UDAKO SERIEA. Sortzailea eta konplizea (IV). Ainara Gurrutxaga eta Oier Guillan

Kolektiboa da edo bestela ez da

Hainbat bide esploratu ondoren, Gurrutxaga konturatu zen antzezpena zuela indargune. Guilleni iruditzen zaio hogei urteotan sormen elkartasunaren sare bat josi dutela Mikelazulo kultur elkartean.
Oier Guillan eta Ainara Gurrutxaga, Errenteriako alde zaharreko kale baten erdian, Mikelazulo kultur elkartearen atarian.
Oier Guillan eta Ainara Gurrutxaga, Errenteriako alde zaharreko kale baten erdian, Mikelazulo kultur elkartearen atarian. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Igor Susaeta -

2014ko abuztuak 15

Errenteriako (Gipuzkoa) Mikelazulo kultur elkartearen orbitan bizi diren lagunak naturalki geratzen dira, adibidez, afaltzeko, ez baitute behar bilera formal bat elkarrekin egoteko. Baina bat egin eta berehala hasten dira antzerkiaz hitz egiten. Ainara Gurrutxaga eta Oier Guillan elkarteko kideetako biren esanetan, ezin dute saihestu hori gertatzea. Ahalegindu izan dira, betiere jolas moduan, futbolaz, National Geographic-en dokumentaletako baleez eta sexuaz mintzatzen, esaterako, baina alferrik. «Gaiak jartzen ditugu», aitortu du, umorez, Gurrutxagak. Eszenaren mundua «izugarrizko pasioz» bizi dutela dio Guillanek. «Gehiegizkoaz igual, gure bizimodu pertsonalaren eta osasunaren kalterako». Elkarrekin daudeneko une horiek, ordea, magikoak iruditzen zaizkio, oso inportanteak, «sostengatu egiten gaituztelako, egiten dugun horretan bakarrik ez gaudela konturatzeko balio dutelako». Izan ere, antzerkia edo kolektiboa da, edo bestela ez da, Guillanen iritziz.

Sortu zutenetik, 1995etik, Mikelazuloren barruan sormen elkartasunaren nolabaiteko sare bat josteko gauza izan direla pentsatzen du. «Hori sekulako altxorra da». Hasiera dena probatzeko garaia zen, Gurrutxagaren hitzetan. Poesia, performancea, dantza, antzerkia kalean eta barruan... «Baina, urteotan, bakoitzak beharrak sentitu ditu adierazteko mintzairari dagokionez». Bakoitzak bere kezka estetikoen araberako bidea hartu du, Guillanen ustez, eta, senari jarraituz, espezializatu egin dira. Norbere indarguneak bilatzeaz mintzo da Gurrutxaga, hari berari tira eginez. «Eta nirea, pertsonalki, antzezpena, antzerki fisikoa, txotxongiloak direla iruditzen zait». Guillanek gehiago jo du idaztera eta performancera. Obretan antzerkia, pintura, musika, poesia eta beste nahasten dituen sormen laborategiaren, Metrokoadroka-ren, hauspotzaileetako bat da —Zertarako hegoak, Poza, Hura ez da lekua, Eskuen sustraiak...—. Gurrutxagaren proiektuak Dejabu Panpin Laborategia dauka izena: Gure bide galduak, Gizona ez da txoria eta Azken portua antzezlanak, besteak beste, eta baita Errautsak eta Hamlet ere, Artedrama eta Le Petit Theatre de Pain elkarlanean onduak. Halere, Gurrutxagak eta Guillanek kolaboratzen eta elkar elikatzen dute oraindik ere. Batetik, kulturaren ikuspegi bera dutelako; eta, bestetik, Gurrutxagak dioen moduan, sormena bidaia kolektibo baten gisara planteatzen dutelako.

Kanpin dendatik

Duela hogei bat urte elkar ezagutu zuten. Barre egiten dute hura gogoratzean. Gurrutxaga Errenteriako gaztetxean zegoen, euskal presoak euskal herriratzeko gose greba batean parte hartzen. «Eta grebalariak animatzeko edo, han agertu ziren hiru tipo». OMO taldekoak ziren: Guillan, Mario eta Oscar, eta beren estreinako performancea kanpin denda baten barrutik gauzatzekoak ziren. «Ikusi nituenean kanpin dendatik poesiak esaten modu erdi performatibo batean... Kristoren erakarpena sentitu nuen». Gurrutxagak gogoratu du halakoekin oso ondo bat egingo zuela pentsatu zuela. Mikelazulo sortu berri hartan jende pila bat mugitzen zela nabarmendu du Guillanek. «Zuek Zirika txotxongilo taldea zenuten...», esan dio kideari. Hasi dira oroitzen eman zituzten lehen pauso haiek, egiten zituzten pieza «kamikazeak», Senegal, Sahara, Bosnia eta, besteak beste, Ekuadorrera antzerkiari lotuta egindako bidaiak...

Haien arteko harremanak ez du etenik eduki orduz geroztik, eta konplize bihurtu dira. Kolektibotasun horren eta elkarri ematen dioten sostenguaren adibide bat jarri du Guillanek: «Zertarako hegoak sortu genuenean, esaterako, testutik abiatu nintzen ni, eta inprobisaziotik aktoreak. Baina teatro fisikoan beti dago une bat zeinetara ez naizen iristen. Ainara [Gurrutxaga] sartzen da orduan, eta, hain ondo ezagutzen gaituenez, gai da guk daukagun intuizio hori, material hori, hartzeko eta altxatzeko pila bat, eta guk geure kabuz lortu ezin duguna lortzeko». Gurrutxagaren aburuz, kolektibotasunaren zutarrietako bat da denei kasu bera egitea. «Lan egiteko modua oso berezia da». Norberak ahotsa bilatu behar du taldean, eta, era berean, besteari entzun eta jarraitu behar dio. «Elkarrizketa bat sortzen da». Haienean denak maila berean daudela dio: musikariak, aktoreak, teknikariak, idazleak; ez dela teorizazio bat, horrela lan egitea lortu dutela uste duela baizik. «Noski, Oierrek [Guillan] iritzia ematen baldin badu testu baten poetikaren inguruan, bere espezialitatea den horren inguruan alegia, bada, kasu handiagoa egingo zaio».

Osatu duten ibilbidea oso lotua dago, Guillanen hitzetan, kultura ikusteko modu jakin batekin, kulturaren gaineko ikuspegi kritikoarekin. Gurrutxagaren iritziz, hasieratik eduki dute gauza bat argi: «Egonkortutako kultur sistema ez da batere-batere egokia. Kastratzailea da, homogeneizatzailea da...». Eskema horietan ez zirenez sartzen —eta ez zutenez nahi, gainera—, zerbait egitea deliberatu zuten. Kultura bizitzeko alternatiba bilatzen ari direla dio, baina haien irizpideen arabera, behintzat, kolektiboa izan beharra dauka, parte hartzailea, egungo egoerarekin kritikoa, «eta oraingo egoera eta pertsonei buruz hitz egiten duena».

Dituzten esperientzien hausnarketa den-denek egiten dutela iruditzen zaio Guillani. «Baina Ainara gai da, gainera, hori dena hitzez jartzeko. Horrelako gauzak entzuteak etengabe elikatzen nau». Pentsatzen du berentzat oso inportantea dela gauzak zergatik eta nola egiten dituzten gogoratzea. Horren harira, sekretu txiki bat kontatzera ausartu da: «Azkenaldian gehiagotan tokatu zaio komunikabideetan-eta elkarrizketak ematea, eta, nahiz eta hura ezagutu eta jakin zer esaten duen, irakurtzen dizkiodanean azpimarratu eta gorde egiten ditut». Ilusioa egin dio Gurrutxagari, eta ia une oro aurpegian marraztua duen irribarre jostaria areagotu du: «Ez nekien! Zeinen jatorra!». Baietz dio Guillanek, eta zehaztapen bat gehitu du: «Egia da! Hain sentitzen naiz identifikatuta... Derrepentean hor ikusten dut idatziz, eta pentsatzen dut: 'Bada, bai'».

Konfiantzari esker

Gurrutxagak nabarmendu egin du kideak proiektuak aurrera ateratzeko daukan indarra, adierazten eta kutsatzen duen ilusioa. Antzezlearentzat, hori da egun jaso dezakeen oparirik preziatuena. «Izan ere, gauzak dauden bezala, egun askotan dena pikutara bidali nahi duzu...». Gainera, umore handiko pertsona dela dio. «Oierren txantxa surrealistekin antologia bat kaleratu beharko genuke». Gogoz barre egin dute biek.

Konfiantza horri esker, hain zuzen, arriskuak har daitezke, Guillanen ustez. «Badakizu bakarrik abiatuko zarela, baina momentu batean, galduta zaudenean, beste norbaitengana jo ahal izango duzula». Ez direla bakarrik sentitzen sormen lanean, alegia. «Horrek topiko bat dirudi, baina, benetan praktikatzen duzunean, konturatzen zara badela sistemari aurre egiteko modu bat». Zergatik? Haien iritziz, kontrakora bultzatzen dituelako sistemak: bakartuta egotera, lehiakor izatera, enpresa bihurtzera, diru laguntzengatik borrokatzera... «Eta guk egiten duguna guztiz kontrakoa da. Dirua da azkeneko gauza, eta elkartasuna, jakintza, jar dezakezu besteen esku, zure egoari uko eginez», esan du Guillanek. Sormena bidaia kolektibo moduan planteatzeak ego borrokarik ez egotea errazten du, Gurrutxagarentzat. Hori ikasi egiten dela iritzi dio kideak, hasieran gehiago eutsiko ziotela egoari. «Antzerkian etengabe negoziatu behar da. Beste diziplina batzuetan ez da hainbeste ematen, lan egiteko modua bakartuagoa delako; literaturan eta pinturan, adibidez».

Beraz, Gurrutxagak buruan ideia bat baldin badauka bueltaka, Guillani komentatzen badio eta hark ez duela funtzionatuko aitortzen badio, Gurrutxagak baztertu ere egin dezake pentsatuta zeukana. «Dudarik gabe», adierazi du antzezleak. Guillanek, ordea, baieztapen hori zehaztu du. Iruditzen zaio aurrena komeni dela sortzen ari denari «interferentziarik gabe» bidea egiten uztea. «Hori jorratu eta esan nahi duzuna defendatzeko indar minimo bat daukazunean, orduan sar daiteke bestea, eta ideia horren zerbitzura jarri». Izan ere, sormenean oso delikatuak direla dio: «Besteen iritziek zu zeu hondora zaitzakete, eta zure ideiak pikutara bidali». Haien artean etengabe izaten da dialektika bat. Ez da lehia bat, eta inork ez du jotzen inposatzera. «Helburua txiringitoa aurrera ateratzea da». Gurrutxaga areago joan da: «Antzerkiak, gainera, zeure tokian jartzen zaitu. Oso umila izan behar duzu».

Garai kritiko bat baina ikasketa prozesurako polita izan zena oroitzen dute biek. Guillanen arabera, orain urte batzuk izan zen, hasi zirenean obra batzuk formatu handiagoan egiten eta horiek beste era batera mugitzen. «Denok denetik eginez funtzionatuz heldu ginen horra. Rolak ez zeuden hain argi, eta hasi ginen talka bat sentitzen». Nahasgarria izan zen. «Pentsatu genuen: 'Elkarrekin lan egiten jarraituko dugu, nahiz eta ikusi mintzaira aldetik batzuek alde batera egiten dutela eta besteek bestera?'», oroitzapena freskatu du Gurrutxagak. Hori zen arazoa. «Egingo dugu talde bakarra, baina kristorena?». Oiartzualdean Anakrusa, Rouge Elea, Dejabu, Metrokoadroka eta beste daude, Mikelazulok biltzen dituenak. Masa hori nahiko bizia da, Guillanen hitzetan. «Talde bakarra sortzeko tentazioa egon zen». Ezin. Denek dute-eta gauzak esateko behar handia, eta azkenean bakoitzak bidea topatu du. «Bakoitzak bere estetikatik lan egin du azkenean, baina kolektibotasunaz oso kontziente izanda. Agian ez da oso ohikoa, baina masa horretan pertsona sortzaile asko dago».

Guillan izaten da Gurrutxagaren intentzio artistikoen berri duten lehen «kamaradetako bat». Ez dute, ordea, protokolorik betetzen. Ia beti elkarrekin daudenez, modu «natural eta organikoan» trukatzen dituzte buruan bueltaka dauzkaten proiektuak.

Izua pantailan agertzeari

Gurrutxagak zalantza handiak izan zituen, esaterako, Karmele Jaioren Amaren eskuak (Elkar, 2006) nobelaren zinemarako egokitzapenean parte hartzea eta protagonistaren rola jokatzea eskaini ziotenean, orain bi urte. Dudak baino gehiago, beldurrak ziren. Sekula ez zuen pentsatu ez telebistan eta ez zineman lan egitea; telebistatik rolen bat eskaini izan diotenean, beti ezetz esan du. «Nire izaeragatik edo, mintzaira arrotza egiten zait. Teknikoki ere zaila iruditu izan zait beti, eta izua sortzen zidan pantailan neure burua ikusteak». Garai hartan nekatuta ere bazebilen. Halere, ezetz esatea absurdoa litzatekeela dio. «Bizitzan %80 beldurra denean, horri aurre egin behar zaio gainditzeko, ezta?», hausnartu du, umorez.

Beldur horiez oso kontziente zirela dio Guillanek. «Oso ulergarriak zitzaizkidan. Guk ere sentitu ditugu kezka horiek beste batzuetan, eta oso babestuta sentitu gara. Esan genion merezi zuela saiatzea. Gero, oso modu berezian sentitu genuen denok Ainararen filmeko esperientzia». Asko eskertzen dela erantzun dio, ondotik, film horretan Nerearena egin zuenak.

Izan ere, Mikelazuloren orbitan hamaika bizipen partekatu dituzte. «Horietako batzuk oso muturrekoak izan dira, alde askotatik». Independentziaz aritzeko ahaleginean, askatasuna mantentzearren, borrokan jarraitzen dute. «Nahiko erromantikoa da...». Badakite ez dagoela formula magikorik, baina antzerkia, kultura, eginez irautea dute asmo; horren bueltan egiten dutenaren abanikoa ahalik eta gehiena zabalduz eta bizitza moldeak baldintza xume batzuetara egokituz. Azpiegitura aske bezain anarkiko baten zutabeekin, baina iraunez. «Kolektibo bat sortu nahiko bazenu ere, ezin dituzu probokatu, bat-batean, esperientzia partekatuen hogei urte».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiako Ramontxu Berri tabernan egondako 683 laguni egin ziete proba, atzo ©Gorka Rubio / Foku

Hego Euskal Herrian, 492 positibo

Berria

Pertsona bat hil da Nafarroan, uztailaren 15etik lehena. Uztailaren 27tik abuztuaren 3ra Galdakaoko Muguru tabernan izan ziren 420 laguni PCR proba egingo diete, eta Donostian PCR-ak egiten jarraituko dute Ramontxu Berriko bezeroei.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, iragan astelehenean, Gasteizen ©Jaizki Fontaneda / Foku

«Erantzukizunerako» deia egin du Iñigo Urkulluk

Joxerra Senar

Sare sozialetan zabaldutako ohar batean, Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak ohartarazi du «denen artean ahal den guztia» egin behar dela lehen olatuan bizitako egoera dramatikora ez itzultzeko.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eragile guztiekin biltzeko eskatu dio oposizioak Eusko Jaurlaritzari

Olatz Esteban Ezkati

538 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, iragan astean halako bi. Ospitaleratzeak ere bikoiztu egin dira egun batean: 103 pertsona daude erietxean.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna