Albistea entzun

Maskaraden hari luzeari eutsi dio Pettarrak

Ezpeize-Ündüreine eta inguruetako gazteriak emango ditu urtarrilaren 22a eta apirilaren 30a bitartean. Zuberoako 14 herritan egingo dira aurten maskaradak
Kherestuak Zamaltzainaren harrapatzeko saioan.
Kherestuak Zamaltzainaren harrapatzeko saioan. ALLANDE SOKARROS Tamaina handiagoan ikusi

Allande Sokarros -

2017ko urtarrilak 11 - Maule

Zuberoako maskaradetara etortzera ohituta daudenei irudiko zaie, agian, urtetik urtera arizaleak gazteago direla. Iazko Sohüta-Hokiko maskaradakari (maskaradetako arizaleak) asko adingabeko gazteak zeuden, eta Ezpeize-Ündüreine eta inguruko herrikoak diren aurtengoetan joera hori areagotu egin da. Haatik, ezaugarri hori ez da seinale txarrekoa, oso aitzitik baizik. Ezen agerian ezartzen du Zuberoako gazte ainitz euren herri kultura zahar eta eraberrituari interesatzen direla.

Ezpeize-Ündüreine, nola ere Ainharbe, Mitikile, Onizepe, Sarrikotape eta Ürrüstoi-Larrabile herrietako gazte andanak aurten egingo dituzten maskaraden kasuan, gainerat, Zuberoako euskal kulturaz berraxolatze baten ildotik datozela azpimarratzekoa da. Euskaltasunaren berpizte honen abiapuntu moduan, 2008an egin zen Xiberoko Jauna pastorala ikus daiteke. Izan ere, Jean-Louis Davant larrabiltar euskaltzainak idatzitako testu baten inguruan gauzatu zen egitasmoaren harira, dantzari talde bat eta kantari talde bat eratu ziren, arrakasta handia izan zuen pastoralaren ostean aurrera jarraitu dutenak. 2013an, berriz, euskal giroaren hazte horretan, Jaki Ezkonobiet idazle izan zuen Aitzina mintza antzerkia ere aitzinurrats bat gehiago izan zen. Halaber, zehaztekoa da ere Ezpeize-Ündüreineko lagun andanak euskararen ikasteari ekin diola, azken urteetan.

Giro horretan sartzen da, beraz, aurtengo maskaraden antolaketa, horiek Zuberoako hamalau herritan —gehi Ezpeize-Ündüreine bera— ibiliko direlarik, urtarrilaren 22a eta apirilaren 30a bitartean. Herrialdean bertan egin ohi den txandaz gain, Gipuzkoako Aiztondo mankomunitatera ere joatekoak dira, maiatzaren 7an.

Maskaradakarien gaztetasunaz gain, ikusleak ohartuko dira aitzindariak deitutako dantzarietako pertsonaiak bikoitzean daudela, horrek berak dantza eskola baten bizitasuna nabarian jartzen duela. Beltzeriaren aldetik, Pirinioetan hartzen kopurua emendatzearen auziak Zuberoan piztu duen eztabaidari nolabait bromaz ihardukitzeko... hiru hartz dira kauteren jokoaren tarte batean agertuko! Buhameen taldean, berriz, mutil oso gazte batek ospe txarrekoa bilakatu egin den kalaxnikov gerra-arma bat dakar eskuan... zurezkoa, haatik! Buhameen jokoak Zuberoatik kanporako bidaietara daramatzala jakinez gero, hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola Euskal Elkargo sortu berria, Calaiseko etorkinek jasandako egoera larria, Irak eta Siriarat jihadaren egitera joateak...

Kherestuetan, hiru neska

Biarneseraz hitz egiten duten kherestuak, berriz, hiru neska izango dira: bata, nagusia, eta beste biak, haren zerbitzukoak. Maskaraden ohiturak Auvernia eskualdeko jatorrizkotzat ematen dituen xorrotx zorroztarien karguan, berriz, mutil-neska bikote bat egongo da. Hain zuzen, kargu nagusiak eramango dituztenen izenak ematearren, jakitekoa da gizarte boteredun eta ordenatuaren irudiak diren jauna, anderea, laboraria eta laborarisa jokoetan aritzeko, bi mutil eta lau neska tartekatuko direla jelkaldietan: Stephanie Eliziri, Argitxu Kamus, Christelle Pucheu eta Denise Xala, eta Jerome Serbielle eta Sebastien Xala. Gizarte zokoratu eta mespretxatu baten lekuko diren beltzeriakoak aipatzearren, ordea, Iker Uthurralt izango da Kabana Handia, Allande Uthurralt Pitxu eta Ximun Dagerre buhame jauna.

Euren jokoaz gain, maskaradetako zati ezberdinen artean kantuzko loturak egiten dituzten xorrotxak izango dira, aldiz, Alain Merkapide eta Benedicte Kaillaba. Kherestuen jokoa egiten arituko dira, azkenik, Laida Kamus (nagusia), Cecile Gaxen eta Maritxu Aranthabe (zerbitzariak). Zehaztekoa da kherestuen jokoa goizean izango dela, barrikada hausteak izeneko dantza emanaldien ostean. Hortaz, guztiz komenigarria da maskaradak egingo diren herrira 10:00ak ingururako etortzea; agerraldi nagusia, berriz, 15:30 inguruan hasiko da.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Nelly Arcan idazle quebectarra (1973-2009). ©ADAM BILINSKI

Luxuaren azpietatik

Itziar Ugarte Irizar

Literatura ikasketak egin artean luxuzko 'scort' lanetan aritu zen Nelly Arcan idazlea, eta garai hartan ikusitakoak garratz aletu zituen 'Puta' bere lehen eleberrian. Euskarara ekarri berri dute.
Michael Jacksonek 24 urte zituen <em>Thriller</em> kaleratu zuenean. ©BERRIA

Pop musika irauli zuen diskoa

Mikel Lizarralde

1982an argitaratu zuen Michael Jacksonek 'Thriller', eta, 40 urte geroago, historian gehien saldutako diskoen artean segitzeaz gain, kantariaren obra nagusia da. Hainbat bitxikeriarekin berrargitaratu berri dute.
 ©NEVER FOR EVER

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.