Albistea entzun

Futbola. Espainiako Kopako finala

Finalak ez dira inoiz ahazten

Koikili Lertxundi eta Endika Guarrotxena Athleticeko jokalari ohiak finalei buruz mintzatu dira. Iraganekoak, azken aldikoak eta larunbatekoa aztertu dituzte. Futbola asko aldatu dela diote, baina Bilbon ez hainbeste; inon gutxi bezala dira egun bereziak, eta galtzeak beti ematen du min.
Endika Guarrotxena, atzean, eta Koikili Lertxundi, Otxandion duen aterpetxeko balkoian.
Endika Guarrotxena, atzean, eta Koikili Lertxundi, Otxandion duen aterpetxeko balkoian. M. DEL VALLE / ARP

Imanol Magro Eizmendi -

2015eko maiatzak 26 - Otxandio

Aterpetxe dotorea du Koikili Lertxundik Otxandion, eta bertan egin du hitzordua Endika Guarrotxenarekin. Meriendaren eta BERRIAren aitzakian, irabazitako eta galdutako finalez mintzatu dira, aldarte onean. Koikiliren aitak eginiko ziza-zuri tortillak memoria astintzen lagundu die. «Sartu huen golarengatik, Endika», hala onartu du umoreko Koikilik. Haren gol batek eman zion azken titulua Athletici: 1984ko Espainiako Kopa.

Joango al zarete Bartzelonara?

ENDIKA GUARROTXENA: Oraindik ez dut sarrerarik; ez nago ziur. Ikusiko dugu. 2012ko finalerakoa Athleticeko beterano elkarteko kide gisa eman zidaten.

KOIKILI LERTXUNDI: Ni banoa. Sarrera tokatu zitzaidan bazkide gisa, eta amari eman diot. Bizkaia Irratitik ere eskaini didate, esatari joateko. «Zure bizitzan izan duzun ideiarik onena izan da», esan nion eskaini zidanari. Endika, zuri emango dizute beterano gisa. Hori bai, bazkide moduan egokitu bazaizu, bakarra jasoko duzu. Niri ez zait ondo iruditzen. Jokalari ohi zarelako eskubidea izan dezakezu, baina bazkideak ordaindu egiten du.

Halakoetan jendeak oraindik ezagutzen zaituzte?

K.L.: Athletic familia bat da. Eta batek ez bada, besteak beti esaten du: «Hor dago ez dakit nor...».

E.G.: Niri, batez ere, halako egoeretan pasatzen zait, finalak eta... Valentziako finalean (2009), esaterako, lagunekin nengoen, eta ETBko standera joan behar izan nuen. Ezin nituen bi pauso eman autograforen bat sinatu edo argazkiren bat egin gabe. Bestela, egunerokoan, ez.

Final bat da, ados. Baina ez al da gehiegizkoa?

K.L.: Jokalari gisa handiena da; titulu bat lortzeko aukera, ingurua... Jendeak Athleticeko jokalariak familiako kidetzat sentitzen ditu. Gehiegizkoa da, baina ez da gezurra. Barrutik sortzen den emozio bat da. Taldea ondo ez dabilenean, aldiz, aurkakoa pasatzen da. Esajeratua den? Oroitzen naiz, 2012ko Europa Ligako kanporaketa haietan... Krisian murgilduta, baina ostegunetan sekulako parrandak Bilbon.

E.G.: Futbola bera dago esajeratuta. Puztuta dago. Diru asko, interesak... Gero, Athletic ezberdina da, Bilbo baino gehiago ordezkatzen du. Athletic beste zerbait da, zazpi herrialdeetako jokalariak bakarrik, teorian. Tira, batzuetan geure buruari tranpa egiten diogu. Baina filosofia horrek islatzen du herri bat dagoela, zazpi herrialdek osatzen dutena. Bestalde, Athleticek, bere politika eta filosofiarekin jarraitu eta eztabaida saihesteko, tituluren bat behar du, edo tituluak lortzeko borrokan aritu.

Antonin Panenkak dio bere penalti ezagunaren preso bizi dela. Eta Endika? Golaren kontuarekin aspertuta zaude?

E.G.: Bi liga eta kopa irabazi genituenean, ezer irabazi gabeko 25 urtetatik gentozen. Horrelako lehorteak egon dira. Ospakizun handiak egin ziren, eta bigarren urtean liga eta kopa irabazi genituen. Horrek ekarri zuena oso handia izan zen, 1980ko industria krisiaren erdian. Jendeari poztasun kolektiboa ematea handia izan zen. Hor daude gabarrako irudiak, milioi bat pertsona diotenez. Eta gero, 31 urte ezer irabazi gabe... Pentsa, gabarra bi aldiz atera da bakarrik. Eta golarena, tira, 0-1 irabazi genuen, eta nik sartu nuen. Zorte handia balitz bezala bizi dut golarena.

Koikili, zuk oroitzen duzu?

K.L.: Aita parrandan joan zen, gerora jakin dut. Aitita-amamen etxean egon ginen, Uribarrin. Etxeko saloia oroitzen dut, itxuraldatuta, bufandekin... Hiru urte nituen, besterik ez dut oroitzen.

Askotan oroitzen al dizute gola?

E.G.: Ez, halako momentuetan bakarrik. Azken lau urteetan aurreko hogeita bostetan baino gehiagotan.

K.L.: Zerbaitegatik gaude hemen. Hedabideek, giroa sortzeko, aurrekoetatik tira egiten dute.

E.G.: Hurrengo urtean beste final bat galdu genuela ahaztu dute ia.

Zure finala ondorengo borrokarengatik da ia ezagunagoa.

E.G.: Ikasle batek gogoratu dit gaur, Youtuben ikusita. Ni ez nintzen ezerekin konturatu. Azken unean, Sola lurrean ikusi nuen, odoletan, eta hori... Ez zen borroka orokor bat izan, bospasei jokalarirena bakarrik.

Urteek handietsi al dute?

E.G.: Bai. Maradona zegoen tartean, munduko onena, eta horregatik.

K.L.: Ziur. Zenbat bider ikusi da Goikoren [Andoni Goikoetxea] sarrera Maradonari? Eta Solak harrapatu zuena? Morboa sortzen du borrokak: 0-1, partida estua... Mestallako gure finala [2009koa] hala mantendu izan balitz, auskalo nola bukatuko zen. Atzean geundenetako hiru oldarkorrak ginen. Agian ez zen 1984koa bezala bukatuko, baina gogorra izango zen.

Begira, ni umetatik Real Madrilen aurkakoa izan naiz, eta Bartzelonaren aurka ezberdina izan da. Beste atxikimendu bat egon da gure partetik, baina euren aldetik... Badakite irabazten, baina galdu dutenean erakutsi dute ez dakitela oso ondo galtzen. Maradona, Schuster... nolakoak ziren galtzean? Eta gure azken finalean? Edo ligan? Bartzelonari ez diogu irabazi, baina berdindu dugunean euren jarrera ez da berdina izan, ezta elastikoa aldatzeko ere. Irabazi dutenean, aldiz, bai, lagunak, ikurrinarekin... Ikusi nahiko nuke zein jokamolde izango luketen galduko balute.

Gauza komun bat duzue. Final bat galdu duzue gutxienez. Zer da galtzea?

E.G.: Inoiz inork ez dit ezer komentatu galdutakoaz. Guk modu onean galdu genuen, Atletico Madrilen aurka; talde zaila, kontraerasoan... Normaltasunez, partidaren ondoren buelta bat ematera irten ginen. Gu bi liga eta kopa bat irabazita gentozen.

K.L.: Niretzat, kolpe latzak izan dira. 2012an bi galdu genituen hamar egunean, bi astindu. Galtzean asko ikasten duzu, eta jakin behar duzu iristea ere lorpen handia dela. 2009ko finalaren ondoren, gu oso minduta etorri ginen, eta hurrengo egunean omenaldia zegoela ikusi genuen: sabairik gabeko autobusa... Eta guri ez ziguten galdetu ezer. Guk ez genuen ezer ospatzeko. Behartu egin gintuzten aldundiak eta udalak, eta zaila izan zen hori kudeatzea. Oroitzen naiz, Atxurin behera, jendea autobusa jotzen, jaisteko eskatuz, denetarik deituz. Caparrosek hitza hartu zuen: «Bueno gazteak, tripak irentsi behar ditugu, eta irten. Jendeak hor nahi gaitu. Plantak egin eta jendearekin egon. Badakit haserre zaudetela, baina zorretan gaude». Jaitsi eta oinez joan ginen. Minutu bakar batean dena aldatu zen! Ez zen antzerkia izan, ikaragarri gustura geunden. Demasekoa izan zen, irabazi izan bagenu bezala. Beste finaletan ez da errepikatu.

