Albistea entzun

UDAKO SERIEA. Korsika (I). Egoera politikoaren aurkezpena

Olibondoaren garaia Korsikan

Estrategia soilik demokratikoari bide eman dio FLNCk, jardun armatua alde batera utzita. Abagune politikoak ikusi ditu askapen nazionalean urratsak egiteko. Adostasun ugari sortu dira Korsikako Biltzarrean, baina topo egin dute Parisen ezezkoarekin. Horri zer erantzun dago jokoan.
Independentziaren aldeko aldarria errepideko seinale batean, Cortin. Han dago Korsikako Unibertsitatearen egoitza, 1981ean berriz zabaldu ostean. 1768an itxi zuen Frantziak.
Independentziaren aldeko aldarria errepideko seinale batean, Cortin. Han dago Korsikako Unibertsitatearen egoitza, 1981ean berriz zabaldu ostean. 1768an itxi zuen Frantziak. JON OLANO

Jon Olano, Berriemaile berezia -

2014ko uztailak 8 - Bastia

Erabaki historikoa hartu du Korsikako Nazioa Askatzeko Fronteak, estrategia armatuari uko eginda. Korsikan izan da BERRIA, hango aktore politiko ugarirekin FLNCren erabakia eta irlan zer egoera duten aztertzeko.

Aurrebaldintzarik eta zalantzagarririk gabe, gure erakundeak aldebakarrez erabaki du desmilitarizazio prozesu bat abiatzea eta modu progresiboan klandestinitatetik irtetea». Hitz horiekin eman du amaitutzat 38 urteko borroka armatua FLNC Korsikako Askapen Nazionalerako Fronteak. Indarkeriarik gabeko aro berri bat zabaldu du horrela FLNCk, irlan piztutako abagune politikoari bultzada emateko. «Uste dugu oraintxe aukera badagoela nazioaren askapen mugimenduan urrats historiko bat egiteko».

Zein urrats, ordea? Horiek aztertuko ditu BERRIAk gaurtik igandera bitartean. Gilles Simeoni Bastiako alkate abertzalea, François Alfonsi PNC Korsikako Nazioaren Alderdiko zuzendaritzako kide eta Femu a Corsica koalizio autonomistako koordinazioko kidea eta Jean Guy Talamoni Corsica Libera alderdi independentistaren Korsikako Biltzarreko presidentea elkarrizketatu ditu kazeta honek, eta soziologo, politologo eta kazetari ugariren ikuspuntua bildu du.

Zer giro da politikoki Korsikan, FLNCk estrategia militarra baztertzea erabakitzeko? Batasun giroa. Hilabete hauetan gehiengo argiak eta pluralak sortu dira giltzarritzat jotzen dituzten hainbat gairen inguruan, eta adostasun klima horri ekarpena egin nahi izan dio FLNCk. Korsikeraren koofizialtasunaren eta egoiliarren estatutuaren alde bozkatu zuen Korsikako Asanbleak; adostasun hori zabaldu nahi dute beste gai batzuetara, hala nola arkitektura instituzionalaren erreformara.

Oro har, erakunde armatuaren urratsak ere adostasuna eragin du eragile politikoen artean. «Ez diet atea itxiko eztabaida demokratikoan parte hartu nahi dutenei; ez da iraganera begiratzeko ordua, etorkizunera begiratzekoa baizik», esan du Camille de Rocca-Serra UMP eskuindarreko Korsikako Biltzarreko diputatuak.

Oraingoz, baina, Parisek entzungor egin die Ajaccioren eskaerei, eta atentzioa eman du FLNCren erabakiaren aurrean ere izandako isiltasunak. Egoiliarren estatutuaren eta korsikeraren ofizialtasunaren kontra agertu da Frantziako Barne ministro Bernard Cazeneuve —korsikarra-, esanaz ezin direla muga juridikoak gainditu. Hautetsi abertzale nahiz unionistak haserretu ditu Cazeneuvek. Ikusteke dago zer jarrera hartuko duen estatuak erreforma instituzionalaren arloan: uztailaren 4an Ajacciora joatekoa zen Marylise Lebranchu Frantziako Deszentralizazio ministroa, baina bezperan bertan behera geratu zen bisita. Horri guztiari gehitu behar dio Matignonek irlatik doakion beste gai bat: nola jokatu FLNCren erabakiaren aurrean.

Elkarguneak

Apirilaren 25ean onartu zuen Korsikako Asanbleak egoiliarren estatutua. 51 hautetsitik 29k bozkatu zuten alde, eta hemezortzik kontra. Lauk jo zuten abstentziora. Horren arabera, bost urtez Korsikan bizi beharko dute irlan etxe bat erosi nahi dutenek. Helburua: etxegintzaren espekulazioari aurre egitea. Ez da nolanahiko arazoa. Edertasunaren irlaranzko —hala deitzen diote frantziarrek- masa turismoak bultzatuta, irlako jabetzen %40 inguru bertako biztanleak ez direnen bigarren etxebizitzak dira; Frantzian dauden bigarren etxebizitza kopurua baino bost aldiz handiagoa da tasa hori. Horrek etxebizitzaren prezioa garestitzea eragin du, hain justu Frantziako lurralde pobreenetako batean.

Datu batzuk: korsikarren %19k dute Frantziako herritarrek batez beste dituzten diru sarreren %60 baino gutxiago, eta pobrezian daudenen bizi-maila Frantziako apalena da. Pobrezia maila handia —batez besteko diru sarrerak baino %40 gutxiago— dutenen tasan ere aurrean da Korsika Frantziako estatistiken artean: %5,1 korsikarrek dute diru sarrera hori baino gutxiago.

Abertzaleentzat, ordea, badu beste esanahirik. FLNCk, armak utziko dituela iragartzeko argitaratutako agirian, nabarmendu zuen «naziotasun korsikarraren aitortzaren lehen urratsa» dela estatutua, eta ildo bertsutik jo dute Corsica Libera independentistak eta Femu a Corsica koalizio autonomistak ere. Horien iritziz, hauteskundeen lehian ere eragiten du bigarren etxebizitzen erosketa horrek. Egitasmoa ez da oharkabean igaro Parisen, eta, gobernuaren iritziz, frantziarren berdintasun printzipioaren kontra jotzen du bete-betean.

Korsikera koofizial izateari ere uko egin dio Parisek, konstituzioaren kontrakoa dela argudiatuta. Iazko irailean eskatu zuen hori Korsikako Asanbleak, 51 hautetsitik 36k alde bozkatuta; inork ez zuen kontrako botoa eman. Korsikeraren Kontseiluak egindako inkesta baten arabera, gizartearen %90 daude elebitasunaren alde, eta soilik %6k nahiago dute gizarte elebakar frantsesa.

Horri gehitu behar zaio Frantziako Konstituzioan Korsikaren aitortza zehatza egiteari Parisek uko egin izana. Elementu horien guztien nahasketak azaltzen du Matignon irlako ordezkariengan, abertzale nahiz unionistengan, sortzen ari den ezinegona. Horrek, eta iragan astean Frantziako Senatuan Korsikaz egin zuten eztabaidan 348 senataritik soilik zazpik parte hartu izanak. Non dira senatariak?, idatzi zuen biharamunean Corse Matin irlako egunkari salduenak.

Arkitektura instituzionala

Egun, estatutu berezia duen Lurralde Kolektibitate bat da irla, Hego eta Ipar Korsikako departamentuetan banatuta. Gainerako lurralde kolektibitateek baino eskumen gehiago ditu, eta besteak baino lau urte lehenago heldu zen estatus horretara, 1982an. Ajaccio da Hego Korsikako hiriburua, eta Bastia iparraldekoa.

Biltzar batek ordezkatzen du irla osoa, eta hark hautatzen du kontseilu betearazlea. 2010eko bozetako emaitzen arabera, PRG Ezkerreko Alderdi Erradikala buru duen koalizioak du ordezkari gehien biltzarrean (24), eta alderdi horretakoa da kontseilu betearazleko presidentea, Paul Giacobbi. Frantzian apenas duen indarrik PRGk, baina Korsikan alderdi politiko nagusia da. Eskuin unionistak, berriz, hamabi ordezkari ditu. Abertzaleen artean, 11 ordezkari ditu Femu a Corsicak, eta lau Corsica Liberak.

Nolanahi ere, nahas-mahas handia dago alderdietan, eta, alderdiekiko fideltasunetatik harago, aintzat hartzeko faktorea da dinastia politikoen pisua. Adibide baterako: harreman politiko eta pertsonal txarra agerian utzi dute Jean Zuccarelli Bastiako alkategai izandakoak eta Giacobbik. Biak dira PRGkoak, baina Zuccarelliren dinastiak Bastia zuzendu du 1919az geroztik; Giacobbiren aita, berriz, Korsikako Lurralde Kontseiluko presidentea izan zen 1974 eta 1979 artean, eta aitona ministro izan zen Frantziako laugarren errepublikan.

Indar harremanak horiek direla ari da biltzarra estatutu politiko berri bat lantzen, 2003an erreferendumean errefusatutakoaren antzerakoa. Lurralde kolektibitatea eta bi departamentuak erakunde bakarrean batzea zen orduko proposamena, baina herritarren %51k egin zuten proiektu haren kontra. Gehiengo zabalagoak eraikitzen ari dira oraingoan. 1999-2002 bitarteko prozesuan eskumen gehiago lortu zituen Korsikak. Besteak beste, bere esku dago eskola karta definitzea, zuzeneko zerga batzuk biltzea eta ura, ingurumena, nekazaritza, arrantza eta portu eta aireportu nagusiak kudeatzea.

Abertzaleak gora

Alderdi abertzaleen aldarriak izan dira historikoki gaur mahai gainean dauden adostasunak. Eta, horrekin batera, gora egin du urte hauetan alderdi abertzaleek izandako babesak. Adierazle nagusietako bat da Gilles Simeoni Femu a Corsicako hautagaiak Bastiako alkatetza eskuratu izana. Irlako bigarren hiri nagusia da Bastia, eta 40.000 lagun bizi dira han. Aurtengo martxoko udal hauteskundeetan izan zen hori, eta, abertzaleek duten alkatetza garrantzitsuena izanda, abertzale direnen eta ez direnen begiak ditu so Simeonik. Abertzaletasunaren bi korronteak bat datoz: botoen hazkundea ez ezik, euren ideiak izan dira irlan hegemoniko bilakatu direnak. Femu a Corsicako nahiz Corsica Liberako buruzagiek uste dute orain arteko hazkundearekin ez dutela goia jo, eta hurrengo bozetan gora egiten segituko dutela.

Orain, ikusi beharko da FLNCren erabakiak beste bultzada bat ematen dien alderdi abertzaleei, eta euren arteko elkarlana ere errazten duen. Hamaika zatiketaren historia da abertzaletasun korsikarrarena, baina borroka armatuaren amaierak 40 urtean ezezaguna izan duten jokaleku bat jarri die alderdiei aurrean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©CHRIS KLEPONIS / EFE

HODEI ILUNAK ETXE ZURIAN

Urtzi Urrutikoetxea

Bidenen presidentetzaren lehen urtean, gozo baino gaziagoa da balantzea jarraitzaileentzat zein aurkarientzat
 ©URTZI URRUTIKOETXEA

«Bidenek narratibaren kontrola galdu du»

Urtzi Urrutikoetxea

Presidenteak itxura ahula ematen duela uste du Sosak, ez duela Obamak zuen indarrik, eta horrek errepublikanoei egiten diela mesede. Haren ustez, inflazioa kontrolatzea da orain gakoa, eta ekonomia aurrera doan itxura ematea.
Kapitolioko eskailerak kandelekin, erasoaren lehen urteurrenean. ©MICHAEL REYNOLDS / EFE

Erabakiak hartzeko unea dute

Urtzi Urrutikoetxea

Oldarralditik urtebetera, ikerketak bizkortu nahi dituzte demokratek. Auzipetutako 650 lagunetatik, 40tik gora jo dituzte erruduntzat, tartean Jason Chansey edo 'Q-Anonen Xamana' izenez ezagunagoa.
Taubira, artxiboko argazkian. / ©STEPHANIE LECOCQ, EFE

Frantziako presidente izateko hautagai izango da Christiane Taubira

Berria

Lyonen iragarri du primarioak irabazten baditu, hautagai izango dela apirileko bozetan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.