Albistea entzun

Espainiako aurrekontuak

Gasteiz-Burgos AHTaren zatia egiten hasiko da Espainia datorren urtean

Espainiako Gobernuak 290,8 milioi gorde ditu 'Euskal Y'-aren lanak egiteko, eta 36,3 milioi Castejon-Iruñea zatirako.

2016ko aurrekontuetan 95 milioi gorde ditu Madrilek Gasteiz-Burgos loturarako
Adif iaz hasi zen Bergarako lotuneko obrak lizitatzen, eta joan den astean eman zituen lanotako azken bi zatiak.
Adif iaz hasi zen Bergarako lotuneko obrak lizitatzen, eta joan den astean eman zituen lanotako azken bi zatiak. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Iñaki Petxarroman -

2015eko abuztuak 5

Espainiako Gobernuak 2016ko aurrekontuetan Hego Euskal Herrirako gorde duen diruaren erdia baino gehiago abiadura handiko trenaren (AHT) obretarako izango da. Hain zuzen ere, 327 milioiko gastua aurreikusi du Madrilek: 290,8 milioi Euskal Y-aren obretarako, eta 36,3 milioi Castejon-Iruñea zatia egiteko.

Bestalde, Euskal Herriko tren lasterrarekin lotura daukan beste zati batean ere inbertsioak iragarri ditu Espainiak. Zehazki, Gasteiz-Burgos zatia egiten hasteko diru sail garrantzitsu bat gorde du, lehenbiziko aldiz, Espainiako Gobernuak heldu den urterako: 95 milioi, Diario de Burgos egunkariak atzo aurreratu zuenez. Horrek esan nahi du azken obra proiektuak onartu behar dituela Sustapen Ministerioak hurrengo hilabeteotan, eta hurrengo urtean hasiko dela zati horretako obrak lizitatzen. Azken urteotan zalantza asko sortu da tarte horrekin, behin baino gehiagotan adierazi duelako Madrilek obrak egiten hasiko dela bakarrik horretarako dirua badu.

Espainiako Gobernuaren 2016ko aurrekontu proiektua aurkeztu zuen atzo Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak Kongresuan. 494,44 milioi euroko inbertsioa agindu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 106,32 milioikoa Nafarroan: 555,76 milioi euro, guztira. Beraz, inbertsioaren erdia baino gehiago (%58) tren lasterraren lanetara bideratuko du.

Azken lau urteotan nahiko geldirik eduki du Madrilek bere esku dagoen Euskal Y-aren lanen zatia: Araba eta Bizkai osoaz gain, Bergarako lotunera bitarteko atala ari da Adif eraikitzen. Bergaratik Donostiara bitartekoa, berriz, Eusko Jaurlaritza ari da aurreratzen, eta Madrilek hartzen du bere gain gastua, kupoan egindako deskontuaren bidez. Iaz, baina, Bergarako lotuneko obrak lizitatzeari ekin zion Adifek, eta, dagoeneko, bost zatiak lizitatu ditu, 600 bat milioi eurotan. Azken bi zatiak joan den ostiralean eman zituen Adifek.

Atzo EITBk jakinarazi zuenez, zuzen inbertituko duen diruaz gain, 310 milioi ordainduko dizkio, kupo bidez, Madrilek Jaurlaritzari, Gipuzkoan aurreratutako lanengatik. Azken hilabeteotan ika-mika handia izan da gai hori dela eta. 2013ko abenduko Kongresuko saio batean, Aitor Esteban EAJko bozeramaileak Ana Pastor Sustapen ministroari leporatu zion Jaurlaritza aurreratzen ari den dirua ez ordaintzea. Ondoren, Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrean aitortu zuen 2011tik ez diola ordaindu Madrilek AHTan aurreratutako dirurik, eta guztira 873,3 milioi zor dizkiola. Hori 2014ko apirilean jakinarazi zuen, eta dagoeneko kopurua handiagoa izan daiteke.

Kostua, etengabe gora

Zaila da jakitea zenbatekoa izango den, amaitzen denean, Euskal Herrian egingo den tren lasterraren kostua. Izan ere, oraindik ez dago garbi zer zati egingo den, edo osorik egingo den. Euskal Y-aren kasuan, otsailean Bilbon trenbideei buruz egindako jardunaldi batzuetan, Manuel Niño Espainiako Azpiegituretako Estatu idazkariak adierazi zuen 3.500 milioi euro gastatu dituela Espainiak jadanik azpiegitura horretan. Aldi berean, 2019ra bitartean beste 2.500 milioi gastatuko dituela aitortu zuen, alegia, 6.000 milioi euro guztira. 2006an, lanei ekin zietenean, 4.200 milioiko aurrekontua aurreikusi zuten.

Hor zalantza bat dago, baina: nola egingo diren Euskal Y-aren loturak hiriburuekin, alegia, geltoki berriak egingo diren edo zaharrekin lotuko den trenbide sare berria. Geltokiak eginez gero, 1.200 milioi inguru gehiago beharko dira. Iruñea-Castejon zatiak 675 milioi euroko kostua izango du, eta Gasteiz-Burgos artekoak, berriz, 1.300 milioi.

Renferen trenbide sarean ere inbertsio txiki batzuk agindu ditu Madrilek heldu den urterako: 5,9 milioi euro gorde ditu aurrekontuetan Bilboko porturako sarrera bermatzeko. Beste 4,8 milioi inbertituko ditu hainbat geltokitako ibiltzeko erraztasunerako.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gasteizko Askabide Klinika ©Jaizki Fontaneda/ FOKU

Askabide klinikak eskatu du abortuaren kontrako protestak ez daitezela guneetatik hurbil egin

Isabel Jaurena

40 Días por la Vida abortuaren aurkako elkarteak iragarri du protestak eginen dituztela otsailaren 22tik aurrera.

Belateko tunela (Nafarroa), artxiboko irudi batean. ©Jagoba Manterola / Foku

Belateko tunel berriaren lanak lizitatu ditu Nafarroako Gobernuak

Paulo Ostolaza

95 milioi euroko kostua izango dute lanek. Txibiteren arabera, «lekurik arazotsuenetako baten konponbidearen hasiera» da.

Gasteizko Etxebizitza Sindikatuaren agerraldia, gaur. ©Gasteizko Etxebizitza Sindikatua

Gasteizko familia baten etxegabetzea gerarazteko exijitu dute

Julen Otaegi Leonet

Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak agerraldia egin du, «segurtasun osoz» berehalako etxegabetze agindua jasoko duen familia baten egoera salatzeko. «Beti bezala, administrazioak ez du aukerarik eskaini», gehitu du.

Zaldibarko zabortegiak (Bizkaia) hondakin industrialak hartu ohi zituen. ©Andoni Canellada / Foku

Hondakin industrialei aurre egiteko «tratamendu egokirik» ez edukitzea egotzi die ELAk erakundeei

Jon O. Urain

Sindikatuak proposatu du, besteak beste,  industriaren ekoizpen eredua «dibertsifikatzea» eta material berriztagarrietan, birziklagarrietan eta energia berriztagarrietan oinarritutako jarduerak bultzatzea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...