Albistea entzun

BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA (II)

Turkia, aniztasunaren errepublika

Turkiako puntu gorenean dago Uchisar gaztelua. <b>apadozia</b>
Turkiako puntu gorenean dago Uchisar gaztelua. apadozia AINTZANE AGIRIANO

Aintzane Agiriano -

2015eko abenduak 30

Ondare kulturalak eta mendi garaiek erakargarri egiten dute Turkiarako bisita. Egoera politiko gorabeheratsuak ezinezkoa egin du bertako mendi garaienera igotzea: Ararat (5.137 metro). Baina Kaçkar eta Taurus mendietara igotzeak ederki asetzen du bisitaria.

Gauzak ez dira beti nahi bezala ateratzen, eta Ararat mendia igotzeko nahia, oraingo honetan, asmo batean geratu da. Turkiako Errepublikan egoera politikoa ezegonkorra da eta, bereziki, uztailetik aurrera, egoera nabarmen gaiztotu da. Bidaia baino egun batzuk lehenago errezeloz jarraitu ditut Turkiako hego-ekialdeko gertakariak. Istanbulera gauean iritsi, eta egunak argitu bezain laster, telefono dei baten bidez, jakinarazi digute Ararateko trekkingak ezin direla egin segurtasun ezagatik. Mendi gidariek beste aukera batzuk eskaini dizkigute—lur eremuaren %70 menditsua du Turkiak —: Kaçkar mendiak eta Taurus mendiak. Araratek bere handitasunean badauka xarma berezi bat, baina barneratu dugu oraingoan ez dela posible izango. Noeren arkaren pausaleku izan omen zen mendira luzaro gabe bakea iristea desiratu dut. Reset bat egin, eta, eguneko planari heldu diogu. Istanbul zain daukagu.

Istanbul, hiri zoragarria

Bidaiaria txundituta uzteko ahalmen ikaragarria du. Ezinbestekoa da alde zaharreko leku enblematikoak bisitatzea: Topkapi jauregia, Hagia Sophia, Meskita urdina, Hippodromo plaza eta Zisterna basilika. Istanbul —iraganean Konstantinopla— Otomandar Inperioaren erdigunea zen, eta garai hartako hainbat eraikinek zutik eta egoera onean diraute. Merezi du bazar handian osteratxo bat egitea. Bertan, mota guztietako produktuak daude: jantziak, bitxiak, janaria… Merkatariekin solasaldi atsegin bat egin ondoren, produktuak prezio on batean eskura daitezke. Galata zubiak alde zaharra eta hiriaren gune modernoa lotzen ditu. Zubi horretatik, hiriaren argazki ederrak ateratzeko aukera dago. Galata eta Beyoglu auzoetako ezaugarri bat etnien arteko elkarbizitza da. Liburuak, musika, jantzi dendak… denetarik aurkituko dugu bertan. Galata dorrearen goiko aldetik ere, hiriaren ikuspegi aparta dago. Galatatik aurrera, Istiklal caddesi kale luzean zehar mundu mailako saltoki kate ezagun ugari aurkituko ditugu Taksim plaza ezagunera iritsi arte. Plaza hori ekitaldi publiko eta manifestazio askoren bilgune izaten da

Kaçkar mendietako trekkinga

Istanbul atzean utziko dugu, eta inguru lasaiago baterantz egingo dugu. Alpe Pontikoetako Kaçkar mendietan, izen bereko gailur nagusia da gure helburu nagusia: Kaçkar (3.834 m.).

Mendilerro hori Itsaso Beltzaren paraleloan kokatzen da, Turkia iparraldean. Bertara gerturatzeko, goizean goiz Erzurumera hegazkina hartu dugu. Aireportutik autobusez irtenda, 180 kilometroko ibilbidea egin dugu (5 ordu). Yusufeli herrian, pide bat (pizza) bazkaldu eta hartxintxarrezko bide batetik gaurko gure helmugara iritsiko gara: Yaylalarrera (1.900 m.). Bertan hartu dugu ostatu.

Yaylalar — Dilberduzu (kanpalekua)

Osteratxo atsegina egingo dugu Yaylalar herritik Dilberduzu kanpalekura. Bidean zehar erreka albo batean daukagu, eta gure zama daramaten mandoak bidelagun ditugu. Nastal Yaylasi eremuan, artzainen etxolak daude, eta bi emakume gazte buruan zapia dutela eta gona luzeekin jantzita iturrira etorri dira ur bila. Sumru gure mendi gidari gazteak aipatu digu uda garaian artzainak mendira igotzen direla.

Dioenez, esnearen prezio baxuak eraginda, azken hogei urteetan artzain kopuruak nabarmen egin du behera. Abeltzainen estutasuna globala dela datorkit burura. Hiru orduren buruan iritsi gara kanpalekura, eta gaua bertan pasatuko dugu. Egunsentia baino lehen abiatu gara Kaçkarreko gailurrerantz.

Eguna argitzearekin batera iritsi gara Deniz Golu itsasoa deitzen dioten lakura (3.300 m.). Kaçkar mendigunearen azpialdetik jarraituko dugu ibilbidea, gailurrera igotzeko azken zatira iritsi arte. Elur pilaketa batzuk pasatu ditugu, eta haitz batzuetan eskuak erabili ditugu, baina mendia zailtasunik gabe igo dugu. Ibar osoaren ikuspegia zoragarria da. Beheranzkoan, ausartenek lakuko ur hotzetan sartu-irtena egin dute. Kanpalekura jaitsi eta bertan pasatuko dugu gaua. Goizean Yailalarrera jaitsi, eta autobusez egingo dugu Taurus mendietara.

Kayseri — Cukurbag herria — Emli ibarra (kanpalekua)

Turkiako ipar-ekialdetik hegoaldera egingo dugu Taurus mendietara. Kayseri hirian, Kapadozia eskualdean hartuko dugu ostatu. Monumentu historiko garrantzitsuak ditu hiriak, eta hoteleko terrazatik mendi ikusgarriak dauzkagu parez pare. Ibrahim mendi gidariak esan digu aurrean ditugun mendietan Erciyes eski estazio garrantzitsua dagoela. Gosaldu ondoren, autobusez hiru ordu egingo ditugu (145 km), eta Taurus mendilerrorantz hurbilduko gara. Bi orduko ibilalditxoa egin ondoren, kanpalekuan, lepoan puntadun arantzak daramatzaten zakur handiek harrera desatsegina egin digute. Otsoek akabatu ez ditzaten omen dituzte lepokoak. Emli bailarako hormak eskalatzaileentzako erakargarriak dira, eta asko dira armiarmen gisara horma horietara zintzilikatzen direnak.

Emli ibarra — Emler mendia (3.723 m.).— Yedigoller (kanpalekua)

Trekkingeko egunik gogorrena da gaurkoa. Mandoak zamatu ondoren, bapo gosaldu dugu. Emli ibarra atzean utzi, eta Karayalak haranean sartuko gara. Igoera gogor baten ondoren, Celikbuydura mendi lepoa (3.450 m) dugu helburu. Aurretik, ur iturburu batean ur hotza edan dugu. Ura edaten ari ginela, mandozain batek mandoa uretatik uxatu du. Gure harridura aurpegiak ikusita, azalpena eman digu Ibrahim mendi gidariak. Harri artean malkarrean gora mandoak asko berotzen dira eta, antza denez, duela aste bat mando bat luze geratu omen zen leku hartan ur hotza edanda. Taldekide batek, txantxetan, geuk ere tentuz ibiltzea daukagula esan du, eta irribarrea eragin digu guztioi. Mendi lepotik gailurrerako aldapa harri txikien artean astiro-astiro igo dugu tontorrera iritsi arte. Tenperatura goxoa da, eta ikusmira zoragarria.

Emlerretik jaitsita, Siyirmalik ibarrean sartuko gara. Bertan, Eznevit kanpalekutik pasatuko gara. Familia erdi nomadak bizi dira bertan. Yoruk esaten zaie nomadei. Udaran mendian bizi dira, eta neguan, berriz, herrietan. Abeltzainak dira, eta ahuntz esnearekin eginiko jogurta abegitsu eskaini digute. Txicur (eskerrik asko) esan diegu. Yedigoller kanpalekura bidean, familia nomada horren bizitza gogorra izan dut nire pentsamenduetan. Gure bizitza erosoa da, etengailuari eman eta argia pizten dugu, txorrota ireki eta ura daukagu, berogailuari eman eta etxea goxo-goxo daukagu… Haiek, berriz, mendian batutako egurrarekin eginiko sua dute argiztatzeko, berotzeko, janaritarako… sua denerako behar duten baliabide preziatua da. Gaua Yedigoller kanpalekuan pasatuko dugu.

Yedigoller Plateau — Karagol kanpalekua

Mandoetan trasteak kargatu, eta goizean goiz hasi dugu gaurko ibilbidea. Lehenik, eremu horretako laku handienetan bigarrenera iritsiko gara. Ondoren, Teke Kalesira igoko gara (3.517 m.), ahuntzen gaztelua deituriko pasabidera. Ipar-ekialdean izugarrizko ikuspegia ageri da. Bidezidor estu batetik jaitsiko gara. Bidean ehunka ahuntz eta artzain nomada batzuk ikusi ditugu. Harrigarria da paraje idor hauetan animaliek nola topatzen duten jatekoa. Urbiako larreak datozkit burura. Yildiz lakutik barrena kanpalekura iritsi gara, eta bertan chai beroa prest daukagu. Ibrahim mendi gidariarekin elkarrizketa atsegina izan dut gaur. Kurdua dela esan dit. Kurdistango eremu turkiarrean dago bere jaioterria. Eslovakiarra du emaztea, eta orain Antalyan bizi dira, Turkiako kostaldeko hiri turistiko batean. Kurduera du hizkuntza, eta alabarekin horrela hitz egiten du. Antalya ez da eremu kurdua, eta, beraz, turkieraz hitz egiten da bertan. Alabak etxean kurdueraz eta eslovakieraz hitz egiten du, eta turkieraz eskolan ikasiko duela esan dit. Bere hizkuntzaren transmisioari garrantzi handia eman dio.

Euskal Herria ezaguna da harentzat, eta elkarrizketan zehar hainbat parekotasun aurkitu ditugu bi herrialdeen artean: hizkuntzaren ofizialtasun eta normalkuntza eza, erabakitze eskubidea ukatzea, herrialdearen zatiketa... Kurduek Estatu Islamikoaren aurrean, Kurdistango lur eremuan egiten duten erresistentzia ere mintzagai izan dugu. Miresgarria da kurduak egiten ari diren defentsa. Azken egunetako atentatuek gaiztotu egin dute egoera Turkian. Erdogan presidentearen estrategiarekin eta politikarekin ez du hobekuntzarik ikusten, eta esperantza udazkenean egingo diren hauteskundeetan egon daitekezkeen aldaketetan dauka.

Karagol — Pinarbasi & Demirkazik — Kapadozia

Goizean 4x4 ibilgailuan egingo dugu Pinarbasi herrirako ibilbidea. Bertan zain daukagu autobusa. Taurus mendietako Aladaglar mendiak atzean utzi, eta Kapadoziara bidaiatuko dugu.

Lehen geldialdia Derinkuyu izeneko lur azpiko hiria bisitatzeko egin dugu. Lur azpiko hiri horien sortzaileak zeintzuk izan ziren ez dago garbi. Arkeologo batzuen ustez, hititen garaikoak dira (K.a. 1400. urtea ), eta beste batzuek diote frijioen garaikoak dira direla (duela 3.000 urtekoak). Kapadozian era horretako 36 hiri daude, eta guk bisitatu duguna zabalena eta sakonena da. 1964an ireki zuten lurpeko hiri hori bisitarientzat, eta, egun, lur azpian dauden zortzi solairutatik lau bisita daitezke. Lur bolkanikoa zulatu eta bertan etxeak egiten zituzten: animaliak, janari biltegia, upategiak… denetarik zeukaten bertan. Arkeologoek uste dute lur azpiko hiri horietan sasoi batean kristauak ezkutaturik bizi zirela.

Uchisar gaztelua

Uchisar gaztelua Kapadozia eskualdeko puntu gorenean dago eta, bertatik, Erciyes mendilerroaren ikuspegia aparta da. Gazteluan zulatutako gelak tunel eta pasabideekin konektatuta daude. Higaduraren ondorioz, gazteluko hainbat gela, batez ere iparraldean kokatuta daudenak, kaltetuta daude. Nekazariek usategi moduan erabiltzen dituzte gela horiek; izan ere, usoen zirinak ongarri natural bikainak ei dira baratza eta mahastietarako.

Goreme, aire zabalean dagoen museoa

Formazio geologiko ikusgarrien testigu izan gara parke natural honetan. Haizeak eta erosioak sortutako harri eta hondarrezko forma bitxiak aurkitu ditugu bertan.

Horrez gain, eliza eta monasterio ugari ere badaude bertan. Sandalia deituriko elizan, adibidez, Judasen traizioa adierazten duen fresko bat ikusi dugu. Gustuko dutenek Kapadozian aukera zabala dute halako eraikin erlijiosoak bisitatzeko.

Kapadozian hainbat interesgune ikusi ondoren, etxera itzultzeko garaia iritsi da. Motxila bete oroitzapen eta une atseginekin egin dut Euskal Herrirako bidea. Nahiz eta helburu nagusietakoa, Ararat mendira joatea, ez den posible izan. Hala ere, Kaçkar eta Taurus mendiak ere ikusgarriak dira eta asko gozatu dut. Turkian egoera politikoa lasaitu eta herrialde kurduak erabaki ahalmen gehiago izatea desio dut.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Erroiz olio enpresako kideak, Oinatz Bengoetxea pilotari ohia erdian dutela, atzo. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Urre berdearen zukua dastagai

Unai Etxenausia

Lantziegoko Erroiz olio enpresak oliba olio birjina estra berria aurkeztu du. Aurten, Bengoetxea pilotari profesional ohia gonbidatu dute Sustraiak zuku izarra dastatzera.
Txantxangorri bati eta onddo bati sakelakoarekin egindako argazkiek Merlin eta Mushtool aplikazioetan egindako bidea. ©BERRIA

Natura poltsikoan

Enekoitz Telleria Sarriegi

Geroz eta gehiago dira natura behatzen eta ulertzen laguntzen duten sakelako aplikazioak. Behatu litezke mendiak, onddoak, hegaztiak, landareak, zeruak... eta bahetu litezke ondoren behaketak. Adituek diote erabilgarriak, errazak eta herritarrak zientziara hurbiltzeko lagungarriak direla, baina tentuz erabiltzekoak ere bai, ez dutelako beti bete-betean asmatzen.
Jose Ignacio Jauregi —eskuinetik hasita bigarrena—, lankideekin, Michelin izar berdea esku artean dutela. ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Ongi elikatutako txerriek zapore hobea dute»

Amaia Jimenez Larrea

Lekunberriko Maskarada jatetxeak Michelin izar berde bat lortu du orain gutxi. Jatetxearen jasangarritasuna saritu dute, 'euskal txerri' izeneko arraza nola tratatzen duten aintzat hartuta.
 ©TAMARA ARRANZ

Ez ote da beranduegi autoeskolarako?

Mikel Yarza Artola

Borja Cobeagak 'No me gusta conducir' telesaila estreinatu du, gidabaimena 40 urterekin atera nahi duen gizon baten inguruko komedia

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...