Albistea entzun

UDAKO SERIEA. Kirol tenpluak (IV) Le Manseko zirkuitua

Erraza izan nahi ez zuen zirkuitua

Munduko auto lasterketa entzutetsuena han jokatzea ez da xantza kontua; Le Mansek zirkuitu berezi bat izateko bidea jorratu du urte askoan, zailtasunei aurre eginez eta gaurkotasunari eutsiz.
Autoak irteeran, Le Manseko 24 Orduei ekiteko prest.
Autoak irteeran, Le Manseko 24 Orduei ekiteko prest. ERIC GILBERT Tamaina handiagoan ikusi

Laurentzi Garmendia -

2015eko abuztuak 7

Le Manseko 24 Orduak jokatzen dira han, eta horregatik jasotzen du inguruko herriaren izen bera, baina, izatez, La Sarthe zirkuitua da. Albotik igaro den ibaiaren izena du 1923an ireki zen zirkuitu horrek, eta garai hartako lehiagune historikoen DNAri eusten dio oraindik. Bi ezaugarri zituzten: luzeak zirela eta zegoen orografia edo errepidea erabiltzen zutela. Oraindik biak gordetzen ditu La Sarthek, aldaketak aldaketa. Lehen lasterketa 17,261 kilometro luze zen konfigurazioan korritu zuten, galtzada harririk ere ez zuenean. Le Mans eta Mulsanne herriak lotzen zituen (Frantzia), Hunaudieresen zuzengune amaigabearekin. Sei kilometro luze zen, eta orduko 400 kilometro abiadura gainditu zuten 1988an.

Sortu zenetik, zirkuituak helburu zehatzak zituen. Nahitaez Le Manseko 24 Orduen jokagune zen, eta lasterketa hark zituen ezaugarriak gauzatzeko tresna izan behar zuen. XX. mende hasieran, automobil lasterketek autorik azkarrena saritzen zuten; distantzia jakin bat osatzeko ahalik eta denbora gutxien erabiltzen zuena. Ostera, Georges Durant antolatzailearen asmoa bestelakoa zen: denbora jakin batean ahalik eta distantziarik luzeena osatzeko gai zen autoa saritzea. Denbora hori 24 ordutan ezarri zuen, horretarako gidari erreleboak eta bestelako baimenak emanez. Autoen eta gidarien probaleku izango zen hori La Sarthe zirkuitua zen, eta bazekien zein osagai izango zituen. Batetik, zuzengune luzeak izango zituen, azkarra izan zedin. Azkarra izateak motorrak denbora askoz bete-betean eramatea zekarren, haien sendotasuna neurtzeko. Horrez gain, abiadura handiak balaztatze bortitzak eragiten ditu zuzengune amaieran, eta horrela galga sistema eta esekidura ere lan egitera behartuko zituen.

84 hildako 1955ean

Duela 90 urte, segurtasun neurriak ez zeuden abiadura horretarako prestatuta, ez zirkuituarenak, ez autoenak. Lasterketa oso gogorra zen, eta hildakoak eragin zituen ia hasi eta berehala. Andre Guilbert izan zen lehena, 1925ean, Maurice Ravel konpositore ziburutarraren anaiak egindako Ravel 12 CV Sport autoaren gidari.

Autogile ia guztiek izan dute halako ezbeharren bat, eta zirkuituak aldaketak izan zituen gutxika, segurtasuna hobetze aldera. Baina istripurik larriena Mercedesek izan zuen, 1955ean, inoizko larriena automobilismoan.

Aurreko urtean, 23 orduz etengabe lasterketa buruan aritu zen Pierre Levegh frantziarra, 45 minuturen faltan nekeak eragindako huts baten erruz galdu aurretik. Halako balentriaren ostean, 49 urteko gidaria fitxatu zuen Mercedesek 300 SLR autoa garaipenera eramateko. Garai hartan, gidariek ez zuten segurtasun uhalik eramaten, istripua izanez gero autotik airean ateratzea bertan lotuta gelditzea baino seguruago zela iritzita. Lehia teknologiko bortitza zen Jaguarren eta Mercedesen artean. Jaguarrekoek disko galgak garatu zituzten, oso eraginkorrak. Alemaniarrek magnesio aleaziozko egitura zuten, izugarri arina, eta motor indartsua zuten. Lasterketako 35. itzulian, Mike Hawthornek, Jaguar autoa gidatzen ari zela, bat-batean boxetara sartzea erabaki zuen, eta ezustean harrapatu zuen bigarrenez aurreratu berri zuen Austin-Healey auto bat. Austion-Healey hark, balaztak zapaldu, eta ezkerrera egin zuen Jaguar autoa saihesteko, baina ez zen jabetu atzetik Levegh zetorrela abiadura bizian. Mercedes autoak bete-betean jo zuen; hesiak jo, eta, suzko bola baten modura, ikusleen harmaila nagusira jauzi egin zuen. Autoaren elementu mekanikoek triskantza eragin zuten, segak belarra mozten duen bezala ikusleak txikituz. Suak ere harrapatu zituen beste batzuk, baina suhiltzaileek ez zekiten magnesioarekin urak sua bizitu besterik ez zuela egiten. Levegh berehala hil zen, autotik hegan atera baitzen. Lasterketak jarraitu egin zuen, eta Jaguarrek irabazi zuen. 84 pertsona hil ziren.

Urte amaieran, Mercedes kirol lehia guztietatik erretiratu zen, eta ia 30 urtera itzuli zen. Lasterketak debekatu egin ziren Europako herrialde askotan, eta segurtasun neurrietan iraultza behartu zuen. La Sarthek izan behar zuen horretarako eredu. Horregatik, zirkuitua etengabe aldatuz joan dira, baina haren izpirituari eutsita. Aldaketok pixkanaka gertatu dira, eta zirkuitu arriskutsua da oraindik, ez baitu zirkuitu erraza izan nahi. Burdinazko hesiak 1969an ezarri zituzten, ordura arte errepide irekian lehiatzen baitziren. Bugatti izeneko zirkuitu laburragoaren konfigurazioa 1965ean estreinatu zen, motor eta maila apalagoko lasterketetarako zirkuitu iraunkorra. FIAk 1990ean iragarri zuen ez zituela ikuskatuko bi kilometrotik gorako zuzenguneko zirkuituak, eta, hala, La Sartheko sei kilometroko zuzengunea hirutan banatu zuten tartean bi txikane jarrita.

Aldaketa bat eta besterekin, «Circuit n¬º 15» dago indarrean, hasierako zirkuituarekiko hamabosgarren bertsioa dena. Iaz estreinatu zuten konfigurazio hori, aurreko urtean zuzenguneetara sarrera ematen duen Tertre Rouge bihurgunean Allan Simonsen danimarkarra hil ondoren.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Donato Larretxea, entrenatzeko bere tokian ©Ainhoa Larretxea

Herritarren beroa jasoko du

Ainhoa Larretxea - Nafarroako Hitza

Donato Larretxea aizkolariari omenaldia eginen diote gaur Arantzan (Nafarroa), haren sorterrian. 12:00etan herri kirol saio bat eginen dute, eta, gero, herri bazkaria izanen dute frontoian.

Luis Suarez, Uruguaiko aurrelaria, negarrez, Munduko Kopatik kanporatua izan ostean. ©ALBERTO ESTEVEZ / EFE

Oraingoan erre egin da

Ainara Arratibel Gascon

Uruguai kanpoan geratu da, eta Hego Korea sailkatu da H multzoan. Brasil eta Suitza dira G multzoko sailkatuak
Brasilgo jokalariak, multzoen faseko bigarren jardunaldian Suitzari sartutako gola ospatzen. ©ALBERTO ESTEVE / EFE

Zerrenda ez da asko aldatu

Iñaki Berastegi

Munduko Kopa irabazteko hautagai gehienek egin dute aurrera multzoen fasean. Alemania eta Belgika izan dira dezepziorik handienak: ez dira iritsi kanporaketetara.
Dohako Al-Thumama estadioa. Munduko Futbol Txapelketarako eraiki diren zazpi estadioetako bat da. ©EFE

Zuriketa berdearen adibide

Gorka Berasategi Otamendi

Qatarrek ziurtatu du aurtengo Munduko Futbol Txapelketa karbonoan neutroa izango dela, baina, Carbon Market Watchen txosten batek salatu duenez, baieztapen hori okerra eta nahasgarria da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.