UDAKO SERIEA. Sortzailea eta konplizea (eta VI). Xabier Montoia eta Ibon Rodriguez

Kantuaren alde beti

Lanean elkar ezagutu zuten, aspaldi. Musikarekiko ikuspegia zabaltzen eta aurreiritzirik gabe jokatzen irakatsi dio Montoiak Rodriguezi. Beteranoenak kidearen jakin-mina eta beldurrik eza estimatzen ditu.
Xabier Montoia eta Ibon Rodriguez, Donostiako lur azpiko aparkaleku baten eskaileretan.
Xabier Montoia eta Ibon Rodriguez, Donostiako lur azpiko aparkaleku baten eskaileretan. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Igor Susaeta -

2014ko abuztuak 17

Xabier Montoia existitzen zela bazekien Ibon Rodriguezek. M-ak taldearen berri ere bazuen, bai, baina oso gainetik. «Noski, ez zinen bakarra», erantzun dio Montoiak. Gisa horretako beste hainbat ateraldi umoretsu-ironiko botako ditu solasaldian. Lanean elkar ezagutu zuten, 1999an; Iurretan (Bizkaia), EITB-ren orduko egoitza nagusian. Hango fonotekan eta korridoreetan topo egiten zutenean, musikaz mintzatzen ziren batez ere. Fugazi, Dut, «eta gauza horiek» aditzen zituen orduan Rodriguezek, eta musikarekiko aurreiritzirik ez edukitzen irakatsi zion Montoiak, pixkanaka.

Bizpahiru urtez izan ziren lankide, eta hamabost urte geroago adiskide eta konplize dira. Montoiak dio Rodriguez pertsona oso ernea dela, jakin-min handia duela: «Ez da ezerekin eskandalizatzen, eta gauzak auzitan jartzeko prest dago beti». Hori gauza oso arraroa da bietan, beteranoenaren iritziz. Pertsonalki, gainera, «morroi zoragarria» iruditzen zaio. «Ez dizut inoiz esan, ez? Deklarazio bat dirudi...». Barreak.

Duela urte batzuk hasi ziren elkarrekin musika sortzen: Montoia Deus guti-ren —grabatu baina inoiz argitaratu ez zuen disko elektronikoaren— zamatik libratu zenean, hain zuzen ere. Prozesu hura «tortura bat» izan zen Montoiarentzat, eta gero igaro zuen bolada luze samar bat non musika nota bat bera ere ezin zuen aditu. «Ibonengatik ez balitz, nik, segur aski, ez nukeen beste diskorik egingo edo jendearen aurrean kantatuko». Eta ondu zuten Montoiaren mundu miresgarria (Bidehuts, 2011), Maite Arroitajauregi Mursego-rekin batera. Gutxiago gehiago da leloaren esanahia zukutuz, zeukaten elementuekin moldatuz, muga musikalak mentalak besterik ez direla barneratuz, eta Rodriguezek nabarmendu moduan, haien ibilbide artistikoa laburbiltzen duen lelo propiora lerratuz: «'Kantuaren alde beti'».

Fonotekan lanean ari zenean, Montoiak Madonna, adibidez, gustatzen zitzaiola adierazi zion behin. «Fonotekan arituta, banuen ikuspegia zabaltzeko grina, baina Montoiak eman zidan behar nuen bultzada». Talde batez, besteaz edo hartaz hitz egiten zuten, baina Montoiak inoiz ez zion disko bakar bat ere eman eskura. Garai batean hala jokatzen zuela baina askotan ez zizkiotela bueltatzen dio. «Edo itzultzekotan, urratuta, apurtuta... Hortaz, zoritxarrez, inoiz ez diot inori ez liburu ez disko bat utziko berriro. Hori ikasi dut, behintzat».

Ordurako ibilbide luzeko musikaria zen, eta hasiberriagoa, aldiz, Rodriguez. Kide eskarmentudunari balizko erantzunaren beldurrik gabe pasatzen zizkion, ordea, sortzen zituen maketak. Alderantzizkoa ere gertatzen zen. Rodriguezek gogoratu du nola entzun zuten, elkarrekin, fonotekan, Ni ez naiz Xabier Montoia diskoa (Metak, 2002), artean kaleratu gabe zegoenean: «Oroitzen dut azaldu zidala nola zegoen grabatuta gauza bakoitza...». Lagunak ziren jada. «Orain askoz ere lagunagoak, noski», zehaztu du Montoiak.

Harremana galdu zuten, ordea, Montoia EITBren Miramongo (Donostia) egoitzan hasi zelako lanean. Biek jakinarazi dute haien memoria ez dela oso ona, baina iruditzen zaie pare bat urte-edo pasatu zituztela ia elkarren berri izan gabe. «Bere kontzertuetara joaten nintzenean berreskuratzen genuen harremana». Esteban Urkiaga Lauaxeta-ren omenezko Ehungarrenean hamaika disko kolektiboaren (Gaztelupeko Hotsak, 2005) aurkezpen emanaldietan parte hartu zuen Montoiak 2005-2006an; gainera, Deus guti-rekin zegoen kateatuta...

Lily Allenen kantu hura

Beste batzuen bidez zekien hori Rodriguezek. Garai hartan Eten-ekin disko bat grabatu zuen Beran (Nafarroa), eta haren ale batzuk oparitzera hara joan zen batean kontatu zioten hangoek —Berako musikarekin ondu zituen Montoiak 1995 eta 2002 arteko lau diskoak—. «Diskoaz galdetzea alferrik zen, beti egoera berean zegoen eta», azaldu du Rodriguezek. «Noski; hiru urte horrela, gutxienez...», erantzun dio Montoiak, itolarri keinua eginez. Rodriguezek pentsatzen du Montoiak «pot egin» zuela. «Makinak eta erabili behar zituenez, bere eskuetatik ihes egin zion... Bere buruak musika gehiago sortzen zuen, baina ez zihoan bide horretatik. Kontua izango balitz musikaz ez zuela ezer jakin nahi, bada nik ez nuke bultzatuko...». Jarraitzera animatu egin zuen, beraz.

Baina autoan zihoala, Montoiak nahiago zuen motorraren burrunba musika entzun beharrean. Pairatzen ari zen sufrikarioak osasunari ere eragin zion, eta urdaileko arazo batzuk direla medio, ospitalean ere egon zen gaixo. Gogoratu ere ez du egin nahi. Harik eta, hark dioen bezala, epifania bat gertatu zen arte; Lily Allenen abesti batekin topo egin zuen arte «Begira zein ergelkeria. Etxera iritsi nintzen goizeko ordu batean, piztu nuen telebista, eta ari ziren programa baten errepikapena ematen —nazka ahotsa jarri du—. Eta bat-batean, azaltzen da 17 urteko neskato hura, hasten da kantua, dekorazio nazkagarri batekin, jotzen ez zuen orkestra batekin.. Erokeria bat...». Bi akordeko abesti hori aditzean, ordea, zerbaitek «klik» egin zuen bere baitan, eta ordura arte buxatuta eduki zituen belarriak zabaldu zizkiola aitortu du. «Ez zen gauza batere selektoa, mundu osoan modan zegoen abesti bat baizik».

Handik gutxira kidearen hitz egiteko modua pixkanaka aldatzen hasi zela esan du Rodriguezek: «Lehen ezer jakin nahi ez, eta gero hasi zen esaten: 'Tira, gera gintezke...'». Atzera begira jarrita, mugarria izan zen Allenena, Rodriguezen aburuz. «Asko poztu nintzen». Montoia ere bai: «Fantasma bat akabatu nuen, eta hortik aurrera arnasa hartu ahal izan nuen, eta, nolabait, nire onera bueltatu. Bizitza osoan musika besterik ez zait interesatu eta!».

Daukatenarekin moldatuz

Ibai Gogortzarekin batera (Borrokan), Beran hilabetean behin entseatzen hasi ziren. Zeukatenarekin, bide baten bilaketari ekin zioten, Rodriguezen esanetan. «Kontua ez zen bateria jotzaile edota baxu jotzaile bat bilatzea». Montoiaren abestien bertsioak egiten zituzten; «eta Allenena ere bai, ezta?», gehitu du, Rodriguezek, jostari. Gogortzak taldea utzi zuen bi urteren ondoren, eta Mursego batu zitzaien.

Konplizearen ahalmen musikalaren gainetik, Montoiak estimatzen zuen, batez ere, harekin jotzeak ez ziola estresik eragiten. «Biok genekien zein bitarteko genituen, eta horrekin moldatu behar genuen. Lasaitu egiten ninduen horrek». Biek «minimal» aldera jotzen dutelakoan dago, gainera: «Ez da gauza bera gitarra eta piano batekin joatea, edo horri bateria gehitzea; batez ere bateria! Behar duzu furgoneta bat... Dena konplikatzen da». Rodriguezek bota du kideak IZ estudioetan grabatzen zituela diskoak lehen eta bere kabuz egin behar dituela orain. Montoiak erantsi du autogestioranzko bidea egin duela, baina ez berak aukeratuta, errealitateak behartuta baizik: «Orain etxean ikusten ditut diskoz betetako kaxak... saldu gabekoak... Orain ikasi dut hori; zer egingo diogu bada». Kideak kontatutakoari zera gehitu dio Rodriguezek, zorrotz baina txantxetan: «Lehen ez zenuen saltzen, baina ez zenuen ikusten...».

Montoiak badauka prestigio bat euskal kantugileen artean, baina Rodriguezek ez du inoiz presiorik sentitu harekin sortu behar duenean. «Esango nuke ezetz, lagunak ginelako aurretik. Baina izango balitz ez dakit nork, Alex Ubagok esaterako, esaten didala 'jo nirekin', bada...».

Ariketa memoristiko bat eginda, Montoia konturatzen da ia beti musikari handiekin jo izan duela. «Zorte handia eduki dut». Haren hitzetan, Rodriguezekin oso eroso dabil. «Ez da harekin borrokarik egin behar, eta hori gauza handia da». Esaten dizkion talde guztiak ezagutzen ditu, gainera. Adibide bat jarri du bat egite hori zehazteko: «Nik ematen diot erreferentzia bat, ez dakit zer, eta berehala dakit ulertu duela. Aipatzen diot, esaterako, The Ocean [Richard Hawley-rena], eta ez diot gehiago esan behar! Badaki zertaz ari naizen; ez zein kantaz, baizik eta kanta horretan nabarmendu nahi diodanaz».

Ego borrokarik ere ez dute haien artean. «Badakizu zergatik? Hemen ez dagoelako ezer irabazteko, banatzeko», azaldu du Montoiak. Hori gabe ere egon daitezke lehiak... Rodriguezek haien leloa aipatu du: «'Beti kantuaren alde'». Orduan, Montoiak dio, lasai asko, ez lukeela abesti bat berak kantatuko kantuak hala eskatuko balie.

Kantu horien eraikuntza prozesuak hainbat atal dauzka, eta zuzenekoak asko gustatzen zaizkion arren, Montoiak gehien maite duena abestiak idaztea da: «hitzak eta doinua». «Jotzen ditu gitarrarekin berak asmatutako akorde batzuk. Berrasmatu egiten ditu...», esan du Rodriguezek. Zeinen hitz ederrak: «Dekonstruitzea, deseraikitzea...», kideak albotik. Eta barreak. Lagunak dira. Betiko irratikasetean eta betiko kasetean erregistratzen ditu sortzen dituen kantuak, eta paper baten apuntatzen du zein akorde dituen, eta baita hitzen zirriborroak ere.«Alferkeriagatik» jarraitzen du horrela: «Ez dut sakelakorik: nola edukiko dut bat makina sofistikatu bat!».

Sortzen duen hori Rodriguezi pasatzen dio. «Bera izaten da entzuten duen aurrenekoa». Eta kideak trabaren bat-edo jartzen badio, «zuzen-zuzenean» sartzen du tiraderan. «Erabateko konfiantza dut bere irizpidean». Rodriguezek hasieran ez dio esaten zerbait «txarra» denik: «Baina igual, lantzen hastean, konturatzen gara ez duela aterabiderik. Bera egon da sortzen eta errespetua zor diot; zerbait ikusten du, eta agian ni naiz hori ikusten ez duena... Belarriak beti zabalik eduki behar dira». Kantu batek bide bakarra ez duela pentsatzen du. «Nire iragazkia aplikatzen diot; momentu horretan onena dela iruditzen zaidana». Betiere, Montoiaren esanetan, aditzen duenaren eta bere kulturaren eta gustu estetikoen arabera.

Oso noizean behin geratzen dira orain —Luis Fernandez txelo jotzaileak Mursegoren tokia hartu zuen orain urtebete pasatxo—, eta Donostiako lagun baten garajean entseatzen dute. Baina jotzea bezainbeste atsegin dute jo behar duten horretaz hausnartzea. «Bestela... Ia edozein artetan, tira, bizitzan egia esan, mila aukera daude, baina bakar bat hartu behar da», argitu du Montoiak. Aukeratu aurretik, beraz, ondo pentsatzen dute zer eta nola egin. «Hori da inportanteena; bestea mekanikoa da». Kantuak ere errepasatzen dituzte, kontzertuetara «fresko» heltzeko. «Astero ez dugu jotzen eta», Rodriguezek. «Ez, horixe; hilero ere ez!», Montoiak umorez. Udazkenean hasiko dira serioago lanean. Beste disko bat osatzekotan, ordea, ez dute uste aurrekoarekin alderatuta oso diferentea izango denik. «Jauzia ez da handiegia izango...»

Ez zeukaten Montoiaren mundu miresgarria-ri «ukitu klasikoa» emateko asmorik —txeloa, pianoa, ahotsak, ukitu melodikoa...—, baina hala atera zen. «Nolabait, filosofikoki, punketik gatoz. Orduan... Guretzat ez da problema bat edukitzea orkestra bat edo gitarra-jostailu bat. Daukagunarekin egingo dugu», jakinarazi du Montoiak. «Badaukagu gure baitatik sortzen den nolabaiteko jario bat, barne bulkada bat, notetan jartzen duguna. Horra goaz» Zergatik? Ez dakite. Zertarako? Jakizu. Nora? Auskalo. «Baina bagoaz». Eta bada Rodriguezi kuriosoa iruditzen zaion zerbait. «Teknikoki hain musikari txarra izanda (ez baikara kontserbatoriokoak), nik, behintzat, inoiz ez dut sentitu muga teknikorik edota frustraziorik».

Tantatxo batzuk ibaian

Halere, ezer ez dutela asmatu garbi utzi nahi du Montoiak: «Tradizio bat da, eta gu gaude ibai batean non tantatxoak besterik ez garen. Gu baino lehenago egon ziren, eta ondoren ere etorriko dira. Entzun dugu musika bat, bestea, hangoa, hemengoa, oraingoa, aspaldikoa... Hor badago kultura bat. Ez dago beste modurik. Nola igotzen dituzte ba 8.000 metroko mendiak alpinistek? Ba aurrena Aiako Harrira joanez, gero Pirinioetara, gero... Bada, gurea antzekoa da». Jakin-minari jarraituta beste lurralde batzuk esploratuz. «Baina lurralde horiek mendeetan egon dira hor, nahiz eta guk haien berri ez izan».

Beren jardunean aurkitzen dutenarekin ilusioa dute oraindik ere. «Lehengoan, Xabierrek [Montoia] mezu elektroniko bat bidali zidan, emozionatuta, kantu bat amaitu zuela esanez». Kideak daukan kemen hori asko estimatzen du Rodriguezek. Estimatzen du, gainera, pop-az duen ikuspegia: «Bera ezagutu arte, pop hitza gauza bat zen niretzat, eta geroztik beste gauza bat da». Lotzen zuen mainstream kontzeptuarekin, eta orain ez. «Pop musika, musika herrikoia da». Hain zuzen, abestiak egiterakoan poptasun horren bila aritzen direla dio. Kantuaren alde egiten dutelako, hain zuzen. Beti.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Iruñeko Erruki Etxea Nafarroako zahar etxe handiena da eta han pandemiak eragin handia izan du ©Iñigo Uriz

Zahar etxeen tamaina eta kokagunea faktore erabakigarriak izan dira COVID-19aren eraginean

Berria

Nafarroako Gizarte Errealitatearen Behatokiak lurraldeko 74 zahar etxeetan eta 14 menpekotasun zentroetan pandemiaren olatuak izandako ondorioak ikuskatu ditu txosten batean, eta hainbat gomendio eman dizkio gobernuari.

Boris Johnson, rresuma Batuko lehen ministroa, gobernu bilera baino lehen./ ©Neil Hall, EFE

Londresek murrizketa gehiago iragarriko ditu kutsatzeak eragozteko

Arantxa Elizegi Egilegor

Aurreratu dituzten neurrien artean dago tabernak lehenago ixtea eta telelana sustatzea.

Arrauntzeko eskola. Artxiboko irudia. ©Bob Edme

Miarritzeko Andre Maria eskola hetsi dute

Oihana Teyseyre Koskarat

Irakasle batek positibo eman du PCR proban. Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefeturak erabaki du eskola hestea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna