Albistea entzun

Katalunia. Mariano Rajoyren erantzuna

Ez da apur bat ere mugituko

Rajoyk ezezko borobila eman dio galdeketa adosteko Masen proposamenari, eta, horrenbestez, boz plebiszitarioen atea zabaldu du.

ERCk A-9aren ondorengo bide orria aurkeztu du
Mariano Rajoy, atzo, Moncloa jauregian, kazetarien galderei erantzuten.
Mariano Rajoy, atzo, Moncloa jauregian, kazetarien galderei erantzuten. PACO CAMPOS / EFE

Adrian Garcia -

2014ko azaroak 13

Azaroaren 9tik lehen aldiz hitz egin du jendaurrean, baina ez du ezer berririk esan, ez du diskurtsoa aldatu. Ezer gertatu ez balitz bezala mintzatu da Mariano Rajoy Espainiako presidentea. Igandean 2,3 milioi lagunek A-9an parte hartu izanagatik, ez du apur bat ere mugituko bere jarrera. Artur Mas Kataluniako presidenteak egindako proposamenari ezezko garbi batekin erantzun dio: «Mas jaunak Espainiako herriaren subiranotasunari buruzko konstituzioaren artikulua urratu nahi badu, betiko erantzuna aurkituko du». Alegia: ez du«britainiar erara» adostuko Masek nahi duen eta eragin juridiko eta politikoak dituen «behin betiko» kontsulta, eta, horrenbestez, parez pare ireki du Katalunian hauteskunde plebiszitarioak egiteko atea.

Hiru egunera eman du Espainiako presidenteak A-9ko parte-hartze prozesuari buruzko iritzia: «Proiektu independentistak indarra erakutsi nahi izan du, baina ahulezia besterik ez zaio nabaritu». Rajoyren ustetan, hiru katalanetik bik kontsultari «jaramonik ez egitea» galdeketaren «porrot sakonaren» adierazgarri da. Galdeketa bat baino, «propaganda ekintza» izan zen igandekoa, presidentearen hitzetan. «Ez da bozketa demokratikoa izan, simulakro bat baizik». Hala eta guztiz ere, abstentzioaren datuak ontzat eman eta bere egin ditu. «Independentista baino kataluniar gehiago daude».

Urtez urte haziz doan independentismoa minoritariotzat du Rajoyk, eta, horregatik, ez du neurririk hartuko Kataluniako gatazka politikoa konpontzeko. «Erroldaren bi herenek ez zuten parte hartu. Nik herritar guztientzako neurriak hartu behar ditut. Nire plana da langabeziaren aurka borrokatzea, ekonomia delako guztiei inporta zaiguna».

Erabakitzeko eskubidearen atea itxi, eta konstituzioa erreformatzen saiatzeko galdegin dio Masi: «Kataluniako Parlamentuak badu horretarako eskumena. Legezko bide bakarra da». Haatik, aldez aurretik ohartarazi dio bide horren antzutasunaz. «Ni eta nire alderdia subiranotasun nazionala kolokan jarriko duen edozein konstituzio erreformaren aurka egongo gara».

Galdeketa adosteko Masen hamaikagarren proposamenak CiU eta ERC urrundu ditu. ERCek amaitutzat jo du Masen koalizioa parlamentuan babesteko akordioa, eta A-9aren ondorengo bide orria aurkeztu du. Lau puntuko agirian, hauteskundeetara «lehenbailehen» deitzea eskatu du, kontzentrazio nazionaleko gobernu bat eratzeko. Gobernu horrek «lehen egunetik era independentean» jarduteko mandatua izan beharko luke. Gainera, estatuaren berezko egiturak sortu beharko lituzke, hala nola, ogasun sistema. Horrez gain, herritarrekin batera konstituzio bat eratu beharko luke, ondoren erreferendum batean onartzeko.

«Banaketa adiskidetsua»

Baina independentzia alderbartasunez aldarrikatu aurretik, Madrilekin eta nazioartearekin «banaketa adiskidetsu bat» hitzartzeko prest egon beharko luke Generalitateak, betebeharreko autodeterminazio galdeketa bat egiteko. Gaur bertan proposamen horien berri emango dio Oriol Junqueras ERCko buruak Masi, elkarrekin biltzekoak baitira.

Masek, bestalde, Espainiako Gobernuari presio egitearren nazioartera jo du. The Guardian Erresuma Batuko egunkarian idatzitako artikuluan, Madrili eskatu dio «kataluniarren nahia» entzuteko. «Quebecen eta Eskozian bezala, erreferendum bat egiteko eskubidea dugu, ondorio guztiekin».

Katalunian, berriz, alderdiek Rajoyren agerraldia izan dute hizpide parlamentuko kontrol saioan. PPCk ez beste alderdiek kritikatu dute presidentearen jarrera. ERCko Alfred Boschek Rajoyren hitzei zuzenean erantzun die: «Kataluniarrak gehiago dira fiskalak baino. Demokrazia ukatzen diguzu, eta ezin zara gure presidentea izan».

CiUren bozeramaile Josep Antoni Duran i Lleidak Espainiako presidentearen jarrera deitoratu du. Duranek esan duenez, Rajoyren betebeharra Generalitateko presidentearekin hitz egitea da. «Masen proposamena onartzen ez badu, berea egin dezala, eta Kataluniako herritarrek bozka dezatela ondoren».

Rajoyren hitzaldiak ez du ezustean harrapatu Miquel Iceta PSCko idazkari nagusia. «Ez da jabetzen esku artean dugun arazoaren tamainaz, eta, gainera, oso jarrera uzkurra erakusten du beti».

Joan Herrera ICV-EUiA taldeko presidenteak Rajoyren «immobilismoa» gaitzetsi du, CiUri gizarte politika gehiago eskatzearekin batera. «PPrekin ezin da ezer hitzartu. Hauteskundeetan garaitu behar zaio».

CUPeko diputatu Quim Arrufatek ere alferrikako deritzo PPrekin eztabaidatzen saiatzea. Legebiltzarkideak azaldu duenez, Rajoyren jarrera gainditzeko modu bakarra da independentzia aldebakartasunez aldarrikatzea. «Hormekin ezin da hitz egin. Eraitsi egin behar dira. Gobernuko presidentearen Kataluniarekiko estrategia hitz batean laburbil daiteke: ez».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Turkiaren erasoaren aurkako manifestazio bat, azaroaren 20an, Qamixlin. ©EFE

SDFek jakinarazi dute eten egin dituztela AEBekin egiten ari ziren operazioak

Igor Susaeta

Milizia kurduak indar nagusitzat dituen eta Pentagonoaren babesa duen koalizioa ohartarazten ari zen Ankarak eraso bat hasiz gero horri erantzutea lehenetsiko zuela. EIren aurkako borrokari eragingo dio

Vladimir Putin Errusiako presidentea, gaur, Moskun. ©EFE

Errusiak esan du «negoziatzeko prest» dagoela, bere interesak «bermatzeko»

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Ukrainako armadak adierazi du bere tropetako 13.000 soldadu eta 6.000 zibil hil direla gerra hasi zenetik. Haur ugariri hezkuntzarako eskubidea urratu dietela salatu du NBEko batzorde batek.

Boliviar bat Silala ibaitik ura hartzen, Txileko mugatik gertu. ©MARTIN ALIPAZ / EFE

Boliviak esan du Hagako epaiak Silala ibaiko ubide artifizialak eraisteko aukera emango diola

Mikel O. Iribar

Nazioarteko Justizia Auzitegiak ebatzi du Silala ibaia «nazioartekoa» dela, eta Txileri eta Boliviari eskatu die elkarren arteko elkarrizketak «etengabekoak» izateko. Santiagok ez dio kalte ordainik eman beharko La Pazi.

Guardia Zibila, atzo, AEBek Madrilen duten enbaxadaren atarian. ©FERNANDO VILLAR / EFE

Espainiatik bidali dituzte gutun piroteknikoak, Poliziaren arabera

Uxue Rey Gorraiz - Gorka Berasategi Otamendi

Sanchezek, Roblesek eta Ukrainaren eta AEBen enbaxadek jaso dituzte, besteak beste

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...