UDAKO SERIEA. Korsika (V). François Alfonsi, Korsikako Nazioaren Alderdiko zuzendaritzako kidea
«Gakoa da nork duen Korsikaz erabakitzeko zilegitasuna»

Autonomismoaren ibilbide politikoa ulertzeko ezinbesteko figura da Alfonsi. Maiatzera arte ALE koalizioan europarlamentari izana da, eta gertutik ezagutu du Euskal Herriko bake prozesua, Friendship-eko partaide gisa.
Hitzordua Napoleon kafetegian jarri du François Alfonsik (Ajaccio, Korsika, 1953). Korsikako hiriburuan jaio zen Frantziako enperadorea, eta haren izena darama Ajaccioko kale nagusiak ere. Iritsi, eta egunkaria adi-adi irakurtzen hasi da Alfonsi, irlako gaurkotasun politiko eta sozialaren xehetasunik galdu gabe.
Akordio garrantzitsuak lortu dituzue Korsikako Biltzarrean.
Helburua da Frantziako Konstituzioan askatasun espazioak izatea, oso zurruna baita. Konstituzioa harresi bat da, eta leiho bat behar dugu. Korsikarrek, euskal herritarren, kataluniarren eta eskoziarren antzera, instituzionalizazio fase bat izan behar dute. Leiho hori irekita dagoela, errazagoa da askatasun espazioak irabaztea harresia botatzea baino, eta ikuspuntu hori da Korsikako Biltzarreko hautetsiekin konpartitu duguna. Leihoa irekita dago, eta, beraz, lanean has gaitezke.
Nola izan dira posible akordio horiek?
Hizkuntzaren koofizialtasuna, adibidez, aldarrikapen kulturala baino ez da. Egoiliarren estatutuaren kasuan, guretzat Korsikako herriaren aitorpena da, baina, hori onartzeko, Frantziako Konstituzioa aldatu behar da; leihoa ez litzateke nahikoa izango. Eta korsikarrak Frantziako biztanleen %0,5 baino ez dira; beraz, oso zaila da herritarren ehuneko horrek konstituzio bat aldatzea. Beraz, orain, bitartekoak bilatzen ari gara Korsikako herriaren aldeko politiken beharra aitortzeko. Ideia hori plazaratu genuen, eta korsikarrek onartua izan da.
Nola egingo diozue aurre Parisen blokeoari?
Zilegitasun gatazka bat dago; Korsikaren inguruan erabakitzeko legitimitatea nork duen da gakoa: Korsikako Biltzarraren gehiengoak ala estatuak. Eta estatuak, gaur egun, ez ditu korsikarrak konbentzitu sinetsarazteko berak duela zilegitasuna. Hori interesgarria da. Bi bloke sortu dira biltzarrean: fronte progresista —koofizialitatearen, egoiliarren estatutuaren eta abarren alde bozkatzen dutenak— eta fronte errepublikanoa. Ez dakigu gai horiek nola garatuko diren, baina guretzat garrantzitsua da fronte progresista hori sendotzea.
Ibilbide luzea duzu Korsikako nazionalismoan. Nola bizi duzu azken urteetako hazkundea?
Bi eskaintza politiko daude: borroka instituzionala eta nazio askapenerako borroka. Matignongo prozesuan soilik orain Corsica Libera gisa ezagutzen duguna zegoen Korsikako Biltzarrean; 2004an batasun bat izan zen, eta 2008ko udal bozetan argitze prozesu bat hasi zen bi eskaintza abertzaleen barnean. Emaitzek erakutsi dute argitze horrek ahalbidetu duela mugimendu abertzalearen zabalkunde bat, bereziki Femu a Corsicaren bitartez.
Korsikaren estatutuaren sendotze joera bat sortu dugu, eta logika horrek haustura lerro berri bat sortu du fronte progresistaren eta errepublikanoaren artean. Orain, biltzarrak erakutsi du fronte progresista gehiengoa dela. Datorren urtean dira biltzarrerako hauteskundeak, eta ikusiko dugu ea fronte progresista hori indartzen den.
Femu a Corsica autonomista da. Zein da koalizioaren jarrera independentziarekiko?
Nire iritzia da Europa espazio bat dela non gehiago federatzen den konfederatu baino, eta gero eta gehiago ari da federatzen. Horrez gain, autonomia estatutu baten beharra dago independentziaranzko urratsak egin aurretik. Hizkuntzaren koofizialtasuna, zergak, nazioarteko harremanak eta abar egituratu behar dira, hurrengo pausoa modu sinesgarrian egin ahal izateko. Autonomiaren aroa ezinbestekoa da. Orain, korsikarrek euren protogobernua eraiki behar dute, korsikarrei eragiten dieten gai guztien inguruan.
Nola ikusten duzu Euskal Herriko bake prozesua?
Egoera zaila da, Espainiak ate guztiak itxi baitizkio elkarrizketari. Ezberdintasun handiena horixe da Irlandako prozesuarekiko. Hala ere, aurrekariek erakusten dute bakerako bidea egin beharra dagoela eta Europan prozesu demokratikoek dutela balioa. Indarkeriak indar harreman bat sortzen du estatuarekin, baina, denborarekin, indar harreman hori ahultzen doa, eta estatuak badaki ekintza bortitzen ondorio mediatikoak iraultzen. Ikusi dugu Korsikan, eta baita Euskal Herrian ere.
Probokazioak egiten dira, Frantziak eta Espainiak egin izan duten bezala. Ez, adibidez, Erresuma Batuan, non tradizio demokratiko luzeagoa duten. Gobernu atzerakoia izan dezakete, baina autodeterminazio eskubidea aitortu behar badu, aitortu egiten du. Frantziako eta Espainiako demokraziak, ordea, ez dira hain helduak. Gogora dezagun Espainia frankista zela duela belaunaldi bat, eta Frantzia, Aljeriako gerraren ostean, estatu kolpearen atarian egon zela.
Nola ikusten duzu autodeterminazioaren gaia Europako testuinguruan?
Egiazko arazo bat dago, konponbide bat eman behar zaiona. Arazoa da Europako demokraziak aurrez aurre daudela autodeterminazio eskubidearen kontra. Baina herriek euren borondatea aldarrikatuko dute, eta demokraziak eskatuko du borondate horiek errespetatzea. Europak, beraz, egokitu egin beharko du.
Europako Batasuna: estatuen batasuna ala herritarrena?
Herritarrena eta herriena. Estatuak ere Europaren historiaren parte dira eta izango dira, baina inor ez dago betiko. Estatuek hor jarraituko dute, baina 1950eko argazkia ez da betiko. Europak gaur egun duen arazoa Alemania eta Grezia dira; Europak bere barnean duen aberastasun desoreka.
Hala ere, Durao Barrosok eta abarrek esan izan dute independentzia kasuetan estatu berriak Europako Batasunetik kanpo geratuko liratekeela.
Pentsa dezagun zer gerta daitekeen Katalunian; Espainiak Kataluniaren autodeterminazioa debekatu, kataluniarrek greba orokorra egin, dena blokeatu eta Espainiak errepresioarekin erantzun. Horrek Europarentzat onartezina den egoera bat sortuko luke; alegia, errepresioaren indarrez herri baten borondate demokratikoa zapaltzea. Europan protesta uholde bat sortuko litzateke, eta Europak negoziatzera behartuko luke Espainia. Nire iritziz, Europak jada sortu ditu baldintzak negoziatzera behartzeko, betiere herriaren erakundeak nahikoa indartsuak badira; Korsikarekin, zalantza handiagoa dut.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.