UDAKO SERIEA. Kantuan diren lekuak (III)

Eta itzuli balitz...

Badaude hitz egiten duten lekuak, eta badaude ibil daitezkeen hitzak. Hazparneko Elizaberri auzoan gurutzatzen dira Martin Larralde bertsolariaren eta Joseba Sarrionandia idazlearen erbesteak. Herri horretan ageri dute beren deserria.
Hazparneko Elizaberri auzoko plaza nagusian dagoen pilotalekuaren atzean dago Larraldek bere bertsoetan amorruz aipatzen duen eliza; han igartzen da oraindik haren bertsoen oihartzuna.
Hazparneko Elizaberri auzoko plaza nagusian dagoen pilotalekuaren atzean dago Larraldek bere bertsoetan amorruz aipatzen duen eliza; han igartzen da oraindik haren bertsoen oihartzuna. SYLVAIN SENCRISTO

Iñigo Astiz -

2014ko abuztuak 28
Galdera bat dago erdigunean: «Itzuli izan balitz, zer?». Alderik alde gurutzatzen du galdera horrek Joseba Sarrionandiaren Martin Larralde poema; alderik alde zeharkatzen du galdera horrek Martin Larralde Bordaxuri bertsolariaren bizitza; eta alderik alde hartzen du galdera horrek paisaia hau ere. Oskarbi, eder, mendiz inguratuta, igandea da gaur Elizaberri auzoan, Hazparnen (Lapurdi). Hau da Sarrionandiak deskribatzen duen paisaia, berde, zuri eta gorri, euskal literaturako ikurrinik ezagunenetariko bat margotuz. «Larre berdeak, etxe zuri teila gorriak,/ jendarme auto bat/ bidean bildots artean pasatzen./ Etxe elizetan otoitzak,/ betiko otoitzak neguko kearen antzera/ leun igotzen./ Martin Larralde ez da sekula itzuli,/ baina itzuli balitz...». Hemen sortu zen Larralde, 1782an, eta han hil; galeretan, 1821ean. Bizi daude oraindik, ordea, haren bertsoak Hazparnen. «Kantatzera niazu/ alegera gabe/ Ez baitut probetchurik/ trichtaturik ere;/ Nehun deusik ebatsi,/ gizonik hil gabe,/ Sekulakotz galerak/ enetako dire». Erbeste horrek egiten du oihartzuna hemen, Larralderenak eta Sarrionandiarenak. Herri honetan gurutzatzen dira bien deserriak. Kantu honetan. Badaudelako hitz egiten duten lekuak, eta ibil daitezkeen hitzak.

«Gutxitan gertatzen da poeta honena bezain bizitza poetikorik, eta nekez topatuko dugu gure literaturan egilearen bizitza pertsonalari horren lotua dagokeen poesiarik». Joseba Sarrionandiaz mintzo da Koldo Izagirre idazlea, XX. mendeko poesia kaierak bilduman hari eskainitako alean. Baina mintzo zitekeen Bordaxuriz ere. Uztartuta baitaude bien kasuan bizitza eta literatura. «Poesiaren bidaiaria dugu Sarrionandia, eta poesia da bere erresistentzia antolatzeko lekua, esan liteke herensugearen aurkako egitaterik egokiena burutzen duela poemen bitartez, poemek bakarrik eskaintzen diotela libre izateko modu bat. Hitzak, izan ere, indar liberatzaile handia du hemen». Autorretratu bat ere bada horregatik Sarrionandiak Larraldez egiten duen deskribapena. Bere buruaz ere mintzo baita Sarrionandia, Larraldez mintzo denean.

Lehen harri, orain kantu

Kantua baino ez da orain lehen harri zena. Hitzek baino ez dute jadanik eusten Larralderen etxea Hazparnen, baina eusten dute, halere. Zazpi gizon auzoko ostatu bakarrean hizketan. Etxeaz galdetu, eta azkar dator erantzuna. «Zer da, Plumaieneko premuaren kantuagatik?». Kantu zati bat ere kantatu du gero, baina etxearen kokapenaren arrastorik ez. Ostatuaren jabeak gehiago daki. «Plumaienea ez da gehiago». Eta itzulpena gero frantsesa baino ez dakien beste zerbitzariari: «Il cherche une maison». Eta bai, baina ez. «Il cherche une chanson». Plaza nagusitik bi kilometrora, belarrak jandako frontoiaren ondoan, bide komunal baten bazterrean, sastraka eta zuhaitz baino ez da orain Larralderen sortetxe izandakoa. Ume zenean ere erdi abandonatuta gogoratzen du 80 urteko Mayie Lohiagek. Gogoan du kantua, ordea, inoiz etxe izandako zelaian. «Mila zortzi ehun eta/ hamabortzgarrena/ Ni Ahazparnen preso/ hartu nindutena;/ Plumaieneko premu/ orok dakitena,/ Galeretan higatu/ beharko naizena».

Etengabea da tentsioa Sarrionandiaren beste poemetan ere. «Nekez uzten du bere lurra zuhaitzak/ ez bada abaildu eta oholetan./ Ez du niniak begia uzten/ ez bada erroi edo arrubioen mokoetan./ [...] Nekez uzten du bere sorterria/ sustraiak han dituenak». Ezin erabat joan, baina ezin erabat itzuli: «Itsasoaz bestaldera joan ziren eta/ ez dira egundo itzuliko./ Izurdeek gidatu lekuraino baino/ ez ziren ailegatu./ Itsasoak bere sare larrietan/ gatibatu ditu./ Eta inoiz itzuliko balira ere, iadanik,/ ez dira joan zirenak izango». Eta ezinezko espazio horretan kokatzen da Martin Larralde poema ere, eta ezinezko espazio horretatik kantatzen ditu bere bertsoak Bordaxurik ere. Deserritik herrira dabiltza biak kantuan.

Gizon bat hiltzeagatik eraman zuten preso Bodaxuri, baina ezetz dio berak; berak ez zuela inor hil, Plumaieneko premu izateak kondenatu zuela. Izan ere, ama hiltzean, haren etxe partea eskatu zion bertsolariak aitari, baina hark eman nahi ez, eta tenkatuz joan zen soka. 1815eko ekainaren 27an gertatu zen ezbeharra. Egun hartan tirokatu zuten Jean Ospital, Larralderen aitak baimenduta Plumaienekoen lurretan belarretan ari zela. Bizkarretik eraso zioten, eta Larralde jo zuen errudun epaitegiak. Horregatik eraman zuten galeretara, eta horregatik hil zen etxetik urrun. Sastraka eta zuhaitz hauetatik urrun, alegia. Familiaren konspirazio bat izan zela iradoki zuen Larraldek epaiketan, eta akusazio bera egin zuen bertsotan ere. «Ala zorigaitzeko/ premu izatea!/ Horrek eman baiteraut/ bethikotz kaltea,/ Aitari gald'eginik/ sortzeko phartea/ Galeretan eman nau,/ hau da ene dotea.// Ene aita da gizon/ kontsideratua./ Semia galeretan/ du segurtatua./ Nun nahi othoitzean/ belaunikatua,/ Saindu iduri,/ debru madarikatua».

Preso geratu den erretratua

Sasoi honetan izan zen. Leku honetan. 1815eko uztailaren 4an ikusi zuen azkenekoz sorterria Larraldek. Hemendik ikusten dena da hark azkenekoz ikusi zuena. Egun hartan atzeman zuten jendarmeek. Www.bordaxuri-epaiketa.com orrialdean ikus daitezke orduko jatorrizko dokumentuak, eta han irakur daiteke bertsolariaren deskribapena ere. Jendarmeen begietan heldu da gaur egunera arte haren erretratua. Preso, ia, preso hil zenaren aurpegia ere. «Bost oineko altuera du Larraldek, ile eta bekain beltzak, kopeta estalia, begi marroiak, arrano gisako sudurra, aho ertaina, kokotz zorrotza, azal ilun eta orban horixka batzuk». Eta izoztutako irudi hori baino ez da egun Larralderen aurpegia. 1985eko uztailaren 7an bafle batean ezkutatuta egin zuen ihes Sarrionandiak Martuteneko kartzelatik, eta erbestean bizi da geroztik. Zori arrastorik ez du horregatik Martin Larralderen aipamenak haren poemen artean. «Martin Larralde ez da sekula itzuli,/ baina itzuli balitz/ (arantzak barrurantz itzuliak lituzkeen/ sagarroia bezala).../ Itzuli izan balitz, zer? Gaur igandea da».

Unikornio baten irudia duen globo bat flotatzen, kristal handiko etxe moderno handi batean. Ikur bat da ia: herrian uda giroa dela esan nahi du, eta heldu direla udako hazpandarrak. Beteta orain, luzez hutsik egon diren eraikinak. Argi tirrinta, Manexenia, Bihotxenea, Dorria... Etxe izen horien babesik gabe idatzitakoak dira Larralderen bertsoak. «Kantu hauk eman ditut/ Paubeko hirian,/ Burdinez kargaturik/ oi presundegian,/ Bai eta kopiatu/ dembora berian,/ Orok khanta ditzaten/ Hazparne herrian». Eta etxe izenen babesik gabe idatzitakoak Sarrionandiaren lerroak ere. Hnuy illa nyha majah yahoo poema bildumaren bigarren ediziorako egindako hitzaurrean azaltzen du: «Errealitate gabezia horretatik abiatu nintzen idazten, hizkuntza sekretu eta badaezpadako hau besterik ez nuela, eta neu ere ez nintzela ia ezer». Kasik kantu huts, bera ere.

Hizkuntza leku

Argi dio Sarrionandiak: hitzak izan daitezke leku. Dioenez, hizkuntza izan du hark etxe. «Herbestera hizkuntza eraman nuen, ezer gutxi gehiago. Neure baitan besterik egin ezin arren euskaraz, hizkera klandestino horixe bihurtu zitzaidan idazteko leku. Leku-ren ordez aberri esan zitekeen, susmagarria ez balitz aberririk ez duen jendeak hitz hori erabiltzea, bestela oso normaltzat eta are dotoretzat hartzen delako, Rudyard Kiplingek edo Fernando Pessoak erabilita, esate baterako. Herbesteko bizieraz pentsatzeko eta idazteko leku bihurtu zitzaidan orduan neure hizkuntza gordea, baina ez leku erabatekoa eta segurua, baizik eta osatu eta ia asmatu beharrekoa».

Ezarian doaz hodeiak orain herri gainean, etxe artean beren itzalak paseatuz. Bare, baina ekaitz promesarekin. Zerurantz begira amaitzen du Bordaxuriri buruzko poema Sarrionandiak. «Jendea familia erretratuetan bezala/ larritasuneraino/ perfumaturiko arima erakutsiz doa mezara./ Inork ere ez du/ (dena ohitura, dena errua, dena barkamena)/ oroimenaren/ korapiloa deslotzen. Inork ere ez du/ koblakaririk behar.../ Martin Larralde honelako egun batez hil zen/ galeretan,/ begiak zabalik etzanda, agian, zerua/ itsaso zikin bat dela esanez». Gaur igandea da, eta zabalik da plazako kapera, baina turistak baino ez daude han. Haientzat ireki dituzte ateak. Haiek daude orain Larraldek herritarrez beteta ezagututako kaperan. Hemen esertzen zen galeretan amaitu zuen gizona, hemen galeretara kondenatu zuen familia, eta hemen ditu sustraiak haren haserreak. «Elizan sartzen dira/ debozionerekin,/ Iduriz badohazila/ saindu guziekin/ Beren liburu eta/ arrosarioekin,/ Debruyak phesta onik/ einen du heyekin».

Itsaso zikin bat

Mezarik ez orain. Mutu daude eliza kantuz betetako liburuak atarian eta koruan. 1686an altxatutako eraikinari buruzko azalpenak irakurtzen dabiltzan bisitarien ahotsa baino ez da aditzen, eta ezkontza baten apaingarriak daude aulkietan. Jesu Kristoren irudi bat albo batean, bere izkribu hautsiarekin: «Filius do/lorosus». Eta hirutasun saindua ageri duen XVII. mendeko erretaula barrokoa aurrealdean: Espiritu Saindua, aita eta semea. Aingeru buruak haien inguruan. Aingeru buru mordoa, begiak zabalik, erretaulako zerua nahasten. Zeru hori itsaso zikin bat dela esanez; agian, zerua itsaso zikin bat dela esanez. Hemen elkartzen dira Sarrionandiaren eta Larralderen kantuak; hemen gurutzatzen dira bien erbesteak. Hemen ere badago inon ez dagoena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna