Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

UDAKO SERIEA. Nola sortu genuen... (II) Bertso eskola. Xabier Amuriza eta Juanjo Uria

Ikasi ezin zena irakasteko erronka

Bertso mundua eraldatu egin zuten bertso eskolek. Transmisioa ziurtatu, bertsolaria jaio egiten zelako mitoa eraitsi, eta zabaldu egin zituen plazako bertsolaritzaren ateak aurrez mundu horretatik kanpo egondako kolektiboentzat. Amurizak ezarri zuen oinarri teoriko nagusia, eta Uriak praktikara eraman zuen, Hernaniko Langile ikastolan.
Juanjo Uria eta Xabier Amuriza,Hernaniko Langile ikastolakogela batean.
Juanjo Uria eta Xabier Amuriza,Hernaniko Langile ikastolakogela batean. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz -

2015eko abuztuak 26 - Hernani

«Ez pentsa hemendik bertsolaririk aterako denik, e!». Iraultzan izena eman eta aldi berean iraultza alferrekoa izango dela esaten dutenen aire nahasiarekin onartu zuen Juanjo Uriak Hernanin bertso eskola abiatzea (Gipuzkoa). Barrez errepikatzen du orain esaldia, baina benetan sinesten zuen 1983an lehenengoz esan zuenean. «Ez pentsa hemendik bertsolaririk aterako denik, e!». Azalpena gero: «Garai hartan oso indartsu zegoen oraindik bertsolaria jaio egiten delako mito hura. Xabier Amurizak esan zuen arte ezetz, bertsotan ikastea ere bazegoela, baina guk hori oso barneratuta geneukan». Uria izan zen Amurizak 1980ko hamarkadan sortutako bertsolaritza ikasteko teoriak eta metodologiak praktikara eraman zituenetariko bat. Eraldatu egin zuten saio haiek bertsolaritzaren historia, baina, Uriak aitortzen duenez, hasi, erabateko federik gabe hasi zuen iraultza. Eta barkamen eskaria horregatik umorez, aurrez aurre duen Amurizari: «Barkamena eskatu beharko diat, teorizazio erraldoi haren aurrean hain fede gutxi izateagatik. Geroztik konpletoa zeukaat». Hernaniko Langile ikastolan batu ditu bi eragileak BERRIAk; Euskal Herriko lehen bertso eskoletako bat sortu zen leku berean. Uria eta Amuriza. Teoria eta praktika. 30 urte pasatu, eta biak ikasle aulkietan eserita.

«Jolas orduan jolasten ari zinela, gizon bat inguratu eta whiski pixka bat nahi al duzun galdetu dizu. Zer erantzun diozu?». Ordenan dakartza eskola haietan erabilitako paper guztiak Uriak. Eta bertan dator koplak lantzeko gai proposamen hori. Horiztatu egin ditu denborak orriak nabarmen, baina egunez egun dauzka bilduta ariketak, ordena zorrotzean, eta zehatz gogoratzen du lehen eskola ere. «Lantokitik arratsaldeko bostetan atera nintzen, eta ikastolan dozena erdi bat andereño zeuden umeak geldi-geldi egon zitezen ni etorri arte. Ixiar Otamendi, Ixiar Egiguren, Eli Igartzabal, Begoña Goia... 'Kantatzen ibiliko gara, eta ikusiko duzue nola zaletuko zareten!'. Andereñoak joan ziren, eta 40 umeko taldearekin gelditu nintzen. Aurreneko bertso sorta eraman nuen; harekin hasi ginen, eta horrela bost urte». Horiexek iraultza martxa baten lehen notak. Hor bertsolaritza modernoaren mugarrietariko bat. 40 neska-mutiko kantuan arratsaldez.

Hiru galdera setati

Hiru galdera ditu gogoan Amurizak. Bertsolaritzari buruzko hitzaldia joan eta hitzaldia etorri, behin eta berriz errepikatzen zizkioten hiru galdera. «Lehenengoa: bertsolaritza berezkoa den ala ikas daitekeen. Bigarrena: euskaldun berria izan daiteke bertsolari? Eta hirugarrena: neskak ere bai, ala ez? Hitzaldietako galderak ziren, ze ikastaroetan nola planteatu ea emakumeak bertsolari izan daitezkeen ikastaroko erdiak neskak baldin badira?! Tabu horiek erori ziren berehalaxe eskoletan, baina bertsolaritza zabalean luzeago iraun dute. Euskal Herriko txapelduna Maialen Lujanbio izan ostean, eta Bizkaiko bi txapeldun euskaldun berriak izan ostean, ez dute zentzurik galdera horiek, baina orduan bai egiten ziren. Etorri egin behar zuen frogak».

Biltzeko erein egin behar, ordea, eta kasu honetan, hain zuzen ere, Amurizak eskainitako hitzaldi sorta bat izan zen Hernaniko eskolen abiaburua. Urtebete eman zuen astero bertsolaritzari buruzko hitzaldiak eskaintzen udaleko bilkura aretoan. «Euskararen egoera tamalgarria zen, eta bertsoarena zer esanik ez». Labur egin du garai hartako erretratua Uriak. «Euskararen arlo horretan egin beharrekoak akaso egin genituen, baina bertsoaren alorrean ez zitzaigun gauza askorik bururatzen. Arrisku ikaragarria zegoen belaunaldien arteko etena etortzeko. Edadean aurrera zihoazen lau bertsolarik edo sasi-bertsolarik kantatzen zuten, baina hor sekulako etena eta 30 urteren aldea zegoen batetik bestera. Orduan pentsatu genuen ikastaro bat egitea eta gidari Xabier Amuriza izatea. Oso arrakastatsua, emankorra, jendea gustura...». Eta handik tiraka, sortu zen bertso eskola. Uriak, borobil: «Eskola hori izan zen hitzaldi haien ondoriorik inportanteena».

Safariko bertsolaritza

Amurizak gogoan du Hernanin emandako urtea. «Erromantizismo puntu bat ere bazegoen han. Apoteosikoa izan zen». Neska-mutiko, heldu eta zahar, 40-50 bat lagun entzule, eta bera hizlari. «Gauza bat zegoen denek zekartena: ilusio handi bat. Ikastaroa bukatu eta jarraitzen genuen tabernan-edo, eta hilean behin afaritxo bat egiten genuen eta... sortu zen giro oso konpaktu bat eta giro oso handi bat. Izan zen ederra». Ikastaroa amaitu zen, ordea, eta segida eman nahi. Orduan botatako esaldia bota du orain bertsolariak. «Jarraipena garantizatu behar da hemen. Hemen amaitzen badugu, akabo. Ni etorri naiz, baina ni banoa». Eta bertsolariak eraikiko zituen eskolak eraiki behar, beraz.

«Bertso eskolena izan zen pare bat urtean Euskal Herrira zabaldu zen halako birus zorioneko bat». Amurizaren hitzetan, transmisioa izan da Hernaniko eskolaren eta parekoen lorpen nagusia. «Safari gisakoa zen orduan bertsolaritzaren transmisioa; bakoitza bere tranpekin. Hona joan eta hori ikasi, hara joan eta hura ikasi, erromerian entzun, tabernetan... Baina 80ko hamarkadan gune horiek aldatuta zeuden, eta tabernara joanda telebista edo irratia martxan egongo ziren. Eta Hernanin etenda bazegoen, pentsa beste tokietan. Hori antolatu egin behar zen; bestela, ez zegoen transmititzerik. Lanketa, giroa eta zirkuituak bertso eskolen inguruan sortu ziren».

Kartzelan sortu zen teoria. 1968tik 1975era izan zen espetxean Amuriza, eta bertan ezarri zituen bertsolaritza irakasteko metodo eta teoria nagusiak. Hiztegi Errimatua eta Hitzaren Kirol Nazionala kartzelan idatzi zituen, eta hor hasi zen iraultza teorikoa. Sinplea zen oinarrizko formulazioa: bertsolaritza ikasi egin zitekeen. «Ez medikuntzan, ez eskulturan, ez beste inon ere ez zen planteatzen hori berezkoa zenik. Bertsolaritzan, bai. Mito hori bazegoen hor, baina ez zuen zentzurik. Errimak atera nituen kartzelatik eta bertsolarien artean zabaltzen hasi nintzen. Bertsoak egiteko aldez aurretik bete beharreko mekanismo batzuk badaudela banekien, eta, horiek deskubrituz gero, zergatik ez nituen emango, ba? Deskubritu eta sistematizatzen badituzu norbere burua hausten ibili gabe, ba, listo. Sistematizazio hori egin aurretik zuk zeuk ere ez dakizu funtzionatuko duen ala ez, baina eginez ikusten da hori. Bertso eskoletan orduan gehien neuk ikasi nuen».

Euskararekin kidetuta

Aitor Mendiluze, Unai Agirre, Gorka Tolosa... Zerrendan gogoratzen ditu ikasle izan zituenak Uriak. «Gu abiatu ginenean ezer ere ez zegoen. Amurizaren ikastaro hura, baina hura bukatu zen. Beste ezer ez zegoen. Handik aurrera abiatu zen Urumea ikastolako bertso eskola, Ereñozu ikastolakoa eta Langile ikastolakoa. Ikastoletako eskolak batu eta herriko bertso eskola sortu zen gero, eta gazteen bertso eskola heldu zen umeena abian jarri eta lau bat urtera. Eta hortik soka luzea etorri zen. Oso soka luzea». Eta jarraitzen du zerrendak Uriaren ahotik: Paulo, Unai, Maialen, Estitxu, Ixiar, Aitor, Iñaki, Gorka...

Ez zen bertsolaritza soilik. Euskararen aldeko mugimenduarekin kidetuta gogoratzen du Amurizak bertsolaritzarena, adibidez. «Oso urte beroak ziren; bazegoen halako pizkunde gogo bat eta halako buelta emateko gogo bat. Ilusioa eta ametsa bazegoen, eta sinistu ere egiten genuen. Beharbada, gaur baino gehiago sinistu genuen. Eskolena zabaldu zen Gipuzkoan, eta Bizkaian eta Nafarroan ere bai. Bertso saioak ere, gora. Txapelketek ekarri zuten espektazioa. Dena joan zen bola handituz». Eta eskutik bertsolaritza eta euskararen mugimendua ere. «Toki askotan euskararen alde zerbait egin nahia eta egiteko gogoa nonbait konkretatu behar, eta, orduan, ttak: bertsolaritza. Bilbo aldean eta Bizkaian eta Ezkerraldean bertsolaritzak helburu printzipala du, baina beste helburu sekundario edo berdin primordial asko dauzka inguruan. Bertsolaritzak funtzionaltasun hori bete zuen euskararen inguruan. Azken batean, euskararen alde egitea bai, baina zer antolatuko dut euskararen alde? Berehalaxe etortzen zen bertsolaritza toki askotan. Horiek antolatzea ez zen zaila, eta arrakasta hortik ere etorri zen».

Zaila ez, baina antolatu egin behar. Eta hor Uriaren dema. «Zer gertatuko zen jakin gabe abiatu ginen», aitortu du. Besapean ekarritako paper horituek balio dezakete orain bertso eskolekin zer gertatu den azaltzeko; Uriak orain 30 urte ordenatuta gordetako paperak desordenatzen jarraitzen baitute neska-mutilek gaur egun eskolaz eskola.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Amaia Ezpeldoik aldez alde kanbiatzen ikusi du Euskal Herria»

Gorka Arrese

Amaia Ezpeldoi izena du Itxaro Bordaren pertsonaia literario nagusiak. Hiru hamarkada zeharkatu ditu, mende batetik bestera. Nobeleskoa da, detektibea delako; benetakoa dirudi, fikzioaz honago dagoelako.
Stanislaw Lem, 1962an, Krakovian (Polonia). ©EFE

Itsasoa, itsasoa

Joannes Jauregi

Stanislaw Lem idazle poloniarrak ehun urte beteko zituzkeen aurten, eta duela hirurogei kaleratu zen haren obra nagusia, 'Solaris' eleberria; nobela bikaina da, klasiko peto-petoa.

Mikrotasuna

Nagore Fernandez

Idazlea: Joxemari Iturralde. Argitaletxea: Pamiela.

Mamua galdekatzeaz

Asier Urkiza

Idazlea: Juanjo Olasagarre. Argitaletxea: Elkar.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iñigo Astiz

Informazio osagarria

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.