Eta zuk Endika, Koikilik galdurikoak nola bizi izan dituzu?

E.G.: Mestallan lehen gola sartu zutenean, uste nuen bazegoela aukera bat. Baina Yaya Tourek egin zuen jokaldia... Oso erraz sartu zuen gola. Hura sartu izan ez balu... Tira, erraza da esatea, eta, agian, gero, Messik bost sartuko zituen.

K.L.: Horren harira, ez nuen partida berriz ikusi hurrengo finalera arte. [Aitor] Ociorekin nengoen logelan, eta Teledeporten errepikapena ematen ari ziren. Aitorrek galdetu zidan ikusia nuen; nik, ezetz; berak ere, ezetz. Eta ikusi genuen lehen zatian aukera bakarra egin zigutela, Tourerena. Bigarren zatiko lehen hamabost minutuetan golik jaso izan ez bagenu... Hiru sartu zizkiguten eta azken ordu erdia oso luze egin zitzaigun. Jendea negarrez ikusten genuen harmailetan.

E.G.: Gogorra da, korrika eta korrika zabiltza, baloia usaindu ere ez duzula egingo dakizunean.

K.L.: Jokaldi bat dut gogoan, 4-1ekoarekin. Messik hiruzpalau aldiz izkin egin zuen, eta Amorebietak altxatu egin zuen falta batekin. Messi oldartu egin zitzaion. Ni itsututa joan nintzen eta zera esan nion: «Badakit hankaz gora utzi zaituela, baina utzi txotxoloarena egiteari; 4-1 irabazten ari zaretela-eta ez diguzue burutik behera pixa egingo. Eta egiten baduzu, hamar egun barru Txapeldunen Ligako finala duzue eta ez duzu jokatuko». Barru-barrutik irten zitzaidan, eta ez nago batere harro. Harrituta gelditu zen, eta esan zidan: «Che, ni beti gauza bera egiten saiatzen naiz». Eta nik: «Bai, badakit, horregatik diotsut. Gogoratu 4-1 irabazten ari zaretela, hamar egun barru jokatzen duzuela eta gaur gure finala dela, eta zuek jada irabazi duzuela». Baretu egin zen. Azken ordu erdi hura... Oso gogorra izan zen; zelaian, harmailetan...

Athleticen, duen iraganarekin, presio berezia sortzen du final batek?

K.L.: Athletic familia horrek sortzen du presioa, eta ilusioa, eta kutsatu egiten du. Ezohiko gauza denez, oso zaila da baretzea.

E.G.: Zeure burua estutu behar duzu; 60.000 pertsona daramatzazu Bartzelonara! Presioak positiboa izan behar du.

K.L.: Presioa, askotan, zuk zeure buruari jartzen diozuna da. Mestallako hartan, esaterako, sekulako presioa zegoen.

E.G.: Niri kosta egiten zait horrelako erantzunak ematea, 31 urte pasatu direlako. Emozioak hor daude. Adibide bat: gu Getxo taldean gaude sartuta, igotzeko tenorean. Eta hasi nintzen pentsatzen: bigarren liga Realaren aurka azken partidan irabazita lortu genuen. Eta hasi nintzen emozioak gogoratzen, aurreko partidetakoak-eta, egoera horretara iristeko... Eta ez nituen gogoratzen.

Nolakoa da finaleko astea?

E.G.: Urduritasun gutxi izan genuen guk, liga irabazi berri genuelako. Larunbatean liga irabazi genuen, familiarekin ospatu... Aste normala, eta bezperan kontzentratu. Duela 31 urte giroa ezberdina zen.

K.L.: Guk astea Valentzian egin genuen, euforiatik aldentzeko. Oraingoan giroa, dena den, ez da berdina, azken urteetan final asko jokatu dituelako. Gurea, 2009koa, aurrenekoa zen 24 urtetan. Oroitzen naiz, Valentzian, zelaira irten aurretik... Hura zen tentsioa! Eta Toquero, nire aurrean, negarrez zegoen, malkotan. Harrapatu nuen eta esan nion. «Gaizka, nahi baduzu egin negar, baina egin ezazu paretara begira». Guregandik metro batera Bartzelonako jokalariak zeuden, lasai ederrean. Ohituta zeuden.

E.G.: Gurean, finalaren aurretik, beroketa egin ondoren, aldageletara itzuli ginenean, oroitzen naiz Natxo Beretxinaga masajista han zegoela, Eva Nasarrez mozorrotuta zegoen aldagelan: Top-a, galtzerdiak... Dantzatzen eta tontoarena egiten. Tentsioa hausteko egin zuen, eta barrez hasi ginen. Lortu zuen. Urte horretan eragina izan zuen, baina hurrengoan ere mozorrotu zen eta...

Finala irabazterik badago?

E.G: Bartzelona faborito garbia da, baina Athleticek baditu aukerak. Horretarako partida perfektua egin behar du, eta atezainak partidako onena izan. Herrerinek lehen geldiketa ona egiten badu, konfiantza zabalduko du. Gainera, Camp Nou ez da betiko Camp Nou hori izango, San Mames handi bat baizik. Beste gauza bat: komenigarria izango zen Real Madril Txapeldunen Ligako finalerako sailkatzea. Horrek Espainiako prentsa piztuko zuen aste osoan eta Bartzelona despista zitekeen.

K.L.: Jokalariek irabaz dezaketela sinestea da garrantzitsuena. Benetan sinetsi behar dute, ez kanpora begira bakarrik. Bezperan aurrean izango duten horrekin egin behar dute amets, eta egun horretan hobeak izango direla sinetsi. Etxean jokatzea Bartzelonarentzat abantaila da? Nire ustez, bai. Baina irtetean ikusiko dute zelai erdia zuri-gorria dela.

E.G.: 38 partidatan ezin zara euren mailara iritsi, baina, kontzentrazio horri esker, partida bakarrean lor dezakezu.

K.L.: Futbola aurreikus daiteke, eta zaila da ondo jarritako talde bat haustea. Magia dutenek bakarrik egiten dute hori, eta Messik badu. Jokalari horren aurka egin dezakezun gauza bakarra atzera egitea da, ipurdia sartu eta kide baten laguntzari itxarotea. Area barruan ere bai, ea zortea duzun. Hobe hori haren bila joatea baino, izkin egingo dizulako. Zu, normalean, baloiari begira zoaz, baina Messi, Iniesta... hain dira onak! Atzelariari begiratzen diote, eta hark egiten duenaren arabera hartzen dituzte erabakiak.

E.G.: Gure finalean Maradona zen erronka. Guk oso mugan jokatu genuen, oso indartsu. Eta egia da garai haietan ez geundela hain babestuta. Orduko sarrera asko egun gorriak izango ziren, eta aurkaria estu hartzeko aukera izan genuen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Lehia bakar bat ez dugu hasi eta buka ondo jokatu»

Julen Etxeberria

Elezkano II.ak eta Zabaletak txapela irabazi zuten iaz, eta aurten ere bikain hasi ziren, lehen zortzi partidetatik zazpi irabazita. Baina galdu egin dituzte azkeneko biak. Atzelariak dio «konfiantza pixka bat» falta zaiela, baina «ziur» da suspertuko direla.
Portugaleteko emakumezkoen trainerua uretan sartu berritan, igandean herrian bertan jokatu zen traineru jaitsieraren aurretik. ©I. SUAREZ / SAN NIKOLAS ARRAUN ELKARTEA

Portugaletek emakumezkoen trainerua izango du berriz aurten

Aitor Manterola Garate

Portugaletek emakumezkoen trainerua izango du berriz aurten. Etxeko arraunlariz osatuta egongo da ia erabat, eta 2018an hasi zen ametsa beteko dute. Urtebete lehenago lehiatu zen soilik 'Jarrillera'.

Kopuruz antzera, baina soinean kolore berriak dituztela

Kopuruz antzera, baina soinean kolore berriak dituztela

Eñaut Agirrebengoa

Euskal Herriko 42 txirrindulari ariko dira aurten profesionaletan, horietatik hamabi World Tourrean. Movistar bilakatu da eliteko bilgune

«Movistarren, baldintza guztiak betetzen dira ongi eta gustura sentitu nadin»

«Movistarren, baldintza guztiak betetzen dira ongi eta gustura sentitu nadin»

Eñaut Agirrebengoa

Bi urtez Astanan aritu ondoren, denboraldi honetan Movistarren elastikoa jantziko du Aranburuk. Elitean urratsak egiten jarraitu nahi du, arreta klasikoetan jarrita. Printzipioz, ez da lehiatuko Euskal Herriko Itzulian.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.