Albistea entzun

UDAKO SERIEA. Ekonomia atzerako ispilutik (II)

Zorra egoskorra da

Egungo krisia 'zorraren krisia' ere bada, enpresek eta herritarrek 2008 aurretik hartutako zor itzelak eta estatuek ondoren hartutakoek larritu dutelako. Zorra, baina, historia bezain zaharra da.

Jon Fernandez -

2014ko abuztuak 21

K.a. 594

Solonen konponbide salomonikoa

Zorra, handiegia denean, ezin izaten da dena ordaindu. Eurogunea krisian sartu zenetik, sarri entzun izan da zorraren kitaren aukera; bereziki, Grezian, eta halaxe gertatu zen 2012an. Herrialdearen kiebra saihesteko, hartzekodunek 100.000 milioi euroko zorra barkatu behar izan zioten Atenasko gobernuari. Kostu politiko eta sozial ikaragarria izan zuen. Baina ez da berria esatea zor handiegiak ordaindu barik lagatzen direla. Grezian bertan, ondo dakite hori: duela 2.600 urte inguru, Solon poeta eta agintari erreformistak zorretan itotako Atenas onbideratu zuen zorraren berregituraketa eta legedi aldaketa sakon baten bidez. Giroa asaldatuta zegoen gizartean, gerra zibilerako atarian: aristokrazia txiki baten eskuetan pilatu zen aberastasun gehiena, eta jabe txikiak ondasun barik geratzen ari ziren zorrengatik. Eta okerrena: hartzekodunek, legez, esklabo bihurtzen zituzten zordunak. Egoera irauli zuten Solonen erreformek, eta gerra ekidin: zordunak esklabo egitea debekatu zuen gatibu asko askatuz, zor gehienak txikitzera edo barkatzera behartu zituen hartzekodunak, interes tasak mugatu zituen, baina lurrak ez zituen banatu jabe txikien artean. Hartzekodun eta zordun asko haserretu ziren haren erabakiengatik, baina egoera birbideratzea lortu zuten, eta haren erreformak oparoaldi ekonomikoaren oinarri bihurtu ziren.

 

K.a. 49

Ordainean ematen lehena

Zuzenbide erromatarra ikasi dutenek jakingo dute etxea ordainetan ematearena orain bi mila urte inguru asmatutako kontua dela. Julio Zesarrek asmatua, hain zuzen. Erromako Errepublikako azken urteetan ekonomia aparra bezala hazi zen, interes tipoak erdira jaitsi zirelako eta kredituaren iturria zabal-zabalik zegoelako zorpetu nahi zutenentzat. Baina gerrek eta aldaketa sozialek, egoera hautsi, eta jabetza txikiak zituztenak zordun bihurtu zituzten. Boterera iritsi berritan, Zesar bi suren artean harrapatuta geratu zen: jarraitzaileek zor guztien kita eskatzen zioten, baina hartzekodunak ez zeuden onartzeko prest. Zesarrek berak sekulako zorra egin zuen bere karrera militar arrakastatsua babesteko, baina aldi berean Zizeronek dirutza zor zion. Zer egin? Erdibidea aukeratu zuen: zordunei lagundu zien, baina hartzekodunak esku-hutsik laga barik, edo, beste era batera esanda, bi aldeen artean banatu zituen kalteak. Zorra kitatzeko, etxea edo bestelako ondasun higiezinak ematea erabaki zuen K.a. 49. urtean, haren jarraitzaile askoren atsekabegarri. Lege horren bidez, novae tabulae zeritzona saihestu zuen Zesarrek, gerren ostean zor guztiak barkatzeko zegoen ohitura, hartzekodunek izua zioten ohitura.

 

1557

Espainia, zorraren erresuma

Munduko herrialdeen artean zordun txarrenaren edo kiebra gehien izan dutenen arteko ranking bat eginez gero, Espainiako Erresumak irabaziko luke. Harvard Unibertsitateko Kenneth Rogoff eta Carmen Reinhart ekonomistek egin dute zerrenda —XVI. mendetik edo herrialde bakoitzaren independentzia urtetik gaur arte estatu bakoitzak zorrak ordaintzeari zenbat aldiz utzi dion zenbatu dute— eta Espainia jarri dute lehen postuan, 14 bankarrot izan ditu: 1557, 1575, 1596, 1607, 1627, 1647, 1809, 1820, 1831, 1834, 1851, 1867, 1872 eta 1882. Zerrenda horretan, ez dute kontuan hartu Espainiako Errepublikako Gobernuak 36ko gerran ordaindu barik lagatako zorra. Venezuela eta Ekuador daude bigarren postuan, 11na bankarrotekin, eta Brasil hirugarren, hamarrekin. Espainian, zordunei ordaindu ez zion lehenengoa Felipe II.a izan zen (irudian): bere erregealdian hiru aldiz eten zituen zor ordainketak. Felipe II.ak sekulako kaltea eragin zion Jacob Fuggers Europako gizonik aberatsenari, ez baitzen gai izan hari zor zion dirutza ordaintzeko, mende bakarrean Espainiako kanpo zorra hirutan berregituratu zuen hartzekodunak kita handi bat egitera behartuz. Gaur egun, zailagoa da herrialde batek atzerriko zorrak ez ordaintzea, baina XX. mendera arte ohikoa izan da gerren edo iraultzen ostean zorren kita bat egitea.

 

1953

Alemania, zordun handia

Egungo Europaren lema darama Angela Merkelek, eta Alemania kaudimendun eta fidagarriaren irudia saltzen du, baina Alemaniari «XX. mendeko zordun handia» deitu izan diote hainbat historialarik. Baina herrialdearen arrakasta ezinezkoa zitekeen joan den mendean egin zizkioten zor barkamenengatik izan ez balitz. Krisiak hondoratutako Greziak iazko apirilean gogorarazi zuen Alemaniaren zorraren kitaren tamaina: Atenasko Ekonomia Ministerioak 190.000 orriko txosten bat egin zuen, eta Berlini Bigarren Mundu Gerrako zorra ordaintzeko eskatzea aztertu zuen. Azkenean, ez zioten ezer eskatu, baina memoria historikoa freskatzeko eta bakoitza bere tokian jartzeko balio izan zuen gaia azaleratze hutsak. Txostenaren arabera, Alemaniak 162.000 milioi euroko zorra ordaindu beharko lioke Atenasi, gerra amaitu zirenetik pasatu diren 60 urteetako interesak kontuan hartu barik. Dirutza hori iazko Greziako BPGaren %85 adinakoa da; beraz, ez litzateke ahuntzaren gauerdiko eztula greziarrentzat. Alemaniak Bigarren Mundu Gerrako zorrak zergatik ez dituen ordaindu behar jakiteko, 1953ko Londresko Itunera jo beharra dago. AEBek Alemania sendo bat nahi zuten SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren ondoan, eta 1919an Versallesko Itunean egindakoa ez errepikatzea erabaki zuten. Lehen Mundu Gerraren ostean zor ikaragarria ordaintzera behartu zuten Alemania galtzailea, eta besteak beste, ordainketa horiek eragindako krisi ekonomikoak erraztu zuen nazismoaren gorakada. 1953an, Washingtonek 20 herrialde konbentzitu zituen Alemaniari gerrako zorraren erdia barkatzeko. Greziak, orduan, zorraren %50eko kita onartu zuen, eta, orain, erruki eta memoria historiko gehiago eskatzen dio Atenasek Berlini.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Iruñeko San Nikolas kaleko taberna bateko barnealdea atzo, irekiera baimendua den lehenbiziko egunean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Arindua ez da izan erabatekoa

Uxue Rey Gorraiz

Nafarroako Gobernuak leundu egin ditu birusaren kontrako mugak; ostalaritzari eragin die batik bat. Atzotik, baimendua dago tabernen barnealdean kontsumitzea, %30eko edukierarekin.

Tubos Reunidos enpresako behargin bat, taldearen lantegi batean. ©TUBOS REUNIDOS

Zulo handia Arabako hodietan

Jokin Sagarzazu

Tubos Reunidosek 101,3 milioi euro galdu ditu, eta erreskate publikoa eskatu du. Tubacexen zuloa 25,3 milioirena da, eta argudiatu du Euskal Herriko lantegiengatik izan dela «neurri handi batean»

 ©Gipuzkoako Hitza

Euskadiko Angulero Elkartea sortu dute

Iñigo Gaiton - Gipuzkoako Hitza

Gipuzkoako 140 angulazalek eman dute izena jada elkarte sortu berrian. Bat eginda, erakundeek euren ahotsa entzutea dute helburu, azken urteotako «ziurgabetasun egoera» bukatzeko

Iruñeko kafetei bat, Parte Zaharrean ©JESUS DIGES / EFE

Nafarroako merkatariek laguntza nahi dute berehala, mila saltoki itxi ez daitezen

Xabier Martin

Dendariek egindako inkesta batek alarmak piztu ditu, eta itxierak eragozteko plan eraginkor bat eskatu diote Nafarroako Gobernuari.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna