Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Txapelik Euskal Herrikoena

Publizitatea

Kultura

Txapelik Euskal Herrikoena

Lehen aldiz, Euskal Herriko zazpi lurraldeetara helduko dira Bertsolari Txapelketa Nagusiko saioak. 43 bertsolari ariko dira kantuan guztira, eta abenduaren 17an egingo da finala, Barakaldoko BECen
Euskal Herriko Bertsozaleen Elkarteko lurraldez lurraldeko lehendakariek aurkeztu dute aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusia.
Argazkia: XDZ

2017-09-13 / Iñigo Astiz

Kolosala izaten da Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak lau urtean behin Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa antolatu ahal izateko martxan jarri behar izaten duen makineria, baina, hain justu ere, milaka pertsona batzen dituen finaleko argazki ikusgarri horren muin-muinean dagoen elementua da Iñaki Murua elkarteko lehendakariak nabarmendu duena: «Bertsoa jarri nahi dugu erdigunean». Ipar hori argi izanik osatu nahi izan dute antolatzaileek 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Irailaren 23an hasiko da txapelketa, Baigorrin (Nafarroa Beherea), eta abenduaren 17an jokatuko dute finala, Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokan. 43 bertsolarik parte hartuko dute guztira, eta hamalau saio egingo dira. Lehen aldia izango du, gainera, Euskal Herriko lurralde guztietara heltzen, eta, beraz, inoiz baino Euskal Herrikoago izango da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia.

Salgai dira jadanik lehen faseko saioetarako sarrerak elkartearen orrian www.bertsozale.eus, baina elkarteko bazkideek soilik dute oraingoz bigarren fasekoak, finalekoak eta txapelketako bonuak erosteko aukera. Urriaren 2an zabalduko zaie aukera hori bazkide ez direnei.

17. aldia du aurtengoa Bertsolari Txapelketa Nagusiak. Eta lurralde guztietara orain heldu izana ez da «kasualitatea»izan, Jokin Castaños txapelketako talde antolatzaileko kideak zehaztu duenez, «eta ezta kontu sinbolikoa ere; errealitate baten isla da». Euskal Herri osoan bertsolaritza sustatzeko egiten den lanaren fruitu da zabalpen hori, haren hitzetan, eta pozik azaldu dira antolatzaileak horregatik. Lehenago ere pasatu izan da txapelketa lurralde guztietatik, baina sekula ez zen hori gertatu lehiaketa beraren barruan.

Txapelketa aurkezpenean ere irudikatu nahi izan dute hedapen hori. Bertsozale elkarteko lurraldekako lehendakari guztiekin batera aurkeztu ditu aurtengo txapelketaren xehetasunak Muruak. Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan egon dira horregatik Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozaleen Elkarteko lehendakaria, Asier Ibaibarriaga Bizkaikoa, Ekaitz Elorriaga Arabakoa, Saroi Jauregi Gipuzkoakoa eta Xumai Murua Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakaria.

«Oso pozik gaude», laburtu du Muruak. «Euskal kulturaren esparruan eragin handia duen ekitaldi bat antolatzen ari gara». Gainera, bertsozaletasuna eta euskaltzaletasuna bultzatzeko motorra ere izan daiteke txapelketa, haren hitzetan. «Bidean jarraitzeko gogoa eman dezakeen ekintza bat izatea nahi genuke».

HIRU FASEKO TXAPELKETA

Orain arte bezala, hiru fase izango ditu Bertsolari Txapelketa Nagusiak aurtengoan ere. Final laurdenak lehenik, bi itzuli izango dituzten finalaurrekoak gero, eta finala azkenik.

36 bertsolarik hasiko dute txapelketa lehen fasetik. Sei sailkapen saio jokatuko dira, eta automatikoki pasatuko dira finalaurrekoetara saio horietako bakoitzeko lehen sailkatuak. Sei bertsolari horiez gain, sailkapen orokorrean puntu gehien dituzten lehen hamabi bertsolariak ere pasatuko dira, eta 2013ko Txapelketa Nagusiko finalista izandako seiak ere bigarren fase horretan hasiko dira txapelketan kantuan.

Hortaz, 24 bertsolari izango dira, guztira, finalaurrekoetako lehen itzulian, eta haien arteko hemezortzi pasatuko dira bigarren itzulira: jokatuko diren lau saioetako irabazleak, eta sailkapen orokorreko lehen hamalauak. Hiru saio izango ditu bigarren itzuli horrek.

Bi itzulietako saioen puntuazioa hartuko da kontuan finalera sailkatzeko. Hala, finalaurrekoetan puntuazio onenak dituzten zazpi bertsolariak eta Amets Arzallus egungo txapelduna izango dira Barakaldoko finalean.

Final laurdenetako eta finalaurrekoetako saioak 17:00etan jokatuko dira beti, eta bi txandatan egingo da finala: goizez eta arratsaldez. Edonola ere, sailkapenerako saioak izango diren herrietan bestelako ekitaldiak antolatu dituzte lekuan lekuko elkarte eta bertsozaleek, eta, esaterako, Segurako (Gipuzkoa) final laurdenarekin batera egingo dute Euskal Herriko Bertso Eskolen Eguna. Irailaren 30ean izango da hori.

UKO «NATURALAK»

Izan da ezezkoa eman duenik ere. Unai Iturriaga bertsolariak berez ziurtatua zuen lekua finalaurreko saioetan, 2013ko finalean izan zelako, baina txapelketa bukatu berritan aurreratu zuen bezala, aurten ez du izenik eman txapelketan, eta ez da haren ordezkorik sartuko.

Ez da erabaki hori hartu duen bakarra. Gipuzkoako txapelketaren bidez txapelketarako sailkatuta zegoen Iñaki Gurrutxaga bertsolariak ere uko egin dio parte hartzeko aukerari. Haren kasuan, ordea, Gipuzkoako txapelketako sailkapeneko puntuazioa kontuan hartuz, haren ondoren zihoan Felix Zubia bertsolariak hartuko du bere lekua.

«Naturala» da bi bertsolari horien ukoa, Jokin Castañosen hitzetan. «Aurrez ere esan zuen Unai Iturriagak ez zuela parte hartuko, eta horrek erakusten du hitzeko pertsona dela, eta, bestetik, jarraitzen du plazaz plaza. Beraz, txapelketari egin dio uko».

BEC ERAKUSTAZOKA

2005ean jokatu zuten lehenengoz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala Barakaldoko BEC erakustazokan, eta urrats garrantzitsutzat jo zuten mugimendua antolatzaileek orduan. Bai sinbolikoki, eta bai aretoaren neurriagatik. Orduz geroztik, han egin dira ondorengo final guztiak ere. Antolatzaileen hitzetan, ez zen buruan izan duten gune bakarra, baina espazio horrek dituen garraio erraztasunak aipatu dituzte, azkenean, haren alde egiteko arrazoi nagusitzat. «Hori zen bermerik handiena eskaintzen zigun espazioa».

BAZKIDEENTZAKO ONURAK

Txapelketa sustatzen duten erakunde pribatu eta publiko guztiak eskertu ditu Bertsozale Elkarteak, baina elkarteko bazkideei esker berezia eskaini die. Haien babesa nabarmendu du Muruak, eta babes hori zabaltzen saiatzeko asmoa azaldu dute orain. «Txapelketa honetan onura gehiago eskaini nahi izan diegu gure bazkideei. Izan ere, Bertsozale Elkarteko bazkideak dira Bertsolari Txapelketa Nagusi honen eta Bertsozale Elkarteak aurrera eramaten dituen bestelako hamaika egitasmoen sostengurik handi, fidel eta ezinbestekoena».

Merkeago eskuratu ahalko dituzte saioetako sarrerak bazkideek, eta lehentasuna izango dute finalaurrekoetakoak, finalekoak nahiz bonuak erosterakoan ere. Oraingoz, esaterako, haiek bakarrik eskuratu ahalko dituzte tiket horiek.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, webgunean jarriko dituzte salgai tiketak, eta aukera egongo da Euskal Herri osoan zehar barreiatutako hainbat gunetan sarrera arruntak eskuz erosteko ere.

LAN ISILA

«Bere ikusgarritasunean, Txapelketa Nagusia ez da lau urtetik behin egiten den ekintza bakan bat, urte luzez eta egunez egun Euskal Herriko herrialde guztietan bertsolaritza bultzatzen ari garen hainbat eragileren lanaren ondorioa da». Txapelketarena lan zabalago eta isilago baten punta dela nabarmendu du Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak. Eta eguneroko lan isil hori eskertu nahi izan du. Hezkuntza arautuan ematen diren bertsolaritza eskolak, Hitzetik Hortzera telebista programa, herriz herriko bertso eskolak, Xenpelar dokumentazio zentroa, eta Mintzola lantegia aipatu ditu, gainera, lan isil horren adibidetzat.

«Mugimendu bizi eta dinamiko horren ondorio eta parte da Bertsolari Txapelketa Nagusia», borobildu du Rekondok.

IRUDIA ETA DOINUA

Txapelketako irudia eta doinua ere aurkeztu dituzte. Paxkal Irigoienek egin du musika, eta Lanku kultur zerbitzuek egin dute irudia. Zelai zabal bat eta bertan aulki batera igota kantuan ari den emakume bat ikus daitezke bertan. Irudi soila. Izan ere, bertsoari eman nahi izan diote protagonismoa, eta hari lehentasunik ez kentzea izan da helburua, antolatzaileek azaldu dutenez. «Irudiak ez dauka esan nahi jakin bat, bakoitzaren interpretazioari irekita dagoen irudi erakargarri bat bilatu nahi izan dugu», adierazi du Castañosek.

JARRAIPEN INFORMATIBOA

Elkarren osagarri diren bi webgune jarriko ditu martxan Bertsozale Elkarteak. Saioen inguruko informazio praktikoa, sailkapenei buruzko xehetasunak eta laburpenak emango ditu www.bertsozale.eus webguneak, esate baterako. Eta, bestalde, www.bertsoa.eus orrian txapelketako saioetan izandako bertsoaldiak, zuzeneko emanaldiak eta parte hartzaileei egindako elkarrizketak eskainiko dituzte, besteak beste.

Bertsolaritzari buruzko gogoetak egiteko gune bat ere eskaini diete hainbat ikertzaile, kultur eragile eta adituri. Astean behin igoko dituzte testu horiek elkartearen webgunera. Besteak beste, Uxue Alberdik, Arantxa Urretabizkaiak, Harkaitz Canok, Lorea Agirrek, Xabier Sukiak, Eider Rodriguezek, Manex Agirrek eta Ainhoa Agirreazaldegik idatziko dute atal horretan.

Horrez gainera, Hitzetik Hortzera telebista saioak ere modu berezian emango du txapelketaren berri, eta urriaren 28tik aurrera, ETB4 telebista kateak zuzenean eskainiko ditu saio guztiak, Aitzol Barandiaranek eta Uxue Alberdik gidatuta.

Bestalde, bertsolaritzari buruzko ikerketa soziologikoa egiteko baliatuko dute txapelketa bai Mintzola Ahozko Lantegiak eta baita EHU Euskal Herriko Unibertsitateak ere.

BERRIA egunkariak ere kontakizun berezia eskainiko die Bertsolari Txapelketa Nagusiaren nondik norakoei, eta saioen kronikez gain, analisirako tartea ere zabalduko du.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak