Albistea entzun

Gure laguna da?

Angela Davis aktibista beltzaren inguruko dokumentala emango dute gaur Bilbon, Alondegian.

Eider Rodriguez idazleak aurkeztuko du.
Angela Davis, gaztaroan, hitzaldi bat ematen beltz komunitatearen aurrean.
Angela Davis, gaztaroan, hitzaldi bat ematen beltz komunitatearen aurrean. Z / EZEZAGUNA

Gorka Erostarbe -

2015eko urtarrilak 8

Ernesto Guevara Che, Malcolm X, Emiliano Zapata, Augusto Sandino, Carlos Fonseca, Tupac Amaru, Tatanca Yotanca, Simon Bolivar eta Jose Martirekin batera, lagun amerikarren zerrendan sartu zuen Negu Gorriak taldeak Angela Davis JFK kantuan, Borreroak baditu milaka aurpegi diskoan (1993). Molde bateko edo besteko zapalkuntza jasandakoen aldeko borroketan nabarmendutako aktibistak aipatzen zituen Fermin Muguruzak gidaturiko taldeak. Angela Davis zen zerrendako emakume bakarra. Emakumea, politikari marxista eta filosofia irakaslea. Haren inguruko Free Angela & All Political Prisoners dokumentala eskainiko dute gaur (19:00) Bilbon, Alondegian, Fermin Muguruzak berak Harkaitz Cano idazlearekin eta Jorge Alderete ilustratzailearekin ondutako Black is Beltza komiki liburuaren ingurumarian atondutako erakusketaren eta ekitaldien baitan.

Shola Lynch emakume beltza da filmaren egilea. Torontoko Zinema Jaialdian aurkeztu zuten, 2012an. Publikoaren saria lortzeko hautagaien artean izan zen, baina geroztik ia oharkabean igaro da. Euskal Herrian Baionan bakarrik ikusi ahal izan da egun gutxi batzuez. Gaur ingelesez ikusi ahal izango da, gaztelaniazko azpidatziekin. Aurrez, Eider Rodriguez idazleak hogei minutu inguruko aurkezpena egingo du, euskaraz.

Angela Davisek (Birmingham, Alabama, AEB, 1944) bere ibilbide guztian batu izan ditu beltzen eta emakumeen eskubide zibilen aldeko borrokak, eta, gainera, pentsamendu eta diskurtso marxista izan du iparrorratz. Hots, emakumea, beltza eta iraultzailea da —Women, Race and Class liburua idatzi zuen 1981ean—, eta horrek egiten du bereziki interesgarri eta indartsu haren pentsamendu eta jardunbidea, Eider Rodriguezen hitzetan. Euskal Herrian ere hainbat eskubideren aldeko borroketatik irakaspenak atera daitezke, haren iritzian, Angela Davisen ispiluan begiratuta. «Beltz izanik eta emakume izanik, laguntzen du ikusarazten zapalduen artean elkartasuna lor litekeela eta borrokak eraginkorragoak izan daitezkeela». Davisena borroken zubigintzan paradigma dela, alegia: «Abolizionista beltzak maiz egon ziren emakumeen eskubideen alde edo parekidetasunaren alde; aldiz, abolizionista zuriak, nahiz eta emakumezko izan, ez ziren egon sufragio unibertsalaren alde. Hor geratzen da ipurdi bistan feminismo zurien elitismoa». Angela Davisen adibidea, aldiz, interesgarria da, borroka guztiak harremanetan jartzen dituelako. «Guk ere egin genitzake gure harremanak ezker askotariko hauetatik, identitate aldetik, genero aldetik edo sozialki zapalkuntza jasotzen dugunok harremanetan jarriz, indar handiagoko elkartasuna eta borrokak abian jarriz».

Miarritzen egonaldia

Angela Davisek umetatik ezagutu zuen beltzen aurkako bortxazko giroa (Dynamite Hill esaten zioten haren auzoari, Ku Klux Klanek beltzen aurka egiten zituen erasoengatik). Ikasketetan buru-belarri sartuta, Theodor Adorno eta Herbert Marcuse pentsalarien ikasle izan zen, besteak beste. Pantera Beltzen mugimenduko kide zela, Kaliforniako Unibertsitatetik kanporatu zuten, filosofia irakasle moduan lanean ari zela, AEBetako Alderdi Komunistan afiliaturik zegoelako. 1972an Soledad Stateko presondegian izandako hilketa batzuekin lotu zuten, bera han izan ez arren, erabilitako arma batzuk haren izenean zeudelako. Mundu osoan izan zuen sona kasuak, eta, azkenean, ez zuten kondenatu. 1973an absolbitu egin zuten. Gertaera haiei buruzkoa da, hain zuzen ere, Free Angela and All Political Prisoners dokumentala. Angela Davisen oniritziarekin egin da filma, berari egindako elkarrizketa luze bat du oinarrian.

Oso gazte zela frantsesa ikasi zuen, eta Europara bidaiatzeko aukera izan zuen. Frantzia eta Alemania gertutik ezagutu zituen, eta sei astez izan zen Miarritzen, 1963an. Hor zela jakin omen zuen bere jaioterriko eliza batean lau neska beltz hil zituztela leherketa baten bidez, eta orduz geroztik garbi izan omen zuen zeren alde lan egin. Hego Euskal Herrira ere sartu-irtenak egiten omen zituen. Negu Gorriak taldearenaz gain, Pablo Milanesek (Canción para Angela Davis), The Rolling Stonesek (Sweet Black Angel) eta John Lennon eta Yoko Onok ere (Angela) kantu bana eskaini zioten 70eko hamarkadaren hasieran.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

'Denboraz', Txakur Gorria proiektuaren azken lana

Unean uneko argazkiei beste arnasaldi bat

Ainhoa Sarasola

Denboraz, galde-erantzunen bilduma liburua eman du Txakur Gorriak. BERRIAn idatzitako zutabeen txatalak testu eta ilustrazio berriekin josiz, denboraren joanaz gogoeta egin dute. Txakur Gorriaren webgunean, BERRIAren online dendan eta Durangoko 57.  Azokan egongo da eskuragarri.

Annie Ernaux. / ©Nobel Sariak, @NobelPrize

Annie Ernauxek irabazi du Literaturako Nobel saria

Iñigo Astiz

Stokholmen eman du sarituaren berri Suediako Akademiak, eta literatura fikzioaz harago zabaltzeko egindako lana laudatu dio idazleari. Iaz Abdulrazak Gurnah eleberrigileak irabazi zuen saria.

Aingeru Epaltza, 'Erretzaile damutuen konpainia' liburua eskuan duela, gaur goizean, Donostian. ©Maialen Andres / Foku

Aingeru Epaltzaren 'Erretzaile damutuen konpainia': kolore askotako nobela beltza

Andoni Imaz

Aingeru Epaltzak Edu Saragueta pertsonaia «berpiztu» du 'Erretzaile damutuen konpainia' nobelan, 'Rock'n'roll' idatzi eta 22 urtera. Haren bidez begiratu dio «Iruñea multietnikoari».

Nafarroako Orkestra Sinfonikoak Luis de Pabloren —argazkian, erdian— eta beste hainbat konpositoreren lanak interpretatuko ditu gaur. ©BERRIA

1972ko Iruñea harritu zuten doinuak akordura

Uxue Rey Gorraiz

Gaur hasiko dira 72-22 Topaketak Iruñean. Urriaren 18ra bitarte, eta orain dela 50 urtekoak gogoan, askotariko jarduerek eta emanaldiek artez jantziko dute hiria. Musika berebizikoa da gaur: Teresa Catalanen eta Tomas Marcoren solasaldi bat aurrena, eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren kontzertua ondotik.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...