Albistea entzun

UDAKO SERIEA. Kirol tenpluak (II). Wembley

Ongietorri 'etxera'

Erabat egitura modernoa dauka 2007an eraiki zuten estadioak, eta harmailen gaineko arkua da bereizgarri nagusia.
Erabat egitura modernoa dauka 2007an eraiki zuten estadioak, eta harmailen gaineko arkua da bereizgarri nagusia. BERRIA

Unai Zubeldia -

2015eko abuztuak 5

1923an estadioa eraiki zutenetik, Ingalaterrako futbolaren habia izan da Wembley. 2002an eraitsi zuten, eta haren leku berean dago Wembley berria, erabat modernoa. Javier Clementek eta Rafa Alkortak ondo ezagutzen dute zelai mitikoa.

Zaharra, zurruna eta mitikoa da Wembley». Edo zen. Berri-berria eta modernoa delako Londresko egungo zelaia. Ia oharkabean, Wembley zaharra ekarri du gogora Rafa Alkortak (Bilbo, 1968). Wembley, izatez, garai bateko Wembley delako. «Berria ez dut ezagutzen». Zuzen hitz egin du Javier Clementek ere (Barakaldo, Bizkaia, 1950). Eta zaharra ezagutu ez balu ere, agian, hobeto... «Penaltietan galdu genuelako partida hura, Ingalaterraren aurka, etxeko selekzioaren aurka». 1996ko Eurokopako final-laurdenak ziren, eta, 0-0 amaitu ondoren, Ingalaterrak 4-2 hartu zuen mendean Espainia penaltietan. «Epailea ez zen finegi ibili partida hartan, legezkoa zen gol bat baliorik gabe utzi zigulako». Bereari eutsi dio entrenatzaileak.

1996ko ekainaren 22ko partida hartan ezagutu zuten Alkortak eta Clementek Wembleyren handitasuna. «Zelaiaren sarrera hura...». Marka da gero, baina futbol zelai bati buruz hizketan hasi, eta kanpoaldeko bi dorre klasikoekin lotzen dute gehientsuenek garai bateko Wembley. 1923ko apirilaren 23an amaitu zituzten estadio mitikoaren lanak, Bolton Wanderersek eta West Ham Unitedek Ingalaterrako Kopako final handia jokatu baino bost egun lehenago —127.000 ikuslerentzako lekua egon arren, 300.000 sartu zirela ageri da garai hartako kroniketan—. Britainiarren inperioaren erakusgarri nagusiak ziren estadioaren atariko bi dorre ederrak —Empire Stadium izena eman zioten hasieran: estadio inperiala—. Futbolaren etxea izenez da ezaguna Ingalaterran.

Kanpoko itxura agertzen dute argazkiek, baina barru-barrutik nolakoa zen Wembley zahar hura? «Zaharra», argitu du, barrez, Alkortak. «Aldagelak oso zaharrak ziren, baina oso-oso politak, ederrak. Eta aulkiak, zelaira ateratzeko gunea, harmailak... Den-dena zen zaharra garai bateko Wembley estadioan; zaharra eta zoragarria». Zelaia, berriz, «jokatzeko egoera paregabean» egoten zela azpimarratu du besteren artean Athleticeko atzelari izandakoak. «Barru-barruraino zeukan sartuta Ingalaterrako futbolaren esentzia. Wembleyren gisako zelai batean sartzean, bikoiztu egiten dira sentimenduak. Kolore harrigarria edukitzen zuen beti».

Zerbaitegatik deitzen zioten futbolaren katedrala. «Selekzioaren partidak eta finalak besterik ez dira jokatzen bertan», gogoratu du Clementek. «Futbolaren zentroa da. Ingalaterran jaio zen futbola, eta ikuskizun harrigarria da bertan partida bat jokatzea». Futbol kontuetatik dezente aldenduta bizi direnentzat alderaketa argigarria egin du entrenatzaileak. «Opera gustatzen zaiona Milanera joatearen parekoa da futbol zalea Wembleyra joatea. Esanahi berezia dauka».

Zelai zaharraren eta berriaren arteko borrokan, Euskal Herriko bi zelairen adibideak jarri ditu Alkortak garai bateko Wembley estadioaren eta egungoaren arteko aldeak ulertzeko. «Ezinezkoa da modernoak garai batekoaren esentzia edukitzea. Antzeko zerbait gertatzen da San Mames zaharrarekin eta berriarekin, eta baita Atotxa zaharrarekin eta Anoetarekin ere. Itxuraz, askoz politagoak dira berriak, baina xarma berezia daukate zaharrek».

Europako Kopako bost final jokatu zituzten Wembley zaharrean —Milan, Manchester United, Ajax, Liverpool eta Bartzelona izan ziren garaile—. Eta baita 1964-1965eko eta 1992-1993ko Europako Errekopako finalak, 1966ko Munduko Kopako bederatzi partida, 1968ko eta 1972ko Eurokopako partida bana, eta 1996ko Eurokopako sei partida ere. 1948an, berriz, berdegunean eta inguruan egokitzapen txiki batzuk eginda, Londresko Olinpiar Jokoetako olinpiar estadioa izan zen katedrala.

Aro modernoaren pisuak eraginda, ordea, Wembley berritzea erabaki zuten 2002an. Protesta eta liskar artean, urte hartan bertan eraitsi zuten futbolaren ikur nagusia, eta Norman Foster arkitektoaren esku utzi zituzten gune berean zelai berria eraikitzeko lanak. 90.000 ikuslerentzako lekua izango zuen UEFAren mailaketaren arabera laugarren mailakoa den estadioak. Kostua, berriz, beldurgarria izan zen: 1.097 milioi euro —1.260 milioi eurora igo zen kostua, azkenean—. Eraikuntza enpresekin izandako arazoak tarteko, 2007an amaitu zituzten, azkenean, lanak, eta martxoaren 24an egin zuten hasiera ekitaldia, 23 urtez azpiko Ingalaterrako eta Italiako selekzioen arteko partidarekin. Bi dorreei lekukoa hartuta, zelai gaineko arkua da Wembley berriaren bereizgarria.

2020ko Eurokoparen zain

Ingalaterrako selekzioaren partidekin eta ligako eta kopako finalekin batera, Wembley berrian jokatu zen 2010-2011ko Txapeldunen Ligako finala, Bartzelona eta Manchester Uniteden artekoa —kataluniarrek irabazi zuten—, eta baita 2012-2013koa ere, Borussia Dortmunden eta Bayern Munichen artekoa —Bayernek irabazi zuen—. Horrez gain, bertan jokatu zituzten 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetako gizonezkoen eta emakumezkoen futbol partidak. Eta 2020ko Eurokopan ere Wembleyn jokatuko dituzte finalerdiak eta finala.

Londresko estadioko partida festarekin, zein ote dauzkate gogoan Clementek eta Alkortak? «Munduko Kopako finalarekin gogoratzen naiz ni bereziki, Ingalaterraren eta Alemaniaren artekoarekin. Ingelesek irabazi zuten, 4-2». Entrenatzaileari lekukoa hartuta, «Ingalaterrako Kopako finala» goratu ditu Alkortak. «Gazte garaian, opariak ziren guretzat».

Wembley gora eta Wembley behera, baina munduan ba al dago estadiorik Londreskoarengana gerturatzen denik? «Ez, ez». Zalantza gutxi du Clementek. «Wembleyren handitasunaren oinarrian ez dagoelako estadioaren arkitektura, Ingalaterrako futbolean daukan esanahia eta pisua baizik. Herrialde oso baten futbol zelaia da». Gerturago etorrita, «San Mames» aipatu du Alkortak. «Futbola sentitzeko moduagatik; tradizioagatik». Eta «Atotxa zaharra» jarri du zerrendan ondoan. Nazioartean, Maracana jarri izan dute Wembleyren parean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kike Barja, gaur, jokaldi batean. ©Biel Aliño / EFE

Osasunak hutsean berdindu du Levanteren zelaian

Berria

Gorritxoek zazpi jardunaldi daramatzate irabazi gabe, baina zortzigarren postuari eusten diote. Gaur hobea izan da Levante, sailkapeneko azkena.

Urrutikoetxea eta Aranguren besarkatuta, gaur, Bilbon, Albisuri eta Peñari irabazi berritan. ©Marisol Ramirez / Foku

Bigarren garaipena Urrutikoetxea-Arangurenentzat

Berria

Ezustekoa eman eta bikote faboritoetako bati irabazi diote. Urrutikoetxea izan da partidako onena. Emakume Master Cupeko lau eta erdiko finala Miriam Arrillagak eta Amaia Aldaik jokatuko dute.

Alaveseko eta Valentziako jokalariak lehian, gaur. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Alavesek eta Realak irabazi, Eibarrek berdindu

Paulo Ostolaza

Emaitza bikainak eskuratu dituzte gaur jokatu duten hiru euskal taldeek. Alavesek Valentziari irabazi dio (3-1), Realak Madrili (1-2), eta Eibarrek Huelvan berdindu du (1-1).

Realeko jokalariak burumakur, Real Madrilek bigarren gola sartu eta gero. ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Biguntasuna ordaindu du

Ainara Arratibel Gascon

Lehen zati amaiera on baten ostean, Realak bi gol jaso ditu bigarren zatiaren hasieran, atzean gaizki zaindutako bi jokalditan. Ezin izan du suspertu. Txuri-urdinek hirugarren porrota kateatu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.