Albistea entzun

UDAKO SERIEA. Ekonomia atzerako ispilutik (I)

Historiako finantza krisi nagusiak

Jon Fernandez -

2014ko abuztuak 20

 Historiako liburuetara joz gero, bistan geratzen da egungo arazo ekonomiko gehienak gizakia bera bezain zaharrak direla. Diru kontuetan ere, harri berean behin eta berriz behaztopatzen da gizakia.

 

K.o. 33.

Tiberioren pizgarriak

Zaharrak berri ekonomian ere. Krisiak eta burbuilak ez dituzte garai berriek asmatu. Jesus Nazaretekoa gurutzean iltzatu zuten urtean, Erromako banku sistemak porrot egin zuen, eta historiako lehen krisi ekonomiko globaltzat jotzen dena eragin. Orain dela ia bi mila urteko kontuak dira, baina orduko krisi hura eta gaurkoa oso antzekoak dira. Tiberio zen Erromako enperadorea K.o.-ko 33. urtean. Zesar Augustoren ondorengoa zen Tiberio, eta urteetan bete barik zegoen Julio Zesarren garaiko lege bat berreskuratu eta betetzeko eskatu zien bankuei: kontuak garbitzeko alegia. Kobratzen zituzten interes tipoak mugatzen zituen legeak, eta irabaziak Italiar penintsulan inbertitzera behartzen zituen bankuak. Legea ezarriaz bat, izua hedatu zen. Bezeroei dirua itzultzeko eskean hasi ziren bankuak, eta kredituaren iturria itxi zuten. Ondorioa? Prezioak maldan behera jaitsi ziren (deflazioa), eta etxebizitzen burbuila lehertu zen higiezinen merkatua hondoratzearekin batera. Julio Zesarren legea bete ez zen urteetan, Augustoren pax romana -ren oparoaldi garaian, kredituak erraz eman zituzten bankuek karrera politikoa egiteko etxebizitzak erosi eta bestelako zor handietan sartu ziren erromatarrei. Orain esango luketen bezala, euren ahalmenen gainetik bizi izan ziren krisia lehertu zen arte. Inperio osoko finantzen kolapsoa ikusirik, EBZren estiloko aterabidea baztertu eta AEBetako Erreserba Federalarena hobetsi zuen Tiberiok. Ehun milioi sestertzio sartu zituen bankuen kutxetan, haiek kredituaren iturria berriro zabaltzeko. Hiru urtez zorpetzeko aukera eman zien erromatarrei, eta interesik ordaindu behar barik. Hori bai, kreditua eskuratzeko zordunak kredituaren balioaren bikoitza zeukan lursail bat jarri behar zuen berme gisa.

 

1637

Tulipen burbuila

Bat-batean, landare bat urrearen pareko bihurtu zen XVII. mendean. Herbehereetan gertatu zen, tulipekin. Landarea, jatorriz, Asia erdialdekoa da, eta sultanen lorategiak apaintzeko erabiltzen zituzten, adibidez, gaur egungo Turkian. Germaniako Erromatar Inperio Santuko Maximiliano II.a enperadorearentzat lan egiten zuen Carolus Clusious botanikari flandiarrak Herbehereetara eraman zuen lorea aberatsenen lorategiak apaintzeko, eta hango dirudunek goi klaseen sinbolotzat hartu zuten. Tuliparen sukar antzeko bat hedatu zen, eta prezioak neurririk barik egin zuen gora 1635 eta 1636an. Lore bakarragatik 6.000 florin ordaindu zituzten Haarlemen. Sekulako dirutza, garaiko batez besteko soldata 200 eta 400 florin artekoa zela kontuan hartuz gero. Tuliparen sukarraren tamaina ikusirik, etorkizuneko lehen merkatua sortu zuten: hau da, produktua errentagarria izango zela sinetsita, etorkizunean egingo zituzten kontratuak eta inbertsioak sinatzen zituzten prezioak aurrez ezarrita. Negozio eredu horriwindhandel izena jarri zioten, airearen negozioa. Eta halaxe, airez puztu zen negozioa ziztada bakarrarekin hustu zen. 1637ko otsailaren 5a izan zen burbuilaren azken eguna: 90.000 florinen truke saldu zituzten 99 landara. Hurrengo egunean, kilo erdi tulipa jarri zituzten salmentan 1.250 florinen truke, baina ez zuen inork erosi. Izua zabaldu zen, eta burbuila lehertu. Mundu guztiak nahi zituen tulipak lehenbailehen saldu, prezioa guztiz hondoratu aurretik. Eta zenbat eta tulipa eskaintza gehiago, prezioak orduan eta beherago. Milaka lagun geratu ziren kiebran, eta Herbehereetako ekonomia ere hondoratu egin zen. Gogorra izan zen historiako lehen burbuila espekulatiboaren faktura.

 

1789

AEBetako independentziaren faktura Parisen

Historialari askok argudiatzen dute Frantziako Iraultzarik ez zela izango AEBetako independentziarik barik. Eta gauza bera diote ekonomistek ere. Erresuma Batuaren kontra Zazpi Urteko Gerra galdu ostean, Frantziako monarkiak aukera paregabea ikusi zuen 1778an AEBetako kolono independentistak babestuz Londresi mendekua egiteko. Frantziako gizartearen %10 baino ez ziren dirudunak (noblezia, kleroa, burgesia), eta gainontzekoak larri bizi ziren hainbat uzta txarrek eragindako goseteengatik. Hala ere, Luis XVI.ak 1,3 milioi libera inguru inbertitu zituen estatubatuarren alde. Gerra irabazi zuen Frantziako erregeak, baina asko galdu zuen. 3.000 milioi liberako zorra pilatu zuen, eta ondorengo urteetako diru sarreren erdia zorra pagatzeko erabili zuen. Gainera, goi klasekoei ez beste herritar guztiei zergak igo zizkieten diru gehiago biltzeko, eta nekazaritza produktuen prezioak igo zituzten. Erreinuak gerran pilatutako zorrak eta lehendik zetozen desberdintasun sozialek eztanda egin zuten 1789. urteko udan, eta krisi hark sortutako iraultzak sekulako aldaketa sozialak ekarri zituen.

 

1845

Trenbideen zoramena

Beste burbuila bat izan zen. Tulipenaren antzekoa, baina oraingoan, asmakizun iraultzaile batek elikatua: trenbideek. Erresuma Batuan gertatu zen XIX. mendean. Ingalaterran bi hiri batu zituen lehen trenbidea Liverpool eta Manchester artekoa izan zen. 1830ean egin zuen lehen bidaia bidaiariekin, eta ordu eta erdian egin zituen 56 kilometro. Viktoria erreginak 1842an egin zuen bere lehen tren bidaia. Aurrerapen izugarria zen, eta hiri guztiek nahi zuten trenbidea bertara iristea. Trenbidea eraikitzeko konpainietan inbertitzen hasi ziren, eta 1840ko hamarkadaren lehen erdian asko ugaritu ziren trenbide konpainiak. Enpresa errentagarriak ziren zinez: dibidenduen %10 banatzen zituzten, beste sektoreetako konpainiek baino lau aldiz gehiago. Pagotxa zen trenbide konpainietan inbertitzea. Negozio biribila. Baina burbuila puzten hasi zen, ez baitziren errentagarriak proiektu guztiak, ezta errealak ere konpainia guztietako akzioen prezioak. 1845ean, %500 igo ziren akzio batzuen prezioak. Baina urte horretako ekainean lehertu zen dena: iruzurrak eta azpijokoak agerian geratu ziren. Londresko parlamentuak 20.000 espekulatzaileren zerrenda aurkeztu zuen, trenbideetako akzio bakoitza 2.000 liberatan erosi eta hurrengo egunean saltzeko asmoa zutenen izenak ziren. Baina berandu zen. Albistea bolo-bolo zabaldu zen, eta akziodun guztiak euren akzioak saltzen hasi ziren segituan. Ingalaterrako Bankuak zerikusi handia izan zuen burbuilaren hasieran, 1840ko hamarkadan, mantsotze ekonomikoari aurre egiteko interes tasak jaitsi zituelako, herritarrak trenbide konpainietan inbertitzera animatuz. Burbuila lehertu zenean, berriz, interes tasak igo zituen berriro, eta gobernuaren bonuak erakargarri egin zituen inbertitzaileentzat.

 

1929

Depresio Handia

Joan den mendeko finantza krisirik gogorrena eta luzeena izan zen, eta mundu guztian eragin zuen. 1929ko urriaren gertatu zen hondamendia AEBetako burtsan. Ostegun Beltza deitu zioten urriaren 24ari. Aurreko zortzi urteetan, %400 hazi zen Wall Streeteko burtsa, eta denek uste zuten ez zuela inoiz sabairik joko. Baina, 1929an, Dow Jones indizea beheraka hasi zen. Beldurrez, akzioak lehenbailehen saldu nahi izan zituzten, eta Ostegun Beltzean ia 13 milioi akzio saltzeko agindua eman zuten, baina ordurako ez zegoen eroslerik. Burtsaren hurrengo asteko saioak okerragoak izan ziren: urriaren 28a, Astelehen Beltza, eta urriaren 29a, Astearte Beltza. Izua hedatu zen, eta burtsa erabat hondoratu zen. Jendea itsumustuan joan zen bankuetara aurrezkiak ateratzea, baina ez zegoen dirurik —akzioetan eta kredituetan inbertituta zegoen gehiena—. 600dik gora bankuk itxi egin behar izan zuten, enpresa askok bezala, eta langabezia izugarri handitu zen. Lehen Mundu Gerraren ostean urre eredua desagertu izanak, AEBak gerra ostean ekonomikoki hondoratutako Europako herrialdeen hartzekodun nagusi bihurtu izanak eta Wall Streeteko espekulazio askeak zerikusi zuzena izan zuten 1929ko Ostegun Beltzean. Baina are beltzago eta ilunagoa izan zen crash -aren osteko Depresio Handia. 1933an Franklin D. Roosevelt AEBetako presidentea egoerari buelta ematen ahalegindu zen keynesianismoan oinarritutako New Deal pizgarri planarekin, baina ekonomia estatubatuarra ez zen suspertu Bigarren Mundu Gerra iritsi arte. Gerra negozio eta hazkunderako ezinbesteko erregai bihurtu zuen Washingtonek, AEBetako ekonomia berriro martxan jartzeko. Halere, Dow Jones indizeak ez zuen 1929ko maila berreskuratu 1954ra arte.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Koordinazio batzordearen bileraren hasiera, atzo, Iruñean, Nafarroako Jauregian. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Madrilek eta Iruñeak 431 milioiko ekarpen garbia itundu dute 2020rako

Joxerra Senar

Metodologia zehaztuta, Nafarroak lehen bi urteetan gehiago pagatu zuenez, estatuak 138 milioi euro itzuliko dizkio. Aurtengo ekarpenari dagokionez, doikuntzak eginda «aldekoa» izatea espero dute
Sindikatuen banderak, atzo Bilbon eginiko manifestazioan. ©O. MATXIN EDESA / FOKU

Akordiorik eza FVEMeko zuzendarien errua dela salatu dute sindikatuek

Imanol Magro Eizmendi

CCOOk, LABek eta UGTk bilera eskatu diote Bizkaiko patronalari hilaren 12ko asterako. ELAk greba mugagabearen aukera aipatu du
Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria Maria Jesus Montero Ogasun ministroari begira. ©Iñigo Uriz / Foku

Estatuak 138 milioi itzuliko dizkio Nafarroari abenduan

Joxerra Senar

Hitzarmen Ekonomikoaren koordinazio batzordean Madrilek eta Iruñeak 2020rako 431 milioiko ekarpen garbia itundu dute, eta aurreko bi urteetako likidazioa Nafarroaren aldekoa da; aurtengoa ere «aldekoa» izatea espero da

Petroliontzi bat Gazpromen egoitza inguruan, San Petersburgon. ©ANATOLi MALTSEV / EFE

Errusiako petrolioari 60 dolarreko muga jarri dio Europako Batasunak

Iker Aranburu

Astelehenean jarriko du indarrean, hango petrolioa erosteko ia erabateko debekuarekin batera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...