Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

UDAKO SERIEA. Euskararen hauspo berria (eta XII). Analisia

Euskararen txingarretan

Azken Korrikan, iaz, Eusko Legebiltzarreko lau talde nagusietako kideak, Tejeria presidentea buru dutela.
Azken Korrikan, iaz, Eusko Legebiltzarreko lau talde nagusietako kideak, Tejeria presidentea buru dutela. RAUL BOGAJO / ARP

Garikoitz Goikoetxea -

2014ko abuztuak 10

Jauzi bat egiteko aukera eta beharra badagoela adierazi dute elkarrizketatutako adituek. Horretarako, ordea, nahitaezkoa da elkarlana sendotzea. Egoera asko aldatu da. Gutxienekoak lortzean ikusten dute gakoa.

Aurrerabidea mantsotzen ari ote den, beste astindu bat behar ote duen, kezka badago euskararen buruetan. Etxeko erabileran agertu den jaitsiera, kalean aurrera segitu ezina, arnasgune zenbaitetan euskaldunen portzentajea apaldu izana, kezkarako bide izan dira guztiak. Gero eta nabariagoa da hauspotu baten premia, Euskararen hauspo berria sortan hainbat adituk berretsi dutenez. Dudarik ez dago lortu dela euskararen suari eustea eta berritzea, ezagutzaren bidean berealdiko pausoak emanez. Sua indartzea, garra sendotzea da erronka, erabileraren bidetik. Jokoan ez dago euskararen iraupen hutsa, baizik eta euskararen garra, bizi indarra.

Testuingurua kontuan hartzekoa da; nondik datozen datu kezkagarri horiek. Harreman sareak zabaltzen ari dira: bateko eta besteko herritarrek erlazio handiagoa dute elkarren artean. Euskaldunek erdaldunekin ere bai. Sare erdaldunak osatu ditu horrek, eta euskaraz egiteko aukera gutxiago dute euskaldunek, baita etxean bertan ere —gero eta etxe gehiagotan da kide bat euskalduna eta bestea erdalduna—. Egia da etxe askotako ateak zabaldu dizkiotela euskarari, baina harreman sarea zabaldu den heinean, erdarak adinako lekurik ez du euskarak.

Euskararena nolako sua den ikusi behar da, beraz: gero eta hedatuagoa —leku erdaldunetan goranzko bidean dago euskararen ezagutza—, baina, aldi berean, gero eta sakabanatuagoa —erabat euskaldunak diren lekuak gero eta gutxiago dira—. Hortik dator euskaldunak agerrarazteko beharra, txingarrak ikusaraztekoa.

Asko egin dela zalantzarik ez dago. Egiteko asko dagoela, horretan ere ez dago dudarik. Kontua da zer-nolako gaitasuna eta egokiera dagoen berriz hauspotzeari ekiteko, euskararen txingar hedatua sugar bihurtzeko.

'Chiringuitoen' kea

Kea sortzeko arriskua handia da. Euskararen inguruko adostasunak lortzeko zailtasunak izango direla bistan geratu da asteotan, Euskararen Agenda Estrategikoa jomuga dela. Jaurlaritzak agintaldi honetan izango dituen lan ildoen bilduma da; ez du aparteko berritasunik, ez proiektuetan, ez baliabideetan. Urtean 112 milioi inbertitu asmo dute.

Azkar sortu da kea. PSE izan da lehena, Idoia Mendiaren ahotik —hurrengo idazkari nagusia izango da—. Diru gehiegi dela: «Euskal gizartearen lehentasunak zein diren nahasten ari dira». PP batu da hurrena, Iñaki Oiarzabal bozeramaile hartuta: «Euskaratik bizi diren chiringuitoentzat da diru hori. Eskola gehiago eginda bultzatuko litzateke euskalduntzea gehiago». Oraindik ere, demagogiarako bide da euskara, botoak lortzeko aitzakia. 112 milioi inbertituta, Jaurlaritzak aurtengo aurrekontu osoaren %1 justu jarriko du hizkuntz politikan; PSEk, bere lehen aurrekontuan, 2010ean, %1,04 jarri zuen euskara bultzatzeko, eta hurrengo urtean, %0,95 —PPren babesez—. Denak ere 30 urteotako batez bestekotik behera daude: %1,24. Eskolak eskatu ditu PPk; han indartuko dela euskara. Hain justu, 112 milioi horietatik zati handiena (%40) eskoletarako dela. Kea.

Hauspoa adosteak balioko luke kea uxatzeko. Baina zuloak izan ditzake hauspoak. Bilbon, gutxieneko akordio baten eske, proposamen bat jarri du mahai gainean udal gobernuak. Neurri zehatzik gabe, euskara bultzatzeko ildo batzuk aipatu ditu: belaunaldi berrietan ezagutza eta erabilera bermatzea, hiztunen sareak trinkotzea, euskararen irudia eta prestigioa areagotzea...

Ñabardura batzuekin, baina batu dira EH Bildu eta PSE. PP, ez; «bigarren mailako herritarrak» eta «inposizioak» aipatu ditu. Bertan behera utzi dute testua, erabateko adostasunik ez eta. Elkarrizketa sortako aditu gehienak bat datoz: denen arteko adostasuna lortzea ia ezinezkoa izango da. Baina gutxieneko bat ezinbestekoa da: bi sektore abertzale nagusiak, ezinbestean, eta ezkerreko gainerako alderdiak inguruan. Ez da izango erabateko adostasuna, baina hauspoak bere funtzioa bete ahalko du nahiz eta bazterrean zulotxo batzuk izan.

Bi hauspo

Hauspo bat da hori, politiko-instituzionala. Bada beste gihar bat ere, euskalgintza soziala esaten zaiona. Bi hauspo. Elkarren arteko harremanak samurtzea ezinbesteko jo dute adituek. Euskalgintzako bi hauspoak norabide berean aritzea, batek indartutako sua ez dezan besteak ahuldu. Badira keinu batzuk. Azken Korrikan, Eusko Legebiltzarreko lau talde nagusiek elkarrekin osatu zuten bidea; Udalerri Euskaldunen Egunean, EAJko ordezkariak han ziren, urteetako gorabeheren ondoren. Argazkiak dira, baina samurtzearen erakusle. Eta pauso gehiagorako abiapuntu.

Sendotze lana da hurrengoa, hauspoa prestatzea. Aldaketa handiak dira: eleaniztasuna indarra hartzen ari da —ingelesaren bidetik batez ere—, gizartean gero eta aniztasun handiagoa dago —ez da behar adina lan egin etorkinekin—, belaunaldi bat badoa —euskalduntzeko bidea masiboki abiatu zuen belaunaldia—... Garai politiko berriekin topo egin dute aldaketa horiek, eta gorabehera ekonomiko handiekin ere bai.

Nahiko motibo badira hauspoa berritzeko. Sukaldeko lana eskatuko du horrek: demagogia politikotik ateratzea euskararen gaia eta gutxieneko konplizitate bat hartzea. Kea sortzeko arriskua bai baitago hor ere: ezerezean uztea dena, ez aurrera ez atzera, ketan. Gertatu izan da lehenago ere.

Ikatz ale gehiago

Hauspoarekin batera, aztertzekoa da ikatz aleak non jarri, sua bizitzeko. Hezkuntzaren gain ardura handia jarri da, eta emaitza nabarmenak utzi ditu. Agerian dago, ordea, eskolak bere kabuz ez dezakeela guztia egin —eta, beraz, ezin zaiola dena eskatu—. Eskolatik kanpoko jardunetan jarri dute begia aditu askok, euskarazko eskaintza oso apala baita leku batzuetan oraindik ere. Begiraleekin ere badago lana. Eta familiekin: umeak euskaraz eskolatzeko pausoa eman dute, eta haiekin lan egiteko aukera egokia da hori.

Kea kendu, hauspoa indartu, ikatz aleak ondo zabaldu. Sua indartzeko bidea izango litzateke, egoki eginez gero. Zaintza behar du, hala ere, suak, euskararen suak. Urteetako aurrerabideak ekarri duen ezkutuko arriskua hori baita: dena egina dagoela pentsatzea. Txingarra hedatu da. Sua berpiztea, hori dago jokoan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herritarrak paseoan, Gasteizen, artxiboko irudi batean ©Endika Portillo / FOKU

Joan den astean baino %52 positibo gehiago atzeman dituzte asteon

Irati Urdalleta Lete

Hildako kopuruan ere igoera egon da: 24 gaixo hil dira gaitzak jota Hego Euskal Herrian, joan den astean baino bederatzi gehiago.

Herritarrak hazitako Cadagua ibaiari begira, Alonsotegin.

Ibaiek gainezka egin dute Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat lekutan

Edu Lartzanguren

Eusko Jaurlaritzak 15:00etan indargabetu du uholde arriskuari aurre egiteko plana. Nafarroan eta Araban ere arazo egon dira errepidean, elurrak eraginda. Urdiñarben (Zuberoa), hogei bat etxe argindarrik gabe egon dira, elurrak argi poste bat bota duelako

Bizkaiko zahar etxeetako langileak protestan, Barakaldon, artxiboko irudi batean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Greba eginen dute Bizkaiko egoitzetan abenduaren 14an, ELAk deituta

Ion Orzaiz

Sindikatuak ezinbestekotzat jo du zahar etxeetako «zaintza eredua aldatzea» eta «ratioak hobetzea»

Costumero, ekainean, Bilboko Justizia auzitegira sartzen, epaiketara. ©Luis Tejido / EFE

Bilboko Auzitegiak alabaren zaintza partekatua ukatu dio Irune Costumerori

Berria

Haurra aurrerantzean ere aitarekin biziko dela erabaki dute. Epaia «benetako mendekua» dela adierazi du emakumeak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.