Albistea entzun

UDAKO SERIEA. Kurdistan (IV) Independentzia bai, baina ez estatu bati esker

Haize berria Ekialde Hurbiletik

Ocalan atxilotu zutenean, estrategia aldaketari ekin zion kurduen askapen mugimenduak. 'Konfederalismo demokratikoa' proposatzen du eredu gisa, eta Rojavako kantoietan sartu du indarrean.
Mendebaldean saiatu dute lehenbiziko aldiz eredu konfederala; YPG eta YPJ gerrillen defentsak eman die, neurri handi batean, horretarako aukera.
Mendebaldean saiatu dute lehenbiziko aldiz eredu konfederala; YPG eta YPJ gerrillen defentsak eman die, neurri handi batean, horretarako aukera. SAMARA VELTE

Samara Velte -

2015eko abuztuak 7

Azadi, askatasuna; luzaroan desiratutako ideala da kurduentzat. Garai batean, estatu kurdu baten ideiari estuki lotuta zihoan, eta PKK Kurdistango Langileen Alderdiak ere helburu horixe zeukan lematzat. Duela urte batzuetatik, ordea, estrategia aldatu dute: estatu-nazioak egitura gisa ukatu, eta konfederalismo demokratikoa deitzen dioten sistema bat aldarrikatzen dute. Independentzia praktikoa lehenesten dute, estatu tradizionaletatik at, eta, batez ere, inoren baimenik gabe.

Erabakiak ulertu ezina eragin ohi du estaturik gabeko beste nazioetan. PKKrekin lerratutako askapen mugimenduak geroz eta eragin handiagoa du; ongi finkatutako alderdi politikoak dauzka, eta herrialdea defendatzeko adinako gaitasun militarra. Inguruko aginteak gain behera etorri direnetan, berak eutsi egin dio. Siria eta Irak zartatuta daude azken urteotako gatazken ondorioz; proportzioan, gerrilla kurduek erakutsi dute gaitasun handiena Estatu Islamikoari eta bestelako talde jihadistei aurre egiteko. Zergatik ez lukete egoera baliatu behar hegemonia politikoa eskuratzeko?

Arrazoietako bat izan daiteke estrategia hori beste kurdu batzuek erabili izan dutela aurretik, eta emaitza ez dela inondik inora PKKren gustukoa izan. Hego Kurdistanen ikusi dute nola funtzionatzen duen Ekialde Hurbileko independentzia prozesu klasiko batek: KDP eta PUK alderdi kurdu neoliberalak AEBekin aliatu ziren 2003ko inbasioan, eta gaur egun administrazio ia independentea kudeatzen dute. Kurdistango Gobernu Autonomoak bere mugak kontrolatzen ditu, Irakeko armadak debekatuta dauka bertan sartzea, eta Irakeko gainerako lehia politikoek ez diote bertako botere banaketari eragiten. Trukean, Mendebaldearen Ekialde Hurbileko sukurtsal gisa funtzionatzen du. Arbil, hiriburua, mundu mailako inbertsioak erakartzeko diseinatutako hiria da: edozer eros daiteke dolarrekin; luxuzko hotel ugari ditu atzerriko enpresa gizonentzat; eta merkataritza zentro erraldoiak, haiekin datozen familientzat. Eta guztia, nazionalismo kurduaren banderapean.

Paradoxikoki, hegoaldeko gobernu autonomoarentzat aliatu garrantzitsuak dira euren menpeko estatuetan kurduak zapaltzen dituzten bi estatu: Iran eta, batez ere, Turkia. Arbilgo administrazioak ia ez die babesik eskaintzen gainerako lurraldeetako kurduen burujabetza eskaerei, eta horregatik traidoretzat dauka PKK-k. Ankarak azken asteotan Kandilen egindako bonbardaketak ere Hego Kurdistango agintaritzaren onespenarekin egin dituela zabaldu dute Kurdistango hedabideek. Turkiako armadaren hegazkinek hegoalderako muga igaro eta beste administrazio baten menpeko lurraldea bonbardatu duten arren, adierazpen epelak baino ez dira heldu Arbildik: Kurdistango Gobernu Autonomoko presidentetzak, argitaratutako ohar batean, ez zien aipamenik egiten erasoetan hildako zibilei; areago, ideologikoki PKKrekin lerratutako KCK Kurdistango Herri Konfederazioari egotzi zion bonbardaketen errua.

Hegoaldean, jaun eta jabe

Eskualde Autonomoko Gobernua eroso samar sentitzen da lau zatitan banatutako Kurdistanen, eta harribitxien pare zaintzen du azken urteotan eskuratutako gutxieneko autonomia. Desadostasun ideologiko handiak izan arren, PKKrekin lerratutako erakunde politikoek sarri eskatu izan diote kongresu nazional bat antolatzen laguntzeko, baina Masud Barzani presidenteak bizkarra eman die gehienetan. «Behingoz Kurdistan aske samar bat daukagunez gero, ez gaitezen gehiegi kexatu», horixe hegoaldeko alderdi nagusien isileko mezua.

Pexmergek ere aspaldi galdu zuten garai bateko heroismo kutsua. Pexmerga hitzak, literalki, «heriotzari aurre egiten diotenak» esan nahi du. Ospe itzela zuten Saddam Husseinen garaian, Baath erregimenaren aurkako gerrilla gisa zihardutenean. Gaur egun, ordea, hegoaldeko alderdi kurduetako baten funtzionarioak dira gehienak: lurraldea bezala, KDPk eta PUKek elkarren artean banatzen dituzte Kurdistango Eskualde Autonomoa defendatzeaz arduratzen diren indar armatuak.

Bi eredu aurrez aurre

Hego Kurdistango paisaia politikoa herdoilduta dago administrazio independentea ezarriz geroztik: alderdiak tribuen arabera antolatuta daude, eta familia bakoitza batekoa edo bestekoa da; boto-emaileak nekez aldatzen dira bandoz. PKKren ideologiako alderdiak ahalegindu izan dira hegemonia hausten, baina tradizioak ez die zirrikiturik utzi.

Han inon baino argiago ikus daiteke independentziak ez dakarrela derrigor askatasuna. Eta emakumeen eskubideak horren adibide garbia dira: teorian, Kurdistango gainerako lurraldeetan baino zapalketa geruza gutxiago dauzkate, nazio auzia ebatzita daukatelako; praktikan, ordea, emakume gisa zailagoa da Hego Kurdistanen bizitzea. Feudala eta tradizionala da gizartea; tribuek eragin handia dute oraindik, eta ez dago emakumeen aurkako indarkeria eragozteko mekanismo eraginkorrik. Hirietan —Arbilen bereziki— kalea gizonen eremua da, eta etxean erlijioak baldintzatzen ditu oraindik ohitura asko. Emakumeen eskubideen aldeko erakundeen arabera, urtero 300 inguru saiatzen dira euren buruaz beste egiten; kasu gehienak isilpean geratzen dira. Itomen larri baten bistako sintoma izan arren, agintari politikoek ere ez dute interes handirik erakusten emakumeen eskubideekiko; Barzaniz ere esan ohi da emazte bat baino gehiago dauzkala.

Ezkerreko ikuspegia daukan askapen mugimendu batentzat, zaila da Miss Kurdistan edertasun lehiaketa bat aurrerapentzat jotzea. PKK-ko kideek ezinikusia diote Hego Kurdistango administrazioari. «Zertarako nahiko genuke horrelako estatu bat?», galdetzen diote euren buruari: «Zertarako da independentzia edozer egiteko AEBen OK-a behar baduzu?».

Kurdu askeek behin eta berriz errepikatzen dute euren proiektua ez dela nazionalista. «Askapenerako borroka independentea da etniarekiko eta mugekiko», azaldu du Silan Cele gerrillariak: «Lortu behar dena da zapaldutako herri guztiak euren kabuz antolatzea. Hemen ez gara soilik kurduak bizi; asiriarrak, arabiarrak eta kristauak ere badaude. Zergatik ezarri beharko nuke estatu kurdu bat? Ez dugu estatu batetik bereizi nahi beste bat sortzeko; beste herriekiko harremanak aldatu nahi ditugu».

Estatu-nazioak porrotera derrigortutako eredu bat direlakoan da kurduen askapen mugimendua: izatez dira hegemonikoak, eta ez dituzte lurralde batean bizi diren herriak ordezkatzen. Selahattin Demirtasek, HDP Herrien Alderdi Demokratikoko presidenteetako batek esana da: «Nahi izan bagenu, honezkero hamar Kurdistan sortuko genituen. Garrantzitsuena ez da Kurdistan izena duen estatu bat izatea, baizik eta printzipioak eta idealak dauzkan Kurdistan bat edukitzea».

Konfederalismo demokratikoak hiru zutabe nagusi ditu: genero berdintasuna, ekologia eta erabakitzeko eskubidea maila oinarrizkoenetan. Tokian tokiko auziez arduratzen diren batzorde txikietan antolatutako elkarbizitza eredu bat proposatzen dute gizarterako; maila lokalenean, esaterako, kooperatiba sare sendoa osatzen ari dira ekonomia, hezkuntza eta bestelako behar kolektiboak kudeatzeko.

Egitura horiek independenteak dira indarrean dauden administrazioekiko, eta desberdinak dira tokiko beharren eta aukeren arabera. Barrutien mugak ezartzerakoan, kantoika funtzionatzea proposatzen du kurduen sistema konfederalistak. Lurralde eta adar guztiak egitura orokorrago baten barruan leudeke ordezkatuta: gizarte zibileko erakundeak, alderdi politikoak, emakumeen mugimendua, gazteena eta adar militarreko gerrillak. Sistema berriaren arabera, PKK alderdi ideologiko bat baino ez da mugimendu zabalago baten barruan.

Rojavako adibidea

Estrategia politiko berria, hain zuzen ere, ez da indarrean sartu autonomia ofizial gehien duen lurraldean (Iraken), ez eta mugimenduak babes gehien duenean ere (Turkian); Rojavan, Siriaren menpeko Kurdistanen hasi dira harekin bizitzen. Rojavako Iraultza deitzen diote: Siriako gatazkaren hasieratik, kurduak bizi diren lurrak defendatu dituzte YPG eta YPJ Herrien Babeserako Unitateek: lehenbizi, Siriako armadaren aurka; gero, oposizioko talde eta milizia islamisten aurka; eta, azken urtebetean, EI Estatu Islamikoaren aurka.

2014ko urtarrilean, kurduek autonomia aldarrikatu zuten Rojavako hiru kantoitan: Cizren, Kobanen eta Afrinen. Aurrerantzean euren kabuz antolatuko zirela jakinarazteko modua izan zen hura: inori baimenik eskatu gabe, soilik adieraziz. Ordutik, defentsa ez ezik, eguneroko bizitza ere antolatu dute lurraldeotan: hutsetik hasi behar izan dutenez gero, batzorde bidezko sistema konfederalista jarri dute indarrean. «Estatuari ez diogu inolako estimurik», azaldu du Celek: «Baina ez dugu hura ukatzen. Besterik gabe, gure bidea egiten utzi behar digu».

Mendebaldeko Kurdistango egoeraren berri ematen duen The Rojava Report atariaren arabera, Afrin «merkataritzarako eta produkziorako zentro» bihurtzen ari da, inguruan dauzkan gatazka armatuak gorabehera. Siriako gerraren aurretik, 200.000 lagun inguru bizi ziren kantoi horretan; orain, milioi bat baino gehiago dira. YPG eta YPJ gerrillek egonkortasuna bermatu diete, eta herri batzordeek eguneroko bizitza antolatu dute bitartean. «Baath erregimenarekin, ia tailerrik ere ez zegoen Afrinen», dio Rojava Report-eko artikuluak, «orain 84.000 metro koadroko industria parke bat dago, eta bertan, 800 lagunentzako lanpostuak».

Jakina: ez da gauza bera halako proiektu bat botere hutsune batean abiatzea —Sirian— edo administrazioak erabat kontrolatuta eduki nahi duen lurralde batean; Ipar Kurdistanen edo hegoaldean, esaterako. Baina badira 18 hilabete Siriako kantoiak aldarrikatu zituztenetik, eta Estatu Islamikoaren eraso odoltsuek ere ez dituzte erorarazi. Askok aitortzen ziotena baino egonkortasun handiagoa erakutsi du kurduen eredu konfederalak, eta, neurri handi batean, gerrillaren defentsarako gaitasunari esker izan da hori. Ankarak eta KDPk elkar hartu dute Rojavako Iraultza geldiarazteko; besteak beste, iheslarientzako eta laguntzaileentzako mugak itxita. Turkiak ez baitauka arazorik kurduekin, PKKrekin baizik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

<b>Zenbaketa.</b> Tokiko hauteskunde batzordeko kideak botoak zenbatzen, igandean, Moskun. ©MAXIM SHIPENKOV / EFE

Putinek gehiengo osoa berritu du parlamentuan, iruzur salaketa artean

Arantxa Elizegi Egilegor Gorka Berasategi Otamendi

Errusia Batua alderdiak botoen erdiak eskuratu ditu, eta ordezkarien bi heren izango ditu behe ganberan. Errusiako Alderdi Komunista izan da bigarrena
 ©ORSOLA CASAGRANDE

«Hil eta itsasora botako gintuztela pentsatu nuen»

Orsola Casagrande

Turkiak PKK-ko kide izateaz akusatu du idazlea. Hark argi du zein den bere aurkako jazarpenaren arrazoia: «Egia oihukatzen duzunean, jopuntu bilakatzen zara».
Migratzaileak Rio Bravo ibaia gurutzatzen, herenegun. ©MIGUEL SIERRA / EFE

Mugan pilatuta dauden haitiarrak deportatzen hasi dira AEBak

Julen Aperribai

Del Rio hiriko migratzaileen kanpalekua hustu nahi du Etxe Zuriak, eta hara iritsitako migratzaile haitiarrak Port-au-Princera bidali, hegazkinez

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna