Albistea entzun

LIBURU AURRERAPENA

Elkarrekin esnatzeko ordua

Egiazko pertsonek eta gertaerek osatzen dute Kirmen Uriberen lan berriko kontakizuna. Gerraosteko klandestinitatea, espioitza, tortura, kartzela, erbestea... Familia baten bizipenen bidez, XX. mendeko historiaren atal berezi bat nobelatu du. Hona hemen pasarte batzuk.
ANTONIO GEZALA © BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA / EZEZAGUNA Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2016ko azaroak 19

Nahiz eta bigarren lerro batera pasatu, Txomin Letamendik aktibo segitzen zuen Donostian ere. Mugatik jendea pasatzen ibilia zen Joseba Elosegirekin bat egin zuen. Kontu xelebreak zeuzkan hark.

— Ho Chi Minh vietnamdarrak hamabi egun igaro ditik Miarritze inguruan. Pilota partida bat ikusten izan duk Saran.

— Zertara etorri da? —galdetu zion Letamendik—, oporretara?

— Ez. Parisera joan duk orain, Frantziako Gobernu berriarekin independentzia negoziatzera.

Joseba Elosegik ere bazituen bere asmoak. Faxisten estatu kolpearen hamargarren urteurrenean kolpea eman nahi zuen, 1946ko uztailaren 18an hain zuzen. Donostia osoa Espainiako banderez betetzekoak ziren frankistak, ospakizun eder bat egite aldera, eta Elosegik bandera haien guztien gainetik ikurrina zabaltzeko asmoa zeukan.

— Letamendi, hire laguntza behar diat.

— Bota.

— Ikusten al duk Buen Pastor katedralaren dorreko muturra?

— Bai, ikusten diat. Urruti zagok hemendik, baina hiriko edozein tokitatik ikusteko moduan.

— Ikurrin handi bat ipiniko diat hor ostegunean. Zer iruditzen zaik?

— Primeran! Baina zein da nire egitekoa?

— Dorrera igotzeko eskailerak nola dauden begiratu behar duk, eta eskaileretatik muturrera nola pasa gaitezkeen aztertu.

Letamendi turista eta erreportari plantak eginez joan zen katedralera.

— Venezuelatik nator —esan zion parrokoari—. Espainiako eliza nagusien dorreak argazkitan hartzen ari naiz, eta dorreetatik hirien ikuspegiak.

— Ez dago arazorik, jauna.

Han joan da, beraz, Letamendi bere kamerarekin goraino. Egin ditu argazkiak eta erakutsi dizkio Elosegiri. Nondik sartu, nola igo, noraino iritsi eta abar.

— Erraza daukazue —esan dio Txominek.

Elosegi eta beste bi kide, uztailaren 17ko arratsean, Buen Pastor katedraleko sakristian sartu eta bertan ezkutatu dira, horretarako daramaten giltza jokoaz baliaturik. Geroago, gaueko ordu batean joango dira ikurrina puntaren puntan ipintzera.

Igo direnean, ordea, ohartu dira gauzak ez direla Letamendik kontatu bezain errazak. Badaude eskailerak kanpandorreraino, noski; baina ondoren, orratz gotikoa hasten den tokian, hor eskalatu egin behar da.

— Letamendi madarikatua! —Elosegi haserretu egin da.

— Zer gertatzen da?

— Ederra sakatu digu!

— Zaila dago kontua orduan?

— Bai. Letamendik ez zuen nahi gu damutzerik, eta gezurra esan digu ekintza aurrera atera dadin.

— Atzera egin beharko dugu?

— Ezta pentsatu ere! Donostia osoak ikusi behar du ikurrin hau egunsentian!

Elosegik soka bat lotu du gerrian eta, neke handiz bada ere, lortu du tximistorratzera iristea. Ipini du ikurrina kanabera batean eta, beherakoan, balkoitxo batean pote batzuk paratu ditu, txartel batekin: «Kontuz, leherkariak!».

Goizaldeko hirurak arte ez zuten katedraletik irten behar; ordu horretan adiskide batek zigarroa piztuko zuen kale ertzean eta, arriskutik aparte, bidea irekiko zien. Baina Elosegiren laguntzaileetan gazteena presatuta eta oso urduri zegoenez, behar baino ordu erdi lehenago irten ziren elizatik.

— Lapurrak! Lapurrak! —garrasi egin zuen kanpoan norbaitek.

Eta harrapatu egin zituzten Joseba Elosegi, Pedro Mungia eta Inazio Urbieta.

* * *

1946, abuztuak 5, astelehena. Txomin Letamendi atxilotuko dute.

Txominek bazekien fardel garrantzitsu bat iritsiko zela Donostiako Norteko estaziora, Madrildik igorria. Baina haren bila joatekoa zen kideak huts egin zuenez, han geratu zen paketea. Txominek ez zuen zalantzarik izan, bera joango zen jasotzera. Fardel susmagarri hura nork hartuko, zelatan zeuden guardiak. Hantxe bertan atzitu zuten.

— Zer egiten zenuen Norteko estazioan pakete horrekin? —galdetu dio Andrade komisarioak polizia-etxean.

— Ezustean aspaldiko lagun bat aurkitu dut kalean, herren egiten zuela. Eskatu dit, ea faborez pakete bat hartu eta eramango nion kafetegira.

— Nor da zure lagun hori?

— Rezola.

— Rezola? Frantzian dago-eta!

— Madrilen lan egiten zuela uste nuen nik. Senitarteko bati bisita egitera etorri dela Donostiara ulertu diot.

— Badakizu zer dagoen pakete horretan?

— Ideiarik ez. Nik hartu besterik ez dut egin, Rezolari eramateko.

— Oso bitxia zara zu: kalean mamu bat ikusten duzu eta haren aginduz pakete bat jasotzen duzu, zeure burua arriskuan jarriz.

— Rezola gu denon nagusia zen, ni batailoiko komandantea nintzenean gerra garaian. Mesede bat eskatu dit eta mesedea egitera joan naiz, ez da mandatu bat izan.

— Edo benetan ergela zara pakete arriskutsu hori hartzean, edo benetan azkarra zara guri gezurra sakatuta libratuko zarela pentsaturik.

— Ez dakit zer esan. Ez dizut galdera ulertu.

— Esaten ari zarena gezurra baldin bada, zuretzat okerrago; horrek probatzen baitu benetan konfiantzako gizona zarela txori handi batzuentzat.

Letamendik lurrera begiratu du, aurpegiko izua gorde nahian.

Andrade inspektoreak paketea eskuetan hartu eta mehatxu eginez esan dio:

— Pakete honetan nahikoa informazio dago zu fusilatzeko. Esadazu egia!, edo zureak egin du.

— Ez dut gezurrik esan.

— Ados, orduan gure gizonetako bat bidaliko dut kafetegira, Rezola edo haren lagunen bat han ote dagoen. Inorekin topo egiten badugu, libre utziko zaitugu.

Baina ez zegoen inor kafetegian. Inspektorearen pazientzia ahitzen ari zen.

Ondarretako kartzelan sartu zuten. Karmele bisitan joan zitzaionean, espetxeko kapilauak ohartarazi zion:

— Ez dago ikusteko moduan.

* * *

Manu Sotak Miarritzeko Etcheferdian zegoela jakin zuen Txominen egoeraren berri, Txileko Santiagon argitaratutako Euzkadi aldizkariko ale bat irakurri zuenean:

«Uztailaren 30ean atxilotua izan zen, Euskal Erresistentziako kide zela akusatuta, Jose Agirre Iturbe abertzalea, zeina tortura latza jasan ondoren hilik suertatu zen. Data bertsuan, salaketa berarekin atxilotu zuten Donostian Domingo Letamendi abertzalea, zeina torturatua izan ondoren egoera larrian dagoen. Euzkadiko agintari frankisten jarrera anker honen aurrean, Txileko Euskal Ordezkaritzak, aberkide eta ondorengo guztien izenean, protestarik indartsuena azaldu nahi du».

Egunkaritik burua jaso eta hormari begira geratu zen Manu. Hantxe zegoen zintzilik Woody Guthrieren argazki bat, gitarra eskuetan zuela; «This machine kills fascists» zuen musika tresnan idatzia. Eta aldamenean, Antonio Gezalaren Ibaiganeko koadroa; Manuri iruditu zitzaion, inoiz baino ezabatuagoa zegoela Txominen aurpegia mihisean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Amets Arzallus ofizio guztietan nabarmendu zen, atzo, Maulen. ©BOB EDME

Amets Arzallus, lehen finalista

Hodei Iruretagoiena

526 puntu eskuratuta, Xilabako finalera pasatu da Maulen jokatutako lehen finalerdian, ariketa guztietan beretik emanda. Maddi Ane Txoperenak egin du bigarren

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Paparra erakusteko moduan dago komikigintza»

Gorka Arrese

Marrazkilaria, gidoilaria eta editorea da Dani Fano (Donostia, 1968). 'Sasi artean Elgeta' albuma argitaratu du berriki, Ekaitz Agirre 'Garluk' margolariarekin eta Koldo Izagirre gidoilariarekin batera. Ikastolen Elkartearen 'Xabiroi' komiki aldizkaria gidatzen du 2005etik hona.
Txaber Altubek irabazi zuen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako kanporaketa. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Soto, Sanjurjo eta Gorosterrazu, Nafarroako finalaurrekoetan

Berria

Donezteben jokatutako azken kanporaketarekin erabakita gelditu dira finalerdiak. Altube nagusitu da Bizkaian

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Berria

Informazio osagarria

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna