'Iñauteriak beti alaitzen gaitu guztiz'

Alaitasuna, txantxa eta mozorro festa izango da Tolosako inauterietan, gaurtik otsailaren 9ra bitartean. Giro ederra egongo da kaleetan.
Iazko astelenita eguneko desfileko ikuskizun bat.
Iazko astelenita eguneko desfileko ikuskizun bat. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Joxi Ubeda -

2016ko otsailak 4

Tolosarrak inauteriak hasteko irrikan daude, festa bereziak baitira haientzat. Tolosarren sormena eta irudimena egun hauetan askatzen da, eta alaitasuna eta txantxa izaten da nagusi kaleetan, giro ederra. Dianan kantatzen den bezala: «Jeiki jeiki oi ortatik gaur tolosarrak iñauteriak beti alaitzen gaitu guztiz, jeiki jeiki oi ortatik gaur tolosarrak goazen festara danok goizetik».

Haurrek, gazteek eta helduek ederki pasatuko dute: karroza edo konpartsa batean parte hartzen edo haien ikuskizunei begira, zezen plazan, txosnetan, barraketan, edo txarangekin kalejiran Pintxanatarrak gu gera, Ta Galtzaundi, Ai! Ai! Pello ziri-ziri eta gainerako doinuekin.

Txupinazoa

Gaur, ostegun gizenean, Plaza Zaharra jendez gainezka egongo da eguerdian jaien hasiera iragartzeko suziria lehertzen denean. Karrozak, konpartsak eta herritarrak mozorrotuta igandean (zaldunita), astelehenean (astelenita) eta asteartean (asteartita) aterako dira. Astelenitan aisialdi taldeetako 1.300 haurrek baino gehiagok beren ikuskizunak aurkeztuko dituzte.

Karrozen eta konpartsen desfilean, zaldunitatik asteartitara bitarte, azken urteotan kaleetan gero eta jende gehiago ibiltzen denez, aurten karrozak eta konpartsak geldirik egongo dira ohiko ibilbidean, eta jendea izango da horiek ikusteko mugituko dena. «Parte hartzaile kopurua izugarria dela eta, azken urteotan ezinezkoa suertatzen zen metro gutxi batzuk mugitzea, eta, denen onerako erabakia izango delakoan, karrozek eta konpartsek gune jakin batean igaroko dute goiza», jakinarazi dute Tolosako Udaleko ordezkariek.

Halaber, karrozetako musikaren bolumenak eragiten duen soinua dela kausa azken urteetan sortu den ika-mika konpontze aldera, karrozek itzali egin beharko dute musika zezenetara joateko igoeran eta jaitsieran, txarangen kalejirari protagonismoa emateko. Halaber, karrozek eta konpartsek gauean ordubete gutxiago izango dute musika jartzeko, eta gauerdian itzali beharko dute musika.

«Beti esaten da inauteriak araurik gabeko jaiak direla, baina ezinbestekoa da oinarrizko gidalerro batzuk izatea», Olatz Peon Tolosako alkatearen hitzetan. Horrela, zenbait aholku eman dituzte herritar orok festak askatasunez eta begirunez bizi ditzaten.

Maite Ruiz de Egilaz berdintasun zinegotziak «emakumeen eta gizonen arteko errespetuzko jaiak» desio dituela azpimarratu du, eta, bide horretan, udalak aurten ere bat egingo du Joka sano kanpainarekin. «Indarkeria matxista ez dute jai giroak eta alkoholak arrazoitzen», eta emakumeak festak askatasunez bizitzera eta gozatzera atera daitezela eskatu du.

Gainera, aipatzekoa da udalak aurten bigarren aldiz emango duela karroza eta konpartsa lehiaketako txapel morea. Talde «berdinzaleenak» jasoko du.

Kaleko edanaldien arazoari begira, egitasmo bat ere abiarazi dute, eta koordinazio mahai bat sortu. Osakidetza, eskualdeko osasun burua, Asuncion klinikako larrialdietako burua, Gurutze Gorria, Ertzaintza, Udaltzaingoa, udaleko langileak eta ikastetxeetako zuzendariak elkartu dira foro horretan, eta nerabeentzako programa bat garatu dute. «Kontsumo horren prebentzioa denon lana da, eta koordinazio mahai horretatik gomendioz beteriko gutun bat bidali dugu Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztietako ikasleen gurasoentzat».

Azkenik, Zerkausia jantoki bihurtuko da inauterietan, herritarrek otorduak egiteko erabil dezaten —jatekoa ekar daiteke, edo Zerkausian bertan erosi—, eta Lapurdi plazan herri sagardotegia egongo da: afariak egunero emango dituzte, eta igandean bazkaria ere bai.

Egitaraua eta Tolosako inauteriei buruzko informazio gehiago, www.tolosa.eus helbidean.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Erizain bat, gazte bati txertoa ematen, Brasilen. Umeak txertatzeko ohiko kanpainetan jaitsiera nabaritzen hasi dira aurten ©FERNANDO BIZERRA JR / EFE

COVID-19aren uste ustelak

Mikel P. Ansa

COVID-19aren pandemia ukatzen duten joera batzuek indarra hartu dute uda honetan. Haiek zabaldutako uste batzuk zeinen okerrak diren azaldu dute Miren Basaras eta Guillermo Quindos mikrobiologoek artikulu sorta honetan.

PCR proba bat, Indian. Bigarren herrialde kaltetuena da hura. ©SANJEEV GUPTA / EFE

Milioi bat lagun baino gehiago hil ditu COVID-19ak

Iosu Alberdi

AEBetan erregistratu dute kasu eta heriotza gehien. Euskal Herriak munduko heriotza tasa handienetako bat du: 77 heriotza 100.000 biztanleko.

Konfinamendua ezarri zuten Azkoienen. ©Idoia Zabaleta / Foku

Hegoaldeko kasuen erdiak baino gehiago, Nafarroan

Uxue Rey Gorraiz

Beste 603 positibo zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian; Nafarroan atzeman dituzte horietatik 318. Halaber, bi pertsona zendu dira birusaren ondorioz.

Maria Txibite, agerraldi batean. ©Jesus Diges / Efe

Txibitek esan du egoera «kontrolatuta» dagoela Nafarroan

Arantxa Iraola

Positibo «asko» izan arren konfinamendu orokorrik ezartzeko asmorik ez dutela adierazi du

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna