UDAKO SERIEA. Korsika (eta VI)
Aurrez aurre dute Matignon

Uztailak 4, Bastia. Ontziak portuan, kaitik irten gabe. Itsas garraioa greban Korsikan, hamargarren egunez. Publikoa zen SNCM, baina 2006an pribatizatu zuten, eta orain, Korsikak bere itsas garraio konpainia izatea aldarrikatzen du. Irla izanik, ezinbestekoa dute garraiobidea, eta euren esku nahi dute. Dozenaka lagun sartu dira prefetaren egoitzan, eta Frantziako Poliziak indarrez bota ditu. Azken egunetan Korsikan izandako gatazkak ezin hobeto irudikatzen du irlak duen egoera. Frantziaren erabakien menpe, bere burua esparruz esparru gobernatzeko tresnen alde protestan eta lanean, eta haien aldarriek oihartzunik ez Parisen. Itsasoak banatzen duena baino handiagoa da Frantziaren eta Korsikaren arteko distantzia.
Antzeko egoera deskribatu diote kazeta honi elkarrizketatutako eragile politikoek. Frantziako Konstituzioa aldatzeko eskaera, korsikeraren koofizialtasuna edo egoiliarren estatutua dela, Parisek entzungor egin die Ajacciotik azken hilabete eta urteetan heldu zaizkion eskaerei. 2010ean Korsikako Biltzarrean zabaldutako legealdiak aldeko giroa sortu du hainbat gairen inguruan adostasunak ereiteko, eta Parisek ekarpena egin dio akordio giro horri, ezetzaren gudaz baietza sortzera behartu baititu Korsikako hautetsiak. Alde horretatik ekarpena egiteko asmoz iragarri du FLNC Korsikako Nazioa Askatzeko Fronteak borroka armatuaren amaiera, erakundeak berak ekainaren 25eko agirian aitortu zuenez.
Zer espero daiteke, beraz, Frantziako Gobernutik FLNCren armagabetzearen aurrean? Erraztu egingo du, ala oztopatu? Aldatuko al du bere jarrera Korsikako Biltzarraren erabakiekiko? Zergatik hartu du orain FLNCk desmilitarizazio prozesu bat zabaltzeko erabakia? Horren inguruan galdetu die BERRIAk hainbat kazetari eta unibertsitate irakasleri.
FLNC: zergatik orain?
Nagusiki, bi arrazoi ikusten ditu Andrea Fazi Korsikako Unibertsitateko Politika Zientzietako katedradunak: ideia abertzaleen babesaren hazkundea eta jazarpena: «Egoera berrian, indarkeria galga bat izan liteke abertzaleen ideiak gauzatzeko». Halaber, uste du Poliziaren jazarpenak, barne gatazkek eta militante gehiago lortzeko zailtasunek bultzatu dutela FLNC erabaki hori hartzera. Horren adierazle da erasoen kopuruak behera egin izana 1980ko eta 1990eko hamarkadekin alderatuz gero, Faziren arabera.
Ikuspuntu horrekin ados da Gilles Millet Corsica Magazine aldizkariko kazetaria. Argitalpen horretara bidali zuen FLNCk ekainaren 25eko agiria. «Azken urteetan jazarpenak rol bat jokatu du; atxiloketa asko izan dira», azaldu du Milletek. Antzeko arrazoiak antzeman ditu Jean Vitus Albertini France 3 Corse Via Stella telebista kateko erredakzio buruak. Haren iritziz, ideia abertzaleak agenda politikoan nagusitu izanak aukera eman dio FLNCri bere ibilbideari «irtenbide ona» emateko. Beste zergati bat ere nabari du, ordea, Albertinik; bi bloke abertzaleen arteko indar harremana: «Askapen nazionalaren mugimenduari militante eta hauteskunde indarrak urritu zaizkio; hortik datorkio soilik eremu politikoan jarduteko beharra».
Izan ere, autonomismotik egin dute gora indar abertzaleek. Hazkunde horri azalpena bilatu dio Marina Casula Soziologia katedradunak. Hamarkadetan Korsikako gizarteak ekonomikoki garapen okerra izan duela uste du, eta alderdi tradizionalek aurkeztutako ereduaren aurrean indar abertzaleek proposatu dituzte alternatibak. Zer gertatuko da, ordea, FLNCrik gabeko jokaleku batean? Fazik gogorarazi du IRAk eta ETAk jardun armatua uzteak eragin zuzena izan zuela Sinn Feinen eta ezker abertzalearen babesaren hazkundean, baina zalantza du hori bera gertatuko ote den Corsica Liberaren kasuan: «Alderdi horiek hobeto egituratutako erakundeak dira». Nolanahi ere, uste du FLNCren erabakiak «asko» erraztuko dituela aliantzak bi familia abertzaleen artean. Zuhurragoa da Albertini: «Goiz da ezer esateko. Barne eboluzioak, aliantzak eta zatiketak ikusi beharko dira».
Mugimendurik ez
Oraingoz Frantziako Gobernuak ez du erreakziorik plazaratu FLNCren erabakiaren inguruan, eta Milletek ez du uste Matignonek jarrera aldatuko duenik: «Ikerketek jarraituko dute. Agian jazarpena ez da hain gogorra izango, baina Poliziak bere lanean jarraituko du. Ezberdina izango litzateke negoziazio bat izango balitz, baina, FLNCren historiari erreparatuz, ez dut uste orain negoziaziorik dagoenik». Ados da Fazi: «Frantziak ez du FLNC inoiz ofizialki aitortu solaskide gisa. Nire ustez, militanteak zelatatzen jarraituko du». Korsikako Biltzarrarekiko jarreran ere ez dute aldaketarik espero. «Kezkagarriena da ez dutela kontuan hartzen Korsikako arazo politikoa. Errepublikako presidentearentzat, ez dago arazo korsikarrik, Korsikan arazoak baizik», nabarmendu du Albertinik. Jarreraz ez aldatzea, ordea, arriskutsua izan daiteke Frantziako Gobernuarentzat, Faziren esanetan: «Jarrera horrek posizioak erradikalizatu egin ditzake, eta, ziur aski, abertzaleen babesa handitu».
Parisi dagokio orain fitxa mugitzea, baina inork ez du keinurik espero. Korsika itxaroteko prest dagoen eta, hala ez bada, zer egingo duen izango da ikusi beharrekoa.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.