Albistea entzun

UDAKO SERIEA. Etorkinak eta aisialdia (I)

Sarea bilgune

Etxean bezala sentitzen dira Iruñerriko ekuadortarrak ekuaboleia egiteko biltzen direnean. Eskualdeko auzo eta herri askotan paratzen dituzte sareak, jokatzeko. Ongi pasatzeko ez ezik, harremanak egiteko aitzakia ere bada kirola.
Hainbat lagun, ekuaboleian, Iruñeko Donibane auzoko Cuatro Vientos parkean.
Hainbat lagun, ekuaboleian, Iruñeko Donibane auzoko Cuatro Vientos parkean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Iker Tubia -

2014ko abuztuak 26 - Iruñea

Ekuadortarrak non, boleia han». Elios Arteagak sinpleki laburtu du Euskal Herrian nabarmena den errealitatea. APROE Ekuadorren Aldeko Elkarteko kidea da hura, kirolen arduraduna. Iruñerrian, adibidez, anitz dira ekuaboleian jokatzeko aukerak. Arrosadia, Mendillorri, Sanduzelai eta Donibane auzoetan, edo Atarrabia, Antsoain eta Burlata herrietan noiznahi ikus daitezke kirol horren partidak kalean. Ez dago ordena jakinik, baina egunero paratzen dituzte sareak bazkaldu ondoren, eta ilundu arte egoten dira han. Partidek Ekuador gertuago sentitzeko aukera ematen diete.

Donibane auzoko Biurdana parkean egunero elkartzen dira. Han biltzen direnetan zaharrena da sarearen jabea, eta bazkaldu ondoren egunero agertzen da, gazteei jokatzeko aukera emateko. Egunero joaten da; ez du hutsik egiten. Jokalariei so egoten da, aulki txiki batean eserita, edota kartetan beste lagunekin batera. Astegunetan jende gutxiago biltzen da, baina asteburuetan kopurua asko igotzen da. Batzuk jokatzera joaten dira; beste batzuk, besterik gabe, arratsalde-pasa. Seme-alabekin ere agertzen dira haietako asko, parke zabala izanda aukera asko eskaintzen baititu eremuak. «Asteburuan dozenaka lagun biltzen dira, betiere egunaren arabera», azaldu du Arteagak. Hala ere, normalean hogei eta hogeita bost jokalari artean elkartzen dira.

Ekuaboleia aspalditik jokatzen da Iruñean. Ez dira batzen APROE elkarteko kideak; batzuk badira, baina asko eta asko ez daude inolako elkartetan. Angel Prado jokalariak, adibidez, hamabost urte daramatza Iruñean kirol hori egiten; Ekuadortik etorri zenetik, alegia. Asteburuero joaten da Biurdanako zelaira, eta astegunetan ere bai batzuetan. «Kirola egiteagatik nator batik bat, ongi pasatzea gustatzen zaidalako. Gainera, hau da gehien maite dudan kirola», azaldu du.

Harekin batera edo haren aurka aritzen da batzuetan Pablo Mendoza. Aspaldi heldu zen Euskal Herrira. Aitortu du orain lehen baino gehiago agertzen dela jokatzera, langabezian baitago. «Ez dut deus egiteko; laurak edo bostak aldera etorri ohi naiz, eta jokatzen uzten badidate, kirol pixka bat egiten dut», esan du. Lana dela eta, orain arte ezin izan du jokatu, baina aitortu du gogoa eta zaletasuna beti izan dituela. Orain gutxiago jokatzen duela ere onartu du, adinarengatik. «Dena dela, oraindik ere beldurtu egiten ditut gazte asko kantxara sartzen naizenean», esan du, irri artean.

Badakite iruindar batzuei bitxia egiten zaiela ekuadortarrak boleibolean jokatzen ikustea. Ezjakintasunari atxiki diote. Izan ere, haiek jokatzen duten boleibola Ekuadorko kirol tradizionala da. «Han boleibolean jokatzea hemen futbolean aritzea bezala da. Jendeak asko maite du», alderatu du Arteagak.

Boleibolaren aldaera

Ekuabolei esaten zaio, boleibol kirolaren aldean hainbat ezberdintasun baititu. Zelaian hiru hiruren aurka aritzen dira. Jartzailea, zerbitzaria eta hegalaria izan daitezke jokalariak, jokatzen duten tokiaren arabera. Sarea ere ohiko boleibolekoa baino estuagoa da, eta gorago jartzen dute. Futboleko baloia erabiltzen dute, gainera, eta puntuak egiteko modua ere ezberdina da. Iruñean hamabi puntura jokatu ohi dute, nahiz eta hamabost puntura jokatzea oso ohikoa den Ekuadorren. Partidaren erdia zelaiaren alde batean egiten da, eta beste erdia, beste aldean. Berdinketa badago, hirugarren zatia jokatzen da.

Ekuaboleia kirol lokala da Ekuadorren, eta probintziaka antolatzen dira txapelketetarako. Herrialdea hiru eskualde nagusitan dago banaturik: Kostaldea, Mendilerroa eta Ekialdea. Zaletasun handiena azken bietan dago, nahiz eta hiruretan jokatzen den. Iruñean aspalditik bizi den Mendoza, adibidez, Manabi probintziako taldean aritu zen bere garaian. Urrezko sarea jokatzen dute txapelketa nazionalean. «Han jendeari asko gustatzen zaio; koliseoak ere badira. Baina hemendik ez dugu ikusten, tokiko telebistetan ikusten delako kirol hori», azaldu du.

Biurdana parkean diren jokalariek onartu dute herrimina asetzeko metodo egokia dela ekuaboleian jokatzea. «Beste herrialde batean gaude, eta ez dugu kultura bera; beraz, gurearekin hemen ere jarraitzen dugu aisialdian ongi pasatzeko», azaldu du Arteagak. «Pentsamendu negatiboak alboratzeko ere balio du. Etxetik oso urruti egonda, kezkak burutik kendu eta lasaitzeko balio du». Dioenez, Ekuadortik gertuago egoteko modu bat da hango kirol tradizionalean ibiltzea. Mendozak onartu du herrikideak ikustera joaten dela askotan. Pardo ere kirolagatik ez ezik han biltzen den jendeagatik joaten da Biurdanako zelaira. «Han egonen banintz bezala sentitzen naiz: lagunekin jokatzen hasi, eta arazoak ahantzi egiten dituzu, estresa kentzen duzu», azaldu du.

Lagunak egiteko aukera ere ematen dute partidek. Adin eta probintzia askotariko lagunak biltzen dira, gainera. Arteagak esan du Ekuadortik heldu diren asko ekuabolei partidak ikustean gerturatu egiten direla lagun gehiago egiteko asmoz. Gaztetxoak ere animatzen dira: «Nerabeak pixkanaka-pixkanaka ari dira ikasten». Hala ere, ohikoagoak dira nagusiagoak. «Beteranoenek dute esperientzia handiena, eta gaztetxoek baino hobeki jokatzen dute». Mendoza kontent azaldu da gaztetxoak ere etortzen direlako. «Asko maite dut jende gaztea boleibolean jokatzen ikustea, eta aurrera segi dezaten animatzen ditut».

Aski ongi dakite zein maila duen bakoitzak, eta horren arabera antolatu ohi dira jokatzeko. Taldeak orekatu egin ohi dituzte. Gainera, jende asko biltzen denean bi sare jartzen dituzte Biurdanan, batean mailarik onena dutenek joka dezaten eta bestean hasiberriak aritu daitezen. Dena dela, jokalaririk onenak asteburuetan joan ohi dira jokatzera. Astean erdiko mailakoak aritzen dira batik bat; baita ikasten ari direnak ere. Jende berria biltzeko ere ez dute arazorik. «Elkar ezagutzen dugu, eta ahoz ahokoaren bitartez etortzen da boleibola maite duen jendea».

Krisiaren kolpea

Arazo ekonomikoek ekuaboleian ere eragina izan dute. Azken boladan jende gutxiago biltzen da Ekuadorko kirolean aritzera. Arteagak esan duenez, krisi ekonomikoak bete-betean jo du ekuadortarrengan. Horregatik, arazo ekonomikoak ahanzteko bide ere izan daitekeela onartu du. Pardok aski ongi ezagutzen du zein zen ekuaboleiaren egoera lehen eta orain: «Orain dela lauzpabost urte askoz jende gehiago biltzen zen: asteburuetan 50 eta 60 lagun inguru biltzen ginen, eta orain hogeiren bueltan ibiltzen gara. Krisiak eragin zuzena izan du, eta jende askok beste nonbaitera alde egin du lan bila».

Egoera horretan, APROE elkartea babesa ematen saiatzen da. Helburuak argi ditu: «Jendea ahalik eta gehiena batzen saiatzen gara». Kirolaz gainera, komunikaziorako eta aberriratzeko laguntza eskaintzen dute, baita beste motatako laguntzak ere. Noiz edo noiz, lagunen bat larri ibili denean, boleibol txapelketaren bat ere antolatu izan dute, hari laguntzeko.

Baina laguntzeko soilik ez; ongi pasatzeko ere txapelketa gehiago antolatzeko asmotan dabiltza APROE elkarteko kideak. Batzuetan antolatzen dituzte; Tafallakoen aurka, adibidez. Kanpotik ere joan izan dira jokalariak txapelketak jokatzeko; Bartzelonatik eta Madrildik, kasurako.

Arteagak, baina, bertakoekin antolatu nahi ditu txapelketak. Orain arte areto futbolarekin egin izan dute hori, eta, hemendik aurrera, ekuaboleiarekin ere saiatuko dira. «Orain partidak jokatzen dira, lagunartean, ongi pasatzeko. Elkarteak benetako txapelketa bat antolatu nahi du, ordea, sari eta guzti». Horretarako, beste elkarte batzuekin harremanetan jarri dira jada. Egitasmo honekin jendea animatu eta ekuaboleia indartuko dute, agian. Baina, txapelketekin edo gabe, ez da gogorik faltako arratsaldero-arratsaldero sarea paratu eta baloia alderik alde dantzan jartzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Itziar Ituño aktorea ©Javier Lizon / Efe

‘La casa de papel’ Netflixeko lehen tokian jarri da AEBetan

Urtzi Urkizu

Iruñeko sanferminak eta Pasaiako portua aipatzen dira azkeneko ataletan. Iñigo Aranbarri Azkoitiko (Gipuzkoa) aktoreak rol txiki bat jokatzen du. Protagonisten artean dira Itziar Ituño, Ramon Agirre, Ahikar Azkona eta Najwa Nimri.

Wikipediaren sakelerako aplikazioaren ikonoa. ©SASCHA STEINBACH / EFE

Euskarazko Wikipediak 20 urte bete ditu gaur

Edu Lartzanguren

Gaur, Wikipedia lantzen duten munduko hizkuntzen artean 33. postuan dago euskara artikulu kopuruari dagokionez, estatu hizkuntza diren hainbat eleren aurretik.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Zifren eta datuen inperialismoaren menpe bizi gara»

Gorka Erostarbe Leunda

Krisi garai erabatekoa; pentsatzeko tarterik ere uzten ez duena. Hartu du denbora hori Iñigo Martinezek, eta egungo inertziak auzitan jarri ditu 'Mandamentu hipermodernoak' lanean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.