Albistea entzun

UDAKO SERIEA. Etorkinak eta aisialdia (II)

Familia dirudien dantza taldea

Barbakoan prestatzen dute bazkaria.
Barbakoan prestatzen dute bazkaria. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Asier Arrate -

2014ko abuztuak 27 - Barakaldo

Dantzan ez bada mahaiaren inguruan batzea dute gustuko Chile Lindo Txileko dantza taldean; lagun eta familiakoen artean eseri eta barbakoa txiletar batez gozatuz. Aukera duten guztietan hala egiten dute: jaiegunetan, urtebetetzeetan, taldearen probasaioetan zein dantzaldietan. Chile Lindoko kideak familia txiki bat dira, dantza talde bat baino gehiago. Haien arteko harremana ez da soilik kultur ekintzen bidezkoa. Egunero ibiltzen dira elkarrekin; are gehiago, taldeko kideen senar-emazte eta seme-alabak ere taldearen parte bilakatu dira.

Udan ere elkartzen dira. Duela egun batzuk taldekide baten etxean elkartu ziren, Barakaldoko Errekatxo auzoan (Bizkaia). Uda izanik, ez zuten entsegurik, baina, hala ere, afari bat egitea erabaki zuten, udako egun ateri bakanetako bat aprobetxatuz. Txerriki eta txuletak gresillan kozinatzen zituzten bitartean, pisco trago batzuekin arratsalde-pasa atseginean zebiltzan. 2000. urtean sortu zuten taldea, eta lehen egunetik saiatu dira astean behin elkartzen.

Pamela Figueroak eta haren ama Gloria Arevalok sortu zuten Chile Lindo dantza taldea. Gaur egun, Gloria Arevalo da taldeko zuzendaria, eta Txileko kultura mantentzea, kontserbatzea eta zabaltzea dute helburu. Pamela Figueroa taldekideak azaldu du jendeari erakutsi nahi diotela Txile ez dela telebistan irudikatzen den bezalakoa: «Askotan, jendeak pentsatzen du oraindik ere gerripekoarekin gabiltzala».

Figueroaren familia oso lotuta dago taldearekin, hiru belaunaldi baitaude han: bera, haren ama eta haren alaba. Barbakoako giroa ikusi baino ez zegoen: elkarte batekoa baino gehiago, familiako bazkari bat zirudien, adin guztietako jendea elkarri kontu kontari. Haren familiaz aparte, taldeko kideen artean adin tarte zabala dago; kide nagusiak 68 urte ditu, eta gazteenak, 13. Tartean 50, 40, 30 eta 20 urte ingurukoak daude, ia denak txiletarrak.

Taldeko aniztasuna ez dagokio soilik adinari; jatorriz ere, taldekideak pentsamolde oso ezberdinetakoak dira. Txile desberdintasun sozial handiko herrialdea izan da, eta hori argi eta garbi ikusten da taldean. Taldekide batzuk, Marta Ormazabal besteak beste, familia aberatsekoak dira; beste batzuk, ordea, jatorri indigenagatik bazterketa jasan izan dute. Ormazabalen esanetan, Txilen, bi maila sozial ezberdinetako jendeak ia ez du harremanik, eta onartu du ezjakintasun handia dagoela. Azaldu du, ordea, atzerrira joan zenetik «irekiagoa» dela. Mahaira begiratzea baino ez dago, jabetzeko inoiz haien arteko banaketarik izan bada aspaldiko kontua dela. Hala ere, edozein bazkaritan gertatzen den bezala, eztabaida politikoa halabeharrezkoa da.

Ikuskizun eta probasaioak

Dantza taldeak batzen ditu guztiak, urte osoa ematen baitute batera. Denboraldiak irailetik ekainera arte irauten du, eta irailean erabakitzen dute urte horretan zein dantza estilo landuko duten. Horren arabera, dantza berriak ikasten dituzte, edo zaharrak berreskuratu. «Urte batean iparraldeko dantzak egiten ditugu, eta horrekin batera, adibidez, erdialdeko pare bat koreografia ikasten saiatzen gara», azaldu du Figueroak. Gero dantzaldiak izaten dituzte. Neguan, esaterako, zaharren egoitzetan dantzatzen dira. Ordu erdi inguruko dantzaldiak izaten dira, eta normalean ez dute dirurik eskatzen: «Dantzatu ostean, jatera gonbidatzen gaituzte». Herrietan ere dantzatzen dira, bakarrik edo beste dantza talde batzuekin batera. Euskal talderen batekin inoiz dantza egin dutela azaldu du, nahiz eta gehienetan etorkinen dantza taldeekin aritzen diren. «Harreman handiena Boliviako, Filipinetako eta Peruko dantza elkarteekin dugu», azaldu du Figueroak.

Chile Lindo elkarteak, hamalau urteren ostean, tokia egin du dantza talde gisa. 2008ko azaroan, BECen egin zen nazioarteko lehen dantza eta folklore jaialdian izan ziren. Hirugarren postua lortu zuten, eta ordutik hona erreferente bihurtu dira Txileko dantza tradizionaletan. Esaterako, Euskal Herrian maputxeen dantza erritualak egiten dituen talde bakarra da. Oscar Bayacan aholkulari maputxearen laguntza dute, eta hura arduratzen da egin beharreko dantzak aukeratzeaz; baita zein musika eta pauso egin dezaketen erabakitzeaz ere. Taldekoek koreografiak sortzen dituzte, Bayacanek esandakoaren arabera. Izan ere, Txileko folklorea askotarikoa da; kultura eta usadio asko ditu. «Horretan uste dut euskaldunak bezalakoak garela», dio Magdalena Cid taldeko kideak.

Herrialdea iparraldean, erdialdean, Pazko uhartean, maputxeen lurraldeetan eta hegoaldean banatuta dago, eta Chile Lindo taldekoek bost eremuetako dantzak egiten dituzte. Aholkularia dute maputxeen koreografientzat, eta beste eremuetako dantzak, berriz, era tradizionalean dantzatzen dituzte. Pamela Figueroak azaldu zuenez, taldeko dantzen bideoak ikusten dituzte, pausoak sortu, koreografiak pentsatu eta taldekideentzat moldatu. «Taldeko asko ez gara dantzari profesionalak, eta gure neurrirako koreografia sortu behar izaten dugu». Eremu bakoitzeko folkloreari eta dantza tradizionalei eustea dute helburu, inolako fusio edo berrikuntzarik sartu gabe horietan.

Etxean elkartzeko ohitura

Txileko dantza tradizionalak jorratzen dituen talde bakarra badira ere, Txileko Gobernuak ez die inongo diru laguntzarik ematen. Hala ere, Figueroak azaldu du harreman oso estua dutela Iratxe Madariagarekin, Txilek Bilbon duen kontsularekin. Irailaren 18an, esaterako, Txileko independentzia ospakizunetan parte hartuko dute dantza ikuskizun batekin. Bazkarian zeudenek adierazi zuten oraindik harreman oso estua dutela Txilerekin, nahiz eta askok ia bizi erdia Euskal Herrian pasatu duten. «Beste herrialde batera bizitzera zoazenean, bertako gizartearen parte bihurtzen zara, baina beti gordetzen duzu zure sorterriko puska bat», azaldu du Figueroak. Magdalena Cidek gaineratu du txiletar batek beti daukala Txileko txoko bat etxe barruan. «Batzuek, pareta bat; beste batzuek, gela bat». Bazkarian ere ez ziren falta, tokiko janariaz aparte, Txileko bandera eta musika.

Txiletarrek bezala, etxean elkartzeko usadioari eutsi nahi izan diote. Larunbateko probasaioen ostean zein urtebetetze edo bestelako ospakizunetan, beti elkartzen dira taldeko norbaiten etxean zerbait jateko. Hor nabaritzen dute desberdintasun handiena euskal herritarren aldean; tabernetan edo kalean pasatzen dute eguna euskal herritarrek; txiletarrek, ordea, etxean. «Aspalditik ikusi gabe dugun norbaitekin aurkitzen bagara, etxera gonbidatzen dugu; hemen, ordea, taberna edo jatetxe batera joaten dira», esan du Magdalena Cid taldekideak.

Etxekoagoak direla dio Juan Retamalek: «Ordainean ezer eskatu gabe gonbidatzen ditugu lagunak etxera». Ohituta daudela argi dago; mahaira begiratuta, zaila da asmatzea noren etxean ari diren barbakoa egiten. «Udan batez ere, barbakoa asko egiten ditugu. Hori da gure aisialdia: elkartu eta giro onean eguna igarotzea».

Hiria eta herria ez da berdin

Txiletarrek eta euskal herritarrek antz handia dutela esan du Figueroak: «Txiletarra euskalduna bezalakoa da, immigrazioa handia izan baita bi herrietan». Alde horretatik, taldekide guztiak oso integratuta sentitzen dira, baina esan dute herriaren arabera ere ezberdina dela harremana. «Herri txikietan ohitura eta jarrera itxiagoak daude, baina harreman gehiago egiten dira», azaldu du Figueroak. Hirietan, ordea, harremana hotzagoa dela dio. Integratzea «kosta» egiten dela azaldu du, batez ere orain hogei bat urte, lehenak izan zirenean Euskal Herrira etortzen. Gaur egun dena errazagoa bazaie ere, onartu du krisi ekonomikoak berriz ere dena zapuztu duela.

Hori dela eta, Euskal Herrian bizi diren txiletarrentzat erreferente bihurtu da Chile Lindo elkartea. Ez soilik Txileko kultura bizitzeko, baita sostengua eta babesa eskaintzen dutelako ere, familia batek bezala.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Itziar Ituño aktorea ©Javier Lizon / Efe

‘La casa de papel’ Netflixeko lehen tokian jarri da AEBetan

Urtzi Urkizu

Iruñeko sanferminak eta Pasaiako portua aipatzen dira azkeneko ataletan. Iñigo Aranbarri Azkoitiko (Gipuzkoa) aktoreak rol txiki bat jokatzen du. Protagonisten artean dira Itziar Ituño, Ramon Agirre, Ahikar Azkona eta Najwa Nimri.

Wikipediaren sakelerako aplikazioaren ikonoa. ©SASCHA STEINBACH / EFE

Euskarazko Wikipediak 20 urte bete ditu gaur

Edu Lartzanguren

Gaur, Wikipedia lantzen duten munduko hizkuntzen artean 33. postuan dago euskara artikulu kopuruari dagokionez, estatu hizkuntza diren hainbat eleren aurretik.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Zifren eta datuen inperialismoaren menpe bizi gara»

Gorka Erostarbe Leunda

Krisi garai erabatekoa; pentsatzeko tarterik ere uzten ez duena. Hartu du denbora hori Iñigo Martinezek, eta egungo inertziak auzitan jarri ditu 'Mandamentu hipermodernoak' lanean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.