Noiz sortua: 2014-12-10 00:30:00

Daniel Luria. Jerusalemgo kolono judua

«Israelen izaera judua demokraziaren gainetik dago»

Meskiten Zelaian otoitz egiteko eskubidea aldarrikatzen du Jerusalem ekialdeko kolono juduen ordezkari Luriak. Ateret Cihanim-eko buruaren ustez, Palestina ez da inoiz existitu.
A. IRAZABAL

Ane Irazabal, Berriemaile berezia -

2014ko abenduak 10

Jerusalemgo alde zaharrean eta ekialdeko auzo palestinarretan 200.000 kolono judu bizi dira. Horietatik 2.000 baino gehiago Ateret Cohanim izeneko erakundeak erositako etxeetan ezarri dituzte. «Jerusalem judu egiteaz» arduratzen den erakunde hori amesgaizto bilakatu da palestinarrentzat. Izan ere, munduko juduek emandako dirua eta Israelgo Gobernuaren malgutasuna dira mugimendu horren bi ardatzak. Ateret Cohanimeko zuzendaria da Daniel Luria (Melbourne, Australia, 1962), eta, haren iritziz, «juduek eskubide osoa dute arabiarrei etxeak erosteko eta Jerusalemgo eremu guztietan bizitzeko». Baina palestinarrek, batez ere Silwan auzoko herritarrek, argi diote beldurtuta dauzkatela. Jerusalem ekialdeko kolono erlijiosoen ikuspegia ezagutzeko, Luria elkarrizketatu du BERRIAk.

Australiatik iritsitako judu bat zara zu. Zertan oinarritzen zara zure izaera judua beste edozein eskubideren gainetik dagoela esateko?

Juduok 3.800 urtez egon gara hemen. Beti izan al dugu estatu bat? Ez, baina Israel gure aberria da. Guk ez dugu mundua konkistatu nahi; ez gara inperialistak. Juduentzako aberri bat izateko eskubidea aldarrikatzen dugu.

Baina onartzen al duzu gatazka politiko bat dagoela?

Bai, noski, eta badakit gure aldarrikapenetan kontraesanak daudela: batetik, juduon aberria eraiki nahi dugu; eta, bestetik, Israelgo herritar guztien eskubideak babestuko dituen sistema demokratiko bat sortu nahiko genuke. Hori kontraesan bat da; izan ere, zer dago lehenago, izaera judua edo demokratikoa? Nire ustez, demokraziaren gainetik dago judutasuna. Ez dut estatu demokratiko eta multikultural batean bizi nahi. Hala balitz, ez nintzateke Australiatik joango.

Baina ez dute gauza bera pentsatzen eremu honetan bizi diren arabiarrek, palestinarrek eta nazioarteko komunitateak...

Ez nau arduratzen munduak zer pentsatzen duen. Israelen bizi diren arabiarrek onartu behar dute hau juduon aberria dela. Egia da gutxiengoak zaindu egin behar ditugula, baina onartezina da gutxiengo horretako herritarrek guri labankadaz erasotzea edo gure banderak erretzea. Gainera, Israelgo arabiar askok nahiago dute gure kontrolpean egon Mahmud Abbasen PANek gobernatzea baino. Hemen geratu nahi badute gure legeria errespetatu beharko dute; bestela, gainontzeko herrialde arabiarretara joan daitezke. Halere, Jerusalemen ez dago bazterkeriarik: juduek eta arabiarrek eskubide berak dituzte, eta bizikidetzarako politikak bultzatu dira azkenaldian.

Orduan, bidaliko al zenituzke zure seme-alabak juduz eta arabiarrez osatutako eskola misto batera?

Ez, inolaz ere ez. Bakoitzak berea, jainkoaren legea.

Palestinako estatuari babesa eman diote Europako hainbat herrialdek. Gaza, Zisjordania eta Jerusalem ekialdea batuko lituzkete. Zer irizten diozu bi estaturen irtenbideari buruz?

Hasteko, ez dut onartzen Jerusalem ekialdea terminoa. Hau hiri bateratu bat da, Israelgo hiriburua. Jordaniaren mende zegoen zatia berreskuratu genuenean, gure kontrolpean geratu zen eremu guztia. Bi estaturen irtenbideari dagokionez, israeldar gehienok ez dugu inoiz hori onartuko; izan ere, ez dugu nahi Judea eta Samaria [Zisjordania] terroristen beste sehaska bat bilakatzerik. Beste herrialde bat sortzea ez da gatazka konpontzeko era.

Eta zein da modua?

Ez dakit. Hori politikarien esku dago.

Zuk zuzentzen duzun erakundeak Meskiten Zelaian otoitz egiteko eskubidea aldarrikatzen du. Beste judu asko harago joan dira, eta Al-Aqsa suntsitzeko deia egin dute. Musulmanentzat marra gorria da, ordea.

Meskiten Zelaia tokirik sakratuena da juduontzat, eta ezin dugu han otoitz egin. Gainera, ahoa zabaltzen dugun bakoitzean edo hara hurbiltzen garen aldi oro, atxilotu egiten gaituzte. Ez al zaizu barregarria iruditzen? Bi erlijioentzat sakratua bada, bi erlijioetako fededunek otoitz egin beharko lukete. Badakit musulmanentzat garrantzitsua dela, baina guretzat ere bada. Juduok ez dugu Al-Aqsa suntsitu nahi. Hori jainkoaren esku dago soilik.

Zure erakundeak Jerusalem ekialdeko palestinarren etxeak erosten ditu, han familia juduak ezartzeko. Baina salmentak isilkeria osoz egiten dira, inolako azalpenik eman gabe.

Guk ez dugu ezkutatzen Jerusalem judutu nahi dugula. Beraz, guretzat garrantzitsua da alde zaharrera eta Daviden Hirira [Silwan auzoan] familia juduak eramatea. Zergatik ezin dituzte juduek arabiarren etxeak erosi? Hori bai, salmenta prozesu guztiak sekretuan izaten ditugu. Ez dugu arabiarren segurtasuna arriskuan jarri nahi. Etxeak saldu dituzten hainbat familiak atzerrira ihes egin dute; bestela, auzokideek eraso egingo liekete.

Edonola ere, etxeak saldu dituzten familia askok salatu dute mehatxupean saldu behar izan dituztela. Beste batzuek, berriz, argi diote etxeak ostu egin dizkiezuela...

Gure eskubidea da hemen bizitzea.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 5ean eguneratua. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan hiru lagun hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez. Hamalau positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta ez dute gaixorik ospitaleratu. Euskal Herrian 29.723 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.089 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Herritar batzuk Debako (Gipuzkoa) parke batean, elkarren arteko distanziak zainduz. ©GORKA RUBIO / FOKU

Araba, Bizkai eta Gipuzkoa artean ibili ahalko da astelehenetik aurrera

Jakes Goikoetxea

Espainiako Gobernuak jakinarazi du Hego Euskal Herria hirugarren fasera pasatzea onartu duela. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak izurritearen kudeaketaren kontrol osoa berreskuratuko dute

Patricia Fanlo, Laura Imaz, Jose Espinoza, Marina Delgado eta Irati Ormazabal medikuak. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Ondorioei begira

Arantxa Iraola

Erne daude medikuak, COVID-19ak pazienteetan nolako ondorioak izan ditzakeen begiratzen: lehen irudipenen berri eman du Iruñeko Ospitale Guneko sendagile talde batek

Bilboko mintzapraktika sareko Ioana haurrak eta Sergio Garcia boluntarioak astean hiru aldiz egiten dute mintzapraktika, bideo deien bidez. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Euskara izan dezaten

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Eskolak itxita, euskaraz egiteko aukerarik gabe geratu dira milaka ume eta gazte: mintzapraktika sareak sortu dituzte. Bilbo Handian 450 haurrengana heldu dira

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna