumeengan eragiten du ezinegona genero rolak hausteak, Ahedoren hitzetan: «Gizonek ez dute onesten gizon batek etxean lan egitea, azaleratzen duelako haiek egiten ez dutena. Eta emakumeek ere ez dute onesten emakume batek bizitza soziala edo proiekzio publikoa edukitzea, azaleratzen dielako haiek ez daukatena eta euren bikotekideek egiten ez dutena».

Inguruko gizonengan ere jarrera horiek ikusten ditu: «Batzuek diskurtso feminista dute, baina ez dute esparru pribatuan aplikatzen, ez dituzte seme-alabak zaintzen. Eta berdintasuna, praktikan, dena da, eremu guztietara heltzen da: ez da soilik fardelak aldatzea, baizik eta nazioarteko kongresu guztietara joateari uztea». Ahedok berretsi du guraso izan aurreko bizimoduari ezin zaiola erabat eutsi. «Nik ikertzeari utzi diot, ia guztiz. Baina ez dit gehiegi axola, epe baterako delako: unibertsitatean, bihar egin dezaket gaur egin ezin dudana».

Gurasotasunaren ondorioz galdutakoa baino gehiago baita irabazitakoa. «Pena ematen dit ikusteak gizon askok ez dakitela beren umeekin egoten. Ez dute gozatzen, ez direlako inoiz egon. Seme-alaben haurtzaroa galdu dute». Izan ere, haurren hazkuntzan parte hartzea, nagusiki, «gozamena» da Ahedorentzat, «itzela, harrigarria». «Etengabeko erronka da: harreman guztietan bezala, ez dago atsedenik, une oro landu behar da, zaindu. Eta egunero egitea ederra da, elkarrekikotasuna dagoelako: haurrak zoragarriak izateko makineriarekin jaiotzen dira». Deabru hirukotearekin poz-pozik daudela berretsi du Lopezek: «Berriro berdin egingo genuke, seguru».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Txertaketaren aurreko urratsak

Txertaketaren aurreko urratsak

Miren Garate - Gipuzkoako Hitza

Txertoak jarriko diren gunera eraman aurretik, Hernaniko Bexen Medical Oiarsok gordetzen ditu Pfizerren dosiak, ultraizozkailuetan, eta enpresa arduratzen da desizozteaz ere. Kontrol zorrotza eskatzen du prozesuak; era berean, ezinbestekoa da une oro tenperatura egokiari eustea.

Zarauzko moila zulatuta, iazko otsaileko denboralearen ondorioz. Golkoko itsaslasterra ahultzeak halako fenomeno bortitz gehiago eragingo dituela adierazi dute. ©FOKU

Euskal Herria epeltzen duen ur lasterra ez da egon horren ahul mila urtean

Edu Lartzanguren

Alemaniako, Erresuma Batuko eta Irlandako zientzialari talde batek Golkoko itsalasterraren azken 1.600 urteko historia berreraiki du. Ikertzaileek uste dute litekeena dela neguko ekaitza bortitzagoak ekartzea itsaslasterra ahultzeak.

Egunean 560.000 musuko egiteko gai
Neurriek

Egoiliarren eskubideak eta askatasunak «larriki mugatu» dituztela salatu du Bizkaiko Bioetika Batzordeak

Maria Ortega Zubiate

Bisiten kopurua eta maiztasuna handitzea eta egoiliarren arteko harremanak berriz ezartzea proposatu dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.