Albistea entzun

UDAKO SERIEA. Belaunaldiz belaunaldi (V). Cañastarrak

Mahatsa eta ardoa zainetan

Arabako Errioxan ohikoa da ardogintzarako grina oinordetzea; Cañas familiaren azken hiru belaunaldiko kideek goizero lantzen dituzte Villabuenako mahastiak, duela mende bat haien arbasoek egiten zuten moduan.
Juan Luis Cañas, Jon Cañas eta Luis Cañas ardogileak.
Juan Luis Cañas, Jon Cañas eta Luis Cañas ardogileak. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Jon Rejado -

2015eko abuztuak 22 - Villabuena

Arabako Errioxa eta ardogintza hertsiki lotuta daude. Mahastiz jositako paisaia marraztu dute hango biztanleek, urtez urte. Hain zuzen ere, belaunaldiz belaunaldi igaro ohi den ogibidea da ardogintza. Grina, hainbatetan. Seme-alabek gurasoen lekukoa hartzen dute upategiei dagokienez, guraso horiek aitona-amonekin egin zuten moduan. Cañas sendia horren erakusgarri da. Arretaz zaintzen dituzten mahastien moduan, duela hainbat urte sustraituak daude Villabuenako lurretan.

Luis Cañas (1928), Juan Luis Cañas (1955) eta Jon Cañas (1987) dira XIX. mendetik datorren ardogile leinuko ordezkariak. Aurretik Luisen aitak, Carlos Cañasek, baita aitonak ere, urteko ardoa egiten zuten, Apaizen Koba izeneko upategian; hain zuzen ere, upategi horretan hamarrekoak ordaintzen zizkioten Elizari. Asko aldatu da egoera ordutik. Luisen arbasoek urteko ardoa egiten zuten, eta orga batean sartuta Bizkai eta Gipuzkoan saltzen zuten, zahagietan. Gaur egun, nazioartean ospea lortu du Luis Cañasek, ia kontinente guztietara heldu da, eta hamaika sari irabazi ditu, bai ardoen bitartez, bai eta upategi gisa ere.

Villabuenako upategian sartzean, agerikoa da Cañas sendiak familiari aitortzen dion garrantzia. Sarrerako gelak pasatuta, pareta oso bat hartzen duten dozena bat argazki erraldoi daude, gehienak zuri-beltzean. Zenbait belaunaldi daude horietan, beste garai baten lekuko: upategi zaharra, herria... Batean, Luis Cañas ageri da, saiheskiak xirmendutan erretzen. «Gaur egun, ez ditu ezta probatu ere egin nahi», azaldu du Jonek. «Garai batean horrenbeste jan ondoren...».

Luis Cañas da aldaketa gehien bizi izan duena. Arabako Errioxako ardogile guztien moduan, urteko ardo beltza egiten zuen, haren aitak egiten zuen moduan. Horrez gain, Bizkaiko eta Gipuzkoako saltzaileentzako bitartekari lana ere egin zuen. «Esaten zidaten: 'Erosizkidazu 8.000 ardo pegar'; ardogileengana joaten nintzen, ardoa dastatu, eta, gustuko banuen, erosten nien, eta Bilboko biltegietako arduradunei eraman, ontziratu gabe sal zezaten».

Ardoa egin eta saltzeko modua baino gehiago aldatu dela azaldu du Luisek. «Garai batean laboreek eta mahatsek hartzen zuten eremua bertsua zen», oroitarazi du. «Ardoa egin bai, baina abereak ere bagenituen: txerriak, mandoak...». Urrun daude garai haiek. Mahastiek hartzen dute Arabako Errioxako eremu handiena, gaur egun. Dena den, Villabuenako mahastiak eta han ibiltzen direnen abizenak berak dira.

«Gai bakarretik» urrundu

Mahatsondoen artean eroso mugitzen badira ere, ardogintza txikitatik bizi izan duten arren, sendiko azken bi belaunaldiek handik urruntzeko keinua egin dute. Jon izan da azkena. «Hemezortzi urterekin nahikoa zela esan nuen». Ardogintza alde batera utzi, eta beste esparru bateko ikasketak egin zituen, Industri Maisutza, baita ikasi ondoren lana aurkitu ere. «Mantentze lanetan ibili izan naiz lanean, baina iaz itzultzea erabaki nuen», azaldu du Jonek. Juan Luisi irribarrea zabaldu zaio: «Eta hori ardoa gorrotatzen zenuela!», zirikatu du semea. «Ez nuen gorroto!», erantzun du Jonek, azkar. «Horri buruz baino ez zen hitz egiten, ordea...».

Juan Luisek badaki zer den upategietatik urrundu nahi izatea. Hark ere urratu zuen Jonek geroago egin duen bide hori bera. «Uste dut bizi beharreko zerbait dela; norberaren indarrak neurtzea, etxetik urrun». Hark ere Industria Maisu ikasketak egin zituen, baita industria delineatzaile alorrean sakondu ere; Zanussin egin zuen lan, gerora, 33 urterekin etxera itzuli zen arte. «Urteen joanarekin burua mahastietara joaten zitzaidan, eta itzultzea erabaki nuen».

Juan Luisen itzulerarekin ardogintza ikusteko bi moduk elkar jo zuten, baita eztabaidak sortu ere. Ideia berritzaileekin joan zen aitarengana, Luisengana: urteko ardo beltza egiteaz gain, zuria eta gorria ere egitea. Luisek une hura gogoratzen du oraindik. «Beheko upategian geunden, eta bat batean bota zidan! 'Zer diozu, baina? Inork ez du halakorik egiten eta!', erantzun nion. 'Horregatik egingo dugu; beste inork egiten ez duelako'».

Orduan hasi ziren gauzak beste modu batean egiteko modua aztertzen, eta horretan dihardute gaur egun ere. Are gehiago, ardo zuriarekin lotutako pasadizo horrek zeresana ematen du oraindik ere familian, hogei urte baino gehiago igaro badira ere. «Ardo zuria egiteari uko, eta zein gustura edaten dituzun bi zuri kopa eguerdiro, e, aita?», leporatu dio Juan Luisek, barrez.

Ardo ezberdina egiteko asmoaren bidetik, lurra modu ezberdinean lantzeko beharra heldu zen. Jonek egungo filosofia laburbildu du: «Mahastien ekosistema errespetatzen dugu, oreka lortzeko; garai batean ez zen hori gertatzen, eta, besteak beste, produktu sufredunak erabiltzen ziren». Luisek berak aitortu du hori. «Batzuek diote garai bateko ardoa hobea zela... Gezur borobila! Gaur egun, dena hobeto zaintzen da». Nolanahi ere, Luisek ez ditu ondo hartu aldaketa guztiak.

Mahatsaren kalitatea hobetze aldera, mahatsondoetako mahats mordoak garbitu egiten dira egun; batzuk kentzen dira, besteek kalitate hobea izan dezaten. Kopeta ilundu zaio, teknika horri buruz entzutean: «Lurra mahatsekin zikindu... Fruitu horietan egindako lanarekin...».

Luis ere, aitzindari

Ematen du aitzindaritza, ardogintza bezala, Cañas sendiko kideen zainetatik doala. 1970. urtean, Luis Cañasek upategi berria sortu zuen, eta, handik gutxira, urteko ardo beltza botilan saltzen hasi ziren. Egun, normaltzat har daiteke, baina garai hartan berrikuntza bat izan zen Villabuenan. «Hemen, inguruko herrietan, baita Errioxan ere, esango nuke», nabarmendu du Luisek. Juan Luis zuhurragoa da; Errioxa osoko lehena ote zen jakiterik ez dagoen arren, berrikuntza handia izan zela nabarmendu du.

Juan Luisek Luisen aitzindaritza sena berretsi zuen, gerora. 1989. urtean hartu zuen upategiaren ardura, baita ordura arteko norabidea aldatu ere. «Ardo zuria harengandik atera zen moduan, gainontzeko egitasmoak ere harengandik sortu dira», aitortu du Luis Cañasek. Juan Luisek azkar erantzun dio. «Ez da egia, aita». Enpresaren ardura berea badela onartu arren, urtetan egindako lantaldearen indarra nabarmendu du; Juan Luisen aburuz, enpresaren filosofia garrantzitsua izan arren, giza baliabideek ematen diote enpresari «pisua eta indarra».

Luis Cañasek oroitarazi du garai batean familia zegoela ardogintzan murgilduta. Gaur egun, 45-46 langile finko ditu upategiak. Horri buruz ere eztabaidatu zuten Luisek eta Juan Luisek. «Familiatik kanpoko lehen langilea kontratatzeaz aritu ginenean, enpresaren hondamena gertatuko zela esan zidan aitak».

Juan Luisek azaldu du taldeak aukeratzen duela ardoa. Zuzendari teknikoak eta enologoak upategiko «sukaldariak» dira; ardoa egiten dute. Ordea, «sukaldariek» langile gehienek nahi duen ardoa egiten dute: saltzaileak, zelaian daudenak...

Aldaketak aldaketa, Luisen filosofia gordetzen dute kontuetan. «Enpresaren dirua enpresarena da». Langile guztiek, baita cañastarrek ere, soldata bat dute; irabaziak enpresarentzat dira.

Emakumeen presentzia

Cañas sendiaren argazkian hiru gizonezko ageri dira. Ordea, upategiko txokoan ez dira emakumezkoak falta. Juan Luisek bere emazte Begoña Galloren lana nabarmendu du; familiaz gehiago arduratu dela aitortu du, berari ardogintzan sakontzea ahalbidetuz. Dena den, cañastarren sendian aztarnarik utzi duen emakumerik badago, hori Angeles Herrera da, Luis Cañasen emaztea, Juan Luisen ama.

Herreraren aita ere ardogilea zen. «Esango nuke haren aitona ere mahasti artean ibiltzen zela», zehaztu du Juan Luisek. «Abereen moduan egiten genuen lan biok», oroitarazi du Luisek: «Zelaian, upategian ardoa ontziz aldatzen... baita botilak garbitzen ere». Hain zuzen ere, 1970eko hamarkadan ardoa botilan saltzeko botilak jaso, garbitu, eta bete behar izan zituzten, eskuz. «Zelaian eta etxean bukatzen genuenean, botilak garbitzera; gauez ere, botilak garbitzera... eta ur hotzarekin! Gerora makina bat erosi genuen, baina... lan egin genuen gero!».

Herrera 1998. urtean zendu zen, baina gaur egun ere lehentasunezko presentzia du oraindik. Lehen omenaldia cañastarrek ondoen egiten dakiten horren bitartez egin zioten. 1995. urtean, ardo berria egiten hastea erabaki zuten, 60 urtetik goragoko eta ekoizpen txikiko mahatsondoekin. «Erreserba egin genuen, eta 2000n merkaturatu behar genuenean, izena pentsatzen hasi, eta lankide batek amari omenaldia egitea iradoki zidan, eta hortik izena: Amaren».

Hurrengo urtean graciano mahats motarekin beste ardo bat egin zuten, izen horrekin, eta proiektua handituz joan zen. Azkenik, 2009an, Luis Cañas markatik bereizitako ardo gisa merkaturatzen hasi ziren Amaren, «izaera ezberdina» duten lurretako fruituekin: Herreraren familiako mahastiak, baita gerora erositako batzuk ere. «Nire ilusioa da eraikin txiki bat egitea, Amaren-ek upategi propioa izan dezan».

Ikastearen garrantzia

1989. urtean upategira ideia zurrunbilo batekin heldu bazen ere, Juan Luisek aitortu du une batean hutsune handi bat antzeman zuela bere buruan. Aitarekin lan eginda asko ikasi zuela aitortu arren, Bilboko erosle batekin gertatutako pasadizo baten ondorioz antzeman zuen hutsune hori. Ardo hori dastatzen ari zirela, erosleak «meta» zaporea antzematen ziola bota zion Juan Luisi. «Nik ezetz esan nion, aitak irakatsia baitzidan ez zuela meta zaporerik, baina ez nintzen gai izan oker zegoela ulertarazteko». Zituen ezagutzak nahikoa ez zirela, eta ikasten hasi zen: enologia ikastaro bat hasieran, Arabako Foru Aldundiak antolatutakoa; Frantziako egonaldiak gero...

Jon Cañas ikasketa prozesu horretan murgildu da, duela urte eta erdi itzuli zenetik. Hasteko, upategia oinarritik ezagutzen hasi da; mahastietatik bertatik. «Zelaia da ardo ona lortu ahal izateko eremu garrantzitsuena; mahats txarrarekin munduko upategi onenak ere ez luke aparteko ardorik lortuko». Juan Luisek argi du zer bide jarraituko duen Jonek: upategiko andelak garbitu, saltzaile gisa jardun... «Denetarik jakin behar da, ona eta txarra». Bitartean, ikasi, Cañas sendiko aurreko kide guztiek urteetan egin izan duten moduan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Itziar Ituño aktorea ©Javier Lizon / Efe

‘La casa de papel’ Netflixeko lehen tokian jarri da AEBetan

Urtzi Urkizu

Iruñeko sanferminak eta Pasaiako portua aipatzen dira azkeneko ataletan. Iñigo Aranbarri Azkoitiko (Gipuzkoa) aktoreak rol txiki bat jokatzen du. Protagonisten artean dira Itziar Ituño, Ramon Agirre, Ahikar Azkona eta Najwa Nimri.

Wikipediaren sakelerako aplikazioaren ikonoa. ©SASCHA STEINBACH / EFE

Euskarazko Wikipediak 20 urte bete ditu gaur

Edu Lartzanguren

Gaur, Wikipedia lantzen duten munduko hizkuntzen artean 33. postuan dago euskara artikulu kopuruari dagokionez, estatu hizkuntza diren hainbat eleren aurretik.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Zifren eta datuen inperialismoaren menpe bizi gara»

Gorka Erostarbe Leunda

Krisi garai erabatekoa; pentsatzeko tarterik ere uzten ez duena. Hartu du denbora hori Iñigo Martinezek, eta egungo inertziak auzitan jarri ditu 'Mandamentu hipermodernoak' lanean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.