Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

UDAKO SERIEA. Etorkinak eta aisialdia (III)

Batekada artean, bizikidetza

Gasteizko Salburuko zelaiak softbolean aritzen diren dozenaka lagun biltzen ditu; elkarren artean edota kanpoko taldeen aurka jokatuz, Kariben jaiotako gasteiztar asko «biziki» maite duten kirolaren inguruan biltzen dira.
Liga handietako estadiorik ezean, Salburuko berdegunea da jokaleku eta harmaila, inguruko etxebizitzekin batera.
Liga handietako estadiorik ezean, Salburuko berdegunea da jokaleku eta harmaila, inguruko etxebizitzekin batera. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Jon Rejado -

2014ko abuztuak 28 - Gasteiz

Azkar, azkar, azkar... Gelditu basean!». Batekadaren hotsaren osteko oihuak argi entzun dira Gasteizko Salburuko hezeguneetako zelaiaren bazter guztietan. Igandeko 17:30 dira. Eguzkiak erruz jotzen du, eta apenas ikus daitekeen inor inguru horretan. Ordea, azken urteetan ohitura bihurtu den bezala, 70 lagun inguruk beroari aurre egiten diote zelaien bazter batean, softbolean jokatzen.

«Hemen biltzen garenok gauza batean gatoz bat: biziki maite dugu beisbola», azaldu du Manuel Martinezek. Hark egin du batekadaren osteko oihua, eta hark bideratzen du, neurri handian, Kariben jaiotako dozenaka gasteiztarren grina hori; sorterritik datorkien grina, beisbola kirol nagusietako bat baita han.

Salburuan, beisbolean jokatu beharrean, softbolean egiten dute. «Beisbolaren moduko kirola da gauza askotan: jokalari kopurua, kokapena... Ordea, pilota eta bateak ezberdinak dira, eta, horri esker, eremu txikiagoan jokatzen da», azaldu du Martinezek. Euskal Herrian asko hedatu da softbola azken urteetan, Martinezen esanetan. Bizkaian beisbol taldeak egon dira —San Inazio, La Salle...—, eta softbola emakumezkoek ezagutarazi zuten, Donostian batez ere. Handik gutxira, gizonezkoen taldeak ugaritu ziren Donostian, Iruñean, Corellan...

Gasteizen duela zazpi urte inguru hasi zen kirol horretarako zaletasuna hedatzen. Lagun batzuk Salburuan geratzen hasi ziren, eta geroz eta lagun gehiago elkartu ziren; azkenik, taldeak sortu zituzten. Igande arratsaldeko eguzkipean Los Bravos taldea ari da jokatzen, Corellatik (Nafarroa) eta Valladolidetik (Espainia) etorritako taldeen aurka. «Gozamena da lagunekin elkartzea, maite dugun kirol baten inguruan», azaldu du Los Bravos taldeko jokalari batek.

Bi talde jokatzen ari diren bitartean, beste batzuek eguzkitakoen babespean ikusten dute partida, garagardoa eskuan. Taldekideak, lagunak, familia... Salburuko hezeguneko zelaia topaleku aparta da igandea pasatzeko. «Orain jokatzen ari gara, baina bukatzen dugunean elkarrekin bazkaltzera joango gara», azaldu du Corellako taldeko jokalari batek. Batzuek partida ikusten duten bitartean, beste batzuek pilota pasatzen diote elkarri, jokatzen.

Softbolaren muinean taldea dago, eta talde izaera hori zelaian zein kanpoan islatzen da. Edozein aitzakia da ona gaur etorri diren taldeetako kideekin elkartzeko, edota inguruko eskualdeetan daudenekin. Andre Maria Zuriaren Txapelketa, San Prudentzio txapelketa, Lehendakariaren Kopa... Hamaika txapelketa jokatzen dituzte urtean, eta txapelketarik ez dagoenean ere gustura asko geratzen dira, bazkaltzeko eta bazkalostean dominoan jokatzeko.

Ikuskizun erakargarria

Biserak, kamiseta koloretsuak, praka marradunak, pilota hartzeko larruzko eskularruak, bateak... Ikuskizuna erakargarria da. Jokoaren arauaren nondik norakoen berri izan ez arren, ingurutik ibiltzen ari diren lagunak gerturatu dira ikustera. «Nork ez du jokatu eskolan, txikitan, beisbolean?», galdetu du Mikel Ortiz de Herediak, partida ikusten duen bitartean. Aldapan ari da begira, oroitzen. «Tenis pilota bat baino ez genuen behar, eta, kalean makila bat aurkitu ezean, eskuarekin jotzen genuen».

Urrun dira egun horiek, ordea. Gaur egun, Gasteizen badago batearekin eta larruzko eskularruekin jokatzea, bai denbora-pasa moduan, bai arau jakin eta adostu batzuekin ere. 2007an hasi ziren biltzen lagun batzuk Salburuko zelaietan, «bola batzuk botatzeko». Karibe itsasoak bustitzen dituen herrialdeetan —Dominikar Errepublika, Venezuela, Kuba...— jaiotako dozenaka gasteiztar hasi ziren beren «kirol kutunean» jokatzen, eta ohitura hori sustraitu zen txoko horretan.

Hasieran bolak botatzen hasi ziren, baina Manuel Martinezekin harremanetan jarri ziren, jolasteaz gain jokatzeko. Martinezek beisbolean jokatu zuen profesionalki jaioterrian, eta elkarren artean gaurko egoeraren oinarriak ezarri zituzten. Gaur egun bi talde daude hirian: Los Bravos eta Los Orioles. Beste talde bat ere egon zen hasierako urteetan: Los Gigantes, baina desagertu egin zen. «14 eta 17 urte arteko gazteak ziren, jokatzeko grina handia zutenak», gogorarazi du Martinezek.

Lehiaren munduan entrenatzen hasi eta gutxira hasi ziren. 2008an, jatorrizko hiru taldeetako jokalariekin talde bat osatu zuten, Iruñeko, Corellako eta Santanderko softbol taldeen aurka jokatzeko. «Ez genuen uniformerik, bateak txarrak ziren, eta apurtu egiten zitzaizkigun... Los Feos [itsusiak] izendatu gintuzten, baina, hala ere, txapelketa irabazi genuen».

Hortik aurrera, izena ezagutarazita, inguruko taldeen aurka hasi ziren softbolean jokatzen: Iruñea, Donostia, Bilbo, Corella, Burgos, Zaragoza, Santander... Beisbolean ere aritu izan dira Bilbon, San Inazioren aurka. Ordea, gaur-gaurkoz, badakite beisbolean aritzea zaila dutela Gasteizen, azpiegituragatik.

Ordea, softbola lehia baino gehiago da. Igande gehienetan, arratsaldeko bostak aldera, Manuel Martinez Salburuko zelaietan agertzen da, bate, pilota eta larruzko eskularruekin. Ordu horretatik aurrera, nahi duen guztiak aukera du hara joateko eta kirol horrekin lehen harremana izateko. Haurrak, nerabeak, gazteak, helduak, edadetuak, gizon zein emakumeak... «Edozeinek joka dezake kirol honetan, eta, hasiz gero, ezin duzu utzi!». Egitasmo horien bitartez, softbola eta beisbola «bizikidetzarako tresna» bihurtu nahi ditu Martinezek, hiriko bizikidetza hobetzeko. Hain zuzen ere, beti ez da egon gaur egungo egoera «lasaia». 2007an, elkartzen hasi eta gutxira, hamaika arazo izan zituzten Salburuko zelaietan elkartzeko eta han jokatzeko. «Bizilagunen batek hemen ikusten gintuen, eta segituan Poliziari hots egiten zion».

Egunez egun udaltzainak bertaratu ziren; «batzuetan hiru aldiz egunean», gogorarazi du Los Bravos taldeko kide batek. Ezer txarrik egiten ez zutela ikusita, alde egiten zuten. «Leku publiko bat zela eta ez genuela han egoterik argudiatzen zuen egunero Poliziari hots egiten zion bizilagunak». Hilabete batzuk geroago, udaltzainek bertaratzeari utzi zioten, deiak eta sare sozialen bidezko kexak amaitu ez ziren arren. «Kanpotartzat hartzen gaituztelako kexatzen ziren, baina haiek bezain gasteiztarrak gara», oroitarazi du Martinezek.

Salburuko zelaia leku publikoa dela berretsi dute jokalari guztiek. Horrenbestez, partida bat jokatu behar dutenean zinta batzuekin markatzen dute zelaia, baina biderik moztu gabe. Norbait hara gerturatuz gero, jokoa gelditu, eta pasatu arte ez dute abiatzen.

Etorkizunerako erronkak

2006an topaleku gisa hasitakoak bide luzea egin du, eta are luzeago izateko asmoa azaldu dute astean hirutan elkartzen direnak. Asmoak eta egitasmoak behintzat ez zaizkie falta. Horien artean, eskola arteko txapelketa egiteko asmoa dute. Horretarako, San Martineko futbol zelaietan pentsatu du: «Hiriaren barruan dago; errazagoa da hara heltzea, eta aldagelak eta guzti izango lituzkete haurrek».

Zelai horretan jokatu ahal izatea ez dute eskatzen umeen txapelketatxoagatik bakarrik. Are gehiago, gaur egun dituzten eskaera sendoetako bat da hori. Los Bravos eta Los Orioles taldeko kide guztiek nabarmendu dute zaletasuna areagotu ahala jokatzeko leku «egokiago» bat behar dutela. Zenbait txapelketatarako kanpoko taldeak ekarri izan dituztenean, Gasteizko Udalak Olaranbeko futbol zelaiak utzi dizkie noiz edo noiz.

Martinezek jakinarazi du «baldintza guztiak» betetzen dituen orube bat dagoela Salburutik ehunka metrora, Betoñu inguruan. «Ez diegu dirurik eskatzen, hango zelai horren lurra orekatzeko baino ez; mantentze lana guk egingo genukeela jakinarazi diogu alkateari behin baino gehiagotan». Zelai bat, haurrei eskolak emateko eta eskola arteko partidak hartzeko leku bat izateaz gain, Martinezen nahi handienetako baterako lehen pausoa litzateke: Gasteizen emakumeen softbol talde bat izatea.

Nazioarteko taldeekin partidak antolatzea, Gasteizko taldeak egonkortzea, jokalariak federatzea... Ilusioa eta erronkak ez zaizkie falta Salburuan biltzen diren softbolariei.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Darth Vader eta haren soldaduak, Antiguatik udaletxera bidean. ©BERRIA

Elkartasunaren indarra lagun

Jakes Goikoetxea

'Star Wars' filmen sagako pertsonaien erakusketa eta desfilea egin dituzte Donostian. Zaleen Pink Force fundazioak antolatu ditu, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearen alde.
 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Elkarte askotan konpromisorako urratsa egitea kostatzen da»

Iker Tubia

Pedagogia aktiboaren bueltan aritu da Bobes; batez ere, hezkuntza araututik kanpo. Emakumeen ahalduntzerako herri kultur-zentroetan aritu da jo eta su, eta hamaika elkartetan. Emakumeez, feminismoaz, ibilitakoaz eta erronkez mintzatu da.
 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Entzundako zerbaitek norbaiti balio baldin badio, zoragarri»

Jakes Goikoetxea

Hamabi bideo elkarrizketako proiektu bat abiatu du, aurrera egiteko tresnak bilatzeko asmoz, besteek egindako bidetik ikasteko asmoz. Enpatian eta konfiantzan oinarritutako solasaldiak dira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.