Albistea entzun

SERIEA. Errefuxiatuak (II). Euskal Herrira etorritakoak

Ongietorria eman ezinik

Italian eta Grezian pilatutako iheslarien irudiek asaldatuta, abaroa emateko keinuak egin dituzte erakundeek. Herritarrak kalera ere atera dira: errefuxiatuen eskubideen alde. Nolanahi ere, guztiek argi utzi nahi dute beste milaka eta milaka lagun ere badirela asilo eskubidearen premian.
Iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratze bat Bilbon propio gaiaren inguruan protesta egiteko antolatutako plataformak deituta, artxiboko irudi batean.
Iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratze bat Bilbon propio gaiaren inguruan protesta egiteko antolatutako plataformak deituta, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Arantxa Iraola - Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2016ko maiatzak 18

Modu antolatu batean errefuxiatuak kokatzeko Europako Batasunaren planak oraino porrot egin duen neurrian, gutxi heldu dira bide horretatik Euskal Herrira. Lekuak sobera daude, horietara iheslariak noiz iritsiko zain.

Benetako nahaste-borrastea dago gaiaren inguruan; herritar gisara, halaxe sentitzen dut, eta nire ardura postuan ere bai». Josune Legal mintzo da; Nafarroako Gobernuko Giza Eskubideen Saileko Lehen Arretako zuzendaria da. Kexu da: «Informazioa urria da». Greziara eta Italiara heldutako errefuxiatuen inguruko albisteak ozentzen hasi eta berehala azaldu zuen Nafarroako Gobernuak ?beste hainbat erakunderen gisara? haiei harrera egiteko borondatea, eta Europako Batasunean 160.000 errefuxiatu era antolatu batean birkokatzeko konpromisoa hartu zenean, 300 bat lagun hartzeko asmoa agerian laga zuen foru erkidegoak. Alferrik. «Ez da bakar bat ere etorri». Asilo eskaria eginda daukaten dozenaka lagun harreran hartuta daude Nafarroan, baina aparteko plan horren bidez «kokatu» nahi zirenetatik inor ez da iritsi. Jaurlaritzaren arabera, bide «ofizial» horretatik hiru iheslari heldu ziren iazko azaroan: «Lampedusatik». Ordutik, inor ere ez. Programa «astiro» doala onartu du Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendaritzako informazio iturriek. Arduratuta: «Izan ere, pertsonak daude hor. Negu osoa eman dute egoera larrian».

Jaurlaritzako buruek diote, ordea, ez dutela nahi Italian eta Grezian pilatutako iheslarien errealitatearen gordinak beste hainbat gizon eta emakumeren egoeraren larritasuna tapatzea «Horregatik, Madrilen esan genuen ez genuela ezberdinduko nondik datozen errefuxiatuak». Ceutara eta Melillara heltzen ari zirenak ere hartzeko borondatea azaldu zioten Espainiako Gobernuari. Egun, Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 170 asilo eskatzaile daude harrera eginda Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Lehen harrera gobernuz kanpoko erakundeek egiten diete. Denei tratu berbera eman behar zaiela nabarmendu du Arabako Gurutze Gorriko komunikazio arduradun Alvaro Garciak ere. «Jatorriak ez du garrantzirik; pertsona bakoitza da garrantzitsua, haren egoera. Orain denok gaude Siriatik datozen iheslariei so, baina argi izan behar da premian direla beste jatorri askotakoak ere». Errefuxiatuen aldeko aldarria kalera eramaten saiatu dira hainbat eragile. Bizkaian, esaterako, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren barruan batu dira 160 elkarte. Andoni Louzao haien izenean mintzo da, eta Siriako errefuxiatuez bakarrik aritzea ez zaio gustatzen hari ere. «Izan ere, jazotzen ari den hau guztia ez da unean uneko fenomeno bat; egiturazko arazo baten ondorioa da», deitoratu du. «Asilo eskubidea urratzen ari dira herrialde guztiak».

Eta baliabideak badira abaroa emateko. Araban, esaterako, sei etxebizitza ditu Gurutze Gorriak iheslarien harrerarako. Espainiako Lan eta Gizarte Segurantzako Ministerioak egindako eskarien arabera betetzen dituztela azaldu du Garciak. «Oraintxe, 32 leku ditugu atonduak; 23 beteta». Beren etxeak eskaini dituzten boluntarioren zerrendak ere badituzte gobernuz kanpoko erakundeek eta administrazioak, etor daitezkeenak hartzeko prest: «Oraino ez dugu horrelakoen beharrik izan». Harrera egiten duten gobernuz kanpoko erakundeek libre dituzten oheen kopurua egun batetik bestera aldatzen dela azaldu du Garciak. Izan ere, iritsi orduko alde egiten dute zenbaitetan asilo eskatzaileek. «Egoteko betebeharrik ez dute: alde egin dezakete».

Ipar Euskal Herriak ehun bat errefuxiatu hartu behar lituzke EBren planari jarraiki, baina oraingoz Hendaia da (Lapurdi) harrera egin dien herri bakarra. Siriako zazpi errefuxiatu iritsi ziren apirilaren 25ean, Libanotik zuzenean, instalatze planari esker, eta errefuxiatu estatutua eskutan. Atharratze, Maule (Zuberoa) eta Bastidako (Baxenabarre) herriko etxeek ere erakutsi dute errefuxiatuak hartzeko borondatea, baina horietara ekainetik aitzina iritsi behar lirateke, Greziatik eta Italiatik, kokatze planari esker. Herri gehiagotara ere iritsi beharko lirateke errefuxiatuak, kopuruak betetzekotan, baina udalen esku dago erabakia. Herriko etxeak harrera eginda egon ziren Calaisko (Frantzia) kanpalekutik eramandako hainbat lagun ere Baigorrin (Baxenabarre): azarotik otsailera. Joan egin ziren ondoren gehienak, asiloa Erresuma Batuan eskatzekoak baitziren.

Laparrak gogor Espainiari

Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek asteon jakinarazi du datorren astean Greziatik 87 iheslari hartuko dituztela. Horietatik Araba, Bizkai eta Gipuzkoara zenbat etorriko diren oraindik ez dakitela onartu dute Jaurlaritzan. «Ofizialki, ez dakigu ez zenbat, ez noiz. Badakigu gobernuz kanpoko erakundeei eskatu dietela hainbat leku atontzeko, eta uste dugu laster gehiago helduko direla ». Iheslarien etorrera motela ulertzeko, Espainiako Gobernuaren borondate falta baino garrantzi handiagoa du EB Europako Batasunak erakusten duen ezina: «Europako erakundeen aldetik mobilizazio urria izan da». Datuak horra: udazkenean hitzartutako 160.000 iheslarietatik 1.145 bakarrik kokatu dira. Espainiak ustez hartu behar zituen 19.000 iheslarietatik hemezortzi. Hemezortzi bakarrik.

«Borondate falta» agerikoa ikusten du Legalek datu horietan. Horixe berretsi zuen atzo Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen presidenteorde Miguel Laparrak hainbat adierazpenetan. Espainiari egotzi zion hark errua, zuzen-zuzenean: «Laguntzen ari garen baino gehiago laguntzeko modua dugu; ministerioa galga jartzen ari zaigu». Historian atzera begiratzea aski deritzo Legalek jarduteko beste modu batzuk gogora ekartzeko: «Balkanetako gerra-eta izan zenean, egin zitzaion aurre egoerari». Euskal Herri osoko hainbat txokotan egon ziren iheslariak. Accem da asilo eskatzaileei harrera egiten Euskal Autonomia Erkidegoan diharduen beste gobernuz kanpoko erakundeetako bat. Elkarteko arduraduna, Olga Aguilar. Iragan hurbilean aintzat hartu beharreko ikasgaiak ikusten ditu hark ere. «2006an, esaterako, 30.000 lagun iritsi ziren txalupetan Kanaria uharteetara, eta irtenbide duin bat eman zitzaion hari». Orain, Europako Batasunean, ordea, ez du auzia konpontzeko urrats egokirik ikusi. Bat dator elkarteko zerbitzu juridikoetako arduraduna, Francisco Rojo. «Neurriak hartzea ongi dago, baina horiek ez konplituta ere deus ez bada gertatzen, ez badago ondoriorik, zaila da betetzea». Kexu ere bada, oro har, iheslariei buruz Europako Batasuna hartzen ari den erabakien inguruko informazio «lausoa» delako. «Atera kontuak, prentsan ateratzen diren albisteen bidez jasotzen dugu guk askotan».

Estalitako egiak eta puztutako albisteak ohikoak direla salatu du, ordea, Louzaok. «Inbasioaz hitz egiten da: gezur galanta da. Iheslari gehienak Jordanian daude, Libanon. Hona ia ez datoz». Mezu horien ondorioak zinetan arriskutsuak direla oroitarazi du. Hanpa-hanpa ikusten ditu: «Ideologia xenofobo eta arrazistak puzten ari dira Europa osoan».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek egindako agerraldia, atzo, Donostian. ©JON URBE / FOKU

«Harreman asimetrikoak» hausteko eskatu diote Jaurlaritzari

Edurne Begiristain Iosu Alberdi

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek kontsultarako mahai bat proposatu diote Gasteizi, bitartekari lana egiteko
Jonan Fernandez, atzo, gazteen emantzipaziorako estrategia aurkezten. ©IREKIA

Emantzipatzeko laguntzak jasoko dituzte 25 eta 29 urte artekoek

Edurne Begiristain

Jaurlaritzak gazteen emantzipazioa sustatzeko estrategia ondu du. 2030erako 29 urtera jaitsi nahi du gurasoen etxea uzteko adina
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, artxiboko argazkian. / ©Endika Portillo, Foku

Zupiriak esan du Osakidetzaren lan ildoarekin «erresistentzia» agertzeagatik egin direla kargugabetzeak

Edurne Begiristain

Gotzone Sagarduik Eusko Legebiltzarrean agerraldia eskatu du, Donostialdeko ESIaren egoera azaltzeko.

Antton Kurutxarri EEPko lehendakaria agerraldi batean ©Guillaume Fauveau

EEPko ordezkariek Parisen isiltasuna deitoratu dute

Garazi Aduriz Zuñeda

Irailean egin zuten bilkura Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin. Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aipatu zuten nagusiki.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.