Luixa Reizabal. Psikologian doktorea

«Sexismoa transmititzen du hezkuntza sistemak»

Eskolak sexismoa transmititzeko dituen moduak aztertu ditu Reizabalek. Dioenez, hezitzaileek eduki eta balio «maskulinoak» lehenesten dituzte.
MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Pello A. Zuazo -

2016ko urtarrilak 14

Luixa Reizabal Arruabarrena (Donostia, 1964) Psikologiako doktorea eta EHUko Donostiako Psikologia Fakultateko irakaslea eta ikertzailea da. Iaz, Genero berdintasunean hezteko gida. Familia, irakasle eta bestelako hezitzaileentzat liburua argitaratu zuen. Emakundek eskolako sexismoaz antolaturiko jardunaldietan izan zen atzo.

Zer da hezkidetza?

Emakume eta gizonek eskubide, aukera, betebehar, lan... berdinak izan ditzaten lortzea helburu duen hezkuntza mota da. Matxismoa, sexismoa eta antzekoak baztertuta.

Egungo hezkuntza sistema matxista al da?

Androzentrikoa da. Hau da, gizonetan jartzen du arreta. Gizonezkoen eredua da ardatz nagusia, eta, gainera, sexismoa transmititzen du.

Zein modutan transmititzen da sexismo hori?

Eskoletan lantzen diren edukiak gizonezkoei eman ohi zaien ekoizpen rolarekin dute zerikusia. Eta beste eduki batzuk baztertu egiten dira; hain zuzen ere, emakumezkoei eman ohi zaizkien rolekin zerikusia dutenak: emozioekin, afektuarekin, bizikidetzarekin... Didaktika eta irakaskuntza metodologia boterean oinarrituta dago, eta ebaluaziorako probak askotan sexistak izaten dira. Lantzen eta transmititzen diren ereduak maskulinoak dira: lehia, irabaztea, mendekotasun harremanak... Eskoletako apaingarriak: arrosa neskentzat, urdina mutilentzat... Jolastokiak antolatzeko moduak: erdian, mutil kirolariak, eta neskak, bazterretan. Lanbide orientazioa: hezkuntzarekin eta zainketarekin zerikusia duten lanetara bideratzen dira neskak, eta mutilak, aldiz, bestelako zientzia batzuetara.

Hezitzaileek neskengan edo mutilengan jartzen dituzten itxaropen eta helburuak desberdinak dira?

Neska edo mutila izan, gauza bat edo beste bat espero da zutaz. Irakasleek ere onartzen dute hori. Hezkuntzan eta jendartean, oro har, neskengandik espero da txukunak, zintzoak, otzanak, mendekoak... izatea. Mutilengandik, berriz, indartsuak, independenteak, bizkorrak... izatea. Horrek eragina dauka haurrekiko dugun tratuan. Neskak modu batera hezten ditugu, eta mutilak, beste batera.

Zein da familien eginkizuna?

Familiek hezkuntza sistemaren pareko garrantzia edo handiagoa dute. Gurasoek generoaren ikusmolde sexista eta estereotipatua transmititzen badute, nahiz eta hezkuntza sisteman hezkidetza landu, ez du ezertarako balio. Izan ere, hezkidetzak prozesu integral bat izan behar du: familietan, eskoletan, komunikabideetan eta gizartean, oro har. Oraingoz ez da horrela, baina zorionez hezkuntza munduan hasi dira urratsak egiten.

Baina askotan inkontzienteki eta nahi gabe egiten ditugu horrelako bereizketak, ezta?

Oso barneratuak ditugu jokabide horiek, eta askotan zaila da konturatzea sexismo jarrera batzuez. Baina badago horretarako tresna erabilgarri bat: inbertsioaren edo itzulgarritasunaren araua. Demagun ume batekin gaudela eta neska dela. Pentsatu behar dugu ume hori mutila balitz gure tratua berdina izango litzatekeen edo ez. Erantzuna baiezkoa bada, ondo ari gara. Baina erantzuna ezezkoa bada, eta mutila balitz beste tratu bat emango bagenio, orduan ez gabiltza ondo: gure jokabidea sexista da.

Emakumezko erreferenteak falta dira eskola irakaspenetan?

Historia gizonek idatzi dute, eta gudan oinarrituta edo ekoizpen moduen arabera idatzi izan da beti. Ez da inoiz kontuan hartu jendarteek irauteko egin behar izan dutena: ez da jasotzen haurrak nola zaintzen zituzten, zer jaten zuten, nola antolatzen zituzten etxeak... Hori horrela, emakumeen lorpenak historiatik at geratu dira. Eredu maskulinoa errepikatu duten emakumeak bakarrik agertzen dira: boteretsuak, gerlariak... Historia oso modu lerratuan eta maskulinoan kontatzen da. Ikusmolde integral eta egokiagoa bultzatu behar da.

Haurtzaroan garatzen diren tratu desberdin horiek gerora zein neurritan markatzen dute pertsonaren izaera?

Neurri handi batean. Haurtzaroak eragin handia dauka gure izaeraren eraketan. Esaterako, harreman afektiboak eragina izango du gure etorkizuneko jokabidean. Adibidez, neskak ahulak eta babesgabeak omen diren ideiaren arabera tratatzen baditugu eta asko babesten baditugu, gero heldutasunean ere norbaiten babespean bizitzeko beharra sentituko dute, bestela ahul eta babesgabe sentituko direlako. Bestalde, ezarritako genero eredutik kanpo gelditzen direnek —homosexualak, transexualak...— baztertuak izateko arriskua daukate.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Kezka adierazi dute lehen arretako hainbat langilek. Argazkian, Bilboko Areilza anbulatorioa. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Osasun sistemak eztanda egingo du»

Maialen Arteaga

Lehen arretako zentroen estutasunak azaleratu ditu COVID-19ak, eta aspaldiko aldarriak hauspotu ditu. Pandemiaren «bigarren olatua» iritsi dela aitortu du Eusko Jaurlaritzak, baina osasun etxeetan langileen erdiekin eta «lan gainkargarekin» dabiltzala salatu dute.

Maria Txibite, Santos Indurain eta Enrique Maia, prentsa agerraldian, atzo eginiko bileraren ostean. ©JESUS DIGES / EFE

Beste 23 ospitaleratze: maiatzaren 14tik zenbatu den kopuru handiena

Olatz Esteban Ezkati

Kasu positiboen beherakada izan da Hego Euskal Herrian. Txibitek ez du neurri orokorrik ezarriko

Emakume bat COVID-19aren proba egiten, New Delhin, Indian. ©STR / EFE

Errusiak COVID-19aren aurkako lehenengo txertoa erregistratu du

Munia El Marhoum Iruretagoiena

Putinek adierazi du «immunitate iraunkorra» ematen duela; OMEk, berriz, ohartarazi du erakundearen azterketak igaro beharko dituela. Munduko kutsatu kopuruak hogei milioiren langa gainditu du

 ©Aritz Loiola / Foku

Ostiralean erabakiko dute gaueko aisialdirako mugez

Berria

Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalariek auzitara jo dute, 01:30 baino beranduago ixteko aukera eskatuz

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna