Albistea entzun

UDAKO SERIEA. Ezkutuko ezinbestekoak Anartz Gisasola Balentziaga (Eibar, 1977)

Ikusezina baldin bada, askoz ere hobeto

Hamar urte pasa daramatza besteak beste Fermin Muguruzaren zuzenekoetako 'pipa' edo 'backliner'-a izaten. Karga eta deskarga lana egiteaz gain, oholtza ordenatzen du, eta sor daitezkeen ezustekoak konpontzeko dago: «Erosotasuna eskaintzen diegu musikariei».
Kokein, Inoren Ero Ni eta Anarirekin ere lan egin du Gisasolak, esaterako.
Kokein, Inoren Ero Ni eta Anarirekin ere lan egin du Gisasolak, esaterako. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Igor Susaeta -

2015eko abuztuak 11 - Eibar

Fermin Muguruza eta Kontrakantxa Banda No More Tour 2013 bira abiaraztekotan zeuden urte hartako apirilaren aurreneko egunetan. Hasteko, emanaldi sorpresa bat eman behar zuten Hondarribiko Psilocybenea aretoan (Gipuzkoa). Oholtzara igo baino bizpahiru ordu lehenago, zuzenekoaren xehetasunak zehazten ari zen Muguruza batarekin eta besterekin. Agertokia ordenatzen ari zitzaionari, ordea, onespen keinu bat besterik ez zion egin. Nahikoa. Hari buruz galdetuta, «bihotz erraldoiko animalia bat» zela argitu zuen, miresmenez, Muguruzak. «Anartz Gisasola da».

Ez zekien Muguruzak hala definitu zuenik. «Polita da halakoak entzutea...», bota du, umil. Gisasolak «erosotasuna» eskaintzen die musikariei bere egitekoarekin. Arduratzen da zuzenekoetan ezinbestekoak diren elementuak kontzertuaren tokira garraiatzeaz; horiek deskargatzeaz; instrumentuak garbitzeaz eta afinatzeaz; anplifikatzaileak, kableak eta beste oholtzan behar bezala kokatzeaz; emanaldian, agertokiaren albo batean adi eta musikarien zerbitzura egoteaz; eta, behin bukatuta, denek alde egin dutenean, argia itzaltzear daudenean, «traste guztiak» atzera jasotzeaz eta berriro lokalera eramateaz.

Karga eta deskarga lana dirudi lehen begiratuan, baina haren beharrean bada zeregin bat are ezkutukoagoa izan daitekeena: oholtzaren bazter batetik, musikarien lehen lerroari eta atzeko atalari so egoten da, musikariei zuzenekoaren gauzak direla-eta gerta dakizkiekeen ezustekoak ahal bezain pronto eta ahalik eta azkarren konpontzeko. «Hogei begirekin egon behar duzu». Egoera kontrolatzea da bere egitekoa. «Agertokira zenbat eta gutxiago atera, hobeto. Hori da gure filosofia. Seinale ona izaten da». Publikoaren begietara ikusezina baldin bada, beraz, primeran. Backliner edota roadie-ak dira.

Euskal Herrian pipa ere esaten zaie. Gisasolak ez daki zergatik. «Izango da, agian, gauzak pi-pa batean egiten ditugulako?», erantzun-galdetu du. Orain 20 urte pasa ere ez zekien zertan zebilen, zehazki, herriko Luther taldekoei laguntzen hasi zenean. «Pare bat garagardoren truke egiten nuen». Kokeineko eta Kafhako lagunekin jarraitu zuen ofizioa fintzen, artean horretaz kontziente ez zen arren. «Kuriositatez hasten zara. Plana zen kontzertura joan, deskargatzen lagundu, garagardo batzuk edan, afaldu —adibidez, Legazpiko gaztetxean—, kontzertua ikusi, eta poz-pozik buelta etxera».

Konturatuta zegoen, dena den, gustuko zuela hura. «Interneten eta aldizkari espezializatuetan irakurtzen nituen gauzak». Badira hamabost bat urte horrela ateratzen duela bizimodua, baina inflexio puntua, nolabait esatearren, 2004an heldu zen, Muguruzak deitu baitzion bere kontzertuetako backliner-a izateko eskainiz. «Uste dut Sorkunek esan ziola Eibarren bazegoela Anartz izeneko tipo bat...», kontatu du. Hamar urte baino gehiago daramatza Muguruzaren aldamenean, eta, aipatutako taldeez gain, Manu Chao, Anari, Cobra, Inoren Ero Ni eta beste zenbaitekin lan egin du.

Sorkunek izendatutako morroi hura tailerretan lan egindakoa zen. Orain, egunero ez dauka zortzi orduko zeregin bat, baina, kontzertu batera joan beharra daukanean, fabrikan zebilenean baino ordu gehiago egiten ditu etxetik kanpo. «Bira handiren baten atarian, entsegu batzuetara ere joaten naiz. Dena den, tartean-tartean baino ez da hori gertatzen», argitu du.

Taldekoekin hitzordua adostu, eta kontzertuaren tokira. Furgonetatik trasteak deskargatu, oholtza prestatu, eta gitarra eta baxuak afinatzen ditu, nahiz eta ez dakien ez bata eta ez bestea jotzen. «Tresna bat daukagu, eta hark markatzen dit nota egokia jotzen ari ote naizen». Batzuetan, gitarristak nahi duenaren arabera, sokak ere aldatu behar izaten dizkio instrumentuari —bina baxu eta gitarra eramaten dituzte kontzertuetara, normalean—; eta garbitu ere egiten ditu, aurretik eta ondoren: «Badakizu, izerdia, edariren baten zipriztinak...». Soinu frogarako, musikariek dena prest edukitzen dute. Bakarrik lan egiten du Gisasolak berez, baina onartzen du monitoreetako teknikarien eta soinu eta argi teknikarien artean elkarri laguntzen diotela, «baldin badaude».

Oholtzaratzea, neurtua

Oholtza txiki, ertain eta handietan lan egitera ohituta dago. Azken horietan, instrumentuak alokatzen dituen enpresa batekin aritzen da, Donostiako eta Gasteizko jazzaldietan, Miarritzeko Big Festibalean, BBK Liven edo, besteak beste, Azken Rocken lan egiteko kontratatzen dituztenean. Oholtza ez oso handiak eta ez oso txikiak atsegin ditu lanerako, «Gazteszena bat, esaterako».«Jaialdi horietara datozen izarrek zenbait instrumenturen xehetasunak ematen dizkiete antolakuntzako produkzio sailekoei, eta horiek gurekin jartzen dira harremanetan. Honek nahi du piano hau, besteak beste bateria hori....», azaldu du. Gero, izar horien managerrei eskaintzen zaizkie instrumentu horien alternatibak, «eta negoziazio prozesua hasten da».

Kasu horietan ere ofizioaren zereginik prosaikoena gauzatzen du: deskargatu, muntatu... Agertokira igotzen da, baina laguntzaile moduan, «talde bakoitzak, normalean, bere backliner propioa ekartzen baitu»; oholtzan berea egiten ari direnei erosotasuna eskaintzen dien pertsona hori, alegia. «Musikariei konfiantza transmititu behar diegu: dena kontrolpean daukagula, arazoak konpontzeko gaudela. Arin-arin ibili behar duzu, baina lasaitasuna erakutsiz. Urduri zaudela ikusten baldin badute...».

Izan ere, taldeen «eszenaratzea» gauza oso neurtua da. Dena zehaztuta egoten dela dio Gisasolak. Horregatik, adi jarraitu behar dio kontzertuari: «Jakin behar duzu zein abestitan doazen, zein instrumentu behar duen musikariak, zein afinazio eduki behar duen gitarrak aldatzekotan...». Eta instrumentu hori aipatuta, aski ohikoa izan daitekeen ezustekoa: sokak haustea. Hortaz, erreminta kaxa txiki bat eramaten du Gisasolak aldean.

Kontzertua hogei begirekin ikusi behar izanagatik, nahiz eta aisialdia zuena ogibide bilakatu, kontzertuekin gozatzera iristen da. «Gainera, urteekin ikasten duzu sor daitezkeen egoerei, akats horiei, aurrea hartzen».

Tapoiak belarrietan

Eta ibili horretan konturatu da musikariek estimatzen dutela bere egitekoa. «Kontratatzen baldin bazaituzte da zugan konfiantza daukatelako, ezta?». Egindako lanaren aitormena ere jasotzen dute. «Gauzak ondo ateratzen direnean, bai». Pentsatzen du baietz, akordatzen direla haietaz. «Normalean, ez gaudenean», bota du, umorez. «Adibidez, deitzen dizute, eta esaten diezu ezin duzula joan. 'Jo, Anartz...', erantzuten dute. Eta zuk: 'Zer moduz kontzertua?'. Eta haiek: 'Ba, zutaz akordatu ginen asko, ze...'. Orduan dator aitormena!», bota du algaraka.

Gisasolari tokatzen zaio, gainera, kontzertuen ondoren era guztietako eskariak egiten dituzten ikus-entzuleei jaramon egitea, trasteak biltzen ari den bitartean. «Jendea hasten zaizu puak eta bateriaren makilak eskatzen, eta ez dakite bateria jotzaileak igual 100 euro gastatu dituela sorta batean. Esaten diet ezin dizkiedala eman, eta noizbait iraindu egin izan naute [barrez]. Tira, askotan joaten naiz belarrietan tapoiak jarrita, beraz... [barre gehiago]». Oholtzan ez dagoenean ere ezagutu izan dute, noizbait, zaleek..

Ez da, baina, hain barregarria backliner-ek gaur egun bizi duten egoera. «Orain urte batzuk lan gehiago egiten genuen». Ez daki zenbat gremiokide dituen; hamar bat, gehienez jota. Baina gutxi dabiltza profesional gisa. «Alvarorekin daukat harremana, Berri Txarrak-ekin lan egiten duenarekin». Udan, eusten diote, baina negua oso luzea izan daiteke. «Egoera ekonomikoa dela-eta, talde batzuek, figura bat kendu behar baldin badute, gurea kentzen dute. Muntatzen eta desmuntatzen badakitenez, soinua lehenesten dute, eta teknikari bat eraman».

Bizi du ofizioa. Kontzertua bukatu, eta taldekideekin trago baten bueltan emanaldiko «jokaldi onenak» komentatu ondoren, etxera buelta. Eta hor, bidearen ilunean, pentsatzen hasten da: sartu ote dut hau furgonetan? Eta bestea? «Joaterakoan ere burutazio horiek edukitzen ditut». Ohikoa da, esaterako, galtzetako patriketan torloju edo giltzaren batekin topo egitea oheratzerakoan.

Usu gertatzen ez dena da Euskal Herriko talde batekin munduan zehar biran aritzea. Muguruzarekin ibili da Gisasola, eta nabarmendu du oso nekagarriak izaten direla bukaera aldera. «Hasieran, indartsu zaude, baina, alde batetik bestera zabiltzanean hamabost egunez, hilabetez, bukaerarako amorratutako txakurra bezala egoten zara». Huskeriak taldekideen arteko arazo iturri bihur daitezkeen puntu horretan, Gisasolari inoiz baino ezinbestekoagoa iruditzen zaio elkar animatzea.

Eta iristen da azken kontzertua, eta «jostorratz bat ere ez da kabitzen plazan», eta taldeak erabat bat eginda jotzen du... «Eta sentsazio hori da la hostia». Musikaren mesedetan, taldeen bihotz erraldoiko animalia ahalik eta ikusezinena izaten jarraitzeko gogoz dago.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Tokiko zinema bat pentsatzeak mesede egingo luke»

Andoni Imaz

Zinemaren industriatik aparte dabil Costa eroso, eta bide horren balioa defendatzen du, autore zinema «ustelaren» aurrean. Miresten dituen zinemagileak ekartzen ditu ahotara maiz: «Poesia galtzen ari da».
Maïwenn zinema zuzendaria, duela bi aste, Cannesen. ©MOHAMMED BADRA / EFE
Josu Penades idazlea, atzo, Donostian, eleberria eskuetan duela. ©JON URBE / FOKU

Egarriak asetzeko hiru motibo

Naroa Torralba Rodriguez

Josu Penadesen 'Egarria' eleberria eman du Alberdaniak. Aita-seme batzuk ditu protagonista
Zetak taldea, azkeneko Herri Urratsen ©Patxi Belzaitz

Zetak, Krav Boca, FM Belfast eta J Martina batu dira EHZ jaialdiaren programaziora

Mikel Lizarralde

Aurretik iragarritako artistez gain, honako hauek ere izango dira Euskal Herria Zuzenean festibalean: Billie Brelok, Daudane, François del Mundo, Ixabe, Nize, Ztah, DIA DJ's, Atzarbale, Sofa, Pisoo & OPH eta Estelle D. Modu horretan, itxita utzi dute ekainaren 30ean, uztailaren 1ean eta uztailaren 2an Irisarrin (Nafarroa Beherea) egingo den jaialdiaren egitaraua.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...