Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Euskara irabazteko bidean

Publizitatea

Gizartea

LIBURU AURRERAPENA

Euskara irabazteko bidean

Aldaketa hotsak gero eta handiagoak dira euskararen inguruan: beste urrats bat egiteko momentua iritsi dela. Ehun lagunen iritziak oinarritzat hartuta, 'Euskara irabazteko bidean' liburua plazaratu du BERRIAko kazetari Garikoitz Goikoetxeak (Elduain, Gipuzkoa, 1989).

2016-11-27 / Berria

Euskalgintzaren azterketa eginda, aurrera begira jartzeko garaia da. Zer lan ildo hartu behar diren, bide diferenteak hartu ditu hizlari bakoitzak. [Joanmari] Larrartek dio xedeei begiratu behar zaiela: «Duela 30 urteko helburu bera partekatzen dugu benetan euskalgintzan? Horri erantzun behar diogu, eta oraindik ez diogu zintzotasunez erantzun. Helburua argi badago, bideetan elkar hartzeak ez du zaila izan behar. Ez dakit sinesten dugun Euskal Herri euskalduna izan dezakegula; ez badugu sinesten, esan egin beharko genuke. Nik sinesten dut». Iniziatiba falta dela ere aipatu du: «Herri honetan gogoeta gehiegi egiten da, eta ekimen gutxiegi dago. Gogoetatik baino gehiago, ekimenetik etorri gara honaino. Pentsatu egin behar dira gauzak, baina, batez ere, bideratu». Azken enborra: lankidetza. «Beldurra galdu behar diogu elkarrekin lan egiteari. Elkarlanaz mundu guztiak hitz egiten du, baina ez gara gai bi gauza elkarrekin egiteko».

[Olatz] Osak berretsi du «egiten eta eragiten» jarraitu behar dutela eragileek, orain arteko bidean, baina hark ere nabarmendu du elkarrekin jardun behar dutela gehiago. «Funtsezkoa dugu euskalgintzako eragileen arteko indar metaketa, barne kohesioa eta koordinazioa». Helburuetan ere bai: «Lan ildoek norabide, logika eta azken helburu partekatua behar dute. Euskalgintzak irudikatu behar du epe zehatz bat jarriz euskararen inguruan ardaztuko den herria. Benetan sinetsi eta barneratu behar dugu hori posible dela, eta zehaztu behar ditugu horretara epe jakin batean iristeko urratsak, eta hartu beharreko neurriak eta mezuak».

Bide beretik mintzo da [Miren] Segurola: «Mesfidantzak gainditu, eta euskalgintza saretu egin beharko genuke. Jakin beharko genuke bakoitzaren funtzioak bereizten eta hortik eragiten. Politika komunak egiten. Behar baitira». Egoera soziolinguistiko bakoitzari erreparatzeko ere eskatu du: «Kontu delikatua da, baina zonifikazioa behar dugu hizkuntza politikari dagokionez. Euskaldunen hizkuntza eskubideak berberak izan behar dira Euskal Herri osoan; hori da marra gorria. Baina euskalgintzak ezin ditu errezeta berdinak jarri leku guztietarako. Estrategiak eta politikak diferenteak izan behar dira zonifikazioaren arabera: udalerri euskaldunek benetako babesa behar dute, erdaldunak diren lekuetan beste politika batzuk behar dira...».

Gogoeta garaia dela uste du [Jasone] Mendizabalek. «Biribilgunetik atera behar dugu. Egin dezagun ariketa. Ameslari izan behar dugu, baina lurra zapaldu behar dugu. Adostu beharko genuke euskalgintza instituzionalarekin funtzio banaketarako espazioak nola antolatu, eta gure baitan ere gogoeta partekatua egin behar dugu». Gazteengan jarri behar da arreta berezia, haren esanetan. «Zer transmisio egingo dute eskolan euskaldundu direnek? Gaztelaniaz bizi dira asko. Inbertsio guztia pikutara joan daiteke. Urgentea da horien ingurunean neurriak hartzea».

Elkarrekin indar hartzea jarri du jomugan [Jexux] Muruak: «Instituzioekin parez pare jarri eta estrategiak adosteko, indarra behar dugu. Biei komeni zaigu, instituzioei eta euskalgintzako egiturei; ziur naiz helburu nagusian bat gatozela, eta biei komeni zaigu baliabideak eraginkortzea, hornitzea nahiz optimizatzea. Horretarako, erakunde indartsuak sortu behar dira. Sektorez sektore ariketa hau egin behar da: helburu komunak ondo bereizi, eta norberaren etorkizunarenak hortik atera. Hedabideen kasuan, esaterako, funtsezkoa da Hekimen sendotzea eta garatzea, benetako ahots bakarra izateko. Bertsozale Elkartea izan daiteke adibide bat: interlokuzio bakar eta aitortua du; hari ere on egingo lioke inguruan antzerako gehiago izateak, beren artean jarduteko, goragoko helburu batzuei heltzeko». Herritarrei begira ere lan egin beharra dagoela nabarmendu du: «Nola konturarazi hau dena ez dela batzuen kapritxoa? Zer egiten dugu gure munduari prestigioa emateko? Zer egiten da guri presentzia emateko? Ez dago gure lana erraztuko duen diskurtso bat». Hori baino lehen, hala ere, euskalgintza barruan pauso bat eman beharra dagoela ohartarazi du: «Kolektiboki aitortu behar dugu geure burua: eginkizun garrantzitsua ari gara betetzen, lanean ari gara, asmo on batekin, emaitzak bistakoak dira, eta bide onean goaz».

Euskalgintzak «ahaldundu» egin behar duela nabarmendu du [Paul] Bilbaok, eta eragiten jarraitu behar duela: «Lehentasunezkoa da euskara agenda politikoetan txertatzea. Kezka handia dut horren inguruan. Iruditzen zait euskara bihurtzen ari dela oztopo antzeko bat. Euskalgintzari dagokio euskararen gaia erdigunean kokatzea. Aldarrikatu behar dugu gizarte justuago baten alde egitean hizkuntza eskubideek hor egon behar dutela. Justizia sozialaren barruan kokatu behar da hizkuntzaren afera». Eskubideak hartu ditu ahotan Mendigurenek ere: «Hizkuntza eskubideen gaia erdian kokatzea oso beharrezkoa da. Eskubide kontu bihurtu behar dugu hizkuntza, ez kontu sentimental: hemen jende bat bizi da egunero hizkuntza horrekin, eta eskubidea du. Gainera, kontu egin behar da iraganean hizkuntza horrek zer jasan duen. Oraindik ez dira kitatu zor horiek». [...]

Bultzatzen jarraitu beharko da hurrengo urteetan ere. Iparraldeko aldaketei begira jarri da [Sebastien] Castet: «Akuilu lana egiten segitu beharko du euskalgintzak. Egoera hobetu bada ere, hiztunak galtzen segitzen dugu. Horri buelta emateko, urratsak egin behar dira euskararen ikastean eta erabileran eragina duten arloetan. Paris aldetik deus ez bada mugitzen, aldaketa hemendik bultzatu beharko da. Euskal Herri Elkargoak emandako koadro berri hori baliatu behar da Ipar Euskal Herria hizkuntza politika arloan esperimentazio lurralde bilakatzeko, euskarak behar duen aldaketa hori martxan jartzeko».

Aldaketa premien artean, maiz aipatzen dute diskurtso berrien beharra. Horri lotutako beste gai bat aipatu du [Manex] Agirrek: «Diskurtsoa nork zabaltzen duen». Bateratze bat behar dela uste du. «Diskurtsoen sorgunea ez da egon behar Kontseiluan bakarrik edo Jaurlaritzan bakarrik; diskurtso partekatu behar egon behar da, benetan proiekzio nazionala edukiko duena. Euskalgintzak a esaten badu eta Jaurlaritzak b, nori gabiltza kalte egiten? Euskaraz bizi gura duenari. Euskaraz bizi gura ez duenak b bakarrik entzungo du, entzuten badu. Euskalgintzaren eragin eremura ailegatzen denak euskalgintzak esaten duena jasoko du, eta Jaurlaritzarekin haserretuko da. Ez dago eraginkortasunik hor». Tentsioa behar dela ere aldarrikatu du. «Baina tentsioa ez da lotu behar ezkortasunarekin. Transmititu behar da tentsioa behar dela gizartean aldaketak egiteko. Ez dakit jendea oso kontziente den euskalgintza aldaketarako tresna dela, helburu duela gizarteko harremanak aldatzea. Gizarte hobe baten bila goaz. Zelan aldatzen da gizartea? Tentsioarekin. Eta hori ez da zertan txarra izan». [...]

Adostasuna eskatu du [Joan Mari] Torrealdaik: bai euskalgintza barruan, bai handik kanpo. Lehenik, euskalgintzako eragileen artean: «Euskalgintzak jarrera proaktiboa hartu behar du: etorkizuna bere esku hartu, erakundeei begira geratu gabe alde bakarreko jardunbidea landu, helburu argiekin: batasun estrategikoa behar du bere baitan, hizkuntza normalizazioari buruzko akordio programatikoak adostu behar ditu elkarrekin, diagnosia eta aurrera begirako urratsak argitu ostean. Gizartera jo aurretik, ezinbestekoa da euskalgintzaren baitako eta hark erakundeekin behar duen ituna ongi finkatzea, betiere euskararen normalizazioa helburu». Bigarrenik, erakundeetara eta gizartera: «Adostasun programatikoa eskuan, eragile politiko eta instituzionaletara jo behar du, hitzartzera, mesfidantzak, liskar historikoak alde batera utzi eta konplizitatearen bila. Konplizitatearen eta hitzarmen bidezko elkarlanaren bila. Epe luzerako. Gero, gizarte mailako akordio zabal bat lortu behar du, euskararen alde, euskaraz bizi ahal izatearen alde, elebitasun formalaren mugak gaindituz».

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak