UDAKO SERIEA. Hirietako ekonomia (eta V). Iruñea

Bere neurrira itzultzeko ordua

Mende erdian eraztunen araberako hazkundea izan du Iruñeak; bere mugak hautsi ditu, eta azken hamar urtean neurrigabe hazi da. UPNk etxebizitzen eraikuntza bultzatu du, baina krisiak auzitan jarri du eredu hori.
Landaben da Iruñeko eragile ekonomiko nagusietakoa; han dute lantegia enpresa askok.
Landaben da Iruñeko eragile ekonomiko nagusietakoa; han dute lantegia enpresa askok. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Joxerra Senar -

2015eko abuztuak 23
Ezer ez da dirudiena. Ezkabako tontorretik Iruñerantz begiratuz gero, ez dirudi hiriak zoru arazorik duenik. Alta, Hego Euskal Herriko hiriburuen artean, eremu txikiena du: 25 kilometro koadro besterik ez. Deigarria da Nafarroan Iruñea baino nabarmen txikiagoak diren herri ugarik haren eremu bikoitza edo hirukoitza dutela. Mikel Lorente Desojo ekonomistak hainbat aldiz aztertu du Iruñeko ekonomia, eta, haren hitzetan, lurraldea bera da lehen ezaugarria: «Titare bat bezain txikia da». Titare hori handituz joan da, ordea, eta iragan mendean bere mugak hautsi zituen, eta, krisiak krisi, joera horrek geldiezina dirudi. «Iruñeak besteak irentsiko ditu, bere beharrak ezin dituelako bere kabuz ase», azaldu du Lorentek.

Egun, Iruñerria deitzen zaie Iruñea inguratzen duten hemezortzi udalerriei. Aspaldi, esaten zen alde zaharreko Santa Maria katedraleko ezkilak entzuten ziren eremuari deitzen zitzaiola Iruñerria. Gaur egun, ezinezkoa litzateke haren mugaldean ezkilarik entzutea, eta ez soilik zirkulazioaren zaratak eragotziko lukeelako. Azken hamar urtean, hirigintza hazkunde neurrigabea izan du, eta haren gerizpean sektore ekonomiko oso bat garatu da. Burbuilak eztanda egin ahala, sektore hori amildu egin da, eta garapen urbanistikoa gelditu. Lorenteren arabera, 15.000 enplegu inguru galdu dira. Hiriak ekaitzaren ondorena kudeatzen duen bitartean, etorkizunerako aparkatuta geratu da mendeko joera: noraino hel daiteke hiria?

Oraingo Iruñea azken mendeko garapenaren isla baino ez da, eta bilakaera ekonomikoa lurraldeari estu lotuta dago. Zuhaitz baten enborrean bezala, eraztunak eta garaiak bereiziko lirateke. Izan ere, Lorenteren arabera, «eraztunen araberako» hazkundea izan du hiriak. Hain justu, aurten ehun urte bete dira harresiak bota zituztela, eta eraisketa hura lehen zabaltzearen oinarria izan zen. Hiriaren muga Bigarren Zabalgunearen amaieran jarri zen orduan.

Goraldia eta gainbehera

Zabalgune hartan kokatu zen hiriaren burgesia, eta, ezezaguna bada ere, Iruñearen eragile ekonomikoa nagusia izan da denbora luzez, Landabengo industrialdearen aurretik. Iragan hamarkadan egindako azterketa baten arabera, 22.000 enplegu biltzen ziren Carlos III. etorbidearen ardatzean eta bere ingurunean. 3.000 bulego zeuden eta lehia handia zegoen eraikinetako lehen solairuetan «bizitokien eta hirugarren sektoreko jarduera profesionalen» artean. Metro koadroko alokairuagatik 6.000 euro ordaintzera ere ailegatu ziren.

Lorenteren esanetan, ordea, krisiak gune horren gainbehera bizkortu du, eta hiriaren beraren ahulgunetako baten isla da: «Nekearen zantzuak daude. Demografikoki eta irudimen aldetik berritzea falta da». Jarduera komertziala badago oraindik, baina aldatzen ari da. «Erabilerak kanporatzen ari dira», eta ingurune hori ekonomikoki balioa galtzen ari da, biztanleria zahartu ahala. Tokiko merkataritzak beherantz egin du, hiri osoaren sintoma bihurtuz: 2006tik 2012ra txikizkako merkataritzaren jarduerak %22 egin du atzera Iruñean. Alde Zaharrak ere «arrisku bera izan zuen, baina biziberritu da, bizilagunek borondate eta kontzientzia handiagoa izan dutelako neurri batean», azaldu du Lorentek.

Volkswagenen itzala

Iruñeko beste eragile ekonomiko nagusia Landaben da. 1950eko eta 1960ko hamarkadan, frankismo betean, Felix Huarte enpresaburuak bere taldeko enpresen onurarako industrializazioa abiatu zuenean, Iruñeak 70.000 biztanle zituen. Bilbotik tren bidez zetorren altzairu eta burdina baliatu nahirik, makina bat enpresa ezarri ziren mendebaldean, trenbidetik gertu —egungo Donibane eta Mendebalde auzoetan eta Landaben gunean—; ekialdean berriz, egungo NUPen inguruetan. 1980ko hamarkadan, altzairuaren krisiarekin, jarduerak behera egin zuen, eta enpresa askok ikusi zuten lur horiek balio handia zutela. Zenbaitek etekinak poltsikoratu arren, desindustrializazio handia gertatu zen. Deskapitalizazio ekonomiko hark bigarren eraztuna ekarri zuen, eta hiria 25 kilometro koadroen mugetaraino hedatu.

Hala ere, Iruñea hiri industriala da oraindik. Hein handi batean, Landaben eta hango enpresa handienari esker: Volkswagen. Landabenez gain, Iruñerriko udalerri gehienetan poligono bat dago, batzuk industrialak, besteak zerbitzuetakoak, bai eta mistoak ere. Hala, INE estatistika erakundearen arabera, Iruñerriko enplegu guztien %19,5 industria sektoreari lotuta dago. Nahiz eta 2007tik 2012ra jarduera industrialak %3,4 behera egin, azken bi urteetan gora egin du berriro ere.

Opus Dei eta sanferminak

Dena den, Iruñea zerbitzuen hiria da, eta pisu nabarmena du beste eragile handi batek: Opus Deik. Mikel Lorentek aipatu duenez, 1950eko hamarkadan hiriaren hegoaldea oparitu zitzaion, metro koadroa pezeta baten truke eskainiz. Politikan zein hainbat belaunaldiren prestakuntzan izandako eragina ukaezina da, baina ezin da gutxietsi haren pisu ekonomikoa ere. Nafarroako barne produktu gordinari egindako ekarpena %4 eta %5 artean egon daiteke. Batetik, unibertsitatea dago: «12.000 ikasle ditu, eta hiru laurden kanpotik datoz». Lorenteren arabera, kanpoko ikasleek 2.000 etxebizitza inguru alokatzen dituzte, eta horri ostalaritzako eta merkataritzako kontsumoa gehitu behar zaio. Bestetik, medikuntza pribatua dago, eta, hari lotuta, «osasun arloko turismoa», hari dagozkion hotel eta jatetxeekin. Azkenik, medikuntza arloko prestakuntza eta ikerketa gehitu dio Lorentek; ikerketa, Cima institutuaren bidez.

Beste erreferente bat sanferminak dira. Hiri gutxik lortzen du hamar egunez munduaren arreta bereganatzea, baina festen ekarpena mugatua da espazioan (hiriaren erdialdea) zein, batez ere, denboran. «Hain da mugatua denboran, eta hortik kanpo baliatzea hain da zaila, interesgarria bailitzateke urte osora zabaltzea», dio Lorentek. Udan, Donejakue bidea dago, baina, orotara, egun eta erdikoa izan ohi da egonaldia, eta «ez dago modurik jendea lotzeko». Horregatik, Sanferminen museoaren proiektuaren kontzepzioa polemikoa izanagatik, ideia gisa ez zaio txarra iruditzen Lorenteri.

Azken eraztuna, Iruñetik kanpoko hedatzea izan da. Iruñeak 70.000 biztanle zituen mende erdialdean, eta 198.000 biztanle ditu orain; Iruñerri osoan, 220.000 biztanle zeuden lehen, eta 370.000 biztanle daude orain. Hain zuzen, Iruñean biltzen dira Nafarroako biztanleen %60. Hogei urteotan, soilik Iruñerria 60.000 biztanle gehiago handitu da, batik bat etorkinen ondorioz.

Eredu espantsionista

Populazioaren hazkundeak hauspotuta, UPNk etxebizitzen eraikuntza bultzatu du Iruñearen periferian eta inguruko udalerrietan, hirigintza bidez; betiere, interes pribatuen mesedetan. Iragan hamarkadan soilik, 80.000 etxe altxatzea zegoen planifikatuta, eta horietako proiektu batzuk garatu dira edo garatzeko bidean dira, Gendulain eta antzeko megaproiektuak barne. Joera horrek adreiluari eta finantza sektoreari lotutako sistema ekonomiko bat elikatu du: «Egun, mila biztanleko 520 etxe ditu Iruñerriak. Hori sekulako iraultza da. Duela mende bat, etxe bakoitzean 6,2 pertsona bizi ziren. Duela 30 urte galdetuz gero, ez nuen imajinatuko etxeko hiru pertsonatik behera izango ginenik».

Azken hogei urteotako hazkundea ikuspegi ideologiko bati estu lotuta dago. Garai bateko familia kontsumo unitate bihurtu da, eta etxea erostea kontsumo eredu horren zutarri bihurtu da, autoa erostea bezala. 18 urtean, adibidez, ibilgailu parkea 36.000 ibilgailu handitu da. Horren guztiaren adierazle, saltokien joera dago. Saltoki guneek eta hiriko supermerkatuek merkatuaren nagusitasuna bereganatu dute. Merkataritza gune handien eremua lau bider handitu da: 1997an, 22.000 metro koadro zituzten; 2013an, 88.000 metro.

Lorentek hor ikusten dio ahulgune nagusia hiriari. Burbuilak eredu hori auzitan jarri arren, egungo hiriak ez du sistema horrekin erabat hautsi. Lorenteren arabera, zahartzen ari da, eta hogei urteotan etorritako etorkin batzuk etxera itzultzen ari dira. «Hirigintzako planifikaziorik jada ez da egiten, ez da egin nahi. Udalen eskumena da hori, baina ez dago aurreikusita egingo denik. Merkatuaren esku uzten da dena».

Hurrengo urteek markatuko dute etorkizuna, baina krisiak bidegurutzean jarri du hiria. Urteotan eraiki den guztia saltzeak denbora beharko du, eta horrekin konforme, bere neurrira egokitu daiteke Iruñea. Beste aukera da, burbuilaren eztanda su-eten gisa ikustea eta, beste jauzi bat eginez, laugarren eraztuna eraikitzea. Ezbaia sinplea izan liteke: krisiaren irakaspena barneratu da ala ez?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna