Alberto Lleo. Neurologoa

«Alzheimerra dutenei ezin zaie diagnostikoa ezkutatu»

Gaixotasuna ahalik eta lasterren atzematea premiazkotzat jotzen du adituak, alzheimerra lehen faseetan moteltzeko gai izan daitezkeen tratamendu berriak garatzen ari direlako.
MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Juanma Gallego -

2016ko urtarrilak 24
Bartzelonako San Pau ospitaleko Neurologia zerbitzuan lanean ari da Alberto Lleo (Paris, 1971), eta bertan Oroimenaren Unitatea zuzentzen du. Gaixoekin eguneroko jarduera klinikoan aritzeaz gain, ikerketan buru-belarri murgilduta dago. Guda horretako bi lubaki nagusietan egoteak ikuspuntu pribilegiatua ematen dio. Eritasun neurodegeneratiboen inguruko azken aurrerapenak izan zituen hizpide Zamudioko Achucarro zentroan (Bizkaia) asteazkenean emaniko hitzaldian.

Ikerketan eta arlo klinikoan aldi berean ari zara. Zertan laguntzen du horrek?

Alzheimerra konplexutasun handiko gaitza da, eta, horregatik, gaia jorratzeko bide bakarra da diziplina anitzetatik begiratzea. Horrela, ikerketan egiten diren aurrerapen guztiak eriari aplika dakizkioke.

Zein aurrerapen egin dituzue?

Gaitzaren markagailuak ikertzen ari gara bereziki. Hasierako faseetan garunean izaten diren aldaketak bilatzen ditugu batez ere, gaitza ahalik eta lasterren antzeman ahal izateko. Likido zefalorrakideoan markagailu bat aztertzen ari gara, gaixotasuna garatu baino bi edo hiru urte lehenago atzemateko. Garuna eta bizkarrezurmuina bustitzen dituen likidoa da hori. Botiken inguruko ikerketa egiteko urte asko behar badira ere, TAU izeneko proteina detektatzen duen trazadore berria ikertzen ari gara, eta botika probatzeko azken baimenaren zain gaude. TAU proteina hori garunean sortzen da alzheimerra agertzen denean. Azken urteetan, gai izan gara gaixotasunaren lehen faseetan diren lagunengan diagnostikoa egiteko.

Oraindik sendabiderik lortu ez bada, merezi al du gaixoak diagnostikoa jakitea?

Bai, eta garrantzitsua da ideia hori azpimarratzea, badagoelako onuragarria izan daitekeen tratamendua. Oraingoz frogatuta ez badago ere, lehen zantzuak agertzen hasiak dira. Bi ikerketatan proposatu da alzheimerra hasierako faseetan duten lagunengan tratamendu konkretu bat eginda onurak badirela. Tratamendu horiek gaixotasunaren progresioa moteltzen dute, eta horrek itxaropena pizten du. Alzheimerra garatzen denean garunean sortzen den beta-amiloide proteinaren aurkako antigorputzak erabiltzen dira tratamendu horietan. Baina kontuan izan behar dugu oraindik ikerketa eztabaidaezina falta dela. Minbiziaren kasuan, adibidez, 1960ko hamarkadan Ameriketako Estatu Batuetan medikuek ez zuten jakinarazten minbiziaren diagnostikoa, garai horretako tratamenduek eraginkortasunik ez zeukatela uste zutelako. Egun, horrelako jarrera bat pentsaezina izango litzateke, minbiziak tratamendua duelako.

Hori hala bada, alzheimerra ahalik eta lasterren atzematea premiazkoa izango da orduan…

Bai. Teknika garestiak dira, irudi bidezko azterketak direlako, baina tresnak baditugu. Gaur egun arazoa ez da diagnostikoa, tratamendua topatzea baizik. Fase aurreratuan dauden gaixoengan ere, noski, azterketak egin behar dira, baina itxaropenik handiena gaitzaren lehen faseetan dago.

Sendabiderik ez bada, nola arintzen dira gaixoen oinazeak?

Oraingoz onartuta dauden tratamenduak sintomatikoak dira. Oroimena eta arreta hobetu ahal dituzte, baina gaixotasunaren garapena ez dute gelditzen. Orain probatzen ari diren tratamenduek gaixotasunaren abiadura gelditzea dute helburu.

Erraz ezberdintzen al dira adinari lotuta joan ohi den oroimenaren galera eta alzheimerra?

50 urtetik aurrera galera hori maiz izaten da. Beraz, eta sintomak baino ez baditugu kontuan hartzen, zaila da galdera horri erantzutea. Alzheimerra dagoenean, galera hori oso trinkoa da. Kontua ez da giltzak edo diru zorroa non demontre utzi diren ahaztea, garrantzi handiko episodio baten oroimena galtzea baizik. Iradokizunak emanda ere, gaixoa ez da gai oroimen konkretu hori berreskuratzeko.

Zein izan daiteke gaitzaren garapena hurrengo urteetan?

Gaixotasun kronikoa izango da, eta seguruenez tratamendu ezberdinak aldi berean jorratu beharko dira: batetik, sintomatikoak, gaitza arintzeko, eta, bestetik, beta-amiloide proteinaren aurkakoak. Baina erronka nagusia sozioekonomikoa izango da. Izan ere, gaitz hedatua izango denez, populazioa zahartzen den heinean dirutza handia xahutuko da horri aurre egiteko. Tratamendua garestia izango bada ere, ahalik eta lasterren egitea komenigarria izango da, gero dependentzian asko aurreztuko delako. Bestetik, garunean izaten diren prozesuen erresoluzio mikroskopikorik ez dugu oraindik, eta hori garrantzitsua da hain konplexua den organoa ulertzeko. Eskuzabaltasun handia erakusten dute hil ondoren burmuina zientziari lagatzen dioten lagunek, baina hor azken 25 urteetan izan den prozesu baten azken argazkia baino ezin dugu ikusi. Alde horretatik, arratoietan egiten diren ikerketak lagungarriak izan daitezke, baina oraingoz ez dago gizakiengan izaten den eritasuna guztiz erreproduzitzen duen animalia eredurik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna