Albistea entzun

SERIEA. AEBetako hauteskundeak (II). Alderdi Errepublikanoa.

Alderdirik gabeko hautagaia

Donald Trumpen kanpainak bere bidea hartu du, errepublikano ugarik bizkarra emateraino. Alderdiaren barruko bi joera aspalditik daude tentsioan, eta horren ondorio da Trump.
CJ GUNTHER / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Samara Velte -

2016ko azaroak 4

Ekitaldi berera aldekoak zein aurkakoak eramateko gai da Donald Trump. Seme-alabei haren orrazkera deigarria egiten dieten amak joaten dira hura ikustera; beltz baten ostean emakume bat presidente izatea gehitxo amore ematea dela iruditzen zaien adineko gizon kontserbadoreak ere bai; eta, kontraesankor samarra irudi dezakeen arren, baita Latinoamerikako etorkinak ere, paperik gabeko euren herrikideen egoeraz askorik kezkatzen ez direnak. AEBetako presidentegai errepublikanoak bortxatzaile etiketa ipini izan die mexikarrei, torturaren erabilera defendatu du, eta berotze globala txinatarrek euren mesedetan asmatu zutela esan izan du; eta, hala ere, aintzat hartzeko moduko mugimendua sortu du bere alde.

Mundu guztiaren ahotan dabil Donald Trump, bere alderdiko kideenean izan ezik. Trumpen kanpainak aspalditxo hartu zuen bere bidea, eta errepublikano ezagun askok inpotentziaz ikusi dute nola egiten zuen alderdian gora bozketaz bozketa, adierazpen misogino, xenofobo eta ergelekin boto-emaileen ikusmina piztuz. Emakumeei «nahi zuena» egin ziezaiekeela esan zuenean, gainezka egin zuten askok, eta 50 errepublikano ezagunek adierazi zuten ez zutela Trump babestuko. «AEBen historiako presidenterik arriskutsuena litzateke», zioten gutun batean: «Amerikaren eraginari eta botereari buruz daukan ikuspegiak ez dauka funtsik, ez eta printzipiorik ere. Isolamendutik abentura militarrera egiten du jauzi esaldi bakarrean». Harrezkero alderdiko kide gehiagok eman diote bizkarra; besteak beste, Paul Ryan Ordezkarien Ganberako buruak. Marco Rubio Floridako hautagaiak erdizka baino ez du babesten: «Nahiago nuke aukera hobea bageneuka. Baina ez dut nahi Hillary Clinton presidente bihurtzea».

Modernizatzeko saiakerak

Baina nola iritsi da bere buruari Grand Old Party (alderdi handi eta zaharra) deitzen dion alderdia egoera honetara? AEBetako talde politikorik zaharrenetakoa da errepublikanoa, konstantziaren eta tradizio sendoen defendatzaile sutsua. Eta Trumpek ez ditu oso zorrotz betetzen balio horiek: saihestu egin ohi ditu fedeari eta erlijioari buruzko galderak, eta kontserbadore bat baino gehiago eskandalizatzeko moduan jarduten du espantuka.

Azken urteotan, alderdia modernizatzeko ahalegina egin dute barruko agintari batzuek, gaiak eta diskurtsoak garai berrietara egokitzeko. Badakite immigrazioa eta jatorri aniztasuna, LGBTIen eskubideak eta abortuaren inguruko jarrerak malgutu behar dituztela boto-emaileak erakarri nahi badituzte. Joera horretakoa dira Ryan eta jatorri latinoko Rubio, besteak beste. Hala azaldu du Julian Zelizerrek, Princeton Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakasleak: «Gai ekonomikoetan oraindik oso kontserbadoreak dira sektore horretakoak, baina errepublikanoen politikek joera nagusiarekin bat egitea nahi dute».

Alderdiaren oinarrian dauden militante askok, ordea, elitizazio gisa ikusi dute Washingtongo ordezkariek bultzatu nahi izan duten aldaketa. Erantzun gisa, alderdi barruko establishment-aren aurkako mugimendu bat hasi zen mamitzen duela zenbait urte: Tea Party lobby ultrakatolikoa. Haren adierazpen hiperbolikoak atzerakoiegiak ziren gizartean errotzeko, baina lortu zuen errepublikanoen diskurtso nagusia bere doinura mugitzea. «Estrategiak eta taktikak moldarazi ditu Tea Partyk, eta horretan dauka eraginik handiena», uste du Zelizerrek. Horrek are gehiago handitu zuen modernizazioa nahi zutenen eta itsuki tradizioari eusten ziotenen arteko polarizazioa. Eta, oraingoz, azken horien aldera jo du balantzak.

«Ergeltasunaren alderdia bihurtu gara», uste du Max Boot errepublikanoak. George W. Bushen garaian atzerri gaietarako aholkulari aritu zen, eta gaur egun Trumpen aurkako kritikari sutsuenetako bat da alderdiaren barruan. Hainbat eskutitz argitaratu izan ditu hautagaia publikoki larrutuz. «[Ronald] Reaganen urteetan, ideien alderdi gisa ezagutzen gintuzten, think tank kontserbadore ugariren lan intelektualarekin lotzen gintuztelako, baita The Wall Street Journal-en editorialarekin ere». Harrezkero, ordea, ezjakintasunaren defentsa hedatu dela sumatu du: «William F. Buckleyk esan zuen nahiago zuela Bostongo telefono gidako lehenbiziko 2.000 izenek gobernatutako herrialde bat, Harvard Unibertsitateko 2.000 kidek gobernatutako bat baino». Bushek txantxetan esan zuen Yale Unibertsitatean, kalifikazio txarreneko ikasleak ere bihur zitezkeela noizbait presidente. «Intelektualismoaren aurkako etiketari ihes egin beharrean, hura besarkatu dute errepublikanoek», uste du Bootek.

Trump joera horren sintoma bat da. Baina desberdintasun handi bat dago: aurreko hautagai gehienekin, susma zitekeen ergelkeriaren alardea marketin hutsa baino ez zela, herritar arruntaren rola jokatu nahian. Oraingoan zalantzarik ere ez du egiten Bootek. «Trumpek ez daki zein den Al-Quds brigadaren eta kurduen arteko desberdintasuna. Ez zuen sekula ezer entzun brexit-az, erreferenduma baino aste batzuk lehenagora arte. Bosgarren mailako ikasle baten hiztegia dauka. Bere gabezia guztiekin ere, askoz nahiago dut Clinton, Trump baino».

Kongresuaren bila

Azken egunotako zenbait inkestari erreparatuta, oraindik badute adoretzeko arrazoiren bat errepublikanoek. Hala eta guztiz ere, alderdiko zenbait hautagaik galdutzat jotzen dute presidentetza: irabazten badute ere, ezin izango dute Trump kontrolatu. Horren ordez, pragmatikoenek Kongresuan jarri dituzte indarrak, han ahalik eta eserleku gehien lortzeko. Legebiltzarraren osaera bi urtez behin aldatzen da, eta, horregatik, alderdi desberdinen esku gera daitezke gobernua eta parlamentua. Bi ganberetatik, Senatuak du garrantzirik handiena; alde batetik, sei urterako aukeratzen dituztelako hango kideak —Ordezkarien Ganberakoak bi urterako izaten dira—; eta, bestetik, hari dagokiolako nazioarteko hainbat itun berrestea. Kargudun publiko gorenen izendapenean ere parte hartzen du; esate baterako, Auzitegi Goreneko epaileenean.

Senatua eskuratzeko prezioa Trump presidente izatea bada, ordaintzeko prest daude errepublikanorik pragmatikoenak. «Batzuek oraindik ikusten dute euren helburuak lortzeko aukera praktiko gisa, pertsonalki ordezkatuko dituen politikari baten ordez», uste du Zelizerrek. Trump presidente irteten bada, legebiltzarra erabakigarria izango da: «Kongresuan demokratak nagusitzen badira, pentsatzen dut akordioak erdietsi nahiko dituela hainbat gaitan, alderdiari ez baitzaio oso fidela. Errepublikanoak nagusitzen badira, errazagoa izango da alderdiarekin koherentzian gobernatzea».

Konplot salaketak

Bitartean, presidentegaia eskandaluz eskandalu dabil estatuetan barrena. Kanpainan, hainbat hedabidek argitara atera dituzte politikan sartu aurreko haren trapuak: enpresaria zela, 3.500 auzitan baino gehiagotan nahastuta egon zen Trump, akusazio zein defentsa gisa. Besteak beste, sexu eraso larriak egiteagatik salatu zuten hainbat emakumek. Trumpek erabat ukatu zuen, eta gezurretan aritzea egotzi zion prentsari. Erantzun gisa, gutxienez hamabi emakumek salatu dute publikoki Trumpek ukituak eta bestelako erasoak egin dizkiela. Errepublikanoen ildoko Fox News kateko aurkezle batekin ere ika-mika izan zuen Trumpek, adierazpen matxistak egin ondotik.

Presidentegaiak bere aurkako konplot kanpaina bat ikusten du kritika guztien azpian. Egoskor iragarri du ez dituela bozetako emaitzak onartuko bere alde ateratzen ez badira; eta azaroaren 8an bozkalekuak behatzera joateko eskatu die zaleei, demokratek iruzurrik egiten ez dutela kontrolatzeko. Ez du oso irudi ona eman kontrakoen iruzurra bozen aurretik iragartzeak, eta galtzaile txarraren ospea ekarri dio horrek. «Trumpek ziurrenik onartuko luke galera, baina nabarmenduko luke zeinen bidegabea izan den prozesu osoa», uste du Zelizerrek, eta Richard Nixonen adibidea ekarri du gogora: hark prentsari egotzi zion bere galeraren errua, prentsaurreko betean. «XX. mendeko harakiri publikorik handiena» izan zen, han zegoen erreportari baten hitzetan. «Nixonek bezala, Trumpek ere bere porrotak justifikatzeko beharra dauka», uste du Zelizerrek: «Besteei egotzi behar die bere zailtasunen errua».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Harrotasun eguneko desfilea aurten, New Yorken. / ©Peter Foley, EFE

AEBetan 'X' genero izendapena duen lehen pasaportea eman dute

Jon Ordoñez Garmendia

Datorren urterako pasaporte sistema erabat egokituta egotea eta izendapen berria normalizatuta egotea espero dute.

Poloniako presidnte Andrzej Duda, urri amaieran Varsovian egindako ekitaldi ofizial batean. / ©Radek Pietruszka, EFE

Egunean milioi bat euroko isuna ezarri dio Europako justiziak Poloniari

Berria

Uztailean Europako Justizia Auzitegiak agindu zion Varsoviari behin-behinean eten zezala Poloniako Auzitegi Goreneko diziplina batzordea, baina hark ez zuen agindua bete. Poloniak «xantaia» egitea egotzi dio Bruselari.

Jair Bolsonaro presidentea Boa Vistan, Venezuelako mugatik gertu. / ©Isac Nobrega, EFE

Gizateriaren aurkako krimenak egotzi dizkio Brasilgo Senatuak Bolsonarori

Arantxa Elizegi Egilegor

Sei hilabeteko ikerketa baten ostean onartu du Senatuak txostena, eta fiskaltzaren eta Nazioarteko Zigor Auzitegiaren esku geratuko da orain.

<b>Karbono isuriak.</b> Auto pilaketa bat, ke eta behe laino artean, Nigeriako Lagos hirian. ©AKINTUNDE AKINLEYE / EFE

Egungo konpromisoekin, «klima hondamendira bidean» da mundua

Gorka Berasategi Otamendi

Nazio Batuen Ingurumen Programaren txosten baten arabera, estatuek hartu dituzten azken konpromisoak baino askoz ere ausartagoak behar dira klima aldaketa bortitz bat ez gertatzeko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.