UDAKO SERIEA. Sortzailea eta konplizea (V). Mixel Etxekopar eta Jean-Christian Irigoien

Txirulariaren hauspoa

Mixel Etxekopar eta Jean-Christian Irigoien <em>Züek Heben</em> proiektuan eta Lannemezango espetxerako ikusgarri batean ari dira lanean egun, besteak beste.</em>
Mixel Etxekopar eta Jean-Christian Irigoien Züek Heben proiektuan eta Lannemezango espetxerako ikusgarri batean ari dira lanean egun, besteak beste. BOB EDME

Maddi Ane Txoperena -

2014ko abuztuak 16
Txirulariari bururatutako proiektu gehienetan parte hartzen du akordeoilariak. Hitzez ere sortzen dute melodia. Oroz gain, lagun handiak dira, eta igartzen da hori beren arteko solasean.

Galderarik egin aitzin hasi dira mintzatzen. Eta, galdera eginda, erantzun gabe pasatzen dira bertze hamaika istoriotara. Hitz batek oroitarazi anekdota, edota pentsalari ezagunen baten errana: beti dute zer kontatua. Eta nola.

Konplizearena aipatu orduko, mesfidati begiratu du Etxekoparrek, eta Irigoien hatzez erakutsi: «Hau konplizea baldin bada, horrek erran nahi du ni gaiztagina naizela!». Karkailaka hasi dira biak: ezin jakin, Etxekoparren errana egia delako, edo hainbatetan egiten duten bezala, bat-bateko ateraldiaren plazerez.

Irigoienek segidan oroitu du, gaiztotik beharbada ez, baina bazter nahasletik baduela zerbait Etxekoparrek, bederen. «Oroitzen naiz aldi batez... Mixelek [Etxekopar] deitzen nau eta erraten dit: 'Musika fanfarre bat baduk, eta behar huke gurekin jo', eta musika igortzen dit Internetez». Orduan, Irigoien segidan hasi zela orri zuri bat hartu eta akordeak idazten. Gehiena aterata, Donapaleura joan zen errepikara, akordeoiarekin, eta hara non Etxekoparrek erraten dion: «Baina ez, ez! Ez gaituk batere ontsa ulertu elkar! Nahi diat kleronarekin jo dezakan!» (turuta mota bat da klerona). Instrumentu aldaketak partiturak aldarazi zizkion Irigoieni, baina ez zen hargatik haserretu: «Etxekoparrek nahi zuen nik zakur gazte bat irudikatzea kleronarekin! Eta loriatu naiz, loriatu naiz! Partizio ederra zen jotzeko!».

Etxekoparrek azaldu du fanfarre oso polita zela hura, baina «aski formala», eta maskaradei buruzko zerbait egin nahi zutenez, zerbait behar zela «zuzena okertzeko». Hori egin zuen beraz Irigoienek, kleronarekin. Eta behin turuta esku artean, gelditzeko erran arte, ezin amore eman.

Hala ibiltzen dira gehienetan: Etxekopar antolatzaile, eta Irigoien ekitaldi anitzetako beharrezko pieza. «Humanitatearen zientzia» gisa definitu du Irigoienek Etxekoparren antolatzaile sena. Ez dio lore gehiegi bota nahi, baina bere gaitasuna miretsi egiten du: «Zenbait jendek badute dohain bat gauzen aurkezteko, antolatzeko, eta aitzinetik zerbait ikusteko. Hori badelarik anitz gauza posible dira». Hark, berriz, parte hartzekoa du, dohaina: «Gehiago maite dut gauzak ongi antolatuak direlarik. Gustatzen zait, eta uste dut zerbait egiten ahal dudala». Etxekopar ados da lagunaren aitortzarekin. Haren amak «ahuntz deneko zubi egiten» ari direla erraten diola oroitu du, eta baieztatu: «Ahuntzak pasako direnetz ez jakin, baina lehenik zubi egiten, eta hori maite dut: jendeak eta maite ditudan gauzak elkarrekin ezartzea». Eta Irigoieni buruz, gehitu du: «Badakit Jean-Christian urtzen dela errazki, protagonismoa hartuz, segurki, baina protagonismo osoa, inoiz ez». Horregatik deitzen du hainbestetan.

Etxekopar ez da antolatzaile soila, ordea, arlo anitzetako sortzailea baita: txirularia, bertsolaria, kantaria... Berak antolaturiko proiektuetan parte hartu ere egiten du, eta hortaz, leku guzietan egon behar momentu berean. Ez da lan erraza, baina Irigoienen ustez, lortu egiten du, eta urduritu gabe, gainera. «Mixel hor da: gurekin ikusgarriaren prestatzen, hamar minuta guziez norbaitek badu zerbait galdegiteko berari, gero berak behar du bertso bat egin, gero behar du kontrabaxua pixka bat jo, gogoan atxiki hau eta hura, eta denak funtzionatzen du», azaldu du irribarrez. Etxekoparri, noizbait entzundako esaldia ekarri dio azalpenak burura: «Hori da teoriaren eta praktikaren arteko diferentzia. Teoria da deus ez dela martxan, eta denek badakite zergatik. Praktika da, dena martxan dela, eta nehork ez daki zergatik». Irriz erantzun dio orduan Irigoienek: «Bai, bai, hori duk hire alde praktikoa!», eta berriro hasi dira anekdota bat edo bertze kontatzen.

Galtxetaburu

Ez dute ongi gogoan nola ezagutu zuten elkar Irigoienek eta Etxekoparrek. Hogei urterekin Montpellierrera (Frantzia) egindako bidaiaren ondotik izan zela dio Irigoienek: «Niretzat, gauzak nekeak ziren. Dena neke zen, salbu Mixelen etxera joatea. Han gertatu ginen, eta, menturaz, lehen aldia ikusten genuela elkar». Garai hartan, Euskal Herritik alde egiteko beharra sentitu zuen Irigoienek, baina ikusirik Montpellieren laketzen zaila zuela, itzultzea deliberatu zuen. Gilles Deleuzeri irakurritakoa ekarri die horrek gogora: «Lurraldeak ez du balio, handik ateratzeko egindako mugimenduagatik baino». Zalantza dute ideiarekin ados direnetz, baina aitzina segi dute istorio kontaketan. Etxekoparrek ez du 200 metroko migrazioa besterik egin sortetxetik, eta, elkar topatzeko momentuaz galdetzean, Eskiulako bestak hartu ditu hark gogoan: «Han izan ginen gero Eskiulako bestetan? Han topatu ginen behin... Entzun nuen 'Galtxetaburu', eta nik ezagutzen nian bat, ospez, haren aita. Eta banekien bazuela seme bat, baina ez nuen ezagutzen». Izan ere, Irigoienen aita akordeoilari ezaguna zen, eta etxearen izenez deitzen zuten, gaur egun Irigoien deitzen duten bezala: Galtxetaburu.

Han bertan jarri dute hitzordua bi lagunek, haien ohiko geldilekua baita Galtxetaburu etxea. Maule eta Donibane Garaziko merkatuak dituzte berez topagune, baina maiz huts egiten omen dute, biek ala biek. Galtxetaburu etxean gurutze bat dagoela kontatu du Irigoienek, haren pean honako esaldi hau idatzia duela: «Zuberoatik Lapurdi, hemen bide erdi». Eta madarikazio batek aginduta nola, horrela gelditzen da askotan Etxekopar Irigoienen etxean: «Lehengo egunean, hemendik pasatzen nintzen, bide bazterrean ikusi nuen; kafe bat, eta hara! Eta hori, Interneten garaian, zer urrea!». Hain zuzen, errepidearen alde batean dago etxea. Garai batean ostatu izan zen, eta orain ere hala da, hein batean: kafea eta garagardo bat segidan eskaintzen dute, eta norbere etxean bezala sentiarazi.

'Züek Heben'

Funtsean, proiektuek elkartzen dituzte Irigoien eta Etxekopar. Lehendabiziko proiektu formala Pilotarhitza ikuskizuna izan zela aipatu dute, antzerki, musika eta bertsoz osatutako ikuskizuna, hain zuzen. «Eta ez-formala?» galdetuta, ordea, irrika hasi dira berriro bi lagunak. Etxekoparrek azaldu du zergatia: «Ez-formala, izan zen korrika kultural bat Bilxokoan. Bordela sakatu genian ez dakiat zenbat orenez, eta batere hitzartu gabe». Hasieratik inprobisazioa maite izan duten seinale.

Lehen emanaldi hartatik, proiektu anitz egin dituzte elkarrekin. Duela gutxi sortutako Barbau Hamalau emanaldian, erraterako, biek parte hartu dute, eta badute proiektu bereziago bat ere, bertze lagun batzuekin batera, Züek Heben izenekoa. Herri batera joan, bi egunez hango hotsak edo ikusitakoak grabatu, eta hirugarren egunean, xurgaturiko guziarekin emanaldi bat egitean datza proiektua. «Abiatu dugu duela bi urte, urraska, astiro-astiro erraiten duzun bezala, Euskal Herriko atlas geo-poetikoa. Ezarriko dugu 30 urte, baina ez du presarik, e!», azaldu du Etxekoparrek, eta aitortza bat gehitu: «Züek Heben ez dut imajinatzen Jean Christian gabe». Ez baita baitezpada erraza proiektua, momentura egokitu behar denez gero. «Ez da jende asko horrela: nonbait pausatuko duzu, eta etxean sentituko da. Euskaraz naturalki arituko da, nahiz eta ez ulertu. Eta Züek Heben hori da».

Hendaian izan zireneko pasarteak oroitu dituzte, adibidez. Santiago zubian marokoar euskaldun bat aurkitu zutenekoa, Maitena ostatuko zerbitzari zuberotarrak haiek ikustean hartu zuen poza, edota herritar batek botatako esaldia: «Euskaltasunik baden Hendaian? Begira: errekan harriak daude, eta karramarroak harrien azpian. Ez baduzu harririk altxatzen, ez duzu karramarrorik ikusiko». Une hunkigarriak bizita, bihotza beterik itzuli ohi dira etxera. Tentsio momentuak ere bizi izan dituztela erran du Etxekoparrek ordea, ezin izaten baita jakin zer etorriko den kasu bakoitzean. «Baina patinatzen hasten garelarik, etsitzen hasten garelarik, hor beti gertatzen da zerbait. Eta hori, plazer bat da».

Maitasuna da, Irigoienen ustez, gauzak ongi ateratzeko gakoa. Pierre Michon idazlearen esaldia ekarri du gogora: «Amodio eder batean handitu zarelarik, zure baitan dena posible da, eta zure baitan bada halako alaitasun bat, jauzi eginen duena noiznahi». Inprobisazioari egindako kritikei itzulia eman nahi izan die Etxekoparrek, bere aldetik. Izan ere, maiz erraten omen diete, inprobisatzen dutenez gero, ez dutela lanik egiten: «Zuek ez duzue aitzinetik deus prestatzen!». Baina hori gezurtatzen dute bi sortzaileek, erraterako, Barbau Hamalau ikusgarria prestatzen, sei hilabete baino gehiago pasatu baitute, eta urte eta erdi, buruari bueltaka. Mixel Portalen hitzekin borobildu dute ideia: «Inprobisazioa une bakoitzeko lana da».

Gaur egun, bertze proiektu bat ere badute: Lannemezango (Okzitania, Frantzia) espetxean musika ikastaroak ematen dituzte, bai eta ikuskizun bat prestatu ere. Aurten, antzerki talde batekin elkartu eta kabaret bat sortu nahi lukete kartzelan bertan. Gustura dabiltza proiektuan, eta anitz bizi dute horri esker. Irigoienen ustez, presondegia «mikroskopio bat bezalakoa» da. «Beldurrak, alaitasunak... denak hartzen du maila handiago bat». Musika irakatsiz, kartzela barruko bizipenak ikasten dituzte haiek.

Anitz egin eta bizi dute elkarrekin, baina Irigoien eta Etxekopar ez dira sekula haserretzen. «Gertatzen zaigu batak bertzearen lana aipatzea, baina kritika txarrik egin gabe. Kritikak, besteri!», erran du ironiaz Etxekoparrek. Irigoienek talkaren alde txarrak azaleratu ditu: «Badira laguntasun batzuk oposizioa behar dutenak hazteko, baina guk ez. Oposizioarekin jendetasuna galtzen da». Eta berriz ere ateraldia, aldi honetan, Victor Hugorena: «Epaitzea, huts egitea da».

Hitza jolas

Batzuetan iritzi ezberdina izanik ere, nahiago dute kafe baten bueltan eztabaidatu, hain ohikoa duten umore onean. «Denbora gehiago pasatzen dugu kalakan, musikan baino», aitortu du Etxekoparrek. Eta ez dira falta, solaserako gaiak. Tradizioaz, Zuberoaz, hizkuntzaz, jendetasunaz, eta bertze hainbat gaiez hitz egiteko aukera ez dute galdu.

Irigoienek Etxekopar miresten duela ageri da esaldi arteko keinuetan. Zuberoan tradizioa eta arbasoak bertze inon baino hobe errespetatzen direla, hizkuntza oso alaia duela... «Memento politak dira, eta, agian, luzaz izanen da horrela Zuberoan. Zenbat kantari, zenbat dantzari, zenbat musikari... Adretak, politak, gazteak, airosak, gogo onekoak... Hori xantza bat da. Ni joaten naizelarik joaten naiz errespetuz, zeren baduzu nibel ona arribatzean berean. Ikusgarri bat bada, eta jada parkingean laguntza ematen lanean ari dena ere maila gorako kantaria da», bota du irribarrez. Eta Etxekoparrek gehitu: «Erraten da biztanle baino kantari gehiago badela!».

Hala ere, ez dute uste tradizioa modu zurrunean gorde behar denik, eta agerikoa dute kultura bizitzeko duten moduan ere. Ezin hitz batean laburtu, ordea, pentsatzen dutena. Ohiturei errespetua, bai, horretarako memoria erabiliz, potentzial gisa, baina oroituz berrasmatzeko gero. Etxekoparren hitzetan: «Tximeletaren sindromea, eta hiltzeko beldurra: nahi ala ez aldatzen diagu gauza».

Baina musikari onak izanagatik, ez dute beren burua jainkotzen, eta garrantzia hartzea ez dute maite. «Plaza batean, nik maite dut musikariak ez duelarik protagonismo osoa», erran du Etxekoparrek. «Bazter batean, hobe. Jendeak, erdian ez izanik ere, badakite musikaria hor dela. Eta horrek airean ekartzen du zerbait». Erdigunea izateko periferia behar baita, eta periferia izateko, erdigunea. Txirulariak hauspoa behar duen bezala, eta akordeoiak txirularen txistu bizia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna