Albistea entzun

Bisaia berriak, lelo berberak

Saxoniako bozetan Alemaniako ordezkaritza parlamentario nagusia galdu du NPD alderdi neonaziak, AfD euroeszeptikoaren mesedetan
Frauke Petry, AfDren Saxoniarako hautagaia. 14 diputatu lortu dituzte.
Frauke Petry, AfDren Saxoniarako hautagaia. 14 diputatu lortu dituzte. R. J. / EFE

Samara Velte -

2014ko irailak 2

Oraindik ere Alemaniako eskuin muturraren gotorleku da Saxonia estatu federatua. Igandeko bozetan ezkerra bigarren geratu zen —botoen %18,9 lortu zituen Die Linke alderdiak—, CDU Batasun Kristau Demokrataren atzetik —%39,2—. Sozialdemokratek ez dute arrakasta handirik izan ohi Alemania ekialdeko estatu horretan, eta orain ere botoen %12,4 baino ez dituzte bildu, aurrekoan baino bi puntu gehiago; eta Berdeak ere ozta-ozta sartu dira legebiltzarrean. Aldaketa beheko esferetan gertatu da: NDP alderdi neonaziak landerretan zeukan ordezkaritza parlamentario nagusia galdu du, eta AfD Alemaniarentzako Alternatiba euroeszeptiko eta kontserbadoreak beretu ditu eskuin muturreko botoak. Orain arte gobernuan egondako liberalak ere parlamentutik at geratu dira.

Alemaniako paisaia politikoan eragin gutxi duen alderdia da NPD: baditu hainbat udal ordezkari, baina, hortik gora, bi parlamentu federaletara baino ez da sartu, eta Europakoan diputatu bat dauka. Alemanian, ordea, aise pizten da alarma marroia, talde antifaxistek neonazien gorakadari deitu ohi dioten moduan. 200ean hartu zuten ikara handiena: 36 urtez parlamentuetatik at egon ostean, Saxonian botoen %9 bildu zituen NPDk, ia sozialdemokratek bezainbeste; eta, ondorioz, hurrengo bost urteetan aski zalaparta sortu zuten dozena bat diputatu irabazi zituen.

Talde parlamentarioa izateak ez dakartza soilik proiekzio publiko handiagoa eta erreferentziazko sareak eratzeko gaitasuna. Diputatuen dietak ordaintzeko dirua ez ezik, urtero 1,4 milioi euro ere jasotzen zituen alderdiak Saxoniako parlamentuari esker. Horiekin bulegoak, materiala eta 30 langileren soldatak ordaintzen zituzten. Haietako askori neonazi sare klandestinoekin harremana izatea leporatu diete, eta, horrexegatik, abian da aspalditik NPD legez kanpo uzteko egitasmo bat gainerako landerren artean.

Gizartean zeresan handiena pizten duten gaiez jabetu eta argumentazio manikeo eta xenofoboak eskainiz lortu du gizartearen zati handi samar batek aditzea. Duela bost urte, etorkinei oinarrizko langabezia saria ordaintzearen aurkako kanpaina egin zuen, hain zuzen ere, mendebaldeko estatu federalen aldean baztertuta sentitu ohi den Saxonian.

Neonaziak eta populistak

Hainbaten ustez, ordea, NPDri igaro zaio garai oparoena, eta hemendik aurrera gainbehera baino ez datorkio. Denborarekin, arazoz eta desadostasunez jositako familia baten itxura eman du alderdiak, eta diputatuek titulu gehiago eragin dituzte euren bitxikeria pertsonalengatik, politikan betetzen duten funtzioarengatik baino. Beste alderdietako politikariek ere ez diote sekula garrantzi handirik eman. Igandeko bozen ostetik, alderdia debekatzeko prozesua bera beharrezkoa ote den zalantzan jarri du Thomas Strobl CDUko bigarrenak: «Aldaketa pozgarria gertatu da, bide egokian. Ondorioa da NPD politikoki garaitu behar dela, eta ez Auzitegi Konstituzionalean».

Baina alderdia ahulduta ere, ez da desagertu eskuin muturraren mamua. Neonaziek eta xenofoboek oraindik Saxonian dute indargunea, eta sare sendoa eratu dute 1990eko hamarkadaz geroztik. Estatu federal horretako udaletan eta eskualde mailako instituzioetan 110 hautetsi dituzte, eta beste lekuetan baino presentzia handiagoa dute gizartean. Iaz asilo politikoa eskatu zuten 400 etorkini babesa ematearen aurkako protesta bat antolatu zuten Schneeberg herrian, eta herritar ugarik ez ezik, hainbat talde neonazik ere hartu zuten parte.

NDPk galdu dituen eskuin muturreko boto-emaile horiek beste alderdi baten inguruan bildu dira orain. AfD Alemaniarentzako Alternatibak etekina atera die NDPren irudia lohitu duten eskandaluei, eta eskuin muturrekoentzako alternatiba garbiago baten gisan aurkeztu du bere burua. Diskurtso ofizialean etengabe ahalegintzen da NPDtik urruntzen, baina, praktikan, gaiak eta argudioak lapurtu dizkie neonaziei: etorkinen ustezko kriminalitatea eta gizarte zerbitzuetako iruzurraren inguruko auziekin egin du kanpaina, eta botoen %10 lortu ditu. Hemendik aurrera, hamalau diputatu izango ditu parlamentuan, NPDk orain arte zeuzkanak baino gehiago. Eskuin muturreko bi alderdiek pilatu dutena batuta, beraz, nekez esan daiteke iritziok indarra galdu dutenik.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Ebrahim Raisi Irango presidentea (eskuinean), herenegun, Teherango Unibertsitatean, Ikasle Egunaren ospakizunerako ekitaldi batean. ©EFE

Iranek herritar bat exekutatu du, hilabeteotako protestekin lotuta

Gorka Berasategi Otamendi

Estatuko indarren agente bat labanaz zauritzea egotzi diote kondenatuari. Protesten harira auzipetutakoen arteko lehen exekuzio jakinarazia da. Irango justiziak gehiago iragarri ditu

Lucian Bode Errumaniako Barne ministroa eta Margaritis Schinas Europako Batzordeko presidenteordea, gaur, Bruselan. ©OLVIER HOSLET / EFE

Kroazia Schengen eremuko kide izango da 2023an

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Austriaren eta Herbehereen ezezko botoaren ondorioz, Bulgaria eta Errumania ez dira espazio bateratuaren barruan egongo.

Bittney Griner AEBetako saskibaloi jokalaria (ezkerrean) eta Viktor Bout arma trafikoagatik AEBetan zigortutako Errusiako teniente ohia (eskuinean). ©STR, EFE

Errusiak aske utzi du Brittney Griner, AEBek Viktor Bout libre uztearen truke

Berria

Griner saskibaloi jokalaria eta Bout arma salmentagatik AEBetan espetxeratuta zegoena Abu Dhabiko aireportu batean trukatu dituzte Moskuk eta Washingtonek.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministro ohia, herrialdeko parlamentuan, joan den azaroaren 15ean. ©ABIR SULTAN, EFE

Netanyahuk gobernua eratzeko akordioa itxi du ultrekin eta muturreko ortodoxoekin

Gorka Berasategi Otamendi

Shas eta Sionismo Erlijiosoa alderdien esku geldituko dira, besteak beste, Barne eta Ogasun ministerioak. Smotrich ultranazionalistak Zisjordaniaren gaineko botere handia pilatuko du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Samara Velte

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.