Albistea entzun

Neurrian egitea da gakoa

Danimarkako ikerketa batek ondorioztatu du astean lau ordu baino gehiago kirola egitea ez dela hain osasungarria. Kirol sendagileen artean aldeko eta kontrako iritziak daude.
Lasterketa luzeak egitea moda bihurtu dela diote kirol sendagileek; adibidez, New Yorkeko maratoia.
Lasterketa luzeak egitea moda bihurtu dela diote kirol sendagileek; adibidez, New Yorkeko maratoia. BERRIA

Ilargi Agirre -

2015eko otsailak 6 - Donostia

Kirol gehiegi egitea kaltegarria izan daiteke osasunarentzat. Horixe da Danimarkako ikertzaile talde batek egin berri duen ikerketaren emaitza. Kirolik egiten ez duten 3.950 lagun eta korrikalariak diren 1.098 lagun aztertu dituzte hamabi urtez jarraian. Kirol asko egiten dutenek eta ariketa fisikoa egin gabekoek hiltzeko arrisku bera izan dute. Lehen taldean, hiru egunez eta astean guztira lau ordu baino gehiagoz erritmo bizian korrika ibilitakoak sartu dituzte. Beraz, ariketa fisikoa bai, baina neurrian egitea dela onena dio Kopenhage Hiriko Bihotzaren Ikerketak —The Copenhagen City Heart Studyk—. American College of Cardiology aldizkarian argitaratu dituzte ondorioak. Baina non dago osasungarriaren eta gehiegizkoaren arteko muga? Eztabaida zaharra da, eta marra lausoa da zenbait kasutan.

Jacobb Marob ikerketan parte hartu duten ikertzaileetako batek argi hitz egin du: «Osasunarentzat mesedegarria den zerbait egin nahi izanez gero, ez da muturrera jo behar. Hiru egunetan banatuta, astean ordubetetik lau ordura erritmo motelean kirola eginda nahikoa da». Hain justu, hamabi urte horietan, ondorioztatu dute astean ordubete eta 2,4 ordu bitartean ariketa fisikoren bat egiten dutenak direla hiltzeko arrisku txikiena dutenak. Gaineratu dute orduko zortzi kilometro dela lasterka egiteko erritmorik egokiena.

Iñaki Arratibel kirol sendagilea ados dago, neurri handi batean, ikerketa horren emaitzekin. Tolosako (Gipuzkoa) Kirol Medikuntza Zentroan lan egiten du. Parabola batekin konparatu du sendagileak ikerketan ateratakoa. «Kirolik egiten ez dutenek arrisku handia dute; kirol pixka bat egitean arriskua txikitzen da, eta kirol asko eginda berdindu egiten da arriskua». Berak argi du zein den neurria: «Guk ere astean hiru-lau aldiz 40-45 minutuko saioak egitea gomendatzen dugu, intentsitate moderatuan. Osasunean onurak izateko, nahikoa da horrekin», azaldu du Arratibelek.

Osasungarriaren eta gehiegizkoaren arteko muga ordutan zehaztea oso zaila dela dio, berriz, Etor Mendia prestatzaile fisikoak. Lazkaoko (Gipuzkoa) Kemen Kirol Osasun Zerbitzuetan lan egiten du. «Egitea ez egitea baino hobea da beti. Osasunez ongi dabilen eta lanaldi guztia eserita pasatzen duen batentzat, gutxiegi da astean lau orduz kirola egitea. Garai batean, lanak fisikoak ziren, eta egoera hori orekatzeko komeni da», esan du Mendiak.

Gorputza mugitzeko diseinatuta dagoela dio, eta gaineratu du ahalmenak galdu egiten direla gaitasun fisikoak lantzen ez badira. «Gaur egungo gizartean, alderdi guztietan gara lehiakorrak. Kirola ihesbide gisa hartu beharrean, estresatzeko modu gisa hartzen dugu askotan. Jarduera hori ez dugu egiten osasuna lantzeko, baizik eta, kasu gehienetan, dortsal bat jarri eta norbere buruarekiko erronka gisa. Denbora laburrean, besteekiko erronka bihurtzen da, eta muga arrazional asko hausten ditugu».

Alberto Garai kirol sendagileak uste du ikerketaren lagina txikiegia dela. Arrasateko (Gipuzkoa) Athlon kirol medikuntza zentroan egiten du lan. Iowako Unibertsitatean (AEB) egindako beste ikerketa baten emaitzak aipatu ditu. 55.000 lagun ikertu zituzten orduan, eta ondorioztatu zuten kirolarien artean heriotza gutxiago izaten zirela. «Kirola aholkatzea hobea da, sedentarismoa ez baita osasuntsu egoteko arma». Eta, bide horretatik, neurriaren giltza ere eman du: «Ariketa fisikoa ongi pasatzeko da, eta gozatzeko. Kirola egitean gaizki pasatzen badugu, hobe ez jarraitzea».

Goi mailako kirola eta ariketa fisikoa ezberdindu behar dira, Xabier Leibar kirol sendagilearen aburuz. Goi mailako kirolaren helburua ez da osasuna, mugak gainditzea baizik. Hark kirolari profesionalekin egiten du lan, Fadurako perfekzionamendu zentroan (Getxo, Bizkaia). Norbere gorpuzkeraren eta norbere mailaren arabera egin behar da kirola, mugak zeintzuk diren argi edukiz, eta «zentzu komuna» kontuan hartuz. American College erakundea dute erreferentzia nagusia, eta elkarte horrek astean bost aldiz 45 minutuko saioak egitea gomendatzen du. Leibarrek dio lesioak eta arazoak has daitezkeela entrenamendu saio horiek baino gehiago eginez gero.

Prestakuntza faltaz eta jakinduria ezaz arduratuta azaldu da Leibar. Astakeriak askotan egiten direla dio. «Ikusten duzu norbait hogei urte kirolik egin gabe, eta egun batetik bestera gaztea zenean bezala intentsitate berarekin korrika egin nahian. Hori ezinezkoa da».

Azterketa medikoak

Osasuna zaintzeko lehendabiziko baldintza norberaren egoera jakitea dela diote, eta kontrol medikoen garrantzia azpimarratu dute guztiek. Mendiak adierazi duenez, kirola egiten hasi nahi duen ororen abiapuntua izan behar du osasun azterketa bat. Horrela, arrisku faktoreak jakin ahal izango dira: familiako aurrekariak, gaitz kardiobaskularrik ba ote dagoen, kolesterola... eta egoeraz ohartu. «Ez da gauza bera zortzi ordu bulegoan eserita egotea edo eraikuntzan lan egitea».

Hasiberriei soseguz eta patxadaz hartzeko gomendioa egin die Garaik, eta jarduera pixkanaka bizituz joatekoa. «Atseden egunak ongi zehaztu, elikadura eta hidratazioa zaindu, eta luzaketak egin behar dituzte, eta prestatzaile baten eskuetan jartzea ere ongi legoke».

Mendiak uste du berrogei urtetik gorako kirolariek urtero egin beharko luketela esfortzu proba bat, aldaketak izaten direlako osasunean, eta horren arabera egokitu behar delako kirol jarduera. Bide beretik jo du Arratibelek. «Goi mailako kirolariak kontrolatuta daude, baina intentsitate handian kirola egiten duten kirolari ez-profesionalek kontrolak egiten al dituzte? Ongi sentitzea bakarrik ez da nahikoa».

Sendagileen ustez, kontrolik gabe arriskuak ugaritu egiten dira, eta muturreko egoeratan ibilita ere bai. Kirolari batzuei bihotza sufrimendu seinaleak ematen hasten zaie; arritmiak edota hipertrofiak —bihotzaren tamaina handitzea— agertzen dira, eta giltzaduretan arazoak sortzen dira.

Horrez gain, kirolen artean aldeak daude. Garaik esan du korrika egitea, esaterako, inpaktuzko ekintza dela, eta horrek errazago eragin ditzakeela gainkargak giltzaduretan. Igeriketa eta txirrindularitza, aldiz, ez dira inpaktuzkoak. Leibarrek kirol berri bat aipatu du osasungarrienen artean. «Running pool-a. Igerilekuan oinak lurrean jarri gabe uretan ibiltzen saiatzea da. Pisua galtzeko oso ona da».

Gero eta muturrerago

Azken urteetan gero eta lasterketa luzeagoak eta gogorragoak egiteko moda sortu dela uste du Arratibelek, eta horrek entrenamendu gogorragoak egitea dakarrela. Behobia-Donostia lasterketatik maratoira jauzi egin, 42 kilometrorekin nahikoa ez, eta mendiko ultra lasterketek eta triatloi luzeek gero eta jarraitzaile gehiago dituztela dio Arratibelek. Gai horren inguruan asko hitz egiten omen dute sendagileen artean, eta kezka agertu du. «Arriskua handia da. Osasunarentzat, hobeak dira lasterketa laburragoak».

Ados agertu dira horrekin gainerakoak ere. «Espero dezagun moda kontua bakarrik izatea», dio Mendiak. Prestatzaile fisikoak azaldu du 100 kilometrotik gorako lasterketetara ongi prestatuta joan ahal izateko 20 eta 30 orduko entrenamenduak egin behar direla aste barruan, eta konplikatua dela familia, lana eta entrenamenduak uztartzea. «Goi mailako kirolarien entrenamendu ereduak bestelako kirolarien artean ari dira zabaltzen, eta hori oker handia da», dio.

Kirola maila handian egiten duten kirolari ez-profesional horien bizimoduari erreparatu dio Arratibelek. «Ordu askoan entrenatzen dira, baina gero bizimodua ez da kirolari profesional batena. Izan ere, ez dute kontrolatzen zer jaten duten, edo ez dute nahikoa atseden hartzen. Gehiegikeria da zortzi ordu lan egin eta gero ia egunero lau-bost ordu entrenatzea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskadi Irratiko mikro bat. ©Foku

Euskadi Irratiko langileek murrizketak egiteko irizpideak gaitzetsi dituzte

Urtzi Urkizu

Miramongo Euskadi Irratiko langile batzordeak eta erredakzio kontseiluak zuzendaritzari eta EITBren administrazio kontseiluari eskatu diete 24 orduko informazio zerbitzuari eusteko.

Joseba Sarrionandia <em>Kristalezko begi bat</em>-en pasarte bat irakurtzen, atzo, Bilboko Arriaga antzokian. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Meaberen 'Kristalezko begi bat' irakurri dute Bilboko Arriagan

Amaia Igartua Aristondo

Miren Agur Meaberen 'Kristalezko begi bat' eleberria irakurri dute ahots goran Bilboko Arriaga antzokian, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako XVI. Irakurraldi Jarraituan.

 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Kontsultaren eta laborategiaren artean zubiak eraikitzea dagokit»

Iker Tubia

Laguntza eta jakin-mina aipatzen ditu Mendibek neurologiaz hitz egitean, baita pazienteak eta talde lana ere. Esklerosi anizkoitzaren alorrean izan diren aldaketa «sekulakoak» azaldu ditu. Esan duenez, alzheimerra eta AEA dira erronka nagusiak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...